Euren zortzigarren lanari “Harro” jarri diote, “harro gaudelako guk egindako musikarekin, garenokin, jarraitzen gaituztenekin eta gure azkenengo diskoarekin. Hogei urte hauetan inguruko harrokeria saihestu dugu eta harrotasunez taldekide berberek jarraitzen dugu gero eta abesti hobeak egiten”. Taldeak eboluzio bat jarraitzen du eta aldaketak ere badaude. “Igertzen da bizirik gaudela eta azkenengo hiru urte hauetan bizi izandakoa modu desberdinetan ikusten da diskoan. Abestiak nahiko laburrak dira beste diskoekin konparatuz, konpontzeko era ere aldatu dugu teknologia berriei esker, sintetizadoreak eta programaketak sartuz. Kantuak egiterakoan askoz ere arinagoak gara balio ez duena kanporatzeko eta benetan balio duenarekin geratzeko. Beti bezala, gure disko bakoitza garai bateko argazki musikala izan da, eta ‘Harro’ diskoarekin berdin gertatu da, Zea Mays puri-purian baina 2016an”.
Hogei urte beteko dituzte datorren urtean, eta nohizbehinka atzera begiratzea ere beharrezkoa dela uste dute. “Oso baliogarria da arnasa hartzeko eta egindakoarekin disfrutatzeko ze askotan arinegi joaten gara hurrengo pausoak jarraituz. Gainera, gaur egun, nola dana oso arin doan, ez badugu noizbehinka atzera begiratzen ez dugu aukera izango nor garen jakiteko. Guk gure motorra aurkitu dugu etorkizunean jarraizeko: oso HARRO gaude gure ibilbidearekin”. Taldean hasi ziren berberek jarraitzen dute, eta hori ez da batere ohikoa. “Seguruena lehenengo diskoarekin sekulako arrakasta eduki izan bagenu orain gauza desberdina izango zen. Betidanik danak sentitu gara oso Zea Mays eta hasieratik lan eta lan egin dugu gauden lekura heltzeko. Hau matrimonio bat bezalakoa da eta batzutan lagundu behar diozu zure ondokoari nahiz eta taldearen erritmoa moteldu. Taldea gogor eta sendo abiatzeko taldekide guztiak abiadura berdinean joan behar dira”.
Dave M. Allen ekoizlearekin grabatu dute berriro. “Aurreko diskoarekin oso pozik geratu ginen eta formula berdina errepikatzea adostu genuen. Bazegoen aukera berriro berarekin lan egiteko eta ez genuen aukera galdu nahi. Dave oso esperientzi handiko pertsona da eta zuzendari gisa diskoaren pauso guztietan dago. Nahiko libre uzten gaitu, baina, okertzen edo bidetik irtetzen garenean, hor dago bere jakintasunarekin gure lana bideratzeko. Ekoizle atsegina da eta gainera berak nahasketak egiten ditu Londonen potente eta bere toke bereziarekin”. Diskoan denetarik dago, “bai dantzatzeko, negar egiteko, kantatzeko... Bizitza den bezala, horrelakoa da gure diskoa. Monotoniak eta errepikapenek hiltzen gaituzte. Berdin zaigu disko berean hainbeste erritmo eta melodia desberdinak izatea. Azken batean Zea Mays gara eta horrek borobiltzen du dana”. “Enbata” kantuan “itxi begiak, beldurrik ez izan esaten dute. “Abesti xume,positiboa eta polita da, oso modu erraz gauzak txarto doazenean gogor eta sendo egon behar dela esaten du baina konturatu orduko gauzak beti aldatzen dira”. “Orain” abestian, adibidez, Love of Lesbian taldeko Santi Balmes entzun dezakegu euskaraz abesten. “Santiren letrak eta bere hitz jokoak asko miresten ditugu. Oso profesionala da eta guk pasatutako pauta eta informazioarekin nahikoa izan zuen Bartzelonan sekulako grabazioa egiteko euskeraz. Guk zoriondu genuen momentuan ‘escucharlo bien porque no sé si he cantado en croata’ esan zuen”.
Ideia desberdinak jorratzen dituzte abestietan. “Bai, gauza desberdinak frogatzea oso gustoko dugu, horrela disfrutatzen dugu eta pozik joaten gara ensaiatzeko lokalera. Monotoniak eta errepikapenak hiltzen gaitue. Berdin zaigu disko berean hainbeste erritmo eta melodia desberdinak izatea. Azken batean, Zea mays gara eta horrek borobiltzen du dana”. Konposatzeko modua ere azaltzen digute: “etxean prestatutako estrofa eta estribilloa eroaten dugu lokalera, eta lokalean bertan, denen artean borobiltzen ditugu abestiak. Grabatzen ditugu maketa ezberdinak eta heltzen den momentuan estudiora joan eta hantxe azkenengo ukituak ematen ditugu. Lehenengo, abestiak egiten ditugu letra barik, eta ahozko melodiak egindakoan, orduan Aiora letrak moldatzen hasten da. Bai musikak eta bai letrek lan asko ematen dute, eta hamabost abestirentzako letra onak egitea oso neketsu eta itogarria izaten da”. Diskoa bukatzeko oso berezia den abesti bat sartu dute: “Zu”. “Gitarra eta ahotsa bakar bakarrik. Diskoa borobiltzeko eta amaitzeko aproposena da. Dave ekoizleak holako abesti xume eta biluztua egitea proposatu zigun eta sekulako abestia irten zen, oso hunkigarria”. Azkenik, iragarrita dituzte lehen datak, eta hemendik aurrera zuzenekoetan arituko dira, “Jo jo eta jo, desiratzen gaude abesti berriak zuzenean konpartitzeko eta beti bezala emozio guztiak airetik hedatzeko”.
Hurrengo kontzertuak:
26/11 - Zentral (Iruña)
1/12 - Jimmy Jazz (Gasteiz)
3/12 - Plateruena (Durango)
10/12 - Zizpa Gaztetxea (Baiona)
15/12 - Intxaurrondo KE (Donostia)
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.