“Nola galdu denbora” (Mauka, 2019), bizi poza irradiatzen duen horietakoa da. Landua eta modernoa, bere 7 kanten indarra eta kemena kontuan hartuta, dantzalekuan edo tabernan bolumen altuan entzuteko bereziki gomendagarriak dira. Baita, bestalde, etxean kaskoak jantzita detailerik txikiena harrapatzeko ere. Konplexutasun handiko soinua lortu dute berriz ere, hamaika xehetasun eta sorpresak nonahi dauzkaten zazpi kantuetan. Skakeitanen soinuak eboluzioari eusten dio, baita aurreko lanarekiko ere (“Galera”, Mauka 2016).
Freskoa da zuen lan berria, indar handia dauka eta energia berezi bat transmititzen du bere kantu guztietan. Momentu gozoa bizitzen ari zarete.
Pello: Hala da, gure ibilbidearen momentu onenean gaudela esango nuke, asko gozatu dugu prozesu guztiarekin eta askatasun osoz sortu dugunaren sentsazioarekin geratu naiz. Hala ere, nahiz eta soinu aldetik energia edo bibrazio positibo hori transmititu badago nostalgiarik, tristurarik eta aldarrikapenik ere kantu hauetan.
Oraingoan zazpi kanta bakarrik aukeratu dituzue. Lana istant batean pasatzen da, baina bizipen oso intentsuak eskaintzen ditu. Bestalde, diskoan sartu ez dituzuen kanta gehiago dauzkazuelakoan nago.
Pello: Ideia gehiago izan ditugu, baina hasiera batetik konbentzitu ez bagaituzte ez ditugu gehiago garatu, beraz guztiz osatuta dauden abestiak dira diskoan sartu ditugunak.
“Eklipse”-rekin, hasiera arrunt boteretsua dauka Cdak. Olatz Salvadorren ahotsa da nagusi kantu honen hasieran. Olatz jatorrizko partaidea ez den arren, disko guztietan present egon da. Horrek esan nahi du gutxienez 8 urte daramatzala taldean. Dena den, argi dago, Pello Armendariz dela abeslaria. Olatzek, aurreko disko guztietan ez bezala, honetan ez du teklatua jotzen eta soilik kantatu egiten du. Tartean, bakarkako ibilbide arrakastatsua ere hasi du.
Julen: Askotan ez gara gogoratu ere egiten Olatz hasiera-hasieratik ez dagoela, guk gutxienez sentsazio hori baitugu. Taldekide den heinean (baita ahots zoragarria duelako ere) beti parte hartzen du kantuetan. Egia da bakarkako ibilbidea hasi duela, oso proposamen interesgarri batekin, baina toki askotan ikusi dugu idatzita taldea utzi egin duela. Inondik inora ere ez! Dibertigarria egin zitzaigun gainera diskoa bere ahotsarekin hastea… Arrazoi artistikoez gain, nahastuta dabilen jendeari erantzuteko. Kasu honetan ez du teklaturik jo, hauen ekoizpen eta konposaketa Ruben Caballero ekoizlearen esku egon delako, eta grabaketa lanak arintzeko praktikoagoa ikusi genuen berak egindako sintetizadore horiek berak jotzea. Baxuarekin, beste horrenbeste.
Soinua, ekoizpen lana eta orohar instrumentu eta ahots guzien tratamendua harritzeko modukoa da, detailerik txikiena ere mimo handiz landua baitago. Azken emaitza zinez boteretsua da.
Julen: Eskerrik asko benetan! Ekoizpenarekin beti gertatzen da… badirudi adituen kontu bat dela, edo bakarrik materian trebeak direnak antzemango dutela… baina edozein pertsonengan sentsazio konkretu bat sortzen du ekoizpen konkretu batek. Guri beti gustatu zaigu hori zaintzea, freskotasuna galdu gabe, eta gure jakituria eta esperientzia handitzen doazen heinean, gauza zainduagoak egiteko gaitasuna dugula sentitzen dugu. 8 taldekide izanda, asko kostatzen zaigu minimalismoa lortzea (askoren ustez, ekoizpen egoki baten sekretua) baina oraingoan saiatu gara taldearen ezaugarri fisikoen esklabu ez izaten. Kantuengatik eta kantuentzat egin dugu ekoizpena. Kantua da garrantzitsuena.
“Ezpainetan odola” eta “2 minutu (nola galdu denbora)” zuzenean jugularrera doazen piezak dira, Skakeitanek hain modu naturalean egiten duen erara: martxa handiko pasajeak, erritmo eroak eta ahots garaileak. Oraingoan ere zuen arrakasta biderkatuko duzue.
Pello: Hori oso ikuspuntu baikorra da (kar, kar). Egia esan asko gustatzen zaizkigu ereserki bihurtu diren kantak, jaialdi eta kontzertuetatik bueltan askotan jarri izan ditugu furgoan denok abesteko. Sortzerako orduan entzutea gustatuko litzaigukeena egiten dugu, orduan bueltak ematen dizkiegu akorde eta doinuei gure ADNan sartzen den pieza atera arte.
Erdarazko bi abesti sartu dituzue oraingoan: “Cicatrices” eta “Me voy”. Gazteleraz era naturalean atera zaizuela diozue. Bi hauek zati rapeatu asko dauzkate, instrumentazio aberatsa eta pista apurtzaile bokazioa. % 100 profesionalak.
Pello: Nire eguneroko errealitatea elebiduna da, lagun batzuekin euskeraz egiten dut eta beste batzuekin gazteleraz, egia esan euskerak du presentzia handiena gure hitzetan, baina gazteleraz ateratzen zaidana ez dut inon gorde nahi, eta kantu hauen forma hartu du kasu honetan. Cicatricesek nire bikotekide ohiarekin bizitako azken momentuetaz hitz egiten du, bide berri batzuk bilatzeaz eta ahal dugun heinean aske izateaz. “Me voy” abestia Steve Caniçoren heriotzean inspiratuta dago –uda honetan eman den gertakaria, antidisturbioek rave bat tirokatu ostean-, Free Party-ak eta hauen zilegitasunaz, komunitatea sustatzeko tresnak ere badirelako. Baita festa bera giza esentziaren parte delako ere.
Nahiz eta soinu aldetik energia edo bibrazio positibo hori transmititu, badago nostalgiarik, tristurarik eta aldarrikapenik ere kantu hauetan"
Amaiera aldera, “Zurekin azkena” eta batez ere “Apatia” kalitate estra eskaintzen duten piezak dira. Lehena benetan erakargarria da. Rap fraseatzea ez zaio falta, baina gero errepika poperoa dauka, kapa askorekin ordea. Oso ederra!
Pello: Aurpegi bat baino gehiago duen kantua dela iruditzen zait niri, rapa alde batetik, nahiko kantatua, estribilloaren doinu melodikoa... Ondo uztartzen da abestiaren mezuarekin, gure jarraitzaileei dago lotuta, gure inguruarekin sortu dugun binkuloarekin. Krisiaz hitz egiten dugu, planetaren amaieraz, eta horren erdian komunitateak edukiko duen paperaz ere.
“Apatia” ere apartekoa, diskoko onena, eta niretzako zuen ibilbideko borobilena. Hemen, ahotsaren tratamendua bereziki aipagarria da, hainbat efektu direla medio, baina kantu osoa da zoragarria.
Pello: Ahotsarekin hasi ginen saltseatzen... gitarrarekin egin badugu zergatik ahotsarekin ez? Horrela toke interesgarri bat ematen ziola iruditu zitzaigun hardtune eta distortsio pixka batekin. Doinuarekin ere pixka bat jolastu genuen, gitarra azidoak, itsasten zaizun baxu linea horrekin eta hitzekin batera rollo “mamarracho”a hartu zuen guztiz. Eta besterik gabe, horrela bai, ekoizpen originala (“benetakoa”) atera zitzaigula uste dut.
Ohi bezala, Haritz Harreguy-ren estudioan grabatu duzue, Usurbilen. Teknikaria ere bera izan da berriz ere. Ekoizle lanetan, aurrekoan bezala taldeko partaide ere bazareten Borja Anton, Pello Armendariz eta Julen Idigoras aritu zarete. Oraingoan, ordea, taldeak fitxaketa berri bat egin du: Rubén Caballero baxuan, Asier Iriondoren ordez. Rubének, gainera, sintetizadoreak eta programazioak egiten ditu. Bera izan da, aski ez balitz, ekoizle ekipoan sartu duzuen laugarren pieza.
Pello: Bai, konposatzerako orduan aipatu dituzun hiruron artean aritu gara. Ondoren dena Rubeni pasatu izan diogu. Rubenek ekoizle lana egin du, batez ere sinteekin, moldatzaile gisa eta kanpo iritzi modura. Azken hau zen gehien interesatzen zitzaiguna, gure orbitatik at dagoen norbaiten aholkularitza gehi parte hartzea. Emaitza bikaina izan da, berarekin tratua ere ezinhobea eta beti erakutsi du lan egiteko prestutasuna. Gainera grabatzerako orduan artista bat dela ere erakutsi digu.
Lanaren ekoizpena, esan bezala, borobila eta erakargarria da. Gainera, orain lau ekoizle zarete! Nola egin duzue lan? Talde-lana izan da, ala ekoizle bakoitzak bere nahiak islatu ditu? Lanak daukan soinu globalak taldelan oso estua izan dela pentsatzera naramate.
Julen: beti da taldelan estua, gure kasuan. Hori bilatzeak eraman gaitu urteen poderioz lantalde txiki izatera. Borja, Pello eta nire artean sortu ditugu kantu guztiak, konponketa ugari… eta ondoren Rubeni bidaltzen genion dana. Gure lehenengo esperientzia izan da ekoizle batekin, eta ikaskuntza handia era berean. Hasieran bidali genizkion kantuak konponketaz beteta eta ñabardura askokoak ziren… eta nahiko zaila izan zen horren gainean lan egitea. Azkenean ikasi dugu, baina zaila da zureak diren kantuak beste batzuen esku uztea. Hala ere, Rubenekin tratua ezinhobea izateak asko erraztu du dana, eta konplizitate hori nabaritzen da emaitzan.
Ahotsak instrumentu musikal bezala tratatu dituzuela dirudi. Esperimentazio lan sakon baten emaitza ematen du, detailerik txikiena ere kontuan hartu baita, betiere azken emaitzaren efektua biderkatzen duena. Ikusgarria!
Pello: Ahotsek garrantzi handia dute edozein lanetan. Disko honetan trataera ezberdina egon da abesti bakoitzaren barrenean ere; intentzioaren arabera formula ezberdinak aplikatu ditugu.
Disko honetan presentzia handia duen beste instrumentua bateria da. Indar handia transmititzen du, eta gainera lehen planoan dago momentuoro. Ez dira haize instrumentuak ahaztu behar. Konbinazioa, guztiarena alegia, oso berezia eta eraginkorra da.
Julen: Mila esker! Egia esan, bateria nahiko “aurpegian” maite dugu, gure soinua ondo ordezkatzen duela iruditzen zait. Bateriajole izateak badu eragina akaso, kar kar! Gainera, Britania Handian tratu berezia ematen diote instrumentu honi. Zikintasun puntu bat irabazi du gure lanean, soinu gordinago bat lortuaz. Kantu batzuetan, bateria hibridoak landu ditugu eta hau ere erronka bat izan da. Sekulako zientzia dago elektronikaren eta akustikaren munduak batze horretan.
Haritz Harreguy teknikaria izanda, noraino nabaritu duzue bere eragina? Beste era batera esanda: Haritzen maila daukan ekoizle bat ondoan edukitzeak -nahiz zuekin teknikari lanetan soilik aritzen den – nola baldintzatu zaituete zuen lan propioa lantzerako orduan?
Pello: Haritzek kasu gehienetan baldintzatu baino ikuspegia ireki digu. Berak gomendatu zigun Rubenekin proba egitea eta diskoa Euskal Herritik kanpo bidaltzea. Erosotasuna trasmitizen digu eta hori dena azaleratzeko eta grabatzeko orduan oso garrantzitsua dela iruditzen zait. Gainera bere egiten du bertatik pasatzen den proiektu bakoitza, lan horretan inplikatu egiten da. Babestuta sentitu gara berarekin grabatu dugun bakoitzean.
"Gure ibilbidean oso garrantzitsua izan da disko hau (“Galera”, 2016) estigma eta tabu askori aurre egitea posible egin zigulako"
3 urte pasatu dira ordura arteko lanik onena grabatu zenutenetik: “Galera” (2016). Nola funtzionatu zuen disko hark eta zertan aritu zarete denbora honetan? Ez dugu “Galera beats” (2017) diskoa ere ahaztu behar. Euskal Herritik kanpora ere eginak dauzkazue hainbat abentura, Espainiako jaialdiak barne: Viña Rock daukat oraintxe buruan, baina gehiago ere izan dira.
Pello: Bai, “Galera” kaleratu ostean nabaritu genuen estatu mailan emandako kontzertuek goruntz egin zutela, eta jaialdi ezberdinetan parte hartzeak ere beste leku batean kokatu gaitu. Egia esan, gure ibilbidean oso garrantzitsua izan da disko hau estigma eta tabu askori aurre egitea posible egin zigulako. “Galera”-rekin ikasi genuena ikasi gabe ez zen posible izango “Nola Galdu Denbora” bezalako lan bat ateratzea.
Mauka zigiluarekin aritu zarete hasiera-hasieratik. Bost disko badauzkazue jada haiekin aterata. Nola mantentzen da talde bat zigilu bateri hain fidel, hainbeste urtetan? Zuen bidea goranzkoa izan da beti, emaitzak ikusi besterik ez dago.
Pello: Oso eroso gaude eta egon gara ofizinarekin, tratu pertsonal aldetik oso ondo elkar hartzen dugu oraindik ere eta arazorik egon bada noizbait konfidantza izan dugu hitz egiteko eta konpontzeko. Gainera, uste dut beste zigiluekin konparatuta daukaten lan egiteko era tratuan nabaritu egiten dela batez ere.
Zortzi partaide izaten jarraitzen duzue. Proiektu paraleloak kontuan hartuta, musikarien ibilbidea gero eta gehiago zabaltzen hasi da. Bakoitzaren ibilbidea eta proiektuak (gaur egungoak eta iraganekoak) azalduko zeninzkidakete, era motzean bada ere?
Pello: Borjak eta Julenek bi proiektu paralelo nagusi izan dituzte orain arte, Eraul taldea eta Olatz Salvadorren banda ondoren. Olatzek, era berean, bakarlari proiektua izan du banda sortu arte, eta bere lehenengo diskoa kaleratu zuen duela bi urte. Valek ere proiektu ezberdinetan parte hartu du (Hesian, Esne Beltza...). Oraintxe bertan, esan bezala, Skakeitanek du lehentasuna, eta momentuz Olatz da jarraitzen duena bere proiektuarekin ere, baina taldearen barruan beste kide batzuk badabiltza beste gauzetan saltseatzen.
Taldearen sorrera 2008an jazo zen, artean oso gazte zinetela. Nola sortu zen Skakeitan, zein partaiderekin? Denak Donostiakoak zineten?
Pello: Bai, Donostiarrak ginen denok. Momentu horretan Val eta biok beste taldetxo batetik atera ginen eta Axi eta Borjarekin elkartu. Gerora kideak errekrutatzen hasi eta uda partean ensaiatzen hasi ginen. Hor iada topo egin genuen Julenekin. Gerora, kontzertu batzuk, ideia batzuen grabaketa eta maketa iritsiko ziren. Ondoren, momentu ezegonkorrak eta gaur egun garen partaideen birmoldaketa.
Estreinatu berri dugun urtean zeintzuk dira berehalakoan segituko dituzuen pausoak? Udan pentsatzen dut topera ibiliko zaretela kontzertu eta jaialdietan.
Pello: Gure ideia da aurten Skakeitanek edukitzea lehentasuna kontzertu aldetik, eta saiatuko gara ahal den leku gehienetan jotzen diskoa defendatzeko. Gainera beti esan digute eta guk ere pentsatzen dugu zuzeneko taldea garela, beraz bai hemen eta bai hemendik kanpo jotzeko asmoa daukagu.
Hurrengo Kontzertuak:
Otsaila 14 - Dabadaba (Donostia) 20h Agortuta
Otsaila 15 - Dabadaba (Donostia) 20h
Otsaila 21 - Ya'sta Club (Madrid) 20h + Kameos
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.