“Pandemiak sortu zigun frustrazioa sormenean kanalizatu genuen”
EntrevistasRodeo

“Pandemiak sortu zigun frustrazioa sormenean kanalizatu genuen”

Urko Ansa — 10-03-2022
Fotografía — Oier Arregi

Rodeoren hirugarren lan luzea hemen dago jada. Aurten, gainera, bi disko argitaratuko dituzte. Bigarrena azaroan etorriko da, eta orain eskuartean daukagunak “Moira” izena dauka.

Biek ere historia baten inguruko jarraikortasun bat izango dute, baina utz diezaiogun taldeari berari hau guztia azaltzen. Egon bitez lasai, hori bai, Stoner Rock zaleak, hemen aurreko lan guztien botereak bere horretan jarraitzen baitu. Soilik lehen aldiz ekoizlea aldatu eta Karlos Osinaga “Txap” aukertau dute lan horretarako, eta estudioa ere aldatzea erabaki dute. Bonberenean grabatu dute oraingoan. Soilik bolumena hamaikara jartzea gelditzen zaigu, gure herriko Stoner musikarik puruena lantzen duen taldeak beste behin egurra eman diezaigun.

Kaixo mutilak. Hirugarren lana argitaratuko duzue martxoaren 11n. Diskoa amaituta eta prest dago jada. Nola sentitzen zarete lana amaituta? Zein sentsazio dauzkazue?
Emaitzarekin oso gustura gaude. Musika taldeentzako garai oso zailak izan dira eta zuzenekorik egon ez den garaia ondo aprobetxatu dugunaren sentsazioa dugu. Orain irrikatan gaude jendeari gure lana erakusteko.

Kontaiguzue: noiz, non eta nola grabatu duzue zuen hirugarren lan luze hau? Aurreko guztiak (luzeak zein singleak) Gaztain Estudioan grabatu dituzue Eñaut Gaztañagarekin. Oraingoan aldiz Karlos Osinagarengana jo duzue. Pentsatzen dut Bonberenean bertan grabatu duzuela.
Bai, hala da. “Ezherrian” EPa Bonberenea Ekintzakekin elkarlanean egin genuen eta elkarlan hori aprobetxatuz, bertan grabatzeko aukera suertatu zitzaigun. Eñautekin grabatzea etxean grabatzea da guretzako eta erosotasun horretatik irteteko erronkari heldu genion, gainera Txap bezalako erreferente batekin. Pauso natural bat izan da, geuk bilaturiko zerbait baino gehiago.

Zer topatuko du entzuleak lan berri hontan? Jarraitzaile taldetxoa badaukazue jada, taldearen nondik norakoak segitzen dituena... Zale berriak ere etengabe gehitzen ari direnaren sentsazioa daukagu. Instrumentu berriren bat ere sartu duzue, ezta?
Lan honetan, ekoizle eta estudio berri batean grabatu dugun momentutik, soinu ezberdin bat topatu dezake gure entzuleak. Agian gordinagoa. Erritmo eta instrumentu berri batzuk ere landu ditugu, txistua hain zuzen. Oso gustura gaude esperimentu honen emaitzarekin. Hala ere, aipatzen duzun jarraitzaile talde horrek, erraz nabarmenduko du betiko Rodeoren esentzia gure ustez.

Aurten aterako dituzuen bi disko luzeetatik lehenengoa dugu “Moira”. Bigarrena udazkenean etorriko da. Nolabait kontzeptu baten inguruan garatuko dira bi diskoak, ala aldiz kontakizun formatua izango dute?
Lehengo urtean atera genituen “Prometheo” singleen aurrekari eta ondorengo moduan planteatu ditugu bi diskoak. “Moira” diskoan zehazki gure prometheoren sorrera prozesua izango da diskoaren hari tematikoa. Bertan, bizi dugun egoera historikotik abiatuz, moiraren (kapitalaren determinismoaren) objektu soil izatetik, historiaren subjektu izatera pasako da langile klasea. Musikalki ere historia guztiari jarraikortsun bat ematen saiatzen ari gara eta zehazki disko honetan oso gustura geratu gara horrekin.

Stoner musikaren jarraitzaileak ez dira, gero, esku hutsik geratuko! Zuen nortasuna %100ean mantendu duzue, estiloak dauzkan abantaila guztiak baliatzeaz gain zuen ukitua ematen jarraitzen duzue kantu guztietan. Lan berrian aurreko diskoekiko nobedaderik sartu nahi izan duzue soinuan?
Produktore berri batekin lan egitean, grabatzeko eta lan egiteko beste metodo batzuk ikusten dituzu eta horrek dudarik gabe soinuan eragina du. Gure aldetik, uste dugu gure betiko metodoari jarraitu diogula eta gure soinuari eusten saiatu gara.

“Ez diegu gauza berriei aterik itxi nahi, ezta estilo batean iltzatuta gelditu ere, beti ere taldea entzulearekiko ezaguna den bitartean”

Zuen soinua oso boteretsua den arren, melodia erakargarriak sartu dituzue disko honetan ere. “Moira” kantua dugu horren adibedeetako bat. Kantu horretan eta beste zenbaitetan pasarte leun eta hipnotikoak ez dira falta. Gainera, bukaera aldeko koruak ere oso adierazgarriak dira, originalak izateaz gain. “Tartaro”ren atmosfera leuna ere oso iradokitzailea da. Stonerra era monolitikoan ulertzen duten taldeetatik oso urrun zaudete, eta jatorrizko iturritik oso gertu.
Lehen esan dugun bezala, guretzat berriak diren erritmo batzuk sartu ditugu “Tartaro”ren haseran edo “Moira”ren zati batean, besteak beste. Hainbat estilo ezberdin entzuten ditugu taldekideok eta gure gustuen eboluzioa nabarmena da konposatzerako orduan, bai erritmikoki baita melodikoki ere. Ez diegu gauza berriei aterik itxi nahi, ezta estilo batean iltzatuta gelditu ere, beti ere taldea entzulearekiko ezaguna den bitartean. Buelta asko eman dizkiogu honi.

“Metamorfosis I” eta “Metamorfosis II” instrumentalek goian aipatu duguna indartzen dute. Stonerrak, egurra emateaz gain, entzulea flotatzen jartzeko ahalmena izan behar du! Kyuss-en izpiritura gehien hurbiltzen den taldea zarete gurean.
Ohore bat da guretzat hori entzutea, beti esan dugun bezala gure hastapenetan oso garrantzitsua izan den erreferentzia bait da Kyuss. Gitarra garbiak eta efektuen soinuak beti egon dira hor Rodeoren ibilbidean eta leku oso garrantzitsua dute gure izaeran. Mota horretako kantu instrumentalak kantuen arteko lotura gisa erabiltzea asko gustatzen zaigu eta zuzenekoei ere sekulako indarra ematen diela iruditzen zaigu, zati indartsu batekin ongi uztartzen direnean.

“Atlas” kantuan Ortzi Alberdik gitarrarekin egiten dituen efektu zenbaitek Queens Of The Stone Age taldetik gehiago duela esango nuke. Ados zaudete azken horrekin?
Erabat ados diozunarekin. Kantu horretan justu ia kantu osoa efektuekin jolasean pasatzen du Ortzik eta ia ahots baten pisua hartzen duela ohartu gara zuzenean jotzen dugunean. Oso gustura gaude kantu horrek hartu duen formarekin.

Gitarra solotaz hitz egin behar badugu, askorik ez daudela ikusten da. Instrumentu konkretuei baino osotasunari begiratzen diezue? “Geras” izan liteke salbuespena, bere gitarra solo dotore baina motza dela medio.
Kantuaren arabera ateratzen dira soloak. Ez ditugu behartzen, bideak eramaten gaitu horretara. Gure konposizioetan “derrigorra” hitza kentzen saiatu gara eta sartu dugunean logika batekin egiten dugula uste dugu. Hortaz aparte, ez dugu gure burua instrumentalki birtuoso moduan ikusten.

Eta amaitzeko, zuen historiako luzeena: “Krinein”. Zortzi minutu t’erditik gorako pieza epikoa, tentsioa maisuki mantentzen duena, eta zati batzuetan Black Sabbath-en ukitua ere badaukana. Itzela. Baxuak ere bere protagonismo momentuak hartzen ditu pasarte batzutan. Oso sarkorra eta adiktiboa da.
Progresio luzea duen kantua da, melodia, efektu eta instrumentu ezberdinak dauzkana. Hasiera bateko konposiziotik bukaerako emaitzara kantu honek egin duen eboluzioa diskoko kantu guztien artean handiena da alde handiarekin. Ahotsen melodiak egin genituenean ere asko irabazi zuen kantuak gure iritziz. Bukaerako emaitzarekin harrituta geratu ginen eta jendeari erakusteko desiratzen gaude.

Pandemiak nola eragin dizuen ere galdetu beharrean gaude. Bi single eta E.P. bat grabatu duzue epe honetan. Horrez gain, Gazte Topagune Sozialistarako “Norabidea” ere grabatu zenuten. Gainera, aurten zortzi urte beteko dituzue talde moduan, eta laukote berdinarekin jarraitzeak soinu aldetik osotasuna ematen dizue.
Ezherrian EPa aurkeztu berritan harrapatu gintuen pandemiak eta gure egitasmo denak gelditu egin ziren. Horrek sortu zigun frustazioa sormenean kanalizatu genuen eta Rodeotarrok talde bat baino askoz gehiago garenez, konfinamendu perimetralen garaian gure denbora libre asko elkarrekin lokalean sartuta pasa genuen. Norabideari dagokionez, ilusioz hartu genuen proposamena. Paul Beitiaren hitzekin osatu genuen kantua eta oso gustura gelditu ginen emaitzarekin. Sortzerako orduan elkar oso ondo ezagutzen dugu eta hainbeste ordu elkarrekin pasatzearen emaitza soinuan ere nabari dela uste dugu.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.