Hamar urte zuen aurreko lanetik. Nola izan zen berriro batzea? Beharra sentitzen zenuten?
Urteurrena ospatzeko, afari batean batu ginen lau taldekideak. Mahai baten bueltan, elkarren berri izateko, aspaldiko kontuak gogora ekartzeko… Berez, horretarako batu ginen. Baina postrera iritsi orduko, emanaldiren bat egiteko ideiari bueltak ematen genbiltzan. Beharra baino, aukera suertatu zela esango nuke. Bestela ere, beste proiektu eder batzuetan ere bagabiltzalako. Aukera suertatu zenez, urteurrena aitzakia ederra izan zen kantu zahar haiek berritzeko. Urteurren festa izan behar zuena, ordea, zazpi emanaldiko biratxoan bilakatu zen. Eta gure harridurarako, jende asko batu zen azaroko emanaldietan. Eta guztietan giro ederra sortu zen gainera.
Bigarren lana, “bigarren saria” titulupean. Lan hau sari bat da ala bigarren sarien “galtzaile” zein ahaztuen kontu hori gustatzen zitzaizuen?
Bietatik du izenburuak. Peiremans+ taldearen bigarren argitalpena da. Eta galtzaileei gorazarre egiten dion taldea garen aldetik, loser edo galtzaileei eginiko keinua ere bada. Hortik ere asko du.
Bestetik, portadan ageri den eskuak ere ezaguera bikoitza du: garaipen keinua da, baina bi irudikatzeko ere baliogarri da. Eta tiritarekin, Gorka Gondra ilustratzaileak bikain lotu ditu hari denak. Estetikoki zein tematikoki.
Zergatik aukeratu zenuten Peiremans? Asko ez dira gogoratuko fubol jokalari hartaz.
Duela hamar urte akaso errazagoa zen azaltzea. Orduantxe erretiratu baitzen Frederic Peiremans futbol jokalari belgiarra. Javier Clementeren garaian, Realak dirutza pagatu zuen erdilari honengatik. Baina lesio larri baten ondorioz, partida ofizialik jokatu gabe erretiratu behar izan zuen. Tartean, Eibarrera joan zen, Realak utzita. Baina belaunetik gaizki zegoen. Ezin osatu, Eibarren ere burua altxa ezinik, azkenean depresioak jota futbola utzi eta bere etxera itzuli behar izan zuen. Gizarte lehiakor batean bizi gara, eta porrota oso gaizkia ikusia dago. Baina laster ala berandu, denoi egokituko zaigu galtzailearen papera. Izenburuari plus bat gehitu genion horregatik. Denoi gerta dakiguke antzekorik. Ez zara bakarra, Frederic.
Zer aurki dezakegu lan berri honetan? Eboluziorik somatzen duzue aurreko diskotik?
Aurrekoarekin alderatuz, lan berriak pop kutsu handixeagoa du. Gainontzean agerikoa da hamar urte ez direla alperrik pasa. Lehen EPak badu berehalakotasunaren freskotasuna eta indarra. EP berrian, kantuen soinukera ezberdina da. Landuagoa edo. Baita kantuen konponketak ere. Xehetasun gehiagorekin onduak izan direla esango nuke. Baina bada errepikatzen den ezaugarri bat. 2005ekoa bezalaxe, EP hau ere eklektiko samarra da. Azken batean, bi kantu-egile ari gara deklamatzen. Eta egile bakoitzak bere ukitu propioa du. Hori ere, lehen eta orain, Peiremans+ taldearen bereizgarri nagusietako bat da.
“Melodiak eta energiaz beteriko gitarrak dira nagusi”
Zaila izan da bost abesti aukeratzea? Nola izan da konposaketa lana?
Oso erraz joan da dena. Azaroko biratxoa osatzeko bost kantu berri osatu genituen. Errepertorio motz samarra genuelako! Horietatik lau EP honetan batu ditugu: Bemidji, Radiomaría, Zortziak bat eta Orain. Estudioa sartu baino lehenxeago konposatu genuen Zutik Iraun.
“Bemidji”-n “negua beste negu baten barruan” aipatzen duzue, “Radiomaria”-n “Egin senak agintzen dizun hori”, “Zortziak bat”-en “Today-ko gazteak janzten dira pretty”. Badute mamia eta gai desberdinak ikusten dira. Zetaz hitzegiten dute abestiek?
Esan daiteke aurreko EParen ildotik datozela abesti berri hauek. Badira jostariak eta ironikoak diren letra batzuk (Orain, Zortziak bat); eta badira bestelako sakonera duten abestiak (Bemidji, Zutik Iraun). Izenburuetan ere, badira keinu modukoak. Letrarekin erabat lerrotuta ez dauden tituluak dira. Fargo telesaila ikusi duenak adibidez, seguru beste adiera bat ere hartuko diola Bemidji abestiari.
Nola definituko zenukete zuen soinua lan honetan?
Melodiak eta energiaz beteriko gitarrak dira nagusi. Soinua ezaugarri horietara lerratu dugu.
Zer gehitzen dio zuetako bakoitzak taldeari?
Marinok, zuzenean jotzeko duen jarrera hori. Asko trasmititzen digu horrek. Guri eta gu ikustera hurbiltzen diren guztiei. Gainera, rockaren eszenan, eminentzia bat da.
Txiki baterijole aparta da. Fin gidatzen gaitu kantu bakoitzean. Taldearen taupada bera da.
Horrelako “supertalde” bat izatea oso desberdina da zuen ohiko taldeekin konparatuz?
Ez dakit zer den supertalde batean jotzea. Musikaren pasioa partekatzen dugu laurok. Agenda konplikatu samarrak ditugu ordea. Beste konpromiso zoragarri batzuk ere baditugulako. Baina batzeko ahalegina egiten dugu. Ondo pasatzeaz gain, egiten dugun horretan sinisten dugulako.
Euskal musikan pop doinuak jorratzea abentura handia da? Zuek prest daukazue aurretiaz tirita parea, ez?
Eszena atomizatu egin dela dirudi eta dagoeneko egoera ez da hain zurruna, baina tira, gehienetan bigarren mailako zerbait bezala tratatu izan da pop musika gurean. “Popero” izatea zentzu peioratiboan ere erabiltzen da sarri, baina popero izatea melodia xingle eta gogoangarri batekin emozionatzea baldin bada, harro aldarrikatuko dugu popero hutsak garela!
Nola joan zen grabaketa?
Zatikatua izan da halabeharrez eta horrek xarma kentzen dio hein batean, baina bestela oso gustura aritu gara, Bonberenean Karlos Osinagaren laguntzarekin, eskerrak eman beharrean gaude guri leku egiteagatik. Agenda kontuengatik, ez gara lan egiteko talderik errezena...
Ze erreferentzi izan dituzue gertu zein urrutiagotik?
Ez dakit, hori baino konplikatuagoa da, baina oinarrian pop doinuak maite ditugu, gitarra ez-hain-poperoekin. Taldearen iruditeriarekin jokatuz, norbaitek esan zigun gure estiloa pop+ dela eta bai, hein batean ados gaude, kar-kar!
Zuzeneko konkretu batzuk baino ez dituzuela egingo dirudi. Egunak ateratzea ere ez da erraza izango. Entseguetarako denbora izaten duzue?
Hori da, berez partidaren luzapenean gaude, gure asmoa hasiera batean azaroko agerpena egitea besterik ez baitzen. Gerora etorri zen gainontzeko kantuak grabatzeko ideia eta hortik hiru kontzertuko sorta hau, autoekoiztutako diskoa bultzatzeko. Bakoitza bere zereginetara bueltatuko gara ondoren. Eta ez, ez da erraza entseguetarako eta abarretarako denbora bilatzea; pentsa: irailean afari batean itzultzea erabaki genuenetik kantu zaharrak berrikasi, berriak konposatu, bertsioak prestatu, kontzertuak lotu eta eman, EP berria grabatu eta autoekoitzi egin ditugu, gure ohiko zereginak alde batera utzi gabe... Asko disfrutatu dugu baina hori lortzeko erruz lan egin behar izan dugu.
Nolakoak dira Peiremans zuzenekoetan? Madril eta Bartzelonan jotzeko aukera ere izango duzue. Kanpora ateratzeak ere alde positiboak ditu, ez?
Jendea etxera irribarre batekin itzultzea da gure asmoa, eta gure doinuetako bat txistukatzen baldin bada, oraindik hobeto. Jende askok ‘a posteriori’ ezagutu du Peiremans+ eta ez dira gutxi EH-tik kanpo jaso ditugun mezuak, Madrilera edo ez dakit nora jotzera joateko... Ez dugu ezer masiborik espero, baina erabaki dugu gutxienez Bartzelona eta Madrilgo zaleei ere ‘sari’ hori ematea eta bidenabar guk ere esperientziaz gozatzea.
Nola ikusten duzue taldearen etorkizuna?
Esan bezala kontzertu hauek eginda Peiremans+ lozorroan sartuko da berriz ere, auskalo betirako edo noiz arte, tarte luzerako behintzat bai. Ea lehendabiziko diskoarekin bezala gertatzen den: gu desagertu eta kantuak jendearengan bizirik manten daitezela, alegia.
Hurrengo kontzertuen datak:
17 Marzo MADRID @ Moby Dick Club
18 Març BARCELONA @ Sala Apolo 2
Martxoak 19 DURANGO @ Plateruena Kafe Antzokia
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.