“Esperimentaziorako tarte nahikoa hartu dugu kantu bakoitzari izaera berezia ematearen alde”
EntrevistasRafa Rueda

“Esperimentaziorako tarte nahikoa hartu dugu kantu bakoitzari izaera berezia ematearen alde”

Xabi Doncel — 22-12-2020
Fotografía — Oier Aranzabal

Aurreko diskoarekin irekitako bidearen jarraipen logikoa da “Rueda”, baina, aldi berean, aurreko guztiarekin apurtu du Mungiako bakarlariak. Izenburuak berak ere iradokitzen duen bezala, inoizko lan pertsonalena eta soilena da, zortzi kantu borobilekin.

Hasteko, deigarria egin zait diskoak kontzeptualki suposatzen duen haustura. Orain arte, Rafa Ruedak talde bat zuen atzean eta oraingo honetan zu eta Jon Aguirrezabala agertzen zarete bakarrik. Bi lagunen arteko jolasa dirudi, Big Red Machinen antzeko zerbait.
Ez da txarra halako irudipena hatu baduzu, kar-kar. Hasieratik argi izan dut gitarran, ahotsean eta elektronikan oinarritutako disko bat egin nahi nuela. Hortik abiatuta ez nion beste musikari gehiagok parte hartzeari ate ixten baina konexio polita lortu dugu Jon eta bion artean eta oso ondo moldatu gara kantuei forma emateko. Zuzenekoei begira beste kontu bat da. Ez daukat argi formatua oraindik baina beste musikari batzuekin taularatuko naizela argi dago. Diskoaren sonoritateak joko asko ematen du eta hortaz baliatzea nahi nuke.

Kantuen lanketa interesatzen zait. Diskoa gailu ezberdinetan entzun dut eta beti sumatzen da zerbait "berria". Kapa ezberdinek kantuak ulertzeko modu ezberdinak erakusten dituzte?
Frekuentzietan nahiko lan aberatsa da, horregatik entzuteko gailuaren arabera konponketa batzuek edo besteek leku handiago hartu dezakete. Lana bizirik dago. Lehen planoan lan biluzia ematen duen arren, atzealdeko testurei dagokionez lan handia dago. Horrek nahasketa prozesuan bereziki fin ibiltzea eskatzen du, bestela informazio gaindosia sortzeko arriskua egon daiteke. Errekurtso hori neurrian erabiltzeak entzunaldi bakoitzak gauza berriak ekartzea dakar, ezin baitugu entzunaldi batean denari erreparatu.

Ahotsaren trataerak ere atentzioa deitu dit. Kantu bakoitzak trataera ezberdina eskatzen zuen?
Disko honetan ahotsak inoizko protagonismorik handiena duela esango nuke eta horrek ezinbestean ekartzen du zuk aipatzen duzuna. Esperimentaziorako tarte nahikoa hartu dugu kantu bakoitzari izaera berezia ematearen alde. Hau bezalako disko batean zaila da tratamendu berarekin kantu guztiek berdin funtzionatzea. Hartu dugun bideak aberastasun handia ematen dio diskoari. Ahotsaren kontuarekin gabiltzala, “Euskeria” abesbatzaren kolaborazioa aipatuko nuke. Kantu batzuetan plano nabarmen batean ez badaude ere, polita izan da sortu dituzten testurekin lan egitea, Posible da aurrera begira elkarrekin kontzerturen bat egitea.

Beti esan dut "Egia bat esateagatik" ("Gabrielen lekua", 2013) zela zure diskografian gehien maite dudan abestia, baina "Zahartzeko modurik onena" ere hortxe-hortxe egongo da. Nola sortu da kantu hori?
Nahiko modu naturalean egia esan. Testua irakurri eta segituan sumatu nuen kanta bat zegoela barruan. Melodiatik tiraka oso denbora gutxian asmatu nuen testu osoaren kokapena. Ez da askotan gertatzen. Erraz sortzen diren kantuek hobeto funtzionatzen dutela esaten dute. Disko honetan badira batzuk erraztasun horrekin sortutakoak, momentu magikoak dira baina lan handia egin behar da halakoak izateko.

Hitzetan, ohikoa den bezala, lagunekin lan egin duzu... zeri kantatzen diozu/diozue?
Lagunak dira gehienak, bai, Baina atzerriko bi idazle badaude ere; Audre Lorde eta Inge Müller. Eta Elena Olave, iñigo Astiz, Josu Goikoetxea edo Mari Luz Estebanekin lan egiten dudan lehen aldia izan da. Joseba Sarrionandiarena duela urte pare bat grabatutako kantuaren bertsioa da, orain arte musikatu dudan bere testu bakarra. Horretan ere ez du jo orain artekoetan lagun izan ditudan hainbat idazleengana, beharbada, diskoaren izaera bereziak hala bultzatuta.
Tematika zabala da baina aldi berean egunerokotasunari oso lotua ere. Ezinbestean ikusi behar dut nire burua testuarekin identifikatuta testu horrekin kantu bat sortzeko. Hortaz, aukeratu ditudan testu guztietan nire bizitzaren zatitxoak daudela esango nuke. Joseba Sarrionandiak antologia poetiko bat publikatu zuen bere gustukoak ziren hainbat poemen itzulpenekin. Liburuak “Izkiriatutrik aurkitu ditudan ene poemak” du izenburua eta nik sentitzen dudana oso ondo adierazten du titulu horrek. Barruan duzun hori beste pertsona baten lumatik zuk adieraziko zenukeen baino askoz hobeto adierazita aurkitzen duzuneko momentua.

"Bide erdian" ere nire kantu kuttunen topean dago. Berrikusketa interesgarria dakar disko honetan. Baduzu kantu "zaharrak" beste prisma batetik begiratzeko beharra? Lehen bakarkako disko hartako kantuak (2003), nola zahartu direla iruditzen zaizu?
Disko honen prestaketaren hasieran kantu zaharrak formatu berri honetara egokitzen eman nuen tarte bat. Behin formatuari puntua hartuta kantu berriak sortzen hasi ziren. Bide erdian lehen lanerako grabatu sortu nuen lehen kantua da eta orain emandako jauzi honetan bere lekutxoa izatea polita iruditzen zitzaidan. Aspalditik nabil hainbat kantu zahar berriro grabatzeko gogoarekin. Gehienbat ahotsarekin egindako lana hobetzeko asmoz. Agian aurrerago ateratzen da zerbait. Zahartzearen kontua dela eta, denetarik dago. Kantu batzuek oso ondo zahartu direla iruditzen zait, beste batzuek, aldiz, ez hain ondo. Mundu guztiari gertatzen zaion kontua da baina, lehen aipatu dudan bezala, hainbat kantu zaharrekin zor antzeko bat dudala sentitzen dut eta inoiz zor hori gainetik kentzea espero.

Nola eramango dituzu kantuok zuzenekora? Talde formatu tradizionaletik oso urruti egongo dela dirudi
Horretan nabil momentu honetan. Ez da izango formatu tradizionala baina, zorionez, malgutasun handia onartzen duten kantuak dira, formatu ezberdinetan taularatzeko modukoak. Ea asmatzen dudan.

Zartekin kaleratu duzu. Autoekoizpen kolektibo formatuan aritzen zarete? Nola egiten duzue lan?

Arlo ezberdinetan dabilen jendea osatzen dugu Zart eta amankomunean duguna mundua ikusteko modua da. Sinergia bozgorailurik hoberena dela pentsatzen dugu eta horregatik erabaki dugu modu legalean forma ematea aspalditik egiten ari ginenari. Denak gara lagunak eta aurretik elkarrekin lan egindakoak, Orain plataforma bat dugu ez bakarrik gure lanak plazaratzeko baizik eta beste sortzaile batzuen arteko elkarlanak sustatzeko kolektiboaren babesean.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.