“Nik egiten dakidana abestiak dira eta hori da nire tresna gauzak adierazteko”
EntrevistasMice

“Nik egiten dakidana abestiak dira eta hori da nire tresna gauzak adierazteko”

Iñigo Basaguren-Duarte — 29-09-2022
Fotografía — Itziar Bastarrika

Argitasuna, urre kolorea eta artista bera zabaltasunean dantzan, hori da MICE, Miren Narbaizaren bakarkako proiektuaren, lan berriak ematen duen ongi etorria. “Lautada” izenburua jarri dio zortzi abestiz osatutako diskoari, bizileku duen inguruari keinu eginez.

Oker ez banago, hau zure bigarren lan luzea da, lehenengoa 2017 urrunetik. Heldu behar zen momentuan heldu dela aipatu duzu. Zein da momentu hori?
Lan hau erritmo eta kapitulu askotatik pasatu da. 2020an hasi nintzen lehenengo zirriborroekin, eta uste nuen urte hartan bertan argitaratuko nuela diskoa. Ez zen posible izan, baina orain onerako izan dela uste dut. 2021eko neguan ekin genion grabazioei, ordurako Gakobeltz Hit Faktoria martxan geneukan eta kantuak asko borobiltzeko aukera eman zigun leku honek. Egiturak, melodiak, instrumentazioa… kantuak eta bera inguratzen edo osatzen dituztenak ertz askotatik begiratu ahal izan genituen. Aurre ekoizpen lan haundia egiteko aukera eman digu eta diskoak eskertu du.

Zer da Gakobeltz? Nola sortu da? Zein helburu ditu?
Urteetan lokala konpartitzen ibili ostean Joseba Baleztena eta biok geuretzako espazio baten beharra genuela ikusi genuen. Geure lanak baliabide minimo batzuekin, geure modura eta modu duinago batean egiteko espazioa. Gakobeltz Hit Faktorian gure eta gure inguruko musikarien lanak ekoitzi eta lantzeko lantegia da. Eta bide batez, prozesuan zehar ikasten jarraitzeko bidea!

Nor izan duzu bidaide lan honetan?
Jende izugarri interesgarria pasa da. Batzuk dagoeneko gertukoak. Joseba Baleztenak izan du ekoizpenaren ardura. Baina baita grabazioarena, nahasketarena. Ikuspegi orokorra berea izan da. Kantuak egin eta berehala lehena izan da entzuten. Aliatua da. Ibai Gogortza ere alboan izan dugu eta zutabe oso garrantzitsua izan da guretzat. Hirugarren ikuspuntu bat oso beharrezkoa da, batez ere, iparra galtzen ari zarenean. Kriterio haundikoa da, gustu musikal apartekoa duena. Hiruron artean jarri dugu makina martxan. Behin erritmoa hartuta, musikari bikainak gonbidatu genituen eta beraiek onartu! Iñigo Telletxea, Ilargi Agirre, Julen Postigo, Mikel Santxez, Felix Buff, Mikel Txopeitia, Iñaki Urbizu “Pela”, Jon Basaguren eta Libe García de Cortazar. Honez gain, Danele Sarriugarte eta Anari Alberdik ere laguntza haundia eman didate hitzak gainbegiratzen.

Lautada izenburua ipini diozu diskari, Arabari egindako keinua da. Inguruak nola baldintztau zaitu pertsonalki eta lan egiterako orduan?
Inguratzen nauen paisaia honek bultzatu du diskoa hein haundi batean; toki eta espazio honetan izan da posible. Espazioa, zerumuga, zabalgune haundi bat, zerua luze zabal hedatzen den lurra baita. Urrunera begiratu ahal izatean, pentsamenduak begibistan izatea ekarri dit, azaleratu dit dena ez bada, asko. Eta argiago ikusi ahal izan dut zer kontatu nahi nuen, zenbaitetan aspaldidanik arrastaka nituen pentsamenduak ziren, emozioak bestetan, hausnarketa hutsak... Ea, ez da ezer berria diodan hau. Inguratzen gaituenak baldintzatzen du bizidun oro. Eta espazioa edo espazio bat izatea gakoa da sortzeko.

Azalean zu agertzen zara lautadako paisaian dantzatzen, urre koloreko figura batzuetaz inguratuta. Lehorte baten ostean jolasean berriz zabiltzala adierazi nahi zenuen. Zer esan ahal diguzu honi buruz?
Berez, Zilar printzak EP-a hurrengo etorriko zenaren gutizia modura aurkeztu nuen. Baina haren ondoren banentorren halako mututasun batetik. Ez neukan ezer kontatzeko. Gogoa izugarria, baina ideiarik bat ere ez. Idazten nuen guztia zaborra iruditzen zitzaidan, sortzen nuen melodia guztia egindakoaren errepikapena. Erritmoa hartzea ere asko kostatu zait. Zirriborro haietatik grabatzeko hainbat saiakera huts izan dira. Hainbatetan pentsatu dut agian ez zela sekula gertatuko! Baina halako batean denak hartu zuten bere pausua. Baina azala aipatu duzunez, disko honen estetika bereziki lantzen saiatu gara izukari diseinatzailearen, Itziar Bastarrika eta June Baonza argazkilarien eta denon artean. Azaleko argitasun hori bilatua izan da, aurrez buruan nituenak beraiekin konpartitu ditut eta urreak eta purpurinak egon egin behar zuten esplizituki ere diskoan. Bai kantetan bai eta diseinuan. Lautadan, zilar printzak urre bilakatu direla sinbolizatzeko modu bat izan da.

“Kanpo begiradak sekulako indarra du gorputzean, baina aldarrikatu nahi izan dut egitearen garrantzia”

Lehen abestia, Ernaltzen, katarsi moduko bat da. Nola izan da horraino heltzeko prozesua?
Luzea! Kantu honek hasieratik izan du beste nonbaitera iristeko nahi bat. Zirriborroak ordenagailuan idatzi nituen, nik ez nekien arren beste tonu batean zegoen kontroladore batekin jo nituen pianoak, eta hasi nintzen ahotsak sartu eta sartu, hamar mila harmonia jolasean. Egitura sinplea du, hazten hazten doa eta konturatzerako lehertu da. Ibai, Joseba eta hirurok oinarri erritmikoan jarri genuen arreta, isiltasunetan… bateriaren kadentzia da gakoetako bat, Ibaiek berak egin zuen lehen bateriaren zirriborra. Oso ondo jasotzen du kontatzen dudan guztia, aurrera egiteko nahia, ernaltzekoa, ernatzekoa, haztekoa. Bidaia bat da, izarrartekoa, Dave Bowman-ek Space Oditty amaieran ikusten dituenak ikusten ditudala.

«Inor begira izanda ere» diozu. Egiten duguna espazio zabalean, zulo beltzean, galduko da? Hala ere, egiteak, ibiltzeak merezi du?
Egiteko ekintza bere horretan neutroa lirudiken arren, baldintzapen mordoa ditu nor zaren, non zauden, nola zaudenaren arabera. Kanpo begiradak sekulako indarra du egiten den guztian. Eta beste behin, espazioaren erabilera agertzen da, eta horren gaineko boterea nor eta zer zarenaren araberakoa da. Eta ikusten dugu nola baliabideak eman nahi diren gorputz bat edo beste izan, berdintasunetik sortu ahal izateko. Baina, aldi berean, segituan epaitzen dugu ondokoa, egurra banatu. Kanpo begiradak sekulako indarra du gorputzetan, baina aldarrikatu nahi izan dut egitearen garrantzia.

Aurpegira begiratu-ren haize sekzioak Morphine taldea ekarri dit gogora. Erreferentzia hori kontuan izan duzu? Zer beste erreferentzia erabili dituzu?
Haizeekin entzun ditugun gauzen artean Tom Zé eta musika beltzagoak egon daitezke oro har. Kantu hau nahiko urrun sentitzen dut Morphinegandik. Kae Tempest, The Roots, Erykah Badu eta Kendrick Lamarr azken urteetan nirekin dabiltza. Baina benetan eskertu dudana zuzenekoak izan dira, talde oso interesgarriak ikusi ditugu azken urtean, Alfa Estilo, Aihotz… orruaka dabiltzan taldeak bereziki eskertu ditut, oxigenokada ederrak dira.

Diskoaren idazketa prozesuan zer musika entzun duzu?
Prozesuan zehar ez dut musika gehiegirik entzun egia esan. Ebitatu nahi izan dut norbaiten antzera sonatzea. Entzun dudan musika ez dut entzun erreferentzia bilatzeko, sonoridade aldetik, kantaera edo arreglo aldetik. Gehiago izan da egiteko moduak, kontzeptuak eta gauza abstraktoen bila.

Iraganari abesten diozula aipatu izan duzu. Bizipenak eta sentimenduak asimilatu behar dituzu hauei buruz abestu baino lehen? Musikak nola laguntzen zaitu prozesu honetan?
Batzuetan denbora bat behar izaten dut emozioak distantziatik ikusi eta horietaz idazteko. Eta bestetan bat bateko bulkada batez idazten ditut. Nik egiten dakidana abestiak dira eta hori da nire tresna gauzak adierazteko.

Zure buruarekin eta zure buruaren kontra abesten jarraitzen duzu?
Sentitzen dudanaren eta adierazten dudanaren artean sintonia izaten saiatzen naiz, zintzotasunez adierazten. Horrek ekarri dezake neure buruarekin abestea eta ekarri dezake kontra egitea. Baina helburua berbera da bi kasuetan, baretasuna.

Diskoa Lautada abestiarekin amaitzen da. Hasi eta bukatu oso modu introspektiboan/intimoan egin duzu. Bilatua izan da?
Hasiera eta bukaera, biak dira nahiko barnera begiratzekoak. Eta biak beraien lekua aspaldi zuten nire buruan. Batak hasi eta besteak bukatu. Ernaltzen bidaiaren hasiera da, leherketatik hurbilago dago. Bide ematen dio prozesuan zehar sortu diren kantuei, banan banan agertzen doaz nor bere tematikarekin. Bukaera Lautadarekin amaitzen da, bakean, maitasunean, baretasunean.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.