Bigarren lana aurrekoaren jarraipena da, eta narrazio moduan jarraitzen du istorioa, azken kantuarekin amaitzen den arte. Stoner Rock bereziki markatua landu dute oraingo honetan ere, horrek dakartzan hamaika ñabardura eta atmosferekin. Estudioan egindako lanaz eta diskoaren beraren tramaz hamaika xehetasun eman dizkigute, ohi bezala, erantzun zehatz eta zabaletan.
Etxera bueltatu zarete, Zestoako Gaztain estudiora, eta Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. Baliteke aurreko lana gordinagoa izatea, gainera uste dut Karlos Osinagak hori bilatu zuela, baina momentuoro kantuei arnasa hartzen utzi zien.
Asko miresten ditugun bi ekoizle dira Eñaut zein Txap, baina esan daiteke estilo ia kontrajarria dutela, bai lana egiteko moduan, soinuan… Maisua da Txap musika zikinkeriarekin egiten: akopleak, mikroen kokapenaren eta gelaren akustikarekin jokatzen, mikroen beraien distortsioa aprobetxatzen… “Moira”ren mezuarekin lotuta, gordintasun eta soinu opresibo hori zen Txapekin lortu nahi genuena eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin.
Oraingoan, ordea, kantuak oso beteta daude zentzurik onenean. Emaitza erabatekoa eta barrokoa da, pasarte guztiak oso jantzita daude eta betetasun gozagarri baten sentsazioa ematen dute.
Txapekin soinu gordin eta "minimalistagoa" lortu bagenuen, Eñautekin kontrakoa nahi genuen: handitasuna, argitasuna eta batez ere potentzia. Ondo ezagutzen dugu Eñauten lan egiteko modua eta bagenekien nahi genuena lortzeko aukera onena zela. Soinu moderno eta zabalaren nahiz kapa eta gitarra soinu ezberdinen bidez indarra transmititzeko gaitasun paregabea du, eta gure iritziz disko honen soinua horren erakusle garbia da. Horrekin bi diskoen ideiak soinu aldetik ere transmitituta gelditu direla uste dugu: Moira iluntasuna, opresioa eta inpotentzia bazen, Hybris argitasuna, askatasuna eta indarra da; potentzia.
Kuriosoa da, nire ustez zuen bertuterik onenetakoa zena (isiltasun txikiak, kantuei arnasa emateko) irauli egin duzue eta konplexutasun guztiahaldun berri bat sortu duzue.
Isiltasunak kentzea ez da esplizituki apropos egina izan, baina egia da bi lan hauetan jarraikortasunari garrantzia eman diogula; agian horrek izan du bere eragina. Disko honetan gainera kapa gehigo eta betetasun hori bilatu genuen, soinu ezberdinak pentsatu eta uztartzeko Eñauten gaitasuna aprobetxatuz.
Urte berdinean, soilik zazpi bat hilabeteko aldearekin argitaratu duzue bigarren diskoa. “Moira” amaitu zenutenean bazenekiten bigarrena laster etorriko zela, ezta? Hasieratik dena pentsatuta zegoen?
Bai, “Moira” kaleratu genuenerako, “Hybris” grabatuta eta ia prest genuen jada. Bi diskoen konposizio prozesua batera egin genuen eta gehienak pandemia garaian eginiko kantak dira. Konposatzen ari ginen material guztiari forma ematen hasterako kontziente ginen ez zitzaigula disko batean sartuko, eta disko bikoitz bat izan behar zuela pentsatu genuen. Momenturen batean batera ateratzea ere pentsatu genuen baina gero bien artean denbora tarte bat uztea erabaki genuen, bai zuzenekoetan biak aurkezteko aukera hobea iruditu zitzaigulako, baita jendeari bi diskoak entzuterakoan arnasa pixka bat emateko ere.
“Moira” diskoaren kontzeptua martxoan azaldu zeniguten. (Irakurri hemen elkarrizketa). Kontaiguzue nola jarraitzen duek istorioak.
“Moira”n Prometheoren sorreraren testigu izan ginen eta Hybrisen bere bidaia ikus daiteke. Bidaia horretan pertsonaia ezberdinekin topatuko da (Odola, Sisifo) eta bere izatea zalantzan jarri ondoren burubaiezpen momentu batera iritsiko da diskoaren lehenengo zatian (Keres, Ez da hil), iraultzaren ideia baztertuta zegoen momentu historikoa gainditu eta langileria iraultzailearen itzulera iragarriz. Bigarren zatian kapitalaren jainkoaren aurkako bere gerra (Ares, Atenea) eta jainkoen epaiketa (Lunacharsky) ikusiko ditugu. Azkenik orden sozial kapitalistaren erorkerarekin batera Prometheo beraren heriotzarekin (Thanatos) amaituko da diskoa. Esan beharra dago “Ez da hil” eta “Thanatos” kantuen hitzak Paul Beitiarenak direla.
Bi diskoek opera rock formatua daukate, eta biek batuta obra oraindik handiagoa osatzen dute, opera rock izateari utzi gabe. “Hybris” diskoarekin eta deskribatzen duen transgresio eta orden sozialaren erortzearekin amaitzen da istorioa?
Esan bezala, hemen amaitzen da gure Prometheoren istorioa: bera parte den ordena sozialarekin amaitzean bere izatea ere gaindituko du, gizateriaren benetako historiari ateak irekiz. Gure partetik hemen amaituko da greziar mitologian oinarrituta kontatu nahi genuen langileriaren istorio hau. Hemendik aurrera, oraindik buruan ezer ez dugun arren beste kontzeptu eta metafora batzuei helduko diegu hurrengo lanetarako.
“Gure partetik hemen amaituko da greziar mitologian oinarrituta kontatu nahi genuen langileriaren istorio hau”
Ahots melodiak ondo zainduta daude, aurreko diskoan bezala. Bestalde, soinu garbiagoa bilatu duzuen arren, “Odola” edo “Keres” bezelako piezetan zikintasuna da nagusi. Horiek bai gitarrak!
Gitarren soinua inoiz baino zikinagoa da disko honetan; fuzz askorekin eta anpli ezberdinekin grabatu dira. Fuzz distortsio pedal ezberdin pila bat ere probatu ditugu eta prozesu horretan asko gozatu dugu. Ahotsen tratamendua nahiko “betiko” formula izan dela esango genuke: Eñautekin nahiko landuta dugu gure estiloa eta azkar egin genituen.
Zati atmosferiko eta hipnotiko gehienak lehen kantarekin (“Hybris”) eta azkenarekin (“Thanatos”) landu dituzue, irekiera eta itxiera balira bezala.
Ez dugu nahita egin baina horrela gelditu da. Hala ere “Keres” abestian ere badago zati txiki bat, baita “Ares”en ere, erdiko zatian intentsitate igoera hipnotikoa daukana. Zentzu batean disko hau zuzenagoa eta azkarragoa bada ere, ez genituen pasarte atmosferiko horiek atzean utzi nahi.
Badaukat inpreso pertsonal bat, aurreko diskoan Queens Of The Stone Age taldeari keinu bat egin zenioten “Atlas” kantuarekin. Oraingoan, ordea, halakorik egon ez denaren sentsazioa daukat. Esan genezake lan hau aurrekoa baino Kyuss-zaleagoa dela, batetik, eta zuen estiloa guztiz garatu duzuela, bestetik?
Gure ustez, “Ez da hil” abestia da gure kanturik “Queens-eroena”, nolabait esatearren. Errepikan piano bat ere sartu dugu eta erabiltzen ditugun akordeak eta gitarren soinuak Queens-en soinua asko gogorarazten digute. Disko hau agian Kyuss zaleagoa izan liteke, aurrekoa baino kañeroagoa delako baina Kyuss beti izan da gure eragin nagusienetako bat eta aurreko diskoak ere, “Therion” bezalako abestiekin, Kyuss-i dei egiten diola uste dugu.
Spotifyri kasu egiten badiogu, disko berriko “Thanatos” da zuen kanturik luzeena (8’14”), baina zuen aurreko diskoko “Krinein” kantak 8’33” irauten du, nahiz eta spotifyko bertsioak 7’55” irauten duen, azken zati instrumentala mozten baitu.
Stonerra jorratzen dugun momentutik eta musika estilo honen entzule garen momentutik iraupen luzeko kantuak ez dira arazo izan inoiz guretzat. Are gehiago, beti saiatzen gara horrelako kantu bat edo beste sartzen. Hala ere esan beharra dago ez dela nahita bilatzen dugun zerbait. Konposatzeko orduan beti dago ideiaren bat garapen luzea eskatzen duena eta normalean hortik irteten dira era horretako kantuak. “Krinein”-i dagokionez, formatuak du arrazoia: formatu digitalean bi diskoak jarraian entzuteko aukera dagoenez, horrela egiteko dago pentsatuta, eta biniloan berriz loop batekin amaitzen da.
Konposizioei begiratu bat emanez gero, talde bezala sinatzen dituzue kantak. Denon artean egiten dituzuela zalantzan jarri gabe, suposatzen dut ideia batzuk etxetik jada landuta ekarriko dituzuela entsegu lokalera...
Talde gehienetan bezala, ideia gehienak gitarra joleek ekartzen dituzte lokalera, nahiz eta salbuespenak egon. Gero ideia edo riff horretatik abiatzen gara kantua eratzeko momentuan eta denon artean ematen diogu forma. Ahotsen kasuan ere, Mikelek egiten ditu melodia gehienak baina beti taldean aurkezten ditu behin-betikoak bilakatu aurretik. Ia inoiz ez du taldekide batek kantu bat osorik etxetik ekarri.
2014ean hasi zineten talde bezala, eta disko guztietan formazio berbera mantendu duzue. Hori izan daiteke zuen elkar-hartzearen arrazoia, koordinazio maila oso altua behar baita zuen estiloa jorratzeko.
Zuzeneko gutxiago ematen genituen garaian, askoz gehiago ensaiatzen genuen eta ordu pila bat pasatzen genituen lokalean elkarrekin jotzen. Ondorioz, elkar sakonki ezagutzea lortu dugu eta oso ondo elkar-hartzen dugu sortze prozesu horretan. Pandemia garaian, zuzenekorik ez zenean, denbora luzez lokalean sartu ginen eta asko sortu genuen denbora gutxian. Horren emaitza dira bi disko hauek.
Aurreko diskoaren portadak eta disko berriarenak badaukate antzekotasunik. Biek autore berdinak eginak direla suposatzen dut, eta batez ere bigarren disko honen izaera barrokoak eta portadek oso ondo elkar hartzen dutela uste dut.
Bi portaden artean lotura egotea nahi genuen, bi diskoek duten loturari enfasia emateko. Finean ia portada bera dira, baina disko bakoitzaren zentzua transmititzen duten elementuak aldatuta. Markel Urrutia diseinatzaileak egiten dizkigu diseinu gehienak. Smoke Signals da bere izen artistikoa eta egia esan plazer hutsa da berarekin lan egitea. Bai artista zein pertsona bezala aparta da eta ez dago gure ideiak marrazkitan hobeto irudikatzerik. Oraingoan ere izan duen idearekin nahiz emaitzarekin zeharo gustora gelditu gara. Hasieratik konektatu dugu eta jarrai dezala horrela!
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.