“Talde batek mugimendua behar du, sortzen jarraitu”
EntrevistasZea Mays

“Talde batek mugimendua behar du, sortzen jarraitu”

Iñaki Lasa — 04-06-2021

Iazkoak Zea Maysen urtea behar zuen. 2019 amaieran “Atera” argitaratu zuen Bizkaiko taldeak, eta kontzertu saldoa lotua zuen 2020rako. Uda herriz herri eta jaialdiz jaialdi egiteko asmoa zuten, baina covid-19ak eragindako pandemiak bertan behera utzi zuen guztia. Epe luzera begirako planek zentzua galdu duten honetan, abestiak konposatu ahala grabatuko dituzte, eta bi abestiko lana argitaratu berri dute Aiora Renteriak, Asier Basabek, Ruben Gonzalezek eta Iñaki Imaz ‘Piti’-k: “Adore”. Etortzen denari aurre egiteko bi kantu puska.

Gaur egun bizi dugun egoeraren harira, egunean bizitzearen aldeko aldarria egin duzue. Horren isla al da “Adore” izeneko bi abestiko single-a aurkeztu izana?
“Atera” diskoa 2019ko azaroan argitaratu genuen, zortzi-hamar kontzertu eskaini genituen, uda emanaldiz beterik genuen... eta bertan behera gelditu zen dena. Momentu horretan, konfinamenduarekin, ez genuen gure burua gauza berriak egiteko gogoarekin ikusten, diskoa atera berri genuelako. Etorkizunera begirako plan handirik egin ezin denez, horrela hasi gara lanean. Abestiak egiten hasi ginenean, pentsatu genuen ea zertarako itxaron behar genuen kantu gehiago izatera. Zergatik ez publikatu genituenak? Ez dakigunez zer gertatuko den honen ostean, “Adore” argitaratzea erabaki genuen. Bi abestiak martxoan bukatu genituen, apirilean grabatu eta maiatzean publikatu.

Epe luzean hainbeste pentsatu gabe.
Disko oso bat atera, eta ez dakizu zein aukera izango duzun hura behar bezala aurkezteko. “Atera”-rekin gertatu zitzaigun. Guk zorte handia izan dugu, kontzertu piloa egin ditugulako egoera arraro honetan. Baina, egia esan, “Atera”-k ez du eduki behar zuen aukera, behar duen denbora. Talde gisa, baina, aurrera jarraitu behar dugu. Orduan, planak epe laburrera begira egiten ditugu. Izan ere, kontzertuak ere horrela egiten dira azkenaldian: hamabost-hogei egun lehenago ixten dituzu. Lehen, urtebeteko urte eta pikuko denborarekin planifikatzen genituen. Ezinezkoa da orain, dena aldatu da. Talde batek mugimendua behar du, sortzen jarraitu. Bagabiltza gauzak egiten, eta sortzen ditugun momentuan joango gara horiek ateratzen.

Eta atera duzuen lehena “Adore” da. Bi abesti ditu: “Adore” eta “Zuk borroka hasi”. Zer topatuko du entzuleak? Oso Zea Mays dira biak ala biak, baina aldi berean desberdinak.
Zer aurkituko duten? Zea Mays, bi abestitan. “Adore” askoz ere dantzagarriagoa da, poztasun puntua dauka, eta niretzat melankolikoa da. “Zuk borroka hasi” beste era batekoa da, ailegatzen den horietakoa.

“Adore” abestiaren bideoklipa aurkeztu duzue ere. Bi abestiko lan bat argitaratzean garrantzitsua iruditzen al zaizue irudiari arreta berezia eskaintzea? Are gehiago musika gailu elektronikoetan gero eta gehiago entzuten den garaiotan.
Argi dago gaur egun musikak zelan funtzionatzen duen, eta mugimendu hori jarraitu behar dugu, azken batean. “Adore”-k entitate propioa du bideoklipari esker. Argi genuen abestietako batek bideoa izango zuela, bai ala bai. Gomez Selvak zuzendu du bideoklipa. Haren lana gogoko dugunez, deitu egin genion, zerbait desberdina egiteko. Oso bideoklip bisuala da, argiarekin eta iluntasunarekin lan egiten du.

Iradokitzailea da oso.
Pelikula labur bat bezalakoa, oso entretenigarria, bisualki erakusten dituen gauzekin. Trataera berezia eman nahi genion bideoari, eta izugarrizko lana egin du lantalde guztiak: koprodukzioa Arrigurirena da, Malen Lope eta Maria Ros izan dira aktoreak... Oso pozik gaude.

Ricky Falknerrek ekoiztu du “Adore”. Aspaldi zenuten harekin lan egiteko gogoa. Zergatik jo duzue orain Falknerrengana? Zerbait bereziaren bila?
Aspaldi-aspaldi genuen Ricky Falknerrekin lan egitea pentsatua. “Da” diskoarekin gora eta behera ginenean, berarekin harremanetan jarri nahi genuen, baina justu Dave Allen ezagutu genuen, eta harekin egin genituen “Da” eta “Harro”. Sekulako ekoizlea topatu genuen bidean, zortedunak izan ginen, eta aukera horri heldu genion. Hurrengo diskorako, “Atera”, berriro Falknerrekin lan egitea pentsatu genuen, baina ezinezkoa izan zen, agenda kontuak tarteko. Campirekin egin genuen, oso gustura ere. Oraingoan lortu dugu agendak koadratzea, eta Falknerrekin lan egitea, 2012tik haren atzetik ibili ostean. Poz-pozik gaude, esperientzia ederra izan da. Adibidez, ahotsekin izugarri lagundu didate, bigarren ahotsekin-eta. Sekulako belarri ona du. Gozamena izan da.

Han bertan izan zineten? La Casamuradan? Edo telematikoki egin zenuten lan gehiena?
Maketa bidali genion, abestiak ezagut zitzan, hara joan aurretik. La Casamurada sekulako lekua da. Hara heldu, test antigenoak egin, negatibo eman, musukoa kendu eta hor ibili ginen hiru egunez musikarekin disfrutatzen. Arratsalde batean muntatu genuen guztia, eta hurrengo goizean hasi ginen lehenengo abestia jotzen, eta Falknerrek egin zizkigun lehen komentarioak: “Luzatu konpas bat hemen, amaieran...” Eta grabatzen hasi ginen. Esperientzia ona izan da. Brutala.

Ekoizle lanak egiteaz gain, sintetizadoreak, shaker-a, pianoa eta glockenspiela ere jo ditu Falknerrek.
Gauza asko egitera animatzen da, eta sartu ditu sinteak, pianoa... Guri pisu handia kendu digu grabazioan.

"Gure kasuan konfinamendua ez zen sorkuntzarako unea; orain, badirudi badela, beraz, goazen disfrutatzera eta bestelako era batean lan egitera"

Sintetizadoreak aipatuta, Zea Maysen soinuan modu naturalean egonkortu dira dagoeneko. Inori ez zaio arrotz egiten zuen abestietan.
Oso era naturalean sartu ditugu. Lokalean bertan badaukagu sinte bat, doinu grabeetara jotzen dugu sinte horrekin. Abestia bera sortzerakoan erabiltzen dugu, beste musika tresna bat bezala. Ez da aurretik prestatutako zerbait, momentuan sortzen da.

Fortunek diseinatutako azalari erreparatuz gero, aurreko lanarekiko jarraipena antzematen da. “Atera”-k zuen zeru arros hori da “Adore”-ren azalerako erabili duzuen kolorea. Bata bestearen jarraipen gisa uler dezakegu, orduan?
Guretzako garrantzitsua zen bide bat jarraitzea. Koloreak oso garrantzitsuak dira guretzako. Ez dakigu hemendik aurrera nola joko dugun, baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun jarraipen bat ematea aurreko lanari. Fortunekin lan egitea gozamena da, hogei urteko diseinua ere berak egin zuen, zeharo desberdina. Konplizitatea dago. Azala bidali zuenean, asko gustatu zitzaigun. Pentsa, besoan tatuatu dut “Adore”-ren azala. Beharrizan hori sentitu nuen; hainbeste gustatu zaigu, tatuatu ere egin dudala. Asko transmititzen du. Marrazkia tipikoa da, loreekin, eskuak... baina sekulako indarra dauka. Zirraragarria izan zen niretzako, azala ikusi eta emozioak sentitu nituen, abesti batekin sentitzen dudana.

Izan al du eraginik musika kontsumitzeko gaur egungo erak bi abestiko lana ateratzeko garaian? Edo orain arte aipatu dituzun arrazoiengatik izan da soilik?
Ez, ez. Aipatutakoa, “Atera” publikatu genuen, sekulako uda genuen aurretik, jaialdiak, 30 bat kontzertu itxita, diskoa mundura zabaltzeko nahia... Hori bertan behera gelditu zen. Guk normalean disko bat ateratzean, pare bat urte egoten gara kontzertuak jotzen, eta hirugarren urtean hasten gara hurrengo lana prestatzen. 2020an nire burua ez zegoen zerbait berria sortzeko prest, 11 abestiko disko bat argitaratu berria genuen. Konfinamenduan gauza asko egin genituen talde gisa: akustikoak, taldekide bakoitzak bere etxetik zatiak grabatu eta hori dena batuta bideo bat egin... Horrelakoak egin genituen, baina ez ginen kapaz izan musika berria sortzeko. Aurten iritsi da hori. Urtarrila-otsaila aldera hasi ginen, askorik pentsatu gabe. Beraz, pandemiak eragin digu formatu txikian egitera, epe laburrera begira. Argitaratu ditugu bi abesti, eta orain bagabiltza beste kanturen bat egiten. Agian, pare bat prest ditugunean sartuko gara berriro grabatzera. Oraingoz, hau izango da gure formula, ikusi arte egoera apur bat normalizatzen dela.

Ez zineten geldi egon, baina musika sortzeko burua horretan izan behar duzue, eta aipatu duzunez ez zen zuen kasua pandemia hasi zenean, ezta?
Ez nintzen zerbait sortzailea egiteko gai. Beste pertsonek egin zituzten gauza guztiak egin nituen: ogia, bizkotxoak, makillaje bideoak gelditu gabe ikusi... baina sorkuntza aldetik ez nintzen kapaza. Batzuk izan dira, eta jende piloak aprobetxatu du egoera konposatzeko. Nire ustez, “Atera” hurbilegi genuen, eta hala izan ez balitz izan zitekeen bestelako egoera. Ez dut planteatu ere egin, egoera gogorra izan da denontzako. Gure kasuan konfinamendua ez zen sorkuntzarako unea; orain, badirudi badela, beraz, goazen disfrutatzera eta bestelako era batean lan egitera. Egoerak uzten diguna egingo dugu, ez dago besterik.

Letretan ere antzematen da pandemia. Ez duzue zuzenean aipatzen, baina bai gizartean sortu dituen sentimendu horiek... “Agian zilarrezkoa naiz, edo nire mundu-krisira ohitu naiz. Agian gogorra naiz, gara. Agian dena gezurra da...”
Denok pertsonalki bizi izan dugu pandemia, bakoitzak bere bizitzan. Baina gogorra egin zitzaidan konturatzea ez zela bakarkako gauza bat, baizik eta zerbait mundiala. Krisi pertsonal mundial bat, azken batean. Modu batera edo bestera bizi izan dugu, baina denei eragin digu. Oso gogorra da. Adorea beharko dugu hemendik aurrera, ez dakigu zer etorriko den, nola ailegatuko garen normaltasun horretara. Edo, ez. Agian gu gara normaltasun hori ezagutu dugun azkenekoak. Nork daki. Agian fisikoki ondo egongo gara, baina buruarentzako kolpe izugarria izan da. Joango gara ikusten nola osatzen garen.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.