“Bizitzaren kontrasteak preziatzen dituzten pertsonak dira gure publikoa”
EntrevistasOrbel

“Bizitzaren kontrasteak preziatzen dituzten pertsonak dira gure publikoa”

Jaione Dagdrøommer — 07-11-2022
Fotografía — Fanny Maillard

Hiru urteren ostean, azaroaren 4an kaleratu da “Lur hezea”, Orbel taldearen bigarren lan luzea. Disko honetan ere iluntasuna da nagusi, baina laukoteak itzalak baliatzen dituzte argitasuna eskuratzeko. Intentsitatez betetako abestietan euren sentimenduen zati bat partekatzen dute gurekin, guztion gozamenerako.

Zuen lehen diskoa 2019koa da, oraingo hau Lur hezea 2022ko da. Tartean pandemia bat igaro dugu… eragina izan al du disko sortzerakoan?
Pandemiaren lehen eragina Hegan lana jendeari nahi adina aurkeztea eragotzi izana izan zen. Disko berriaren sorreran patxadaz lan egiteko aukera eta denbora eman zigun, ordea. Soinu eta lan metodologia berriak ikertu ahal izan genituen — bereziki Alanek, tarte horretan Palecoal bere bakarkako proiektua garatu baitzuen eta ekoizpenari buruzko ezagutzak aberastu. Txomin eta Alanek Venil taldea ere sortu zuten, Annelisek Mäirü taldea… —. Proiektu guzti horiek oso onuragarriak izan ziren berriz elkarrekin sortzen hasi ginenerako. Asmo artistikoari dagokionez, ez dugu uste pandemiak gure mundutxoa edo gure eraginak aldatu dituenik, ezta munduaz dugun ikuspegia ere.

Iluntasuna da nagusi disko honetako doinuetan ere, baina soinu garbiagoarekin. Zein berritasun gehiago eskaintzen dituzue?
Proiektu hau sortzearen hastapeneko ideia elkarrekin jotzean zen, lau lagun musika proiektu baten inguruan biltzea. Ez ginen estilo zehatz batetik abiatu, ez genuen pertsonarik gehitu, premien arabera, “taldea osatzeko”. Besterik gabe, elkarrekin jotzearen plazer hori sentitu nahi genuen. baina aldi berean, bi gitarrista eta oinarri erritmikorik gabeko taldea izatearen hertsapena genuen.

Alan gitarrista makinetara pasatzeak aukera berrien mundu zabala ireki digu eta giro berriak sortzeko aukera eman. Gainera gehiago kantatu nahi genuen, beraz ahots zati hornituagoak eta ausartagoak landu ditugu. Esan dezakegu, halaber, aspalditik adiskide minak izan arren, proiektu honen bidez musikari gisa elkar ezagutzen ikasten ari garela eta gero eta hobeto dakigula zer eta nola sortu nahi dugun.

Zergatik asebetetzen zaituztete gehiago doinu ilunek?
Annelisen amatxi zaharraren etxera sorkuntza egonaldi luzeak egitera joaten ginenean egiten zigun galdera da hau. Beti esaten zuen: “Zer iluna den!” —barreak—. Alfred de Musset poeta frantsesak hauxe dio: “Desesperatuenak dira kanturik ederrenak”. Maitasunaren indarra adierazteko, maitasun-mina erakutsi behar dela esateko modu bat da. Alde batetik, unibertso ilun horretatik jalgitzen den intentsitatea gustatzen zaigu. Bestetik, elkarrekin sortzen ditugun abestiak horrela ateratzen dira, besterik gabe. Gure sentimenduen zati baten isla ere badira; eta sentimendu haiek noten bidez adierazita, lasaitu egiten gara nolabait.

Oso disko orekatua iruditu zait. Sorkuntza prozesua ere hala izan al da?
Makinekin sortutako soinu-giro askorekin iritsi zen Alan. Hortik abiatuta, hainbat sorkuntza-egonalditarako elkartu ginen, eta kantu indartsu eta lasaien arteko oreka naturalki eta pentsatu gabe egin zen, eguneko umoreen arabera. Gau Batez-entzat soilik erabaki genuen kantu bizia behar genuela diskoa amaitzeko; horixe da, hain zuzen, gure buruari zerbait inposatuz sortu genuen abesti bakarra, eta, azkenean, hau izan zen arinen sortu genuena! Azken finean, hertsapenak sorkuntza erraztu eta bideratzen du!

Zein izan dira zuen erreferenteak?
Hastapenetan Chelsea Wolfe, Anna Von Hausswolf, Daughter, Amenra, Radiohead, Low eta abar. Disko berri honetan, uste dugu ez dugula baitezpada gure betiko eraginetara jo, eta saiatu garela nolabait gure soinua fintzen. Hala ere, sortzen dugunean, tarteka urruntasun pixka bat hartzen dugu, eta konturatzen gara nahitara egin gabe maite ditugun eraginetatik hurbiltzen garela, baina ez direla nahitaez hasierako berberak. Adibidez, diskoko giro batzuek Portishead, Massive Attack edo Perfume Genius iradokitzen dute, zuzenean haietan inspiratu gabe, eta hori sorpresa ederra izan zen guretzat!

“Gure gizartean irudiak sekulako indarra du, eta baliagarria bezain arriskutsua da”

Zein da zuen publiko objektiboa?
Zaila da galdera honi erantzutea. Gure proiektua ez dator bat publiko zehatz bat jomuga duen marketin plan batekin. Gustatzen zaiguna jotzen dugu, eta ondorioz pentsa daiteke jarraituko gaituen publikoa gu laurok bezalakoa izango dela, partez behintzat. Agian, arranguretan itotako nerabe gazteek Irentsi kantuaren bidez oihukatuko dute beren haserrea. Eta su bazterrean irakurtzea gustatzen zaien amona zaharrek Lo entzungo dute. Eta amodioa egingo duen hirukoteak (zergatik ez?) Hitzordua jarriko du ferekatzen hasteko... Erran dezakegu gure publiko objektiboa hau dela: bizitzaren kontrasteak preziatzen dituzten pertsonak.

Zuen hastapenetako EPa (Beyond There, 2018) ingelesez izan zen. Baina ondoren, zuen lehen lan luzea euskara hutsez argitaratu zenuten, baita bigarren hau ere. Zer dela eta, egungo joera hizkuntzak nahastea dela dirudienean?
Gure kasuan, gure bilakaeraren parte da. Gure lehen EPa gorago aipatu ditugun taldeen “eraginpean” zegoen, eta Kamillek, ordu arte beste proiektuetan beti euskaraz kantatu zuenak, aldaketa nahi eta behar zuen; ingelesera saiatu nahi zuen. Gero, gure izaera musikala zehazten joan garen heinean, euskara berriz agertu zaigu aukera posible eta logiko bezala. Bestalde, beste kasu guztietan bezala, nolabaiteko naturaltasun pasiboaren eta erabaki kontziente eta beraz, politikoaren arteko jokoa gertatu da. Gure bilakaerak euskarara ekarri gaitu, momentu batean behar eta nahi izan dugulako.

Joeraren ideiara itzuliz, komunikabideetan benetako aldea nabaritu genuen, ingelesetik euskarara pasatuz. Euskal Herrikoek askoz kasu gehiago egin ziguten. Eta, alderantziz, batez ere Frantziako musika-hedabideetan, argi eta garbi ez gintuzten jarraitu. Izan al daiteke taldearen EParen eta lehenengo LParen arteko musika-bilakaera ez zitzaielako gustatu? Baina esan behar da hizkuntza gutxituek ez dutela lekurik euskaldunak ez diren hedabideetan. Musika tradizionala ez den euskarazko musika proiektu bat egitean, badirudi atzerriko hedabideak galduta daudela, euskara antzinako kultura bat aurkezteko bakarrik esportatuko balitz bezala. Pena da, eta benetako galdera hizkuntzaren etorkizunerako. Ea disko berri honekin gauzak pixka bat hobetzen diren.

Iruditu zait estetikari sekula baino garrantzia handiagoa eman diozuela, Irentsi abestiaren bideoklipa ikusi besterik ez dago. Zein da irudia horrenbeste zaintzearen helburua?
Egia esan, proiektuaren hasieratik landu dugu irudia; lehen EParen azala, Hegan diskoaren azala, Itzulera / Hegan bideoklipa eta beste asko Gregoire Orio argazkilari eta errealizadore trebeak egin zituen, eta izugarri gustatu zitzaigun harekin lan egitea. Irudiaren aukeraketa diskoetan grabatutako musika bezain garrantzitsua da guretzat; kontua ez da packaging erakargarria duen produktua aurkeztea, mezuak hainbat bitartekoren bidez transmititzea baizik. Hala, musika, irudia eta kontzertuetako argiak proiektuaren parte dira, osoki.

Egun musika baino garrantzi gehiago duela iruditzen al zaizue?
Zergatik kontrajarri adierazpide artistikoak? Musikak argazkigintza bezainbeste balio du, zinema bezainbeste, etab. Gure gizartean irudiak sekulako indarra du, eta baliagarria bezain arriskutsua da. Baina, errotik uste dugu irudiaren bidez jendea hunki daitekeela, logika komertzial batean sartu gabe. Zerbait kontatzen duen irudi bat aurkeztea da garrantzitsuena, egiazko funtsa duena eta inoiz haren esklabo bihurtzen ez gaituena.

Irentsi kantuaren bideokliperako, adibidez, gure helburua musika eta hitzekin bat zetorren bideo bat aurkeztea zen, jendea erakarri eta larrituko zuena. Baina, argitaratu eta ordu batzuetara sare sozialek bideoa ezabatu zuten, bertan titipuntak agertzen zirelako. Gure irudia gure musikaren salmentaren zerbitzura egongo balitz, sareetan ahalik eta denbora gehien egoteko moduko irudi bat aukeratuko genuke.

Zuen kontzertuetan berritasunik egongo al da? Zer aurkituko du bertara hurbiltzen denak?
Ikuskizun berri bat lantzen ari gara (argiak, kantu zerrenda, …). Disko berrian erritmo-oinarri gehiago dagoenez eta instrumentu batzuk aldatu egin direnez (Alanen makinak, teklatu batzuk), zuzenean ere nabarituko du publikoak. Kantuen arteko intentsitateekin jolastu nahi dugu zuzenean, eta momentu indartsuak, zaratatsuak, dantzagarriak, intimoak, lasaiak edota sexualak eskaini nahi dizkiogu publikoari.

Zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke disko honekin?
Dantzan ariaraztea, ferekatzea, gogoeta eginaraztea… Sortzen ditugun poesiaren eta giroen bidez, guregana hurbiltzen dena hunkitu ahal izatea gustatuko litzaiguke, beltzaren edertasuna preziatu eta ilunpetik agertzen denean argiak inoiz baino intentsitate handiagoarekin argitzen duela erakusteko.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.