“Stoner etiketatik gehien aldentzen den diskoa da hau”
EntrevistasRodeo

“Stoner etiketatik gehien aldentzen den diskoa da hau”

Urko Ansa — 03-04-2025
Fotografía — Holy Fire Studio

Rodeo taldearen makinariak ez du deskantsu askorik hartzen: pandemia ondoren bi disko argitaratu zituzten urte berean, eta orain beraien ibilbideko bosgarren lan luzea dakarkigute.

Taldeak estiloa zabaldu du, ahotsak leundu eta melodiekiko atxikimendu handiagoa dakarte, baina Stoner zaleek ez dute beldurrik eduki beharrik, estilo hori lantzen jarraitzen baitute taldearen hamargarren urteurrenean. Xehetasun guztiak segidan datorren elkarrizketa luzean izango dituzue. On egin!

Disko berri honen konposizio prozesuan aldaketak egon dira. Horrek kantu berrietan eragina izan al du? Zein kantuetan somatu ditzakegu berrikuntza horiek?
Aurreneko aldiz ia disko osoa lokalean egin dugu lauron artean eta lauron implikazioa parekatuagoa izan da aurreko diskoetan baino. Bai instrumentuetan eta baita ahotsetan ere. Entzuten dugun musika ere ez da orain dela bost urte entzuten genuen bera, beraz eragina izan du dudarik gabe. Ez genuke bereziki kanturik aukeratuko hori nabarmentzeko, ia kantu denetan daude pintzelada berritzaileak gure ustetan.

Baliteke ahotsen tratamenduan egotea aldaketarik handiena: “Distantzia”, “Santagrazi”, “Zauriak”... ahotsen goxotasuna deigarria da hauetan.
Orain arte, Mikelen kasuan, naturalki ahotsak nolabait agresiboago konposatzea irteten zitzaion eta aurreko galderan esanda bezala, gauza berriak probatzera bultzatu gaitu denon artean konposatzeko prozesu honek. Egia esan orain arte oso gutxi jorratutako tratamendu bat izan da ahotsen goxotasun hori eta oso gustura geratu gara emaitzarekin.

“Zauriak” singlean, abiaduraz gain ahotsa oso melodikoa da, baina Stoner Rocka izaten jarraitzen du, disko osoak bezala. Ados zaudete honekin?
“Banator” izan zen aurreneko singlea eta Zauriak bigarrena, bideokliparekin. Ez dakigu esaten Stoner Rocka den edo zer den, estilo hori oso zabala baita… etiketa hori eman dugu betidanik eta bai, diskoko pasarte askotan garbi ikusten da estilo hori hor dagoela, baina orain arteko disko guztietatik, etiketa horretatik gehien aldentzen den diskoa azken hau dela esango genuke. Baina, lehen esanda bezala, guretzat zaila da estilo konkretu bat ongi definitzea.

Musika mota ezberdin asko entzun duzue azken urteotan. Zein estilo edo taldek eragin dizue gehien?
Post hardcorea, hardcorea, psikodelia, stonerra, flamenkoa… taldearen sorreran laurok oso antzeko musika entzuten genuen baina azken urteotan asko zabaldu gara eta gauza oso ezberdinak entzuten ditugu gaur egun. Soinu aldetik Slomosa, Guerrera… izan dira erreferentetzat disko honetan eta King Gizzard, Derby Motoreta’s, Lisabo… taldeen influentziak asko eragin digu konposatzerako orduan.

“Banator” kantuan, adibidez, giro psikodelikoak somatzen ditugu, baina desert rocka ere ez dabil oso urruti eta gitarrak benetan boteretsuak dira.
Intentsitate aldaketak gitarra, baxua, ahotsaren soinua eta indarrarekin jolastea maite dugu. Kantu honetan hainbat estilo ezberdin ikus daitezke desert rocka barne… baina Rodeo izateari inoiz ere utzi gabe.

“Intentsitate aldaketak gitarra, baxua, ahotsaren soinua eta indarrarekin jolastea maite dugu”

“Sion mendia” kantuan, gitarren garbitasunak ere atentzioa ematen du hasieran. Eta bukaera aldean hiru ahotsetan egiten duzuena benetan ederra da.
Kantu hau izan da azken errematea ematen gehien kostatu zaiguna eta hasierako zati garbi hori oso ezberdina zen jatorrian. Bukaerako azken zatiak ere aldaketa pila bat jasan ditu. Amaitzea gehien kostatu den kantua izan den arren, emaitza nahiko berritzailea atera zaigula uste dugu.

Abiadura biziko bi kanta ere badituzue: bata, “Malkoak”, ziztu bizian eta oldarkor entzuten dena, eta bestea “Distantzia”. Azken honek gitarra soinu mardula eta oso berezia dauka. Gainera, zati instrumental limurtzailea ere ez zaio falta.
Bi kantu hauek zuzenean jotzeko oso itxura ona daukate eta agian diskoko “kañeroenak” izan litezke. Gogotsu gaude zuzenean probatzeko eta energia horretaz disfrutatzeko.

Gitarra soloak maite dituztenentzat, “Zauriak” kantu aproposa da oso. Ez dago solo askoz gehiagorik diskoan, ez baita hori zuek bereziki landu duzuen errekurtsoa. Beharrik ere ez. Baina “Distantzia”-ren hasiera bera ere gitarra solo baten modukoa da.
Ez gara inoiz gitarra solo birtuosoen fanak izan, eta kantuak eskatzen ez badu, ez du merezi solo bat egitea. Aurreko diskoetan agian akats hori egin izan dugunaren ustea dugu eta oraingo honetan, gitarra askoz gutxiago grabatu ditugu, sinpletasun horrek gehiago emango digula uste baitugu.

Eta azkenik, inoiz egin duzuen kanturik luzeena: ia hamaika minutuko “Dialektika-k” zoragarria. Fase ezberdinak dauzka, igoerak, erritmo jaitsierak, egurra eman behar denean ere gogor, ahots errezitaldi moduko bat, koruak... Diskoa ixteko aukerarik onena.
Beti gustatzen zaigu diskoen amaierek zer edo zer berezia edukitzea eta oraingoan ere hala egin dugu. Hainbat kolaborazio eduki ditugu kantu honetan, Trigger, Joseba LTT, Ke Lepo, Jon Agirre… eta denak batera kantu berean sartu ditugu.

Diskoa konposatzerakoan denboratxo batean kontzertuak alde batera utzi dituzue. Estudiora kantak prestatuta eraman zenituzten?
Inoiz baino hobeto landuta eraman ditugu kantuak estudiora, eta hori garbi dago, zuk esanda bezala, konposatzeko prozesu horretan bakarrik zentratu garelako. Kontzertuak jotzeak denbora eta indar asko kentzen du eta geldialdi hori egiteak asko zentratu gaitu prozesuan. Grabatzerako orduan uste dugu asko antzeman dela, gehienbat exekuzio aldetik. Ondorioz, grabaketa prozesua erraza izan da.

Berriz ere Gaztain estudioan grabatu duzue. Eñaut Gaztañaga da Rodeoren soinua ondoen ulertzen duena? Aurrekari bat dago, hain zuzen ere “Moira” diskoa Karlos Osinagarekin grabatu baitzenuten, baina beste guziak, “Ezherrian” E.P.a barne, Eñautekin grabatu dituzue.
Eñaut gure herrikidea eta laguna da. Kalean denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta musikari buruz asko hitz egiten dugu. Berarekin lan egitea oso erreza egiten zaigu konfiantza handia baitugu eta gure ustez grabazio eta ekoizpen prozesu batean oso garrantzitsua da hori. Oso erosoa egiten zaigu eta herrian bertan izateak ere abantaila handiak ditu guretzat. Hasieratik gurekin egon da eta zer nahi dugun erraz ulertzen du.

Zuzeneko kontzertu asko jo dituzue. Garai onak izan ziren pandemia aurrekoak. Gero dena, hau da eszena guztia, gelditu egin zen, baina indarberrituta atera zineten.
Pandemia hasieran, “Ezherrian” EPa atera berri geunden eta bira hasieran dena gelditu zen. Konposatzeko denbora asko izan genuen eta horren emaitza izan zen MOIRA & HYBRIS LP bikoitza.

Kanpoan egindako kontzertuetara begiratzen badugu, Suitzan, Japonian eta Korean jo zenuten 2022an, oker ez banago. Urte horretan 50 kontzertutik gora eman zenituzten. Baina agian zuen ibilbideko kontzerturik jendetsuena Viveiroko (Galizia) Resurrection Fest-en eman zenuten 2023an. Hura luzaroan gogoratzeko moduko balentria izan zen, ezta?
2022 eta 2023 MOIRA & HYBRIS diskoen birako urteak izan ziren eta 100 kontzertu inguru eman genituen. Pandemiatik irten berri ginen eta asko disfrutatu genuen bira horrekin. Euskal Herritik kanpo kontzertu dezente eman genituen, eta munduaren beste puntaraino iritsi ginen. Zuk esan bezala, Viveirokoa berezia izan zen, horrelako taldeekin kartela konpartitzeko aukera ez baita urtero izaten. Euskal Herriko lagun asko hurreratu ziren kontzertura eta oroitzapen politak dira. Munduaren beste puntan jotzeak, jende askoren aurrean egiteak edota festibal handietan parte hartzeak sona haundia ematen dio egiten dugunari, baina talde bezala, giro bero eta lagunarte onean leku txikitan jotzea bezalakorik ez dago guretzat. Hori da gure berezko lekua.

Orain, diskoa argitaratuta, neguko zirkuituan egingo dituzue kontzertuak? Areto eta gaztetxeetan jotzeko garai aproposa da hau.
Martxoan hasi eta udara arte hainbat areto eta gaztetxetan arituko gara diskoa aurkezten eta ondoren festak etorriko dira, kalean egiten diren kontzertuak. Udazkenean ere berriro aretoetara bueltatuko gara. Gogotsu gaude disko berriaren birari ekiteko!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.