“Nik beti ulertu izan dut abesti bat, askatasun espazio baten moduan"
EntrevistasMoxal

“Nik beti ulertu izan dut abesti bat, askatasun espazio baten moduan"

Antton Iturbe — 03-07-2020

Prentsarako notak dioen bezala, “Arrebetxe” (Forbidden Colours, 2020) Hannot Mintegiaren Moxal proiektuaren disko berria bakarrik sortutako disko bat da, baina ez bakardadean (edo alderantziz).

Bizi izan dugun konfinamendu egoera bitxi horrek behartuta eta lagunduta, edo agian ez, ez du zerikusirik eta bere kasa beharrezkoa zuen ateratzea une batetan edo bestean. Edozein erara gitarra akustiko soil batez eta etxeko estudioan, arrebaren etxeko gela batetan, intimitate osoan, eta era berean oroimenez, basoaren soinuez eta pelikula, liburu eta disko kuttunez inguratuta eta intuizioa gidari sortutako (edo agertutako) abesti bilduma eder eta misteriotsua da.

Suposatzen dut nahitaez bakarka egin beharreko ariketa izan dela. Badok-en estreinako diskorako eman zenuen elkarrizketan kolaborazioak zein beharrezkoak eta gustukoak dituzun eta sorkuntzarako ematen dizkizuten ahalbide “ezezagunetaz” aritu zinen, baina orain guztiz kontrakoa izan da ezta? Nola kudeatu duzu egoera hori?
Hala da! Eta kuriosoa da zein gustura aritu naizen ere, oraingoan, bakarrik. Egia esan , inongo expektatiba barik edo aritu izan naiz...hau da, argi neukan gauza bakarra da “zerbait” egin nahi nuela; baina ia ia “estilo ariketa bat” edo esaten dena. Pieza instrumental sinpleak sortzea zen hasierako ideia, titulurik gabe eta abestiak zenbakiekin izendaturik eta abar. Nolabait esatearren, kontzeptu berdinaren inguruko bariazioak edo egitea (asko gustatzen zaizkit niri horrelako diskoak). Zerbait oso minimalista eta txikia egitea zela. Baina martxan jarri ahala “abestiak” edo joan ziren agertzen eta ez dakit nola etorri diren ere! abestiren bat, egin-egin, egun batean egin dut, osorik.

Halako ume kutsua sumatzen diot diskoari eta ezinbestekoa zait Devendra Banhart-en izena aipatzea, berehala burura etorri baitzait diskoko abesti batzu entzutean, eta nolabait antzeko eremuak jorratzen dituzula esango nuke musikalki eta estetikoki: surrealismo, fantasia, ipuin giro hori... (une batzuetan, zure haurtzaroko oroimen eta kontuetaz ari zarela pentsatu dut, agian zeure arrebarekin elkarbanatutako sekretu txikiak, istorio harrigarri, ikaragarri, misteriotsu eta dibertigarriak…).
Ba ulertzen dut Devendra Banhart-ena; ikusi ditzaket antzekotasun horiek, eta bere lehenengo diskoak asko gustatzen zaizkit, baina ez da presente eduki dudan zerbait. Eta jolasarena bai, hori beti dago hor, eta kasu honetan, estudio batetako ordutegi/aurrekontu eta abarren “presiopean” ez nengoenez, ba oraindik ere aukera gehiago jolasteko. Istorioen kasuan esango nuke, (eta musikarekin ere berdin) nire buruari ahalik eta muga gutxien edo jartzen saiatzen naizela. Intuizioak edo bapatekoak asko gidatzen nauela esango nuke. Era horretan abesti berean “kontatu” ahal dut txikitako pasarte edo pentsamendu bat eta aste horretan bertan izan dudan ezinegon edo edozein burutazio, edo hitz batzuk sartzen ditut gustatzen zaidalako bere soinua, edo zer iradokitzen duten. Uste dut ezin ditudala neuk ere definitu zein istorio konkretu dauden, edo nun hasi eta bukatzen diren. Baina bai esango nuke, gustatzen zaidala, edo behar dudala, “istorioak egotea” eta ia beti neuretzako ere misterio bat direla istorio horiek.

Azken batetan “bakarrik baina ez bakardadean (edo alderantziz)” esaldi horrek hainbat interpretazio ezberdinetara irekia dago. Nor edo nortzu izan dira zure ondoan? (benetakoak? Irudikatuak?).
“Bakarrik baina ez bakardadean (edo alderantziz)” diodanean interpretazio asko edo egin ahal dira baina badaude adibide konkretu bi. Batetik, Jose Lastra soinu injineru eta ekoizlearen laguntza edo aholkularitza izan dut grabazioen kalitate teknikoa eta abar komentatzeko berarekin. Eta bestalde, niri asko gustatzen zait artxiboarekin (artxibo propioa edo sarean aurkitzen dudana) ere lan egitea, beste disko edo edozein grabaketako audioak eta berrerabiltzea. Beraz, oraingoan ere izan dut beste diskoetako lagunen “laguntza” kasu batzuetan. Abesti batean adibidez Jai-Alai Blues dokumentala grabatzen aritu gineneko giro soinuak erabili ditut...

Moxalak bera bakarrik ibiltzen eta bizitzan aurrera egiten ikasi behar duela zenion proiektua abiatu zenuenean, eta era horretan bai soinu aldetik baita konposatu eta lan egiteko aldetik Audienceren musikaz erabat aldendu zinen, trip-hop-a, elektronika eta antzerako beste hainbat mundu berrietan sartzera ausartuz. Oraingo honetan 50. Hamarkadako Sovereign gitarra batean oinarritzeak nolabait Audience-ren eremura berriz gerturatu zarela pentsa erazi dezake. Baina emaitza berriz ere, erabat bestelakoa eta oso pertsonala da. Burura etorri zaidan beste artista bat Richard Dawson izan da, bere lehen diskoak batik bat.
Ba ez nuen ezagutzen Richard Dawson baina orain entzun dut eta bai, ikusten ditut antzekotasunak bai!

Nola ikusten duzu zuk proiektuaren bilakaera? Moxala bere bidean oraindik eta urrunago joan dela esango zenuke?
Ba agian bai, baliteke. Hori bilatu barik bada ere, inoiz egon gabeko eremuetan sartu naiz, abesteko eran, gitarra jotzerakoan… Bilakaera aldetik argi ikusten da zein gauza, artista eta soinu gustatzen zaizkidan, eta gehienak nire “betiko” erreferenteak dira. Hor nabil, betiko osagai hauek une bakoitzean ahal dudan edo behar dudan moduan lantzen eta erabiltzen; eta kasu honetan ikaragarri gustatu izan zait zein aske edo sentitu izan naizen edozer egiteko. Baliabide gutxirekin gainera, (nire aurreko diskoarekin alderatuz adibidez) musikak sortzeko aukera ematen duen “mundu berri” hori irudikatu eta barneratzeko gai izan naiz. Nik beti ulertu izan dut abesti bat, askatasun espazio baten moduan. Eta hor, denak du tokia niretzako. Gauza gozoak, eta zakarrak; politak eta itxusiak; “sakonak” eta “tontokeriak”; neure buruari botatzen dizkiodan errietak eta kontsolamendu hitzak...

"Inoiz egon gabeko eremuetan sartu naiz, abesteko eran, gitarra jotzerakoan…"

Nolakoa izan da diskoa sortzearen prozesua oraingoan?
Gitarra akustikoaren inguruko bilaketa bat izan da abiapuntua moduren batean, eta esango nuke, oso fisikoa izan dela ere. Gitarra “ukitu”, non ukitu, eskuentzako toki eroso bat bilatu, egurraren eta soken dardara ezberdinak frogatu…beti oso modu oso intuitibo baten egiten dudan gauza bat da. Hor ideiak edo zirriborroak agertzen dira, eta batzuk “alde egiten” uzten ditut eta beste batzuk harrapatzen saiatzen naiz. Prozesua halakoxea izan zen, agertzen zihoazten apunte horiek grabatzen joan, gero egun batzuren ondoren berriz entzun eta interesgarrienak iruditzen zitzaizkidanak gehiago landu. Baina askotan hori egiten nebilen bitartean, beste abesti bat gurutzatzen zen, bide oso ezberdin batetik.

Erreferentziazko artistaren bat izan al duzu zuk diskoa sortu eta ekoizteko garaian?
Esan bezala, betiko erreferenteak ditut hor bueltaka, baina egia da ere gauza ezberdin askok jartzen nautela martxan. Lehen zuk Devendra aipatu duzu, baina nik artista bat bakarra aipatu beharko banu, nahiz eta ez daukadan “bere modukoa izateko” edo bere moduko gauzak egiteko ageriko intentziorik, M.WARD aipatu beharko nuke. Batez ere bere lehenengo 3-4 diskoak azken 10 urteotan eta estreineko aldiz entzun nituenetik beti oso presente eduki ditut. Asko gustatzen zaidan zerbait somatzen dut hor beti. Bere abestiak folk edo americana deitzen duten horretan sartzen dituen jende askok gehiegi pentsatu gabe, baina nik (eta apur bat exageratuz) DJ Shadow edo Beck-engandik gertuago kokatzen ditut. Zatika eta collage moduan egindako piezak dira. Baina tira, aldi berean, eta esparru guztiz bestelako batera eginez, RAIME bikotea aipatuko nuke. Disko honetako abesti batzuetako pasarte oso konkretuak inspiratu dituzte. Ezin aipatu gabe utzi, Kim Gordon, edo Joseba Irazoki, Will Oldham beti, Bill Calahan…Kim Gordon-en liburua irakurri dut denboraldi honetan eta Zaldikatu#04 abestiaren abiapuntua izan da; Boyhood pelikula, beste batena. Baina hori, abiapuntu moduan ulertuko nituzke iturri edo eragin moduan baino gehiago. Gero, “benetan” gure nahia zerk mugitzen duen eta zerbait esaten/egiten ari garenean, edo ari garela uste dugunean, “benetan” zertan ari edo zertaz ari garen jakitea uste dut gutxitan dagoela “argi eta garbi”.

Arrebetxe izena zure arrebaren etxeko gela bati dagokio ezta? Bertan pasa bait dituzu konfinamenduko ordu gehienak. Zein punturaino da disko hau konfinamendu egoera izugarri honen ondorio?
Horrela da neurri haundi batean, baina beti ere nire egoera pertsonal konkretuari loturik; ez da egoera orokor osoaren aurreko erantzun bat edo hausnarketa bat (nolabait esatearren). Nik neuk, denboraren pisua inoiz baino gehiago sentitu eta baita maneiatu ahal izan dugun garai honetan, “denbora hil” horrekin zer egin dudan da gakoa. Zer egin ez nakien momentu askotan, deserosoetan eta atseginetan ere, horrantz jo dut. Gitarra “ukitzera”, eta nire arreta jartzeko moduko leku eroso bat sortzera.

Edozein erara nola bizi izan dituzu derrigorrezko isolamenduzko aste guzti hauek? Lagungarria izan zaizu diskoa egitea?
Asko. Guztiz lagungarria; nire “laguna” izan da. Eta orain dela hilabete eta erdiz guztiz bukatuta izan dudanez eta ez zaidanez gustatzen bueltak ematen hastea “ia-ia ondo dagoenari” , faltan bota dut hor barruan ez egotea!

"Bideok eginaz bilatzen dudana da sorkuntzak berak, istorioak berak, bere bidea egin dezala eta sorkuntzak berak aurkeztu edo “saldu” dezala bere burua, eta ez ni neu interesgarria edo baliotsua dela azaltzen saiatzen naizelako"

Aitor Etxebarriaren Forbidden Colours diskoetxean atera duzu diskoa. Aitorrek garrantzi handia izan du zure bilakaera artistikoan musikaren sormenerako ikuspegi eta baliabide berrietara irekitzean. Nola deskribatuko zenuke zeuk eragin hori eta zein da bere eragina disko honetan? Berarekin elkarlanean jarraitzeko asmorik duzu?
Nik beti esan dut, nire eragin nagusiena alboan ditudan kideak direla, eta ez bakarrik musikariak edo “artistak”. Ingurukoengandik beti heltzen dira mezuak edo zeinuak (askotan ez modu zuzenean), eta inpaktu bat izaten dute niregan. Eta noski, azken urteetan elkarlan estua daukat Aitorrekin, eta azken galderari zuzenki erantzuteko, noski asmoa dudala berarekin elkarlanean jarraitzeko “infinituki”!. Adibidez, emanaldi txiki bat egin genuen konfinamendu erdian, Gernikako bonbardaketaren urteurrena dela eta Lobak-ek antolatua, eta kriston gozamena izan zen. Oso planteamendu sinplearekin, gitarra akustikoa, danbolina eta ahotsak, besterik ez. Eta magikoa izan zen.
Zure galderari zuzenago erantzunez, Aitorrengandik gauza asko ikasi eta jasotzen ditut, dudarik gabe. Baina beti aipatzen ditut bi oso agerikoak edo neurgarriak eta eraginkorrak direnak. Nagusiena abestien egitura eta iraupenei dagokiona da. Askatasun osoz eta batez ere intuizioak gidatuta erabakitzea eta zein zati zenbat bider errepikatu edo noiz bukatu abesti bat. Ez edukitzea beldurrik halako canon edo ezarritako “erregelekin” bat ez etortzeagatik eta ez kezkatzea abestiko elementuak (ahotsak, parte instrumentalak, konponketak…) orekatuak egoteaz hala ez. Elementu bat agertu ahal da bakarrik “aupa, hemen nago!” esateko, eta listo, agian ez dugu berriz ikusiko. Nik uste dut gainera hori nik beti barruan izan dudan gauza bat izan dela, Audiencen garaietatik. Han ere ohikoak ziren beti aurrera egiten zuten abestiak, hau da, narrazio baten modukoak, zatiak errepikatu barik, abesti berdinean bide ezberdin asko biltzen zituztenak. Hori egiturei dagokien aldetik eta bestetik sinpletasunaren balioa eta minimalismorantz jotzea (nahiz eta 1000aldiz jaiota ere ez naizen inoiz minimalista izango!). Bi ezaugarri hauek, nik uste musika elektronikoaren kulturarekin estu lotzen direla. Niri hip-hop instrumentala adibidez, ikaragarri gustatu izan zait beti. Bideo editorea naiz ogibidez, eta azkenean konturatzen naiz horrela pentsatzen dudala. Parteak sortu, pegatu, ebaki, norabideak aldatu...

Moxalen alderdi bisuala ezin dugu ahaztu, funtsezkoa baita eta oso zaindua baitago, edo hala iruditzen zait niri behintzat. Zinema zale handia zara eta David Lynch-en eragina aipatu duzu behin baino gehiago. “Danak Onak”-en bideoan erabiltzen duzun “found footage” moduko irudiek Jonas Mekas-en lana gogorarazi didate. Oso bideo ederra eta iradokitzailea da, eta nolabait aurreko galdera batetan aipatzen nizun haurtzaroko oroimenen kontu horrekin lotzen dut. Zeintzu dira zure eraginak alderdi bisual hori lantzean eta nola lantzen duzu, zein punturainoko partehartzea duzu prozesuan?
Nik ikus-entzuneko arloan egiten dut lan esan bezala eta horren inguruan lagun asko ditut irudiaren mundukoak: aktoreak etab. Labur esateko, bideo batzuk neuk egiten ditut, eta beste asko elkarlan moduan planteatzen ditut.
Beti daukat buruan abesti gehienentzako bideoak, film txikiak, sortzea. Azken garaian konturatu nahiz modu bat dela abestia “bukatu gabe” zegoeneko garai horretara itzultzeko, eta berriz sormenezko harreman bat mantendu ahal izateko abestiarekin… Abestiak, edo disko bat egiteko prozesuan, beti heltzen da momentu bat, zeinetan nolabait “merkaturatu” behar dituzun; merkantzia bat bezala aurkeztu eta mugitu, eta hau da oraindik (eta beti izan da) guzti honen alderdi deserosoena, eta hobeto kudeatzen ikasi behar dudana. Bideok eginaz bilatzen dudana da sorkuntzak berak, istorioak berak, bere bidea egin dezala eta sorkuntzak berak aurkeztu edo “saldu” dezala bere burua, eta ez ni neu interesgarria edo baliotsua dela azaltzen saiatzen naizelako.

Bukatzeko, egoera arraro honetatik piskanaka ateratzen edo ateratzen saiatzen garen heinean, zein plan dauzkazu diskoa zuzenean aurkezteko garaian?
Ba ez daukat plan finkorik; kontzertu txiki bi ditut, bat Gernikao Astran eta beste bat Durangoko herrikoan...biak formatu oso txikikoak. Aukera duen heinean, Aitor Etxebarria izango dut laguntzen...eta momentuz ea nora eramaten gaituen horrek!

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.