"Originaltasuna gainbaloratua dago: ikusi eta ikasi duguna gara"
EntrevistasLou Topet & Harkaitz Cano

"Originaltasuna gainbaloratua dago: ikusi eta ikasi duguna gara"

Jon Pagola — 05-12-2015
Fotografía — Juan G. Andrés

Harkaitz Cano idazlearen laguntzarekin "Abesti bat gutxiago" diska-liburua kaleratu du zarauzko taldeak. Bertan maite dituzten talde estatubatuarren abestien bertsioak biltzen dira.

John Hiatt, Billy Bragg, Will Oldham, Tweddy, Mavis Staples, Pete Seger, Wilco, Damien Jurado, Cass McCombs-ek eta Rolling Stonesek badute euskal konexio bat. Zarauzko Lou Topet taldeak, Harkaitz Cano idazlearekin batera, musikari handi hauen abestiak euskarara moldatu ditu "Abesti bat gutxiago" diska-liburuan. "Bertsio batzuk lehendik zuzenean jotzen genituen "Ingrid Bergman" (Billy Bragg) edo "Zu Ta Ni" (Wilcoren "You and I") esaterako. Horiek mamituago genituen, eraikiago, eta besteak gehiago landu behar izan ditugu bidean. Wilcorena da esaterako Harkaitz Canorena ez den letra bakarra", azaltzen du Oier Aranzabalek (ahotsa, gitarra akustikoa, armonika).

Stonesen "Wild Horses" ezik -"Egia esatea nahi? Kapritxo bat izan da"- beste guztiak artista estatubatuarrak dira, zarauztarren apaletan dauden musikari eta taldeak. Zer dauka ipar-amerikako musikak Lou Topet-en bihotzera ailegatzeko? "Estatu Batuek gauza eder asko dituzte. Eta gauza eder horietarik gehienek, bertako jendearen aniztasunean dute ituburua. Musika da horietako bat. Amerikar folkak, bluesak eta rockak eta Americanak oro har hori du ederra. Istorioak dira, istorio berriak beti. Bizi berri bat hartzen dutenak, eta abesti bat bakar egin. Gu ere abestiak bakar egiten saiatu gara. Eta ez da broma hori! Ez dakit lortu dugun, baina gozatu behintzat gozatzen dugu bidean".

Oier da liderra, baina berak dioen bezala, Lou Topetek "elkarlana du oinarri" eta horren erakusgarri da zenbat hazi den famili ugari hau lan berri honekin, taldearen bigarrena "Esnatu dira" EPa 2013 bukaeran kaleratu eta gero. Rafa Rueda, Joserra Senperena eta Giorgio Bassmatti eta Ainara Lozanoren ahotsak batu zaizkie taldeari eta emaitza diskaren 11 bertsioetan ikus daiteke (Tweddy-ren bi abesti daude). Orokorrean fidel xamarrak atera zaizkie, baina badaude libreagoak geratu diren abestiak, esate baterako Pete Seeger folk kantariaren “Where have all the flowers gone” edo Cass McCombs-en "Bright!"-en Bassmattik ematen dion ukitu popero hori. Oierrek esan ohi du bertsio bat egitea etxe bat okupatzea bezala dela. Orduan, zer da kanta original bat sortzea?

"Abesti bat egitea erritual bat da. Beti duzu sentsazioa nonbaitetik hartzen ari zarenarena. Beti izan dut sentsazioa, zeozeren bertsioa denarena. Izan ere, geure erreferenteek eraiki gaituzte. Etxe bat eraikitzen baduzu, teilatu, horma, sukalde, egongela, komun eta logelekin egingo duzu. Ziurrenik zorua egurrezkoa jarriz, eta paretak kolore jakin batez marraztuak. Hori originala da? Ala, nahiz eta oroitu ez, nunbaitetik hartu duzu? Originaltasuna gainbaloratua dago, eta ikusi eta ikasi duguna gara".

Liburuan aipatzen duenez proiektu hau "jolasean" hasi zuen Harkaitz Canorekin. Eta baita "Konspiratzen, ohikoa den moduan" ere. Posta elektronikoz Tweedyren "Nobody dies anymore" euskarara ekarriko ote zuen galdetu zion eta segituan jaso zuen erantzuna. Eta gero etorri ziren gainontzeko abestiak. Donostiako Garoako liburu-dendako sotoan elkartzen ziren "abestu eta errepaso bat emateko". Ez da lan erraza izan. "Ingelesak propietate bereizgarriak ditu, euskarak, gaztelaniak edo frantsesak ez dituena", argitzen du Oierrek. "Letragile batentzat lan oso zaila da euskara, frantses edo espainierara ingelerazko abesti bat itzultzea. Ingelerak monosilabo pila ditu. Zakuka! Eta geure hizkuntzak ez. I thank god for all that he's given me. 9 silaba, 9 hitz. Itzulpena: eskerrak, jainkoen emari. Silaba kopuru berbera, 3 hitz. Eta gaztelerarekin edo frantsesarekin antzerako gertatzen da. Will Oldhamen 'How bout thnak you' abestian hitzen %90a monosilaboak dira! Erraz esaten da!".

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.