Biek dituzte erritmo mugituak, biziak eta baikorrak. Arakistain bera ere horrelakoxea da, eta horregatik naturaltasunez egin du bien arteko uztarketa. Jendearen iritziak eta presioa alboratuz, diskoa entzuten duen oro dantzan jarriko duen abestiak sortu ditu gipuzkoarrak.
Joan den otsailean jarri zenioten amaiera Huntza taldearen ibilbide arrakastatsuari. Hilabete gutxiren buruan, disko berria aurkeztu duzu. Presiorik sentitu duzu proiektua berria garatzerako garaian ala gehiegi pentsatu gabe, diskoaren izenak dioen bezala, “eramaten utzi zara”?
Ikusita nondik natorren, presioa sentitu dut, asko gainera. Diskoaren izenburua ere presio horretatik sortu dela esango nuke. Süne proiektuarekin saiatu naiz buelta gehiegi ez ematen abestiei, ez buelta gehiegi ematen jendeak pentsatuko duenari, amaineman eta kito.
Zure burua konbentzitzeko modua izan al da?
Pixka bat bai. Ni banaiz horrelakoa, gustatzen zait amaineman ematea, baina jakinda zer ordutan eta noiz —barreak—.
Izan ere, AMAINEMAN deitu duzu Süne proiektuaren lehen diskoa. Non topatu duzu euskaraz horren ezezaguna den hitz hau?
Elhuyar hiztegian —barreak—. Ez dizut gezurrik esango. Nik ere ez nuen hitza ezagutzen eta abesti baterako letra prestatzen ari nintzela, gaztelaniazko “fluir” esan nahi nuen, baina artifiziala iruditzen zitzaidan hitz hori sartzea. Elhuyarren begiratu nuen eta “amaineman” jartzen zuen. Polita iruditu zitzaidan. Gainera ez dugu hitz horren berri, nire ingurukoei aipatu nien eta inork ez zuen ezagutzen. Beraz, diskoak hitzari bizi bat emateko balio balezake, polita litzateke.
Trikitia eta teknoa uztartu dituzu, tradizioa eta modernitatea. Hasiera batean bi kontzeptu kontrajarriak dirudite. Nolakoa izan da diskoaren sorkuntza prozesua? Lortu duzu buruan zenuen hasierako emaitza hori?
Bai, egia esan, lortu dut buruan nuena. Lehen Huntzarekin ere nik sortzen nuen hasierako abestiaren bizkarrezurra, eta gero bizkarrezur horrekin lokalera joan eta bertan denon artean apaintzen genuen. Kasu honetan, bizkarrezur honekin ekoizlearengana joan naiz, eta biok, nik emandako erreferentziekin edo bilatu nahi dudan doinua azalduta, berak proposamenak egin dizkit. Ekoizpena elkarlan moduko bat izan da.
Beraz, oraingoan erabat aldatu duzu lan egiteko modua…
Guztiz ezberdina izan da. Biak dira politak, hau ere asko gustatu zait, prozesuaren oso barruan sentitu naizelako. Ni abestietan hor egotea gustatzen zait, badakit sortzen dudan bizkarrezur horrekin noraino iritsi nahi dudan eta horregatik, prozesu oso polita iruditu zait. Gainera, sortzaile bezala gehien gustatzen zaidana sortzeko momentu hori da hain justu, abestiak forma hartzen hasten direnekoa. Kontzertuak ere gustatzen zaizkit, baina barnerakoiagoa naizenez, nahiago dut estudioko momentua.
Trikitia eta doinu tradizionalak maite dituzula bagenekien, elektronika ere betidanik gustatu al zaizu?
Kontua da Itziarko herrian, Txitxarro diskoteka zegoela, —egun itxita dagoena—. Bada, ni parrandan hasi nintzen garaian, Itziarko gaztetxean, bertako gazteek Txitxarroko herentzia bere egin zutela eta tekno gogorra, bakalaua… jartzen zutela. Hori gutxi ez eta, txikitatik aerobiken ibiltzen nintzen eta hor ere dena teknoa izaten zen. Nik uste dut doktrinamendu bat jasan dudala, ez da kontzientea izan. Orain konturatu naiz gustatzen zaidala nahiz eta trikitia ere gustatu. Gustatzen zait Avicii eta Martin Garrix DJak, Tomorrowland-eko musika… Huntza ezagutzen dutenek jakingo dute Flying free eta Avicii-ren bertsioak jo ditugula kontzertuetan. Hori izan da pixka bat nire borroka Huntzan, horien bertsioak sartzea —barreak—.
Nola definituko zenuke diskoa?
Esango nuke Euskal Herriko errealitate bat islatzen duela. Askotan iruditzen zaigu trikitia eta teknoa edo elektronika ez direla bateragarriak. Baina nire kasuan, nire inguruan behintzat, oso naturala den zerbait da elkarketa hau. Eta esango nuke diskoa entzun dutenei ere ez zaiela arrotza egin, errez barneratu dituztela abestiak. Ez zaie gauza oso esperimental bat iruditu, oso naturala suertatu zaie. Beraz, errealitate baten isla da.
"Nire inguruan behintzat oso naturala da trikitia eta teknoa edo elektronika elkartzea"
Estilo ezberdinetako artista handiak izan dituzu alboan: Veintiuno, Antia Muíño, Greta Ch’aska, Moonshine Wagon eta Rikki. Zer dela eta kolaborazio hauek? Hasieratik argi izan al zenuen eurekin lan egin nahi zenuela?
Abestika joan naiz. Izan ere, kantuak kaleratzeko tempoa ere zatikakoa izan da. Lehenengoa, Rikki-rekin, atera nuenetik bi urte pasa dira. Berak eta Paul-ek ekoiztu zuten. Süneren hasiera izan zen hori. Moonshine Wagon-ekin adibidez, abestia sortu nuenean, kantuak berak eskatu zidan country estiloan abesten zuen norbaitekin kolaboratzea. Ahots indartsu bat nahi nuen, nire ahotsarekin sekulako kontrastea egingo zuena. Momentu hartan, beraien entzule izatetik, beraiekin kolaboratzera pasa nintzen. Gero Antia eta Greta ezagutu nituen GAZTEAko Kabian sesioaki esker. Abesti bat sortzeko elkartu gintuzten, aurretik ez ginen ezagutzen, eta bertan izan zen gure lehenengo, aukeratu gabeko, kolaborazioa. Oso gustura geratu nintzen emaitzarekin, oso polita geratu zen. Kantauri abestian berriz, Huntzakoak daude. Kantua nire buruari omenaldi bat da, baina baita beraiei ere. Izan dugun ibilbideaz harro nago. Nire iragana eta etorkizuna elkartzeko modu bat izan da, zirkulua ixteko kantua. Polita iruditzen zitzaidan diskoko lehen abestia izatea eta beraiek hor egotea. Amaitzeko, Veintiuno taldea dago, rockeroagoa den abesti batean. Pop rock estiloko kantua denez, eta Veintiuno-ko Diegoren ahotsa oso berezia denez, berari esan nion. Baietz esan zuten guztiek, beraz, ederki!
Letrei dagokienez, amaierei eta hasierei kantatu diezu, etapa aldaketei eta egunerokotasunean aurki litezkeen gauza txikiei… landa gunea oso presente dagoelarik beti. Bertan topatu ohi duzu inspirazioa?
Bai, guztiz. Itziarren bizi naiz, herri txiki batean. Gainera trikitiko irakaslea ere banaiz eta Süne sortu dut. Beraz, niretzako diren momentuak mendira joaten naizen horiek dira, hor deskonektatzen dut. Baina, inspirazioa baino gehiago, behar bat da landa ingurua nire egunerokotasunean. Izan ere, inspirazioa benetan, abesti gehienak eta, nire ustez, onenak, estresatuen eta nire onetik gehien aterata nagoen momentuetan sortu dira, kontraesana badirudi ere. Baina bai, behar dut lasaitasuna, pertsona urduria bainaiz. Denbora guztian topera nago eta horrelako herri txiki batean bizitzeak laguntzen dit lasaitzen.
Nola izaten da orduan prozesua, lehendabizi sortzen zaizu letra, ideia, musika, doinu bat?
Denetatik dago, baina normalean letra eta melodia batera sortzen ditut. Izan ere, egiazko zerbaitetan oinarritu ohi naiz, pasa zaidan edo nire lagunen bati pasa zaion horretan. Egiazko horretatik sortzen hastea errazagoa zait, errealago sentitzen dut, fidelago sentitzen naiz nire buruarekin abesterako orduan. Behin hori edukita, ondoren melodia eraikitzen hasten naiz, letra garatzen eta gero letra aldatu egiten da, irudimen apur bat sartzen diot… ez da oso ordenatua, nahiko desordenatua da egia esan.
Oraingoan, gainera, ez duzu talde batek eskaini lezakeen, nahiz eta aipatu duzun ekoizlearekin elkarlanean aritu zarela. Momenturen batean bakarrik sentitu zara?
Bai, momentu askotan eta esan egin behar da gainera. Badago abesti bat horri buruz. Askotan, lagunak, kuadrillakok, lankideak… inguruan izan arren, badaude bakarrik sentitzen garen momentuak, nik behintzat izan ditut. Prozesu honetan, zenbaitetan, bakarrik sentitu naiz. Hori kudeatzen ikasten nabil poliki-poliki. Lehen taldeak egoteak gauza onak eta txarrak zituen, berdin bakarka ibiltzeak; gauza on asko dauzka, baina baita txarrak ere. Balantza hori mentalki orekatzen saiatzen nabil.
Oreka bilatzen zabiltzala diozu, baina orokorrean diskoa oso baikorra iruditu zait. Diskoan zehar entzun litekeen mezu nagusia; guztiarekin, beldurrekin, itxaropenarekin, penekin eta pozekin aurrera egitea da. Beti aurrera. Josune Arakistain bera ere horren baikorra al da?
Esango nuke banaizela baikorra. Niretik sortzen dudanez, abesti tristeak ere sortzen ditut, ez nagoelako beti pozik, baina banaiz alaia. Egia da azkeneko bi urte hauek gogorrak izan direla, etapa aldaketa dela eta. Ez naiz horren baikor egon, baina etapak dira eta musika aldatzen den bezala, pertsonak ere aldatzen dira. Norbaiti entzun nion: “Orain Huntza laga du eta Süne bezala zerbait ezberdina egiten ari da, bere musika aldatu da”. Noski, nire musika aldatu dela, pertsona bezala ere aldatu naizelako. Gainera, ez banu eboluzionatuko eta berdina egin, aspertu egingo nintzateke eta baita entzuleak ere.
Horrelako iruzkinak aipatu dituzula, egia da oro har, harrera ona izan duela zuk egindakoak, baina jarraitzaileak hazi ahala, zoritxarrez, egun hater-ak ere hazten dira. Nola kudeatzen duzu hori?
Oso mentalizatua nago. Huntzarekin asko ikasi genuen. Hastapen horietan bat-batean zerotik ehunera pasa ginen. Horrela hasteak irakaspen asko utzi zizkigun. Egunetik gauera denen ahotan geunden. Garai hartan ez nuen ondo pasa. Nik esaten nuen: “Abesti batzuk baino ez ditu egin, zergatik ari zaizkit nire hau dena esaten?”. 20 urteko neska bat nintzen, ez zekiena oso ondo nola kudeatu hori guztia. Jada ikasi dut, orain berdin ez bazaizkit ere, saiatzen naiz ez garrantzirik ematen horrelako iruzkinei. Izan ere, niri musika mota guztiak gustatzen zaizkidan bezala, zilegi da guztiak ez gustatzea ere, beti ere esateko moduak zaintzen badira.
Orokorrean gustura orain arte jaso duzun harrerarekin?
Oso gustura. Bi urte eta erdi lanean egon ostean, Itziarren egin nuen aurkezpena nire lagun, familia, musikari gutxi batzuekin… azkenean kaleratu zela eta pozik nengoela ospatu nahi nuen. Bertan oso feedback ona jaso nuen ingurukoengatik, zer esango dute ba, ezta? —barrea—. Baina sare sozialetan ere, orain arte behintzat, mezu onak soilik jaso ditut!
Zuzenekoei dagokienez, zer aurkituko dugu?
Nire alde elektronikoa eta organikoa uztatu nahi izan ditut. Ez nuen nahi soilik trikitiarekin abestu eta play-ri eman. Pertsonalagoa izatea nahi nuen, nahiz eta elektronika oso presente egongo den. Greta etorriko da sintetizadoreekin efektuak sartzera eta Sara egongo da baterian. Biak Madrilen bizi dira, beraz, kontzertu bakoitzerako etorriko dira hona. Ondoren Antton Carretero arituko da gitarran, baxuan eta ahotsak egiten. Talde polita osatu dugu.
Amaitzeko, etapa berri honetan zein da betetzea gustatuko litzaizukeen helburua edo ametsa?
Presioa burutik kendu eta kontzertuak gozatzea. Helburu sinplea dirudi, baina ez da. Askotan ez da erraza izaten kontzertuetan, jendearen aurrean, gozatzea. Beraz, proiektu berri honekin, herriz herri ibiliz gozatu nahi dut.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.