“*ZART kolektiboak askatasun osoa eman dit”
EntrevistasPetti

“*ZART kolektiboak askatasun osoa eman dit”

Urko Ansa — 10-06-2020
Fotografía — Oier Arantzabal

Noam Chomskyren liburu bat irakurtzen ari zela bururatu zitzaion Pettiri kontzeptu hau lantzea, eta bere garaian Timsiten filtrotik pasatu zen hari horri jarraiki Harkaitz Canok poesiara ekarri du, berak bakarrik egin dezakeen maisutasunez.

Harrituta gauzka Berako artistak. Bere ibilbidea hasi zuenetik jarraitzaile fidelak izan ditu. Urteekin, oinarri hori zabaltzen joan da, bere eremu musikalak egin duen moduan. Eklektikoa esatea gutxi da: Bluesa, folka, rock and rolla eta poesia hamaika egitasmorekin hibridatu ditu duela 20 urte baino gehiago hasi zuen abentura honetan. Nortasun bereziko ahotsa eta estilo propioaren jabe, oraindik famaren lehen lerrora jauzi egin ez duen underground altxorra dugu Berako abeslaria: Egiazki, underground izateko ezagunegia; salmenten lehen postuan egoteko onegia, ordea. Petti bakarra dago: berehala igarriko duzu berea dela entzuten ari zaren ahotsa. Barren-barrenetik ateratzen zaion sua bluesman zaharren eta rockzale amorratuen arrazakoa da.

“Hotzikarak” diskoarekin rock basatia landu bazuen, oraingoan bere beste aurpegia erakutsi digu bluesa, folka eta rocka uztartuaz. Hau ere Etxeko Uzta taldearekin grabatu du, beraz hor dago Berako hirukotea: Joseba Irazoki (gitarra), Igor Telletxea (bateria) eta Iñigo Telletxea (baxua). Gure herriko musikaririk onenen artean daude zalantzarik gabe; zuzenean ikusi besterik ez dago. “Manipulazio estrategiak” diskoan, hauekin ere bizpahiru rock boteretsu grabatu dituen arren, kantu gehienak aski patxadatsuak dira. Patxadatsu izateak ez diete intentsitateari zipitzik ere lapurtzen, eta Et Incarnatus hari laukoteak tentuz eta sentsibilitate handiz jantzi ditu diskoko beste kantu guztiak.

Behean irakurriko duzuen moduan, disko kontzeptuala da inondik ere, Noam Chomskyren manipulazio estrategien inguruan hezurmamitua, eta Haraitz Canok - bere estilo propio eta adimentsuarekin – poesiara maisuki ekarri duena. Hori gutxi balitz, kalitatezko kolaborazio gehiago izan ditu: Maite Larburu (benetan hunkigarriak sartu dituen ahots guztiak), Juantxo Zeberio, Angel Unzu, Balerdi Balerdi taldeko Toño Muro... Koronabirus alu honek aurkezpena zapuztu zion martxoan, Loradia jaialdian (Guggenheimen!) musikari guztiekin egin behar zuen aurkezpen ikusgarria eta diskoaren argitaratzea bera ere atzeratu egin behar izan du orain arte. Guzti honen eta askoz ere gehiagoren berri izan nahi baduzue, hemen Pettik email bidez erregalatu dizkigun erantzun luze, zabal eta sakonak.

Lan desberdina osatu duzu, ohikoa baino pausatuagoa, are gehiago aurreko diskoarekin alderatzen badugu. Nondik sortu zen manipulazio estrategia eta Noam Chomskyren kontzeptua lantzeko erabakia? Harkaitz Canori hitzak egiteko enkargua egin zenion musikarekin hasi baino lehen?
Ba Chomskyren “Armas silenciosas para guerras tranquilas” liburua irakurtzen hasi nintzenean, bururatu zitzaidan zerbait egiteko aukera polita izanen zela, eta gero Timsiten estrategiak deskubritzean, argi ikusi nuen disko baterako ezin aproposagoak zirela. Harkaitzekin topo egin nuen batean komentatu nion ea prest egonen zen hitzak berridazteko, eta baietza eman zidanean hasi ginen lanean., denbora gutti barru hitzak jaso, eta musikatzen hasi nintzen. Gero, kantuak egiten nituen bitartean, bion artean joan ginen hitzak eta musika egokitzen azken emaitza lortu arte.
Disko pausatua, bai, baina egin ditudan elektrikoekin konparatuta, nire disko gehientsuak ildo beretik joan dira: Lehenengoak (“Amets bat”, “Arrazoiak” “On”...) nahiko pausatuak dira, egia erran, azken hau baina lasaiagoak. Gero “Etxeko uzta” eta “Hotzikarak” indartsuagoak dira, elektrikoagoak. Baina gustura sentitzen naiz guztien kantuak jotzen, eta, leku eta areto ezberdinetan jotzeko aukera dugunez, errepertorioa egokitzeko aukera dugu. Horrek ere laguntzen du emanaldi guztiak ezberdinak izaten.

10 kantu eta bonusa. Chomskyren obran oinarrituta Sylvain Timstitek “Manipulazio mediatikoaren 10 estrategiak” izeneko dekalogoa idatzi zuen, eta haren gainean Harkaitzek idatzi ditu hitzak. Lan kontzeptuala da, zure ibilbidean lehenengoa, eta euskal musikan batere ohikoa ez den disko mota, gainera.
Ba bai, baina ideia ez zen disko kontzeptuala egitea, ideia Chomskyren mezua zabaltzea da, eta ustez hori lortu dugu. Gainera, Harkaitzek estrategiekin egin duen lana ikaragarria da; bere terrenora eraman ditu eta poesia bihurtu. Azkenean disko kontzeptuala da kantu guztiak gai berataz ari direlako, baina guk diskoa arku bat balitz bezala ikusten dugu, eta kantuak geziak izango lirateke.

Pausatuagoa dela esan dugu, aski intentsua den arren. Kantuak oso jantziak daude, borobilak gelditu dira eta badute halako ukitu amerikar bat, Estatu Batuetako hainbat influentzia klasiko biltzen dituena.
Bai, beti gustuko izan dut AEBko musika: bluesa, folka, soula, jazza...
Azkenean punkrocka izan zen hasieran egiten nuen musika, eta Estatu Batuetako eta Australiako taldeak entzuten nituen gehienbat gaztetan. Horrek eragin nabarmena izan du gero egin dudan guztian, eta disko guztietan sartu ditut amerikar estiloa duten kantuak, bluesatik hasita countryra, rocka, soula, punka... Lan guztietan sartu dut diskoa puskatzen zuen kanturen bat. Disko lasaietan ere, izan beti izanen da gitarra elektrikoak zarraztatzeko aukera ematen duen baten bat.

Folka eta formatu akustikoa dira nagusi, eta guztiaren gainetik zure ahotsa. Garbia, gardena nolabait esateko, baina boteretsua eta barren-barrenetik ateratzen dena. Soinua kalitate handikoa da, eta tematika bera eta kontzeptuagatik, zure anbizio handieneko lanaren aurrean gaudela esan genezake?
Dudarik gabe, hasi nintzenean argi neukan disko honek buruhauste bat baino gehiago ekarriko zidala. Jende aunitz dago tartean, eta guzti hori kudeatzea ez da erraza izan. Musikari pila daude diskoan, gehienak bide ezberdinak daramatenak. Betiko taldearekin, “Etxeko uzta”rekin, lan egiten ohituta nago, baina bertze jendearekin (Et incarnatus...) ez nuen inoiz grabaketarik egin, nahiz eta kontzertuetan topo egin dugun. Baina ni interprete bezala joaten nintzen, eta kantatu bertzerik ez nuen egiten. Egia erran hagitz nekagarria izan da grabaketa prozesua, baina azken emaitzarekin aski gustura geratu naiz, eta espero dut entzuleak ere berdin pentsatzea.

Haize instrumentuek lehen mailako presentzia daukate: Et Incarnatus taldeko kideek bi bibolin, biola eta txeloa jo dituzte, eta gainera Juantxo Zeberioren lana ere azpimarragarria da: “Diotenez” eta “Errurik gabeko habia” egin dituen piano, teklatu eta hari moldaketek era oso nabarmenean borobildu dituzte kantuak.
Bai, egia da, horixe da hasieratik neukan ideia eta kantuak egiteko orduan horretan pentsatu nuen. Gehienak haize aunitz dituzten kantuak dira, eta moldaketak hagitz ongi sartu dira. Juantxo Zeberiok eta Angel Unzuk lan bikaina egin dute, eta kantuei ikusten nien solemnitatea ematea lortu dute. Espero dezagun zuzenekoetan hariak erabiltzeko aukera izatea. Ez da erraza, ordea: kontzertuak lau pertsonekin egitea nahiko zaila bada, pentsa 10 musikarik joan behar badugu! Azkenean, beti bezala, baldintzak erabakiko dute zein motako emanaldia egiten dugun; ikusi beharko.

Moldaketa horiekin jantzita dauden kantuek osatzen dute diskoaren eskeletua. Dena den, ez dira falta bateria-gitarra-baxua formula erabiltzen duten piezak, gehienetan haiekin nahastuak badaude ere. Honela, “Zaldi emozionalak” pausatu eta atseginak edo “Diotenenez” zoragarriak badauzkate aipatu rock instrumentuak... baita beste askok ere. Etxeko Uzta taldea formatu guztietara erraz moldatzen dela dirudi.
Bai. Lehen aipatu bezala, beti gustuko izan dut estilo ezberdinak disko berean jorratzea, eta kasu honetan, hitzek eskatu zidaten kantu bakoitzaren instrumentazioa. Garbi neukan “Nola ezetz” kantuak Australiar ikutua izan behar zuela, “Zeure begi, haien zizare” dantzagarria izanen zela, “Zaldi emozionalak” nahiko souleroa da, eta “Diotenez”en kasuan, hariekin batera bateria, baxua eta gitarrak sartu behar nituela. Etxeko Uztaren kasuan, urte aunitz daramatzagu elkarrekin jotzen, eta argi dago bai Telletxea anaiak eta bai Joseba Irazoki kristoren musikariak direla eta ikaragarrizko plazerra da beraien ondoan jotzea eta kantuak egitea. Disko honen kantu elektrikoen prozesua betikoa izan da: nik kantuak maketatu, beraiei bidali, eta gero lokalean denen ukituekin landu. Azkenean, beti irabazten dute denon artean egindako kantuek, eta hirurak dute gaitasuna edozein estilo jorratzeko.

"*ZART sortzaile kolektibo bat da. Kezka, erronka eta lana partekatzen dugun hainbat idazle, musikari eta artista plastikok elkartzea erabaki dugu. Egiteko, ekiteko, probokatzeko eta bizitzeko. Eta kolektibo honek ekarriko didana musika egiten duen edonork desio duena da, askatasun osoa eta zure lana zurea eta zuretzat izatea"

Honela, badaude pare bat rock boteretsu ere: “Zeure begia, haien zizare” eta azken kanta, “Nola ezetz”, non Iñigoren baxuaren presentzia nabarmenak zirrara eragiten duen. Horiez gain, blues biluzi eta gordin bat ere badago: “Ordaindu kezkak, erregutu soluzioak”. Hor betiko Petti topa dezakegu, ahotsa eta gitarrarekin bakarrik espazioa bereganatzen duena.
Ba, lehen erran bezala, kantu hauek lokalean landu genituen, eta emaitza betiko Etxeko Uztarena izan da: rock boteretsua, gitarreroa, baseak ematen dion erritmo pisutsuarekin. “Ordaindu kezkak, erregutu soluzioak” kantuaren kasuan argi nuen diskoak kantu akustiko biluzi bat izan behar zuela, eta hagitz egokia iruditu zitzaidan Harkaitzen hitz horiek blues gordinean bihurtzea. Gainera, zuzenean grabatuta dago, gitarra eta boza batera eginda, eta nere ustez xarma berezia ematen dio kantuari, zuzenekoa balitz bezala. Bertze kantuak ez bezala, toma bakarrean egindakoa da, akatsei kasu gehiegirik egin gabe, eta momentuan irten zena aprobetxatuaz.

Rock kantu horietan Etxeko Uztako partaideak era basatian entzuten dira. Joseba Irazokik barnean daraman zaldi basatia ateratzen du, eta Telletxea anaien boterea sobera nabari da. Berako Atalan grabatu ziren abesti horiek. Taldekideentzat erosoago izan ziren saio horiek Bonbereneakoak baino?
Taldekideek ez zuten Bonberenean grabatu, Igorrek perkusio batzuk sartu zituen eta Josebak “Diotenez” kantuko gitarrak etxean grabatu eta internetez bidali zizkidan Bonberenean nahasteko. Baina bertze guztiak Beran grabatu genituen, Iñigo Irazokiren ATALA estudioan. Egia erran, hariak grabatu zituzten musikari gehienak Tolosan bizi dira, baita Juantxo Zeberio ere, eta erosotasunaren aldetik errezagoa izan zen grabaketa prozesua bi estudiotan egitea: beratarrak Beran eta Tolosarrak Tolosan, gauzak gehiegi nahasi gabe, karkar! Horiez gain, Gorka Benitez saxoa grabatzera Berara etorri zen Bartzelonatik, eta Toño Murok ere Beran grabatu zituen gitarrak.

Maite Larbururen koruak magikoak dira, kantuak guztiz bereganatzen ditu. “Helduentzako seaska kantua I” kantu aparta da, baina bere partehartzeak liluragarria egiten du. Noiztik ezagutzen duzu, eta nola sortu zen elkarlan hau egiteko aukera edo proposamena?
Ezagutu, aspalditik, gainera Neiborghen zalea naiz eta bere kontzertuetan behin baino gehiagotan egon naiz. Baina berak parte hartzearen ideia kantua maketatzeko prozesuan izan nuen. Ikaragarrizko kantari eta musikaria da, eta argi ikusi nuen kantu horrek bere boza izan behar zuela, kantuaren estiloak horrela eskatzen baitzidan. Gero, estudioan ginela, bertze kantuen koroak egiteko aprobetxatu genuen, eta azken emaitza xoragarria izan da. Hagitz zaila izango litzateke Maitek kantatutako edozer gauza gaizki ateratzea, eta diskoa horren adibide da.

Harkaitz Canoren poesiak itzelak dira. Ez da lehen aldia kolaboratzen duzuena, are gehiago, Harkaitz berak beste musikariekin ere hainbat proiektu eginak ditu. Ironia, musikaltasuna, umorea lantzen maisua da. Musikari ororen ametsa da bere hitzekin kontatzea?
Ba bertze musikariez ez naiz solastuko, baina nire kasuan argi dago baietz. Lehendik “Erramurik gabeko gauak” eta “Suerteren bluesa” bezalako kantuak egin zizkidan, eta bertsio pila dauzkat berak itzulitakoak. Neil Young, Springsteen, Nick Drake eta bertze hainbaten hitzak itzuli dizkit, eta pasada bat da nola mantentzen duen hitzen metrika, dena bere lekuan sartuaz, eta beti bere ukitu pertsonala emanez. Luxua da bera bezalako idazle eta pertsona batekin lan egitea, eta hontan jarraitzen badut, espero dut aurrerantzean ere aukera gehiago izatea. Segur baietz!

“Ergelen gela”-n egiten dituzun barreak atentzioa ematen dute, eta kontraste kuriosoa egiten dute haize instrumentuekin. Bikaina! Harkaitzen hitzek eraman zaituzte horretara?
Bai, hitzaren zati batek dioen bezala “Ergelen gelan, barre biziak: jakin gabe barre horien zergatiak”. Horrek bultzatu ninduen barreak sartzera. Hala ere, kantu hau hagitz zinematografikoa dela iruditzen zait, eta horregatik kantatzerako orduan garrantzi handia eman nion interpretzako moduari. Nahiko antzeztua da; kantua baino bikoizketa lana izan zitekeen honekin egindakoa. Raul Gartziaren zerra musikalak ere ukitu iluna ematen dio, eta nere ustez denak batera film ttiki bat osatzen du. Hagitz egokia izanen litzateke bideoklipa egiteko... ea aurrerago egiteko aukera dudan.

Aipatu ditugu jada kolaboratzaile batzuk: Juantxo Zeberio, Et Incarnatus, Maite Larburu. Gehiago daude, ordea. Angel Unzurena aipagarria da ere: “Helduentzako seaska kantua I”en gitarra jo du, eta hari moldaketak egin ditu beste hiru kantetan. Balerdi Balerdin jo zenuen garaietatik Toño Muroren parte hartzea lortu duzu. Berak ere gitarra jo duen arren, kredituetan ez da zehazten zein kantetan egin duen. Azkenik, Gorka Benitez eta Raul Gartzia ere azaltzen dira liburuxkan.
Angel Unzuri hasiera batean kantuen hari moldaketak egiteko eskatu nion, baina ezin nuen pasatzen utzi gitarra sartzeko aukera, bera baita Euskal Herrian daukagun gitarra jotzaile hoberenetarikoa. Kantu horren estiloa nahiko bossanova denez, ezin hobeto eginen zuela argi neukan; azken emaitza pasada bat da. Toño Muroren kasuan, Balerdi Balerdin elkarrekin jotzen jarraitzen dugu, orain bi urte “Galtzen ikasteko metodoa” diskoa atera genuen, eta kontzertu batzuk ematen ditugu noizbehinka.

Gorka Benitez Bartzelonan bizi da, baina nik Et incarnatusekin ezagutu nuen, eta segittuan enamoratu ninduen saxoa eta flauta jotzeko duen gaitasunak. Gorka Benitez Trio eta bertze hainbat proiektutan dabil, eta egia erran zoragarria da bere ondoan jo eta kantatu ahal izatea. Makina bat da eta espero dut zuzenekoetan ere ondoan izatea. Raul Gartzia beratarra da eta elkarrekin jo genuen “Noise hole” punkrock taldean. Orain Mugaldekoak taldeko gitarra jolea da, baina banjoa, armonika eta bertze hainbat instrumentu jotzen ditu. Kasu honetan zerra musikala sartu zuen diskoan, eta ukitu hagitz berexia hartu du kantuak bere laguntzarekin.

Hauetaz aparte ere Migel Zeberio egon da hariekin zuzendari moduan laguntzen eta hari laukotea Miren Zeberio Etxetxipia, Alejandro Saul Martinez, Mikel Urdangarin Castro eta Imanol Martinez Herviasek osatu dute. Teknikarien aldetik Iñigo Irazoki egon zen Berako Atalako estudioan eta Karlos Osinaga Bonberenean.

Loraldia jaialdian -Guggenheimen- egin behar zenuten aurkezpena pikutara joan da, momentuz, Koronabirusagatik. Bilboko emanaldian, gainera, talde osoa zen jotzekotan. Horrez gain, promozioa, diskoaren argitaratzea eta beste guztia ere airean geratu da. Egoera honi buelta emateko esperantzarik baduzue 2020 honetan, ala datorren urtera arte itxaron beharko dugu?
Ba espero ezetz. Oraindik ez dago argi nola joanen den kontua, baina baditugu emanaldi batzuk egiteko deiak. Hori bai, musikari guztiak elkartzea ez da erraza izanen. Baldintza duinak izanez gero, aurrera eginen dugu. Gero, ikusi beharko da zein diren hartu beharreko neurriak, aretoen sarrerak, maskararekin kantatu behar ez izatea... kar!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.