Figura deserosoa izanagatik, euskal poesia berritu zuen olerkariaren aldarrikapentzat uler litekeen lana da. Parisen 1920an jaio eta Bigarren Mundu Gerra galdu zutenekin lerrokatu zen idazle madarikatu eta euskaldun berriari bisita ia ezustekoa, ausarta edonola ere.
Ahaztu (edo ez) debate antzuak (edo hain antzuak ez direnak), baina egiozue fabore bat zuen belarriei eta sar zaitezte Mirande proiektuaren abesti abisaletan, iluntasun minimalean, tarteka deserosoetan. Zoazte bere argitxoarekin sakonera urra-ezin horiek argitzen duen arrainerantz, iluntasunean ere edertasuna aurkitzen ahal delako. Segur aski. Nola begiratu XX. mendeko bazterreko olerkari eztabaidagarri honi XXI. mendeko talaiatik? Elena Setienek zuzen eta labur erantzun ditu gure galderok.
· Nola sortzen da Miranderen poemak musikatzeko proiektua? Grande Days taldeak, Xabier Erkiziak eta zuk zeuk osatu duzuen triangeluaz gain, Koldo Almandoz zinegilea ere izan da tartean, ezta?
Proiektua berez sortu zen Grande Days taldeak eta biok Beasainen kartela partekatu genuen kontzertu batean, 2017. urtean. Elkarrekin disko bat egitearen ideia eta, gainera euskaraz, kontzertu haren ondorengo afarian forma hartzen hasi zen. Koldo Almandozek Miranderen testuekin lan egitea proposatu zigun. Eta bere poesian arakatzean erronka oso erakargarria iruditu zitzaigun. Xabier Erkizia Grande Days-en bitartez sartu zen proiektuan, beraiekin lan egindakoa baitzen ekoizle gisa.
· Zergatik Jon Mirande? Bazterreko poeta deserosoa? Aldarrikapen ekintza gisa uler genezake proiektua, hau da, baztertua edo onartua izan ez den poeta baten aldarrikapena? Edo malditismoak sortzen duen erakargarritasunak akuilatuta abiatu duzue?
Batetik, bere lana errebindikatu nahi izan dugu, benetako aitzindaria euskarazko literaturan. Bestetik, bere malditismoaren erakarpenak akuilatuta abiatu genuen proiektua.
· Bere garaiko “euskal inteligentsiak” oro har Jon Mirande baztertu zuen. Ordea, Ez Dok Hamairu eta beste batzuek euskal letretara ekarri zuen modernotasuna eta berrikuntza ulertu ei zuten. Nola heldu, hortaz, Jon Miranderi eta bere obrari XXI. mendeko talaiatik begiratuta?
Olerkari gisa eta ordura arteko euskarazko poesiarentzako oso deserosoak izan zitezkeen alorren ikertzaile gisa, nik uste dut XXI. mendetik Jon Miranderen lanaren garrantzia eta kalitate berritzailea azpimarratu behar ditugula, zuk diozun bezala, Ez Dok Hamairu eta beste batzuek egin zuten bezala.
· Zer irizpide hartu dituzue Miranderen sei poema hauek aukeratzeko eta disko honetara ekartzeko?
Poemek beraiek beren burua aukeratu zutela esan dezakegu. Olerki gehiagotarako material melodiko gehiago zegoen, baina urregintza lan handia egin zen. Denetan poesia onenak aukeratu eta ateratzeko ere, lan eskerga egin genuen. Eta emaitza, nire ustez, Miranderen sei poema bereizgarriren sei abesti izan dira, bakoitzak idazlearen poesiaren alderdi desberdinak jasotzen dituena.
· Diskoaren atmosfera sakona da, inguratzailea, ederra bere ilunean. Miranderen intentsitatea eta, behar bada, deserosotasun hori bilatu nahi izan duzue?
Xabier Erkiziarekin lan eginez gero ezinbestez barneratzen zara gauzen sakontasunean. Beraz, zuzenean intentsitate horretara jo dugu, eta une batzuetan ere, deserosotasun horren bila.
· Grande Days taldeak, Erkiziak eta zuk zeuk osatzen duzuen triangelu honetan, ze papera jokatu du bakoitzak? Nola banatu dituzue eginkizunak?
Oro har, nik konposatu ditut abestiak, Erkiziak ekoizlearen ikuspegia jarri du eta Grande Daysek bere soinu inguratzailea ekarri du bertsio benetan intimista eta minimalista batean.
· Grande Days bere ohiko erregistrotik da akaso gehien aldendu dena?
Beharbada. Uste dut hirurok topo egiten dugun erregistro bat dela. Gutako inor ez litzateke hara iritsiko besteak gabe. Lan honek bere arrastoa utziko du bakoitzaren etorkizuneko proiektuetan.
· Onartu behar dut musika entzule gisa ez naizela poesia eta musika uztartzearen oso zalea. Hau da, poesiak baduela bere lengoaia eta musikak berea, eta lan asko ez direla borobilegiak geratzen. Kasu honetan ordea, eta ez da hitz polit merkeak botatzearren, bategite hori, doi-doia, konpaktua, arrakalarik gabekoa iruditu zait. Zaila izan da Miranderen poemak abestietara moldatu eta ekartzea, musikatzea?
Erabat ados nago poesiak bere hizkuntza eta musika duela. Poema baterako abestiak idazten saiatzen naizenean, bertan dagoen musika hori entzuten saiatzen naiz, eta hortik melodia bat eta harmonia bat ateratzen ditut. Plazer handia izan da Miranderen poementzat abestiak idaztea, eta uste dut Grande Days eta Erkiziarentzat ere prozesua oso emankorra izan dela.
· Dagoeneko zuzenean aurkeztu duzue diskoa Donostian eta gutxienez hiriko hiru “guru” musikalek (Aldarondok, Etxeberriak eta Pagolak), loreak baino ez dizkizuete bota. Esperientzia errepikatuko duzue beste taula batzuetan?
Egia esan, harritu gintuen hiruen harrerak. Guk gozatu egin genuen kontzertu hartan eta errepikatzeko asmoa dugu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.