"Diskaz diska beti egon da aldaketa bat egiten dugun musikan"
EntrevistasWillis Drummond

"Diskaz diska beti egon da aldaketa bat egiten dugun musikan"

Xabi Doncel — 04-12-2019
Fotografía — Promo Argazkia

Orain arte etengabeko aldaketan izan den arren, inoiz baino nabariagoak dira berrikuntzak Baionako hirukotean. Inoiz baino lasaiago eta konprometituago.

Aldaketa argia dago disko berri honetan (“Zugzwang” Tabula Rasa 2019). Musikalki, “lasaiago” zaudetela dirudi eta hitzei dagokionean ere, aldaketa: gai sozialetan jarri duzue arreta. Nondik datoz interesgune hauek?
Ez zaigu sekula gustatu beti gauza bera egitea… Eta, gure ustez, diskaz diska beti egon da aldaketa bat egiten dugun musikan. Gustatzen zaigu erratea diska bat dela soinu-argazki bat bezala… 2019ko Willis Drummonden argazki bat da « Zugzwang ». Agian, aldaketa gehiago nabaritzen da diska huntan… Posible da. Arrazoi ezberdinengatik. Lehenik base asko proposatu ditu Felixek, hori aski berria da. Ondotik, hirukote formatuan egiten dugun lehen diska da, eta kaxik dena egin dugu hiruen artean… Horrez gain, Johannes Buffekin ekoiztu dugu diska, elkarlanean, eta gauza berrietara eraman gaitu berak, bai sonoritateen aldetik, baita kantatzeko maneran ere adibidez. Esperientzia izigarri ona izan da prozesu guzti hau. Hitzei dagokienez, gai sozialak beti presente izan dira Willis Drummonden disketan, baina bai aldi huntan beharra sentitu dugu inguratzen gaituen mundua aipatzeko. Gero eta argiago dut diska bat (ala kanta bat ere) egin behar dela zerbait errateko ala kontatzeko baduzu… Zertarako bestenaz? Inguratzen eta afektatzen gaituen zirimolari forma eman behar nion. Gauzak salatzeko seguraski, baita sinpleki kanporatzeko ere ene ustez… Uste dut ainitzetan gauzak formulatzen ditugula, jakiteko guk geuk zer pentsatzen eta zer sentitzen dugun…

Halere, diskoa amaitzeko mezu positivo batekin zoazte, ezta?
Bai. Laburbildu behar banu, erranen nuke ezintasun sentimendu bat nagusitzen dela gizartean, gero eta argiago den ziklo baten amaieraren parean girelarik. Jauzi hori eman behar dugu, beste ziklo batera pasatzeko, baina sinestarazi nahi digute ezinezkoa dela. Alta, ezagutzen ditugun arazo gehienek, izan dadin politikoki, ekologikoki ala sozialki, aterabideak badituzte… Hortako erraten dugu galera(k) kantan, galdera ez dela « nola egin ? » baizik eta : « zergaitik ez dugu egiten ? »

Taula gainean aspaldi zabiltzate hirukote gisa, baina bada lehen aldia hirukote gisa diskoa konposatu eta grabatzen duzuela. Nola eutsi diozue lan horri? (hirukote gisa konposatzea eta grabatzearena).
Lehen diska da hirukote gisa, eta horrez gain, lehen aldia da Felixek horrelako protagonismo bat hartzen duela konposaketan. Diskan amaitu duten 10 kantaren artean, zazpi proposatu dituelako berak.
Labur errateko, erranen nuke diska hori egin dugula horren beharra sentitzen genuelako. Alde batetik, materiala bagenuen musikaren aldetik, eta beste aldetik, argi genuen nahi genituela gai sozialak aipatu letreetan… Beharrezkoa ikusten genuelako kezka batzuk aipatzea noski, baina baita ere kezka hauek formulatu behar nituelako nik, hobeto bizitzeko hori dena. Inposatzen diguten ezintasun politiko hori, gauzak aldatzeko -konponbideak eta alternatibak existitzen direnean gainera- biziki bortitza da… Uste dut bortizkeri garden baten biktimak girela ainitz gaur egun… Eta horren formulatzea lehengo etapa bat da ene ustez.

Hirukotea bai, baina elementu asko entzuten dira disko berrian. Produkzioan jarri nahi dut arreta. Johannes Buffen lana goraipatu nahiko nuke. Hurbilekoa bai, Felixen anaia delako, baina nola izan da berarekin lan egitea? Zein da bere lan prozesua?
Sorpresa handia izan da… benetan esperientzia bikaina. Aspalditik aipatu genuen berarekin lan egitea egun batez, baina orain Euskal Herrian instalatu dela, gauzatu da. Grabaketa batek suposatzen ahal duen estresa asko kentzen dizu berak, lehenik teknikoki oso profesionala baita. Horrez gain, erabakiak biziki fite hartzen ditu, eta horretan ekoizleren errola asumitzen du. Taldearen kontra ez doa, baina iritziak badauzka, eta dudak daudenean, berak erabakitzen du. Eta gero, gauza inportantena eta biziki subjektiboa noski : Gustu ona du. Beraz dena errezki egin da, proposatu duen guziarekin ados ginelako. Badaki oreka ona jartzen denbora pasatzeko gauzak lantzen, sakontzen ala errepikatzen, eta gauzak finkatzeko eta finalizatzeko. Personalki, ahotsen grabaketarako adibidez, berarekin lan egitea perfektua izan da...

“Hirukote formatuan egiten dugun lehen diska da, eta kasik dena egin dugu hiruen artean" 

Josebak taldea utzi zuenean Japoniara abiatu zineten eta orain ere bertara joango zarete. Nolako esperientzia izan zen? Zer espero duzue bertara egingo duzuen bigarren bidaitik?
Lagun batek erran zigun Japoniara behin joan eta, ez genuela besterik pentsatuko harat bueltatzea baino. Eta egia da… Asko gustatu zitzaigun, mila arrazoiengatik. Erran dezagun dela aukera bat beste kultura bat deskubritzeko eta beraz benetako gauza ezberdina bizitzeko, baina bidai ainitzek suposatzen duten heren munduaz aprobetxatze lotsagarririk gabe… Esperientzia ederra izan zen, eta bertan ezagututako jendea benetako lagunak bilakatu ziren. Beraz, biziki gogotsu gira jende hauekin topatzeko, eta diska berria bertan defendatzeko… Bira handiagoa eginen dugu, joan den aldiko leku batzuk berriz bisitatuz, baita beste areto batzuk gehituz, beraz espero dugu jende gehiago ere topatzea kontzertuetan eta kontzertuetatik kanpo…

Durangoko Azokan izango zarete diskoarekin eta bira otsailean hasiko duzue. Japoniara bueltatuko zarete, Australian ere bai… Madril, Bartzelona…. Zein da zuen asmoa? Euskal Herritik kanpora gehiago joateko asmoa duzue?
Bira Euskal Herrian hasiko da! Eta bi data ederrekin gainera : urtarrilaren 17an Bilboko Kafe Antzokian, eta urtarrilaren 31an, Biarritzeko Atabalen… Biak dira gure etxeak bezala, eta nahi dugu bi data hauek benetako bestak izan daitezen “Zugzwang”en kaleratzea ospatzeko. Gero, noski, horrek ez du erran nahi ez dugula gehiago jo nahi Euskal Herrian, baina bai libratu nahi dugula denbora piskat kanpora joateko ere, aukerak ditugulako sinpleki. Australiara lehen aldikotz, Bartzelona eta Madrilera diska bertan aurkezteko ere… Eta beste gauza batzuk iragarriko ditugu ere laister… Diskaren harrera ona da momentukotz, beraz espero dugu ez dela hortan geldituko gainera. Eta kontzertu berria hasi gira lantzen eta uste dut zaleek gozatuko dutela… Guk ere bai.

Bira akustiko bat ere egiten ari zarete. Disko honek horretarako aukera ematen du: eroso al zaudete formatu horretan?
Sasi akustiko bat egin genuen lehen aldikotz justuki Japonian, bertako lokal militante batean. Eta gustora egon ginen. “Zugzwang”promozionatzeko, showcase batzuk proposatu zizkiguten, baina ene kantak jotzea eletrikoan baina bolumen eta baldintza tekniko guttirekin ez zait gustatzen. Beraz proposatu nien bestei kantak berriz lantzea « kanta » formatuan, eta berriz moldatzea, ahotsa eta gitarratik abiatuz, diskatik urrunduz… Eta emaitzarekin pozik ginen, beraz erabaki dugu « unplugged » berezi bat egitea urtarrilaren 11an Baionan. Horren inguruko informazioak laster emanen ditugu. Showcase-etara hurbildu zen jendea konbentiztu genuen ere iduriz… Interesgarria da kanta berari bizitza ezberdinak eskaintzea...

Azalak eta kontzeptu estetikoak ere atentzioa deitu dit. Gizonezko bat da: ez da zuetako inor, baina badu zuotako “zerbait”
Hori da, Willis Drummonden aurpegia da, hots, gure hiru aurpegien nahasketa bat, morphing teknikaren bidez. Willis Drummond taldea kaxik talde kooperatiboa da, nun hiruok garrantzi berdina dugu… Beraz nahi genuen irudi horren bidez idei hori azpimarratu… Hiruok batera osatzen dugun entitatea da Willis Drummond. Ideiatik abiatuz, Ramon M. Zabalegik landu du kontzeptua, argazki ahal bezain errealista sortzeko. Horren egiteko, argazki eskola berezi batean inspiratu da, Thomas Ruffen lanetan, eta estetika bat gehitu dio argazkiari. Ahal bezain gordin eta neutroa izan dadila… Pertsonai horrek momentu berean ezaguna eta istoriorik gabekoa eman dezala. Ramonek nahi zuen azpimarratu ere irudien lanjera gaur egun… Testu edo hitz hartze baten parean, kritika erresa dugu, baina irudiak erreski egitzat hartzen ditugu… « kontuz ibili irudiekin ! » Hori da portadari gehitu dion mezua. Gu portadarekin biziki kontent gira, diska bezala, artisau lan bat delako...

 

Hurrengo kontzertuak:

Abenduak 5 - Ahotsenea, Durangoko Azoka

Urtarrilak 17 - Kafe Antzokia, Bilbo

Urtarrilak 31 - Atabal, Biarritz

Uztailak 4 - Resurrection Fest, Viveiro

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.