“Gure abestiek jendearengan sentimendu bat edo beste loratzen dutela ikustea magia hutsa da”
EntrevistasNøgen

“Gure abestiek jendearengan sentimendu bat edo beste loratzen dutela ikustea magia hutsa da”

Xabier Sagardia — 09-12-2020
Fotografía — Imanol Artolain

Jonny Carrollek February kantua argitaratu zuen urtean, edota Meadows-ek The Only Boy Awake (bi adibide baino ez jartzearren), gurean, Nøgen taldea lehen urratsak ematen ari zen. Egutegian 2016 irakur zitekeen. Indie folkaren esparrura beren aletxoa jartzera etorriak ziren Donostiako musikari gazte hauek. Ez ziren, ordea, musika aldaera honen “eskuliburua” jarraitzearekin konformatu. Euskaraz egin eta haien lorratza eman zioten, melodia itsaskor eta bizien zein epikaren arrastoan usu. 2017an "Lys" izenburuko EP-arekin estreinatu ondoren, "Liv Til Døden" disko luzea argitaratu zuten 2018an. Eta aizue, formularekin asmatu zuten, publikoaren harrera ezin hobea jasoz.

Aipa ditzagun izen batzuk Nøgen-en soinura hurbiltzeko oraindik taldea entzun ez duenarentzat: Mumford & Sons, The Lumineers, Of Monsters and Men... Hurbilketa bezala balio dezakete. Baina ez da aski. Oraingoan, "Under Alt" diskoarekin datoz donostiarrak, bigarren lan luzea, estreinakoan irekitako bidetik eraikia. Galderen bila abiatu dira azal azpiko gure barrunbeetara. Eta aurkitu dituzten erantzunak gordinak badira ere, autoaren leihotik zeharkatzen ari garen basoa bezain azkar pasatu zaigu bederatzi kantuko entzunaldia. Jokin, Markel eta Alex taldekideek erantzun dituzte gure galderak.

- Nola heldu diozue bigarren disko luzeari? Lehendabizikoak harrera ona duenean esaten da bigarrena egiteak presio apur bat gehitzen duela artistengan. Nola bizi izan duzue lan prozesua?
Jokin (J): Etorri den bezala heldu diogu. Agian, egia da inoiz baino kontzienteago izan garela diskoaren konposizioaz, horretarako tartea hartu baitugu 2020an. Ez dugu kontzerturik hartu eta honetan zentratu gara. Aurreko lanarekin alderatuz, hau izan da ezberdintasun handiena. Argi genuen lan hau gogoz eta ondo egin nahi genuela, guk eta geure entzuleek horrela merezi genuelako. Presioa baino, ardura esango genuke guk. Lan handia egin dugu orain arte, eta lan hori islatzen zuen diskoa nahi genuen. Horregatik denbora hartu dugu eta hasieratik Under Alt kontzeptua garatu genuen, guztiaren azpian dauden aringarririk gabeko sentimendu gordinei eustea…

- Edonola ere, eta badakit galdera honi erantzutea aspertzen ahal zaituela, zergatik erabaki duzue orain aurkeztea, hots, pandemiak eragindako erdi-konfinamendu/murrizketa egoera honetan, kontzertu gutxiago programatzen direnean eta edukiera murriztuak direnean?
(J): Argi izan nahi genuen disko honetan pandemiak ez zuela lekurik izango. Gai sobera landua da eta haratago zerbait dagoela gogoratu nahi genuen. Diskoan izan duen eragin bakarra, kendu digun denbora izan da. Beraz, betiko lez, loari orduak lapurtu behar izan dizkiogu. Bestalde, noski, orain diskoa ateratzea apustua izan da, euskal lanen haritik tiraka jarraitzeko, baina egia esan, begiak itxita salto egitea izan da. Ez dakigu nola erantzungo duen jendeak. Ea ondo ateratzen den.

- Bada folketik aldetzen den poparekiko joera bat zenbait abestitan, baina diskoan, kanpotik aztertuta, jarraitasun bat antzematen da. Hau da, “amarrategi” jokatu duzuela pixka batean, kontuan izanda “amarrategi” jokatzeak ez duela inongo zentzu ezkorrik galdetzen duenarentzat. Nola ikusi eta bizi izan duzue zuek barrutik?
Markel (M): Inoiz ez gara saiatzen gure abestiekin ezer lortzen. Ez dugu formularik erabiltzen abestiak egiteko eta ez dugu erreparatzen etiketetan edo estiloetan konposatzeko unean. Momentuaren arabera abesti bakoitzak kolore bat hartzen du. Kanpo perspektiba batetik posible da “amarrategi”-tzat hartzea gure disko berri hau, baina guk azken finean gustuko duguna egin dugu inongo pretentsiorik gabe. Hau da, ez gara inora amarratzen saiatu estiloari dagokionean, benetako eta kalitatezko abestiak egiten saiatu gara.

Alex (A): Aurreko bi galderak lotuaz, esango nuke egiten dugun lana, lan hori egiten dugun garaiaren isla dela. Horregatik iruditu zaigu garrantzitsua diskoa orain ateratzea, 2020 urteko Nøgen-en argazkia delako, ez litzatekelako justua ez guretzat ezta entzulearentzat ere “iraganeko” disko bat argitaratzea. Eta era berean doa kantuen estiloaren kontua. Oraingoz ez dugu inoiz produktore batekin lan egin, eta kantuei ez dizkiegu mila buelta eman, hortaz, oso geurea den emaitza atera da. Bere alde on eta txarrekin. Aurreko lanetik bi urte igaro diren honetan, gu geu pertsona bezala aldatu gara, eta taldeak berak ere eboluzio bat eduki du. Noski, ez da aldaketa total bat izan, baina eboluzio argia nabari da 2018ko (Liv Til Døden) diskotik Under Alt-en entzun dezakegunera: bi urte eta 80 kontzertu zaharragoak gara. Eta uste dut hori ezinbestekoa dela sorkuntzan.

- Indie-folk etiketa generikoan sartzen ahal zaretela ez dago zalantzarik, baina zuen joera soinuari dagokionez abesti biziak egitea da “dreamy folk” tankerakoak baino?
(M): Aurreko galderan erantzun dugunaren harira, ez dugu aurrez pentsatzen abesti batek izango duen estiloa edo etiketa. Egia esan, agian badirudi errazago ateratzen zaizkigula abesti biziak, edo askotan gustatzen zaigula epikotasun edo kontundentziara jotzea atmosferikotasunean mantentzea baino. Nik uste, gure izateko moduak ere baduela zeresanik musika egiten dugun bitartean.

- Disko berriko hitzei dagokienez, eta gaiak-gai, zer esango zeniokete diskoa entzun ez duen norbaiti? Zer aurkituko dute entzuleek Under Alt honetan letren ikuspuntutik?
(A): Hasieratik esan dugu ez garela ez musikari, ezta poeta brillanteak ere; gure dudak, sentimenduak, ezinegona edota alaitasuna jorratzen ditugu abestietan, autoterapia modura edo… Gero, abesti horiek jendearengan sentimendu bat edo beste (agian ez guk jatorriz kantatutakoa) loratzen dutela ikustea magia hutsa da. Artearekin orokorrean, eta bereziki musikarekin engantxatzen gaituena barrenak mugitzeko duen gaitasuna da, ezkutuko sentimenduak bilatu eta dardara hori eragitekoa. Guk ez diogu entzuleari zer sentitu behar duen esango, letrek sentimendu eta gertaera oso pertsonalez hitz egiten dute, egin ditzala bereak nahi duen zentzuan.

“Orain diskoa ateratzea apustua izan da euskal lanen haritik tiraka jarraitzeko, baina egia esan, begiak itxita salto egitea izan da” 

- Folkaren espresiobide desberdinen arabera, batzuen eta besteen “imajinario” estetikoa diferentea da: folk tradizionalak badu berea, baita politikoak ere; ez da gauza bera folk irlandarra edo amerikarra… Bada, azken urteotako indie-folk berrian naturarekiko joera da ezaugarri nagusietako bat: basoak, ibaiak, zelaiak, zuhaitzak... Eta hala gertatzen da oro har zuenean ere. Zuen kasuan nola sentitzen eta bizitzen duzue naturarekiko harreman hori?
(J): Egia esan, talde bezala gure naturarekiko lotura bereziki estetikoa da, gure musikak sortzen dizkigun irudiek hara baikaramatzate. Hortik aurrera, talde bezala ez dugu lotura politikorik adierazi horren inguruan, nahiz eta banako moduan naturaren kontserbazioarekin eta gure bizimoduaren jasangarritasunaren aldeko apustua egin. Hau da, talde bezala ez dugu diskurtso bateratu, guztiz koherente eta zirrikiturik gabekoa landu naturak biltzen dituen gai eta kontraesan guztien inguruan.

(A): Jokinek esandakoarekin guztiz ados nago. Gero, maila pertsonalean bakoitzak bere erara bizi eta sentitzen dugu natura, uste dut Euskal Herrian oso presente dugun zerbait dela erakarpen eta begirune hori. Nik, esaterako, beharrezkoa sentitzen dut naturarekiko lotura.

- Beste belaunaldi batekoa naizen aldetik, gaur egungo gazteen “belarri-irekitasuna”, nolabait esateko, nabarmenduko nuke. Esaterako, berdin izan dezakezuela etxeko apalategian edo Spotyfiko zerrenda batean parez pare Berri Txarrak eta Nøgen. Lehen akaso dena estankoagoa zela, alegia. Nola dakusazue zuek? Are, ados zaudete esandakorekin?
(J): Bai eta ez. 90. hamarkadaren hasieran Mikel Markez Sorotan Bele eta Su Ta Garren aurretik aritzen zen festetan. Beranduago etorri zen kasillatzea. Edonola ere, gustuak gustu, denetarik entzuteko aukera izatea sanoa da.

- Bukatzeko, eta lehen bota dizuedan galderaren harira, nola eta noiz prentsatu duzue diskoa aurkeztea? Noiz ekingo diezue zuzenekoei? Eta nola izango dira zuzeneko horiek?
(A): Zortea dugu jende asko eta fina elkartu dela gurekin lanean eta 20 kontzertuko aurkezpen bira bat osatzeko gai izan garela, abenduaren 4an eta 5ean Victoria Eugenian hasi eta martxora bitarte luzatuko dena. Kontzertuok Euskal Herriko zenbait antzokitan izango dira, garaian garaiko neurri guztiak betez. Taldeko musikariok ez gara honetaz bizi, baina lantaldea osatzen duten teknikari, road manager, ofizina langile eta abarrentzako urte latza izan da, eta beraz, kontzertu bakoitzagatik oso eskertuta gaude, gure ametsetako bira izango ez den arren, kontziente garelako zein garrantzitsua den ahal den moduan aurrera egitea. Bestalde, eta beti bezala, ordu luzez ari gara entseatzen eta goazen lekura goazela, dugun guztia emango dugu jendeak zerbait eraman dezan etxera bueltan. Denon artean, elkarrekin baikaude honetan, kontzertua emozioz bizitu eta etxera zerbait berriarekin itzultzeko, garai hauetan bereziki.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.