Sei urte dira Enaren geometría zure azken bakarkako lana atera zenuela. Halere, ez zara geldirik ibili
Ez, zorionez. Aurreko lana bukatu nuenean nire proiekturen gainean hausnartzeko beharra sentitu nuen. Diskoak inertziaz kaleratzen ari nintzenaren sentsazioarekin nenbilen eta, horrekin hausteko, gelditzea ezinbestekoa zen. Tarte honetan hainbat proiektuetan lan egiteko aukera izan dut, Mikel Urdangarin, Lou Topet, Jainko Txiki eta Jostalari Hura, Rafael Berrio edo TTLTen azken bira txikian. Proiektu guzti hauek, hain ezberdinak izanik ere, zer ikasi handia eman didate, “Hiri kristalezkoa” aberatsagoa egin dute nolabait.
Hiriari eskainitako lana da Hiri kristalezkoa. Kontzeptualki, tribuaren ideia ere hor dagoela esango nuke, elkar babesteko beharra duen gizarte batean bizi garela, alegia
Bai, elkar babesaren beharra gizakiaren DNA-an dagoela esango nuke. Edonola ere, hiriak joku handia ematen du gaur egungo bizimoduari argazkia ateratzeko. Kontraesanez beteriko lekua da, pilatuak bai, baina ez elkarrekin. Bakardade kasurik krudelenak hirietan ikusten dira. Batzuetan, gizakiaren presentzia sentitzearen beharra dugunaren irudipena dut, nahiz eta gero elkarri ezikusiarena egiten diogun. Nahikoa dugu pareko atean pertsona bat bizi dela jakitearekin, baina berdin zaigu buruko mina edo gripeak jota dabilen.
Halere, kantuak norbanakoei eskainita daude, edo behintzat pertsonen izenak dituzte.
Diskoa hirian kokatzea erabaki nuenean, argi izan nuen gauza da. Kantuek pertsonen izenak izan behar zituzten, eta musiken arteko isilunerik ez zen egon behar, hiriaren hotsa baizik. Diskoa, filma bat bezala egituratuta dago, hasieratik bukaerara entzuteko. Hamar pertsonen hamar istorioez baliatuta, hirian barna bidaia. Istorioei izen propioak jartzerakoan, taldearen anonimotasunetik ateratzen dituzu, gureagoak bihurtzen dira. Gizartea edo pertsonei buruz hitz egiteko aitzakia izanik ere, aitzakia, jorratzen duzun gaiaren parean jartzea bezalakoa da. Polita iruditu zitzaidan.
Lehen entzunaldian, deigarriena erregistro aldaketa da: pop kontzeptuan murgilduta jarraitzen duzu, baina uste dut kantuen gainetik diskoa jarri duzula (sonoritatean aldaketa dago aurreko diskoekin alderatuz, baina oso koherentea iruditzen zait).
Hala da. Maketak egiten hasi nintzenetik erabiltzen nituen soinuak oso gertu daude diskoan entzun daitezkeenetatik. Senari jarraitu diot eta horrek erraztu du hor nonbait gordeta nituen hainbat eragin musikalak agerian geratzea. Ez da ezer inpostatua izan, arrasto musikal horiek 80ko hamarkadan entzuten nuen musikarenak dira gehienbat. Aurreko lanetan horren agerian ez zeuden arren, nire “background” musikalaren parte dira. Sonoritate horiek gaur egunera ekartzerakoan, garai bateko eta oraingoaren arteko nahasketa interesgarria sortzen da. Estetikoki, on handia egiten dio diskoari.
Garrantzi handia eman diot diskoaren osotasunari. Nahiz eta kantuek bere autonomia mantentzen duten, hasi eta bukatu arte entzuteko diskoa egin nahi izan dut. Kantuaren sonoritateari erreparatuta, diskoa egunsentian hasi eta gauez amaitzen dela esango nuke, egun bateko bidaia hirian zehar.
"Oso garrantzitsua izan da bakarrik lan egitera ohituta dagoen musikari batentzat produktore batekin lan egitea"
WASeko Jon Agirrezabalagak egin dizkizu ekoizpen lanak. Beste batzuentzat ekoizle lanak egitetik, zure beste baten esku uztera. Ez dirudi ariketa erraza.
Umiltasun ariketa sakona da, zure kotxean kopilotuaren lekuan joatea bezalakoa. Asko ikasi dut. Agintzera ohituta nagoen arren, erantzukizun hori beste pertsona batengan uzteak pisua kendu dit. Oso kontzientea nintzen desadostasunik egonez gero, bere iritzia gainetik jarri behar nuela, hain justu, horretarako deitu niolako. Gero, lana oso erreza egin zait, Jonek emandako aholku guztiak oso koherenteak ziren eta, erabat ziur ez nengoenean, denbora bat beratzen utzi eta arrazoia zuela konturatzen nintzen. Oso garrantzitsua izan da bakarrik lan egitera ohituta dagoen musikari batentzat produktore batekin lan egitea. Bakarlari batek, talde baten dinamikara gerturatzeko egin dezakeen gauzarik hoberena da. Ez zara bat, bi gara.
Hitzetan ere laguntza izan duzu. Gustatuko litzaidake nola egin duzuen lan: melodía bat bidali diezu edo zuk moldatu duzu kantua beraien hitzetik abiatuta?
Harkaitz Cano, Leire Bilbao, Gotzon Barandiaran, Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Arkaitz Estiballes izan dira letragileak. Hamar pertsonen istorioak irudikatzerako ikuspuntuen aniztasuna bilatu nahi nuen idazle ezberdinengana jotzerakoan. Kantuak, murtxikatutako melodia batekin pasatu diet eta eurek testua sortu dute melodia horren gainean. Jarri nizkien baldintza bakarrak, hirian kokatuak eta pertsonen izenak izatea izan ziren.
Idazle hauek sekulako abilezia dute letrak melodietara moldatzeko. Batzuetan, izugarria da nola errespetatzen dituzten nik bidalitako bokalak eta guzti, kar, kar.
Zuzenekoetarako, diskoa grabatu duen laukote bera eramateko asmoa al duzu?
Zuzenekoetan formatu ezberdinetan ibiliko naiz, lekuen baldintzen arabera. Emanaldi gehienak diskoa grabatu dugun laukotearekin izango dira baina bakarka, bikotean zein hirukotean egingo ditut ere. Kantuek beste bizitza bat hartzen dute formatuaren aldaketarekin eta honetaz baliatuko naiz ahalik eta leku gehienetara heltzeko.
Diskora bueltatuz, ahots femeninoak badu protagonismo apur bat. Interesgarria iruditu zait: bakarkako diskoa izanda, eskuzabaltasun keinu bat da zure protagonismoa Aitziberren edo Joneren esku uztea. Ez dakit zuk horrela ikusten duzun.
Jon Agirrezabalagaren proposamena izan da eta bete betean asmatu duela esan behar dut. Oso ondo ezkontzen dira bi ahotsak, eta honek dira handiago ematen die melodiei. Aitziber Omagogeaskoa eta Jone Ibarretxe oso kantari onak dira eta oso eskertuta nago diskoan parte hartu izanagatik. Biek oso proiektu interesgarriak dituzte esku artean eta ziur nago zer esana emango dutela aurki.
Hurrengo kontzertuak:
2017-11-24 Victoria Eugenia Club (Donostia) 20:00etan
2017-11-26 Ugao
2017-12-6 Azoka (Durango)
2017-12-12 Bartzelona
2017-12-15 Tolosa
2017-12-16 Amurrio
2018-01-11 Bermeo
2018-01-19 Gasteiz
2018-01-21 Urretxu
2018-01-25 Bilbo
...
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.