“Diska honetan sonoritatea landu nahi izan dogu”
EntrevistasToc

“Diska honetan sonoritatea landu nahi izan dogu”

Mikel Izarra — 23-01-2025
Fotografía — Maria Muriedas

Toc Mungiako laukotea etenik gabe dabil kontzertu eta argitalpenak eskaintzen. Izan ere, iada ez da talde hasiberria, eta hala erakusten du “Jaioak hiltzea zor” lan berriak.

Soinu zein kontzeptu aldetik lan oso borobila da, eta bertan kontrastea baliatu dute sortzeko. Muturrera eraman ere. Soinu garaikideetako sinteak, bateria elektronikoak eta sampleek gitarra klasiko eta cello eta bestelako instrumentuei ohea egiten diete, osotasun abangoardista zein malenkoniatsua sortuz. Hala ere, ez da tinbre eta ekoizpen ariketa soila, abestitzarrak ere baitaude. Single formako kantu itsaskorrak haien estilo propioa garatzen jarraitzen dute autoekoitzitako bigarren lan luze honetan. 11 korteetan zehar abestiak pasarte instrumentalekin tartekatzen dira, disko irisgarri eta soila osatuz, baina geruzetan eta entzunaldien bidez sakondu dezakeguna. Plazer handia da horrelako proiektu osasuntsu eta emankorra urbiletik hazten ikustea gurean. Kasu, kontzertuetan sorpresak egongo direla agindu dute eta!

Esan genezake iada ez zaretela talde hasiberria. Zelan planteatzen da disko berri bat izan duzuen garapenarekin? Erronka edo intentzio berririk?
Nahiz eta urteak daramaguzen musika egiten, gure bidea oso progresiboa izan da. Ibilbidea oso organikoa izan da eta presa gabe joan gara aurrera pausoak ematen. Beraz, guretzako erraza da erronka berriak bilatzea sormena eta motibazioa sustatzeko helburuarekin. Gauza asko ditugu oraindik egiteko.

Soinu eta kontzeptu aldetik zuen disko borobilena dela esango nuke. Zergatik eta zertarako sonoritate kontraste eta kontzeptua?
Egia esan orain arte alor tinbrikoa ez dugu iñoiz jorratu. Taldearekin hasi ginenean ez geneukan ez materialik ez ezagutzarik sonoritatea lantzeko, beraz esfortzu guztiak abestiaren alde narratiboan jartzen genituen, hau da, armonian, erritmoan, melodietan edota letretan eta gure helburua edonolako soinuarekin abestiak funtzionatzea zen.

Denborarekin garrantzia ematen joan gara sonoritateari eta diska honetan hori landu nahi izan dogu, aurretik garatutako abestiak ulertzeko moduari uko egin gabe. Hori izan da erronka nagusienetarikoa azkeneko diska honetan.

Soinu organiko eta prozesatuen arteko talka bilatzea bururatu zitzaigun eta uste dut idei oso garaikidea dela, kontraesan horretan bizi gara belaunaldi honetakoak, teknologien abantailez gozatzea gustatzen zaigu baina aldi berean badago antziñeko mundu arkaikoago batekiko nostalgia bat.

Estilo aldetik ere konposaketa garaikideak instrumental klasikoagoak besarkatzen dituzte. Zeintzuk dira zuen egungo erreferenteak? Zerbait geratu zaizue egin edo esperimentatu gabe?
Erreferentziak askotarikoak dira, baina baliabideak izan dira momentu oro eta ez helburu bat. Hau da, gustatzen zaizkigun zenbait musika mota baliagarriak izan dira garatu nahi genuen talka tinbriko hori gauzatzeko, baina ez dugu musika mota hau edo bestea egin izan nahi. Helburua beti da zerbait berria eta ezberdina egitea.

Single oso argi eta itsaskorrak ditu diskoak. Uste duzue publikoak disko osoak baloratzen dituela? Zerekin geratzen da?
Publiko mota ezberdinak daudela esango nuke: diska osoa entzun eta baloratzen dituztenak, single batekin geratzen direnak edo bi edota hiru abestirekin geratzen direnak. Guztiak dira ongi etorriak eta uste dut diska aproposa izan daitekela bai bata zein beste modutan kontsumitzeko.

Zergaitik erabaki duzue zuek grabatzea? Zer ematen dizue horrek? Prozesua ezberdina da?
Lehenik eta behin horrelako diska luze bat grabatzeko hainbat ordu sartu behar dira eta grabatzeko modu honek malgutasuna ematen digu orduak eta egunak adosteko. Beste alde batetik, gure soinuarekin bat datorren emaitza era bilatu izan dugu, hau da, soinu etxekoia, low-fi edo danadalakoa.

Letra eta akordeak interneten eskegi dituzue, jarraitzaile melomanoek asko baloratzen dutena. Zein da zuen erlazioa sare eta komunikazioarekin? Ez duzue uste jendea betiko komunikazioetaz aspertuta dagoela?
Dudarik gabe sare sozialen bitartez komunikatu eta informatu egiten de gaur egun jentea, beraz, musikari guztiak bezala hala beharrez egon behar gara bertan. Sare sozialek dinamika oso konkretu batzuk bultzatzen dituzte eta algoritmoak ere aldatu egin dira. Orain zure komunitate propioa sustatzea baino, jada existitzen diren nitxo konkretuen atentzioa deitzen dituzten edukiak saritzen dituzte sare sozialek. Dinamika hori guri ez datorkigu bat ere ondo, gure musika iñoiz ez da izan etiketatzeko erraza eta ez dut uste nitxo konkretu bateri zuzenduta dagoenik. Sare sozialen logika hauek mugak eta estereotipoak gainditzen dituzten proposamenak kaltetzen dituzte.

“Sare sozialen logikak mugak eta estereotipoak gainditzen dituzten proposamenak kaltetzen dituzte”

Jarraitzen duzue autogestioan oinarrituta eta non jotzen eta agertzen zareten asko zaintzen. Zergaitik? Zenbat dauka politikotik? Enpresa handiago batekin lanean urrunago heldu ahalko zinateke? Zelakoa izango litzateke zuentzat hazkunde organiko bat?Ezagutzen gaituen jendeak badaki ze giroetatik gatozen. Gaztetxeetan asko jotzen dugu baina gu geu izan gara gure herriko gaztetxeko partaide eta askotan antolatzen ibili garenak. Baina egia esan ez da izan hautu bat edota erabaki bat. Gauzak horrela gertatu dira, industria musikalak orain arte ez du gugan interesik izan. Urtetan zehar egindako lanaren ondorioz orain publiko bat daukagu eta interesa piztu du horrek. Egia da proiektua handitzen joan dela eta bai hau gestionatzea zein zenbait pausu ematea zaila ikusten ari garela gure kontura egiteko. Ikusiko da.

Zelakoak izango dira haninbeste geruza dituen disko baten zuzenezkoak? Zentzu horretan saltoren bat egingo duzue biran?
Aldaketaren bat egin dugu. Orain ordenagailua erabiltzen dugu zeinbait abestirako eta Hego Euskal Herriko hiriburuetako kontzertuetarako bai daukagula prestatuta zehozer berezia.

HURRENGO KONTZERTUAK:

01.23 Jimmy Jazz - Gasteiz
01.25 Aske - Orereta
02.06 Kafe Antzokia - Bilbo
02.15 40 Minutu Rock - Durango
03.14 Dabadaba - Donostia
03.15 Banzai Jaialdia - Lasa
03.21 Hil Da Laboa - Murgia
03.22 Gazte Eguna - Ugao
04.04 Totem - Iruña
04.05 Gazte Eguna - Usansolo
04.12 Gazte Eguna - Zamudio
04.17-20 Emai Topagunea - Berriozar
05.23 Sala Z - Zaragoza
05.30 Ekinez Jaialdia - Bergara

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.