Napoka Iria, Miren Narbaiza eta Ander Mujikak osaturiko bikoteak, agur esango du uztailaren 7an Eibarko Coliseo Antzokian eskeiniko duen kontzertuarekin. 2005ean eta 2008an publikatu zituzten beraien lehenengo EPak eta 2011ean “Lehertarazi edifizioak” lehenengo lan luzea heldu zen (9. postua gure urteko disko onenen zerrendan). 2013an bigarren lan luzea “Arnasten ikasteko berriz” argitaratu zuten eta gure edizioko diska onenen zerrendan bigarren postua lortu zuen.
Hau da publikatu duen jakinarazpena:
"Kaixo guztioi,
Etenaldi luze honen ondoren Napoka Iria isiltzeko tenorea iritsi dela esatera gatoz. Ez da erraza izan erabakia hartzea. Argi ikusi dugu izan zenari ez diogula bortxaz tira egin nahi, halabeharrez jarraitu baino hobe baita aro batzuk amaitzea beste batzuei gogotsu ekiteko. Eta hori izango da datorren uztailaren 7an egingo duguna Eibarko Coliseo antzokian, gure azken kontzertua. Taldearen ibilbidean egon diren hainbat lagunekin batera agur beroa emango diogu Napoka Iriari. Gustatuko litzaiguke moduren batean edo bestean gurekin izan bazara etor zaitezela elkarrekin azken aldi batez gozatzera.
Esan bezala ez da erraza izan erabakia hartzea. Amaierek dakarten sentimendu askoren nahasmena izan dugu; tristura eta oinazea batetik, damuaren beldurra, baina baita asetasuna eta poztasuna ere. Eta behin erabakia hartu dugunean, lasaitua gorputzean, malkoak begietan eta irribarrea ahoan.
2005 urte inguru hartan hasi genuen ibilbidea, gitarra akustiko bat eta ahotsa, besterik behar ez genuenean, noski, ez autorik ezta lokalik ere! Edozein txoko zen baleko; parke erdi abandonatuak, ikasle garaietako pisuetako sukalde nimiñoak, hondartzara begira dauden balkoi naturalak, trenetako bagoiak, atzerriko kale iskinak, tabernetako kontzertu inprobisatuak... Zenbat bizipen, zenbat maitasun, zenbat gozamen. Ordutik asko aldatu dira kontuak eta gu geu ere asko aldatu gara.
Jende izugarria ezagutu dugu, leku izugarriak bisitatu ditugu, momentu izugarriak bizi izan ditugu eta lasai gaude, betiko lotuko gaituelako musikak sortzen duen zera zehaztezin horrek; beti hor dagoena eta egongo dena, sasoien eta denboraren joan etorrien begietara aldakor agian, baina bera, bere horretan, aldagaitz. Gu bion barrenean bederen, hala izango da.
Eskerrik asko horrela bizitzen lagundu diguzuen guztioi"
Hurrego egunetan sarrerak eskuragarri izango dira kutxasarrerak.net webgunean eta Coliseo Antzokiko leihatilan.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.