Gurasoek behartuta hasi omen zinela musika ikasten irakurri dut. Egun zein da zure harremana musikarekin?
Hala izan zen, bai. Nik musika beti maite izan dut, baina alde akademiko horrek atzeraka handia eragiten zidan. Beranduago egin nituen bakeak alde teoriko horrekin eta gustatu ere, gustatzen zait. Musikarekin dudan harremana betidanik duzun txikitako lagun batekin izan dezakezun harremanaren antzekoa da; maite duzu modu berezi batean, istorio pila bat dituzu amankomunean, sare bat edo batzuk ere bai, errotzen zaitu momentu gakoetan… baina batzuetan nire buruari planteatzen diot: orain naizen pertsonak zer du amankomunean egiazki berarekin? Bada, ni ikerketa fase horretan nago nolabait.
Urte batzuk badira musikan zabiltzala, proiektu ezberdinekin. Dezepziorik jaso al duzu musikaren mundua barrutik ezagutu ondoren? Espero zenuena da?
Batzuetan pentsatzen dut: ez dut Grinch baten antzeko zerbait izan nahi, baina egia da dezepzio anitz jaso baino, dezepzio anitz sortu zaizkidala barrenetik. Ez dakit zer esperoko nuen, baino idealizatu ohi ditugu hainbat dinamika, lan-talde, jende eta espazio, eta batzuetan, —gehiegitan—, ez dira uste nuena izan. Sanoa da zerbait zuk uste zenuena ez izatea, noski, beti ere oinarrizko “zera” batzuk betetzen baditu. Ez dut jasaten, eta ez dut sekula jasango, bere lan taldea edo gainerakoak gaizki tratatzen dituen inor. Pasatzen da, eta gehiegitan, eta pasatzen da talde txikiekin eta talde handiekin. Gehiena merkatuaren men mugitzen baita, eta baikara; zaila da hortik ihes egitea edo bide batzuk irekitzea, eta batez ere, bide horiek duinki lantzea. Badaude kontraesanak eta etengabe sortzen dira, eta hala behar du.
Zure barkako bigarren disko da hau. Nola heldu diozu honen sortze prozesuari? Presiorik sentitu al duzu lehenengoak izan zuen harreraren ondoren?
Uste baino naturalagoa izan da. Nik ez dut funtzionatzen “orain hau egin nahi dut” bati jarraika, normalean behintzat. Gorputza garbitu nuen, aldendu nintzen eszenatik ahal bezainbertze eta instrumentuak zorroetan egon ziren hilabete luzez. Klik batekin hasten da, oharkabe; sendatzen ari zaren seinale bat da, eta horren gibeletik, poliki-poliki argia. Eta egun batez jartzen dituzu berriz aurikularrak eta bertze batez hasten zara, —aspaldiko partez—, zerbait kantatzen isatsa pasa bitartean… Horrela, poliki-poliki hasi, eta bat-batean piano aitzinean ikusi nuen nire burua, ideiak garatzen nahiko modu obsesiboan —barreak—.
Presio bat egon badago, baino akaso auto-presioa gehiago. Niretzat hau bigarren aukera da deskubritu ahal izateko ea posible ote den bide hau era osasuntsuan eraikitzea eta aldi berean hortik bizi ahal izatea. Bigarren buelta honetan malabar horiek egiteko gai ote naizen, eta batez ere, malabar horiek egiten ahal ote diren ikusiko dut eta horrek eragiten dit presioa.
Depresioaren aurkako nazioarteko egunean kaleratu duzu diskoa. Nahita izan al da edo kasualitatea? Izan ere, aurreko diskoan bezala, minak eta buru osasunak leku asko okupatzen du honetan ere…
Kasualitatea izan da bai, baino nahiko kasualitate kuriosoa. Urtarrilaren hamabian izan zen nire urtebetetzea eta ahizparena hamahiruan. Horregatik, urtarrilaren hamabiko gaueko hamabiak hamahirua ere baziren nolabait, eta polita iruditzen zitzaidan data hori. Aipatu zidatenean depresioaren aurkako nazioarteko eguna ere badela grazia egin zidan, disko hau depresioarekin eskutik doalako.
Dena den, guztiak ironia ukitu bat ere badu. Garrantzitsua al da norbere burua erabat serio ez hartzea?
Ez zait gustatzen erantzun unibertsalik ematea, baino beti izan dut umorea lagun. Instagrameko memeetan irakurri izan ditut “ez banitu trauma hauek guztiak edukiko ez nintzateke hain barregarria izanen” eta antzekoak. Horrekin dezente identifikatzen naiz —barreak—.
Diskoa Zerrautsa deitzen da. Zerri egiten dio erreferentzia zerrautsak?
Hondakin pertsonalak dira. Bueltaka ari nintzen disko berriaren kontzeptuarekin eta argi nuen errotzen ninduena errealitatea zela bere baitan; gordina, latza, ederra, aberatsa, zentzugabea eta gauzarik lurtarrena aldi berean. Nahi nuen egunerokotasun ukigarrienetik idatzi eta eraiki, haratago joan gabe, eta horregatik pentsatu nuen: arbolatik etorriko da nire disko berria, eta eginen dut egurrezko zerbait, lehen errotua egon dena, eta nik horretatik eraikiko dut nire lana, hemen eta orain dagoen zerbaitetik datorrena, nire ikuspegi propioarekin. Kontua da, nire “egurrezko eskultura” egiteko, zerrautsak kendu behar nizkiola. Moztu, garbitu, lixatu… Nire zerrautsak ateratzea beharrezkoa zen egurrarekin figura propio hori sortzeko, eta figura hori aldatu daiteke urteak joan hala.
Zerrautsa diskoaren izen berdina duen introan ohar bat jaurtitzen duzu bukaeran. Utzi behar diozula pentsatzea idazten duzun guztia publiko egingo dela edo argitaratzen amaituko duzula. Baldintzatu eta askatasuna kentzen omen dizu. Disko hau sortzerakoan asko zentsuratu duzu zure burua?
Zentsuratu baino gehiago, babestu. Ausartu naiz lehenago botako ez nituenak botatzera, baino bertze hainbertze gauza niretzako edo nik nahi dudanarekin intimitatean konpartitzeko gordetzen ditut, noski. Iragazia dago introa, kantuen hitzak bezalaxe.
“Disko honekin nire helburua bidea egin ahal izatea da nire neurrira eta ongi egon ahal izatea horrekin”
Ohikoa izan ohi da iruzurtiaren sindromea sentitzea, batez ere emakumeon artean… Abesti batean aipatzen duzu “okertu egin zait bizkarra aurkezten naizelako beti ttikia”. Bakarkako ibilbideari ekin zenionean baino ahaldunduagoa sentitzen zarela esango zenuke?
Erran beharra dut, musikan iruzurtiaren sindromea ez sentitzearen zortea dudala. Okertzen dut bizkarra bertze hainbertze konturengatik, baino horregatik ez. Bakarkako ibilbideari lehenengoz ekiten diozunean dauden zirrara, beldur, gogo, ilusio, esperantza, inozentzia eta abarrekin batera pausuak emateak ahalduntzen zaituela erranen nuke. Gero bidean zehar joaten zara gauzak ikusten eta kokatzen, eta ni momentu horretan nago. Ez dakit erraten ahaldundua sentitzen naizen edo ez; ez nuke lehenengo diskoko momentu horrekin alderatuko, ni eta nire bizitza ere anitz aldatu baikara hiru urte hauetan.
Zerrautsa abestian ere aipatzen duzu kazetariak ez direla zure lagunak… zer moduz daramazu elkarrizketak eman beharraz? Zure burua, puntu bateraino bada ere, azaldu behar hori? Non jarri muga?
Esaldi hori nire buruari eginiko ohar bat zen. Gehiegitan pasa izan zait elkarrizketak egin zizkidaten pertsonei behar baino gauza gehiago kontatzea, kasik nire lagunak balira bezala —oversharing betean—, eta horrek ezin du izan. Gainera, badira kazetariak hori pixka bat aprobetxatu izan dutenak. Sentitu dut nola hurbildu diren nigana gehiegi edo nola exijitu didaten gehiegi. Pentsatzen nuen: “Olaia, ezin zara hain adeitsua izan”. Eta horretan nabil, nire burua babesteko.
Naturala abestian, berriz, aipatzen duzu: “Hainbeste zalantzaren artean tarteka erantzunak edukitzea komeni da”. Topatu al dituzu disko hau egin ostean ala oraindik guztiari su emateko nahiarekin jarraitzen duzu?
Amets Arangurenek botatako esaldia hori aditu nuen momentuan oroitzen dut nola baiezko keinua egin nuen buruarekin. Erantzunak baino, galdera gehiago topatu ditut akaso, baino segurtasun gehiago sentitzen dut sinesmen batzuei dagokienez. Linboetan galtzen gara anitz, eta hainbertze jakinmin edo galdera existentzial ditugun honetan, batzuetan egia okerrak botatzera ausartzea ez da ideia txarra. Guztiari su emateko nahia, beti (pirotekniaren apologiarik egin gabe —barreak—).
Azalari dagokionez, ikusgarria da Maitane Camposek egin duen lana. Bertan zaurgarri bezain indartsu agertzen zara. Zail da esatea amore ematear zauden ala borrokari ekiteko prestatzen ari zaren… anbiguetate horrekin jokatu nahi al zenuen?
Intentzionalki ez, baino akaso, barren-barrenetik bai. Egia erran ez genuen bilatu “disko azal” hori. Eman abisua kantuaren bideoklipeko grabaketa aprobetxatu zuen Maitanek argazkiak egiteko. Hain nintzen mugitua kantu horren playbacka egiten, non Maitanek ongi jakin zuen momentua irudikatzen. Berezia iruditu zitzaigun hasieratik, eta ahaltsua ere bai.
Disko osoan zehar, euskara bada ere nagusi, konplexurik gabe, ingelesez edo gaztelaniaz pasarteak agertzen dira. Nahita izan al da ala naturalki atera zaizu?
Ingelesarena ironikoa da egia erran, never be like her kantua idazterako orduan konparatzen bainuen nire burua neska kanoniko, zuzen eta ustezko perfektuekin, —jendearen begitara behintzat—, eta Taylor Swift etorri zitzaidan burura. Pentsatzen nuen: ez dakit nigandik hau espero den edo izaten ahal den… baino ez naiz hori izanen (I will never be like her).
Gaztelania erabiltzearena, berriz, zati hori euskaraz ez dakien bertze pertsona batek kantatu behar zuelako izan zen. Azkenean ez zen posible izan, baina dagoeneko sonoritatera ohitu nintzenez, ez nuen aldatu.
Soinuari dagokionez, erritmo garaikideak, rantxerak eta euskal kantu herrikoei keinuak agertzen dira. Hain da horrela Oskorri taldeko mitikoko Natxo de Felipe Alonsorekin kantatu duzula. Nondik datoz erreferentzia hauek? Nola sortu zen kolaborazio berezi hau?
Erreferentziak nahitaezkoak dira batzuetan eta bertzeetan naturalki etortzen zaizkit burura. Sortzen ari naizen armonia edo melodien gainetik sartzen dira ustekabean kantu horiek. Nire ustez, norberaren ekosistema musikalak nabaritzen dira pertsona horrek eginiko lanetan.
Natxorena, gogo indartsu batetik eta desira hori proiektatzetik etorri zen. Nik ez nuen bera ezagutzen, baino beregan pentsatzen idatzi nuen kantu hori eta emaitza irudikatu nuen. Lortu nuen bere korreo bat, idatzi nion eta animatu egin zen. Esperientzia ederra izan da eta betirako gordeko dut.
Zuzenekoei dagokienez, gogotsu al zaude? Zer aurkituko du zure kontzertuetara hurbiltzen denak?
Egia erran beldurrez nago eta ez dakit nola eramanen dudan. Denbora tartetxo bat badago oraindik, baina anitz meditatu beharrean nago. Hala ere, erabaki dut arriskatuko naizela eta ahalik eta goxoen bihurtuko dudala bidea.
Bigarren diskoak okupatuko du tokirik handiena. Lehenengoarekin oraindik bakeak egin beharra ditut, berriz kantu horiek jotzen hasi ahal izateko. Aurpegi berri batzuk, pertsona bat gehiago eszenatokian eta egitura ezberdina. Argiztapen eta iruditegi txulo batekin, testuinguru intimoa lantzen saiatzen ari gara. Emozioekin dantza dezente eginen dugu guk behintzat.
Bukatzeko, zein amets edo helburu betetzea gustatuko litzaizuke disko honekin?
Bat badut argi eta garbi: bidea egin ahal izatea nire neurrira eta ongi egon ahal izatea horrekin.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.