Elkarrekin Libe eta Izaki Gardenak proiektuak ikusi zaituztegu. Zer ezberdintasun du proiektu honek besteekin alderatuta?
Diozun bezala, aurretik ibiliak ginen elkarri laguntzen musika kontuetan, baina beti zen batak bestearen kantuei ekarpenak egitea edo zuzenekoetarako taldekide gisa aritzea. Oraingoan hasiera-hasieratik biok sortu ditugu kantak, elkarrekin pentsatu dugu Pasadenari dagokion guztia: soinua, irudia… Guretzako lan egiteko modu berri bat ekarri digu.
Zer dela eta sentitu zenuten proiektu hau sortzeko beharra?
Egin genituen saiakera batzuk bakoitza bere proiekturako kantak egiteko, baina bioi gertatzen zitzaigun asko kostatzen zitzaigula bidea aurkitzea. Horrela jarri ginen elkarrekin konposatzen ea zerbait topatzen genuen, eta ikusi genuen bazegoela nondik tira, bazegoela itxura ona zuen zerbait. Aspalditik genuen buruan noizbait elkarrekin musika sortzearena eta hau izan da momentua.
Zergatik Pasadena?
Batetik, hau delako gertatu dena, pasa dena. Hitzetan ere pasa diren gauzen inguruan aritzen gara gainera. Bestetik, hiri baten izena ere badelako, eta leku bat, paisaia bat iradokitzea gustatzen zitzaigun. Sortu dugunak iruditzen baitzaigu baduela puntu zinematografiko bat, soinu banda ukitu bat.
Zaila erraz egiten duzuela iruditzen zait, sinpletasun hori dotoreziaz transmititzea ez baita erraza. Nolako izan da sorkuntza prozesua?
Karrankatik alde egin nahi izan dugu, hori helburuetako bat izan da. Horretaz gain, asko landu ditugu kantak etxean, maketak eginez, egiturei, erritmoei eta doinuei mila buelta emanez. Kantak nahiko argi ikusten genituenean Danilo Forondari (baxua, gitarra) eta Dani Arrizabalagari (bateria) bidaltzen genizkien, eta haiek euren parteekin itzuli. Hor beste dimentsio bat hartzen zuten. Egin ditugun beste diskoekin alderatuta, hau izango da demo landuenak izan dituena.
Zuen ahotsak ederki geratzen dira, elkarrizketa musikatu bat bailiran. Nola erabaki duzue bakoitzak zein abesti edo pasarte abestu?
Ez dugu batere era kontziente egin, biok kantatzen joaten ginen abestietan, agian doinua sortzearekin batera. Batzuetan batek zati luzeagoak dauzka, beste batzuetan biok batera kantatzen dugu, besteren batean erdibana. Esango genuke orekatua geratu dela bukaeran, baina oso natural atera zaigu.
“Disko honetako kantu batzuk baliatu ditugu barruko korapilo batzuk askatzeko edo behintzat lasaitzeko”
Disko iluna da letrei dagokienez. Melodiak itxaropentsuagoak dira, ordea. Musika zuentzat terapia moduko bat dela esango zenukete?
Hain zuzen ere kantuetan hori asko gustatzen zaigu: gauza ikaragarriak doinu ederrez esatea. Edertasuna iluntasun horretan aurkitzea interesatzen zaigu bioi, eta Pasadenarekin halaxe egiten saiatu gara. Terapia moduko bat ere izan daiteke bai, disko honetako kantu batzuk baliatu ditugu barruko korapilo batzuk askatzeko edo behintzat lasaitzeko.
Melodia oso zainduak atzeman daitezke, baina aldi berean inoiz baino biluziagoak agertzen zarete… hori al da bilatzen zenutena?
Soiltasunera jo nahi izan dugu, batez ere ahotsetan. Askotan ahots geruza bakarra dago, baina nahasketan oso aurrean jarrita, biluztasuna horrek ematen dio agian, baina egiazkotasuna ere horrela bilatu dugu.
Autozentsurarik bizitu duzue?
Saiatu gara geure buruak ez errepikatzen, aurreko proiektuetan genituen joerak alboratzen eta batez ere erritmo eta konponketetan beste bide batzuk jorratzen. Autozentsura baino, lehenengo bulkadan ateratzen zitzaigunarekin ez konformatzea izan da, beste buelta bat ematea.
Zortzi abestiko diskoa osatu duzue singleen garaian. Egun diskoak entzuten direla uste duzue?
Ez dakigu diskoak entzuten diren, baina guk entzuten ditugu eta oso gustuko dugun formatua da. Kontzeptu bat, irudi bat landu daiteke, zerbait sakonagoa egin. Jakina, kontziente gara egungo joerak zeintzuk diren eta zer dagoen boladan. Baina gero sortzean geure buruekin zintzo jokatu behar dugu.
Entzuleak zuen diskoa nola entzutea gustatuko litzaizueke?
Kalitate oneko entzungailuekin bada eta atentzio pixka bat eskainita, bikain!
Zer aurkituko du zuen zuzenekoetara hurbiltzen denak?
Bion artean sortu genituen kantak, gero Dani eta Daniloren ekarpenak izan zituzten, eta estudioan Raul Perezekin geruzak gehitzen joan ginen. Azkenean xehetasun eta soinu aldetik aberatsa den diskoa da eta hori taula gainera eramateko sei musikariko taldea osatu dugu. Buru-belarri ari gara orain entsegu lokalean eta benetan pozik gaude. Gogotsu gaude nabari dugun energia hori jendaurrean eskaintzeko.
Jarraipena izango al du proiektuak?
Planeatu gabe sortu da eta ez dugu epe luzerako ezer pentsatua edo erabakia. Ahalik eta kontzertu gehien eskaini nahiko genituzke, diskoak merezi duela uste dugu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.