Jarraian taldearekin izandako elkarrizketa sakona, laster zuzenean ikusiko ditugularen esperoan.
Zelakoa izan da diska hau egitea aurrekoarekin alderatuz?
Prozesu guztiz desberdinak izan dira zentzu guztietan. Luzaeraren desberdintasuna alde batera utzita, "Zidazun"-en konposaketak ez du zerikusirik izan "Badau"-enarekin. Honetan, garai hartan azkenik konposaturiko bost abestiak batu genituen hauek duten koherentzia musikala kontutan izanik. "Zidazun"-ekin aldiz pausu bat aurrera eman nahi izan dugu koherentzia hori diskoaren arlo guztietara zabalduz. Istorioa edo kontzeptua lanaren osotasunean jardun izan dugu eta eragin nahi izan dugun bidaia emozional hori islatzeko helburuarekin jorratu ditugu diskoaren alde musikal eta bisual guztiak.
Grabaketa eta produkzio prozesuari dagokionez, Josu eta Urtzirekin izandako erlazioak ere oso modu desberdinean hasi ziren. Josu herriko lagun gisa geneukan, eta harreman horrek prozesuan eragin oso handia izan zuen. Urtzi aldiz askoz gutxiago ezagutzen genuen eta ondorioz erlazioa ere desberdina izan zen lehenengo egunetan. Alabaina, Urtzirekin ere erlazioa estutzen joan ginen denborarekin. Biekin egon gara oso gustura.
Zuen musikan orokorrean ezinegona edo frustrazioa igartzen da. Errezagoa egiten da sentimendu negatiboak islatzea rockarekin? Edo hautu bat da?
Rockarekin baino gure egoera pertsonalarekin zerikusia duen zerbait dela uste dugu. Pertsona gazte gisa ezinegon edo frustrazio ia egonkor baten bizi gara eta gaur egun errealitate hau are gehiago indartu da. Egia esan ez dugu gehiegi planteatzen sentimendu negatibo edo positiboak espresatu nahi ditugun. Irteten duenak irteten du eta gu gustura gauden heinean aurrera goaz. Hor bai, irteten dena ez da egiten dugun musika estiloaren ondorio bat, gure egoerarena baizik.
Nondik dator diska hau egiteko inspirazio edo ideia?
Lehen aipatu dugun bezala, "Badau" EP-a egitetik gentozen eta azken boladan konposatutako abestien bilduma antzeko bat da. Aurrera pausu bat egin nahi genuen eta kontzeptu konkretu bat justifikatzen duten ideia, sentimendu eta abar musikalki adierazteko gai izatearen erronka hartu. Aldi berean gaur egun proiektu musikaletan ezinbestekoak diren irudi, bideoklip, diseñu eta abar diskaren ideiaren parte izatea zen helburua.
Berrogeialdian konposatu da edo aurretik lanean zeundeten?
Aurretik zegoen konposatua. Gure helburua disko honekin 2020ko apiril inguruan grabatzea zen, pandemiak ordea guztia atzerarazi zuen. Badira diskoan zenbait moldaketa grabazioan, produkzioan bertan edo egun gutxi batzuk lehenago gehitu zirenak, baina diskoaren konposaketa gehienbat berrogeialdia baino lehenago bukatuta genuen. Adibide bat jartzearren, “Ez” abestia orain dela bi urte eskas konposatu genuen eta berrogeialdiaren aurretik pare bat kontzertutan ere jo dugu.
Disko kontzeptuala dela oso argi dago letretan eta intentsitatearen garapenean, baina musikan ere intentzio hori dago?
Dudarik gabe. Gure konposatzeko modua dela eta hori ia ezinbestekoa da. Normalean atal instrumentaletik hasten gara eta gero gehitzen diogu letra. Letrak musikaren eta honek adierazten duenaren erreflexua izaten dira, edo gutxienez Xabiri musikak gogora ekartzen dionarena. Horrenbestez, musikak propio dakarren mezua, edo hau entzunaz sentiarazten duenak ere garrantzi handia du guretzat. Letrekin eta intentsitateen nahasketarekin batera diskoaren kontzeptua ulertu eta sentitzeko parte zatiezina dela esango genuke. Gainera, diskaren kontzeptua musikalki garatzeko momentuan, hainbat abestietan motibo musikal berdinak erabiltzera eraman gaitu, baita tonalitate, eskala eta abar berberak erabiltzera.
Laburbilduz, diska honen helburua, musikaren bitartez kontzeptu konkretu bat garatzea izan da. Beraz, ezinbestean musikan diska kontzeptuala dela nabari daitekela esango genuke.
"Aurrera pausu bat egin nahi genuen eta kontzeptu konkretu bat justifikatzen duten ideia, sentimendu eta abar musikalki adierazteko gai izatearen erronka hartu"
Ahotsa oso modu bitxian erabiltzen duzue, batzutan xuxurlatuta, nahasketan taldearen azpitik, ia entzuteko arreta jarri behar zaiola. Hau zuen bizkaiera politari gehituta, askorentzat letrak ulertzeko zailak izan daitezke. Zelan lantzen dituzue ahotsak eta letrak?
Abesti bat bukatu baino lehen egiten ditugun azken bi faseak melodia pentsatu eta letra sortzea dira. Melodiari dagokionez, era oso intuitibo baten egiten dugu, ahots erregistro desberdinak modu natural baten ateraz. Ahotsaren erregistroa transmititu nahi dugun horrekin bat joaten da. Askotan muturreoak diren kontzeptuak transmititu nahi ditugu eta horrek ahotsaren erregistroa markatzen du. Behin hori eginda, azken fasean letrak sortzen dira. Disko hau erronka desberdin bat izan da kontatu nahi izan dugun historia letretan isladatu nahi izan dugulako betiere letrak idazteko dugun estiloa mantenduz.
Hasieratik taldearen izakeraren parte izan da letrak ulertzeko zailtasun hori, bai kantatzeko bai ahoskatzeko eragatik. Gure letrak gure ama hizkuntzan izan behar zirela argi izan dugu hasieratik, eta hori zailtasun edo muga bat izan ordez, gure hizkuntzaren aberastasunaren seinale da. Euskalkien eta tokian tokiko euskararen alde egon gara beti.
Hasieratik taldea euskal musika giroan ondo hartua izan da, baina esan genezake lan honekin taldea egonkortu dela?
Izan daiteke. Guk beti pentsatu dugu gure ibilbidea progresiboa izatea garrantzitsua dela, bat- batekotasunak duen arrisku horretatik aldendu nahirik. Gauza bakoitza bere momentuan egitea eta pasu bakoitza esanguratsua eta finkoa izatea interesatzen zaigu. Baina egia da "Zidazun" gure lehenengo LP-a izanda, esan daitekela TOC, musika talde bezala, zer denaren berrespen bat izan daitekela. Barrura begira, orain 4 taldekide garela, erabateko egonkortasun sentsazioa daukagu. Traineru berean gaudela, batera aurraunean gabiltzala eta norabidea zein den argi dugula sentitzen dugu.
Diskan zenbait ideia, arreglo edo teknika arriskutsu eta bitxiak daude. Zelan izan da Urtzi Izarekin lan egitea eta berari ideia ezohiko hauek transmititzea?
Buruhauste bat baino gehiago suposatu dute. Baina berak egin duen lana diska ekoizteko momentuan izaugarria izan da zentzu guztietan. Genituen ideiak ulertzeko burua zabalik edukitzetik hasi eta bere iritzia adierazteko arazorik ez edukitzean amaitu, eta noski, ordu asko sartu dira proiektu honetan orokorrean.
Azken finean edozein idei, nahiz eta munduko arraroena izan, justifikatuta badago bere tokia izango du eta zentzuzko zehozer izango da. Guk argi genuen diska hau zer eta nolakoa izan behar zen.
Zelan izan da berrogeialdian zehar diska bat grabatu eta ekoiztea?
Erronka handia izan da proiektu hau aurrera ateratzea pandemia egoera honetan egia esan. Azken finean elkartzea ezinezkoa den egoera batean, diska bat egiteak suposatzen duen jende ezberdinen arteko elkarlana gauzatzea oso zaila da. Baina aldi berean, horrelako proiektu potolo bat egoera honetan aurrera ateratzea lortu izana atzean dagoen ilusio eta gogoen adierazle dela uste dugu. Denetariko momentuak egon dira prozesuan, baina gu oso positiboak izan diren momentuekin geratzen gara.
Grabaketa bi fasetan banandu duzue. Zertarako?
Egoeraren eta murrizketen eragin zuzena izan da hori. Lehenengo fasean Lauroetako baserri batean bildu ginen aste batez eta bertan “retiro” bat egin genuen. Buru belarri landu genituen abestien base eta parte instrumental ia garrantzitsuenak. Bigarren fasean Urtzi Izaren estudioan detalle instrumental eta ahotsak grabatu genituen eta produkzio lana egin genuen.
“Horrelako proiektu potolo bat egoera honetan aurrera ateratzea lortu izana atzean dagoen ilusio eta gogoen adierazle dela uste dugu”
Bakoitzak bere etxean musika egin dezakeen garai honetan, badauka zentzurik taldean egiteak, honek dakartzan zailtasunekin?
Erabateko zentzua dauka gure ustez. Eta guk alderantzizko hausnarketa planteatu nahi dugu. Hau da, pandemiak gizarte mailan existitzen ziren ahuleziak mahai gaineratu dituela esan da eta "soilik gauzak galtzen dituzunean baloratzen dira" esaera ñoño hori jarraituz, uste dugu jendeak gero eta bizitza isolatuagoak bultzatzen duen bizimoduataz nazkatu dela eta talde izaera, bizitza kolektibo eta komunitarioa faltan botatzen duela. Horregatik, orain inoiz baino zentzu handiagoa dauka taldean musika egiteak.
Zer lanketa egon da irudiaren atzean? Zer bilatu nahi izan duzue?
Irudiaren lanaren erantzulea Estibaliz Gutierrez izan da. Proiektua martxan jarri aurretik berarekin elkartu ginen eta gure ideia azaldu genion. Hortik aurrera, artistaren autonomia errespetatzea gustatzen zaigu. Diska honetan iluntasuna, emozionaltasuna eta izaera psikologiko bat islatu nahi genuen eta emaitzan argi geratu da Estik oso ondo ulertu zuela guk trasmititu nahi genuena.
Zuen musikan kanpoko erreferenteak nahiko argian izan daitezke, baina bertakoak?
Guretzako, etxetik jaso izan dugun hezkuntza musikala oso garrantzitsua da eta hor protagonista euskal musika da bere osotasunean. Hainbat estilotatik edan dugu: abesti herrikoiak, euskal kantautore tradizionalak (Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi…), “euskal rock-aren hasiera” (Errobi, kasurako), 80.hamarkadako euskal rock-a (Hertzainak…)…zerrenda amaigabea egin genezake. Guzti hauek gure izanaren parte dira eta honen islada ikus daiteke gure estiloan. Egungo euskal panorama ere jarraitzen dugu eta oso aberatsa dela uste dugu bai estilo eta baita kalitate aldetik ere. Gu ere guzti honen parte eta honen alde sentitzen gara.
Zer iritzi duzue Mungian sortzen ari den giro musikalaren inguruan? Eragina dauka zuengan eta zuen musikan?
Argi dago Mungian giro musikal aberatsa dagoela eta konzsiente gara. Gure artean lagunak gara denak eta horrek, era baten edo bestean, elkarelikatzea eragiten du. Hala ere, uste dugu askotan Mungian daukagun giro musikala salbuespen moduan ikusten dela, normaltzat hartu beharko zenean. Sorkuntza gazteok barnean ditugun gauzak ateratzeko bide arruntagoa izan beharko litzateke.
Zelan egiten du talde batek aurrera gaur egun kontzertuak eman gabe eta formatu fisikoak duen arrakasta gutxiarekin autoeditatuz?
Badakigu disko fisikoa kontsumitu eta ekoiztea romantikoa den zerbait dela eta “hiltzera kondenatua dagoela” eta guk lehen eskutik sufritu dugu hori diskoa produzitzean. Pandemia garaian formatu fisikoa egiteak hurrengo lanen formatua berplanteatzera eraman gaitu. Ilusioa mantentzen laguntzen diguna lehen bizi genuen egoerara bueltatzeko esperantza da. Egoera beti izan da konplikatua, eta egun are gehiago, baina gurpilak aurrera jarraitu behar du, bestela dena pikutara joango litzateke.
Erakundeen laguntza ezinbestekoa da eta askotan ez da presente egote.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.