"Beti saiatzen naiz hitzen musika aurkitzen, baita musikaren hitzak ere"
EntrevistasMaite Larburu

"Beti saiatzen naiz hitzen musika aurkitzen, baita musikaren hitzak ere"

Iñigo Basaguren-Duarte — 24-11-2021
Fotografía — Ainhoa Resano

Maite Larburu (Hernani, 1979) mila saltsatan sartuta dabil, antzerkigintzan zein musikagintzan. Azken honetan lagunartean zein bere kabuz ibili ohi da. Bakarka kaleratzen duen laugarren lana dugu "Krak" (Zart, 2021) eta krakatekoak diren hamar abesti eta Itoiz-en bertsio bat aurkituko ditugu bertan. Azken lan honi buruz, bizitzak ematen dizkigun zaplastekoei eta sortzen diren arrakalei eta beste hainbat konturi buruz hitz egin dugu berarekin.

Zure azken lanak Krak du izena eta haustura bat bezala hasten da. Abestiaren erdian erritmo aldaketa bortitz bat dago, krak bat. Zein da apurketa horren atzean dagoen esanahia?
Lehenengo kantu hori pandemia betean idatzia izan zen eta izugarrizko zama sentitzen nuen, beherantza eramaten ninduena. Horregatik nahi nuen abesti bat idatzi goruntz eramango ninduena. Kantuak zera dio: «Hutsaren iparorratzean/ezker ala eskuin/igarri zain» eta gero, erritmo aldaketa datorrenean, zera esan nahi dut: Ez ezker, ez eskuin, beti gora. %70-ean ura baldin bagara, lurruna ere bagara eta lurrunak beti gora egiten du. Hor burbuilekin obsesionatu nintzen eta burbuilak O letra direnez, hor hasi nintzen OOOOO kantatzen nolabait gorantz egiteko asmoarekin.

Hausturak ez dira beti traumatikoak izan behar, askotan katartikoak ere badira. Anarik esan bezala: «Erori banaiz ere gorantz erori naiz».
Bai, guztiz. Gorantz erortzea posiblea balitz, horretan saiatu beharko genuke. Nahiz eta guk dena daukagun eta oinarrizko beharrak asetuta ditugun, bizitza latza da askotan. Horregatik gorantz erortzen ikastea edo, behintzat, perspektiba aldatzea eta edalontzia erdi beterik ikustea, erdi hutsik ikustea baino, gure aukera bakarrenetakoa da. Horregatik oso garrantzitsua da hori gogorarazten diguten gauzei eustea.

«Pitzaduratik loreak jaio dira» esaten duzu zuk abesti batean.
Gizakiok beti segurtasuna bilatzen dugu, gure gizartean are gehiago. Guk dana daukagu ziur, dena daukagu eskura. Horri eusten diogu horrek zoriontasuna emango digulakoan. Baina gero bizitzak zaplasteko bate ematen dizu eta hor dator haustura, krak, eta horrek ematen dizu zoriontasuna. Gure egoa puzten dugunean, edo digutenean, oso zaila da zerbait interesgarria sortzea. Baina zaplastekoa datorrenean, umil jokatu eta mundu honetako beste zomorro bat baino ez zarela ohartarazteko balio dizu. Oso garrantzitsua da hori bizirik sentitzen jarraitzeko.

Zurea krak isil eta garratz bat dela diozu, baina indarra nabari zaio.
Hori Amua antzezlaneko pertsonaia batek esaten du eta horiek dira, askotan, mingarrienak. Niretzat diskoa krak bat da, baina isila inolaz ere ez. Garratza izan daiteke, batzutan.

Urte askotan Herbereetan bizi izan zara eta han kraker hitzak okupa esan nahi du. Zuk esaten duzu guztiok okupak garela mundu honetan, bizitza momentaneoki okupatzen dugula.
Horrela da. Etxe bat okupatzen dugu, bizitza bat okupatzen dugu eta espazio bat okupatzen dugu. Azken finean bagatoz eta bagoaz. Herbereetan 16 urtez egon nintzen eta bizi nintzen etxea, etxe okupa bat izan zen, lehendabiziko etxe okupa feminista. Udalarekin akordio batera heldu eta etxebizitza soziala izan zen. Nik asko zor diot okupa mugimenduari. Okupak oso jende ausarta iruditu zaizkit beti. Diskoaren izenaren bila nenbila arrailak edo pitzadura hitzak zetozkidan burura, baina krak aukeratu nuen onomatopeiaren esanahiagatik eta neerlanderaz duen esanahaiagtik. Oso esanguratsua iruditzen zait.

Bitxia onomatopeia batek zenbat gauza esan ditzazkeen eta zelan zuk horrekin jolasten duzun.
Nik uste krak oso argia dela. Esan dizudan bezala, izenburu desberdinak nituen buruan, baina goiz batean jeiki eta krak izango zela erabaki nuen, laburra eta zuzena delako.

Orain hiru urte itzuli zinen Euskal Herrira. Hori nola isladatu duzu diskoan?
Niretzat, agian, itzulera gehiago isladatzen da Hezurren azpian (Gaztelupeko Hotsak, 2019) diskoan. Oraingoan itzuleraren ondorioz garatu den jaiotza bat isladatzen da. Krak ere bada urak apurtzen direnean, erditzerakoan, sortzen den hotsa eta jaiotza bat ere bada diskoa. Ez bakarrik atzerritik itzuli naizelako, baizik eta pandemiak nire bizitzan sortu duen krakaldiagatik. Nire pandemia aurreko bizitza guztiz desagertu da. Nik lehen etengabe bidaiatzen nuen, Europan emanaldi asko nituelako, eta urte t’erdi daramat hegazkinik hartu gabe. Niretzako oso gauza bitxia da. Europa erdialdean etengabe lanean ibili ondoren, orain Euskal Herrian bakarrik ari naiz lanean. Aldaketa handia da, jaiotza berri bat.

Zelan moldatzen zara eremu mugatu honetan?
Oso ondo, egia esan. Lanbide berri bat deskubritu dut, ni ez baitnaiz aktorea, baina horretan nabil. Amua antzezlanari baiezkoa ematea mirari baten antzekoa izan zen. Pandemia hasi baino hilabete batzuk lehenago eman baitnuen baiezkoa, musika emanaldi asko nituen garaian, eta horrek esan nahi zuen ezingo nintzela Europa erdikaldera nahi beste joan antzinako musika jotzera. Azkenean baiezkoa eman nuen eta hemen lanean aritzeko eta lanbide berri bat ikasteko aukera izan da.

Hiru urte hauetan asmatu duzu hemengo edo nongoa zaren? Zalantza hori izan baituzu askotan.
Pandemia iritsi den arte ez naiz hemen benetan sustraitu. Orduan hasi nintzen bizilagunak ezagutzen. Euskaldunekin lanean hasi naiz ere. Hemengoa naizela argi dago. Hemen jaio nintzen eta nire ama-hizkuntza hemengoa da. Hala ere, asko kostatzen zait nire burua nonbaiten klasifikatzea. Niretzat hemengoa mendia eta ama ziren, etxekoak eta hizkuntza, hori baitnuen faltan gehienbat Herbereetan. Urte guzti hauetan nire sorkuntza erdizka egin nuen ingelesez eta euskaraz. Orain soilik euskararekin nabil.

"Asko kostatzen zait nire burua nonbaiten klasifikatzea"

Hitzetan kolaborazioak izan dituzu, hitzak idazterako prozesuan ez zaude bakarrik.
Idazteko prozesuan bakarrik egon ohi naiz, baina guztiz bakarrik ez. Lan honetan Harkaitz Canoren hitzak dituen abesti bat dago eta beste bat Raymond Carverren olerki bat da, Harkaitzek berak itzulia. Amua antzezlanaren gidoiarekin egindako beste hitz bat dago ere bai. Dena den, Harkaitz beti hor dago. Nire abestiak beti bidaltzen dizkiot, berak ondo ezagutzen nau eta badaki ni nola kitzikatu. Bera bezalako pertsona bat alboan izatea niretzat izugarria da asko miresten dudalako.

Zelako garrantzia ematen diezu hitzei?
Musika munduan denetarik dago. Badago hitzei inolako garrantzirik ematen ez dionik, agian soilik melodiari. Nik uste dut musikariek burmuinaren beste atal bat erabiltzen dugula eta hitzak bigarren plano batean uzten dira. Dena den, uste dut Euskal Herrian garrantzia handiagoa ematen diegula hitzei, again bertsolaritzagatik. Baina bada entzule asko musikara hitzekin lotzen dena. Nik hitzei garrantzia ematen diet, noski, baina niretzat ere onomatopeia batek mezua izan dezake, abesti batentzako hitza izan daiteke. Hitzak onomatopeietatik sortu dira. Adbidez «lurra» hitzan nik «r» guzti horietan lurra irudikatzen dut. Musika ere hizkuntza bat da eta hitzak ere badu musika. Beti saiatzen naiz hitzen musika aurkitzen, baita musikaren hitzak ere. Asko gustatzen zait hitza erabiltzea, hitza musika bihurtzeko, baita musikaz hori laguntzea hitz hori indartzeko.

Abesti baten hitzak Aldabako Arizmendi baserrian azaldu edo aurkitu omen zenituela diozu.
Fikzio bat asmatu dut benetan gertatutako kontu baten inguruan. Kontatzen ditudan gertakariak nire amonari gertatu zitzaizkion, berak kontatzen zigun istorio hori. Beraz, bertso horiek nire bizitzan amonak ekarrita agertu dira. Amona aipatu duzun baserri hartatik etorri zen. Niretzat ariketa bat izan da saiatu naizelako nire amonak kantatuko lukeen bezala kantatzen, zer neurri erabiliko lukeen asmatzen. Nire irudimena ez ezik, jendearen irudimena ere pizten du abesti honek.

Hitzetan ez ezik, musikan ere laguntza izan duzu.
Garazi Navasek lagundu nau abesti batean akordeoiarekin. Niretzat Garazi altxor bat da, tradizioa eta modernitatea bikain uztartzen dituelako. Diskoarentzako koloreak pentsatzen ari nintzela, zer kolore erabili, zein instrumenturekin lagundu, Arrailak abestirako Garaziren akordeoia sartzea erabaki nuen. Nire amonak harmonika jotzen zuen eta akordeoia harmonika erraldoi bat da. Krak kanturako ere bere partehartzea izan nuen. Nik uste kolorea ematen diola diskoari. Diskoan Carlos Taroncher eta Karlos Aranceguik ere parte hartu dute, lehenengoak klarinete baxuarekien, besteak perkusioan. Zuzenekoetan bi Karlos-en laguntza izango dut, hirukotea izango gara. Ondo moldatzen gara hirurak. Aranceguirekin Hezurren azpian diskoaren zuzeneko emanaldietan hasi nintzen kolaboratzen. Argi neukan perkusionista bat nahi nuela, baina bateriarik ez. Lagun batek gomendatu zidan, entsegu bat egin genuen eta aurrera. Oso gustora nago berarekin, bere jotzeko modua oso heterodoxoa da eta. Bateria txiki bati perkusio set bati aterako lizkiokeen soinuak ateratzen dizkio. Karlos pedalekin inbestigatzen hasi da eta oso efektu politak lortzen ditu. Uste dut zuzenekoa oso interesgarria dela, oso formazio bitxiarekin.

Pozik zaude lehenengo kontzertuekin?
Irailan topera ibili ginen. Guztira lau aurkezpen egin genituen, tartean Gazteszenakoa, guretzat garrantzistuena izan dena. Lehenengo bi kontzertuetan pixka bat sufritu genuen eta gero hobeto sentitu gara. Ohikoa da horrela sentitzea disko berri bat aurkeztean. Hurrengoetan lasaiago egongo naiz, baina lehenengoetan urduri samar ibili ginen.

Beste hainbat emanaldietan zabiltza, ezta?
Bai, gelditu gabe. Orain Amua antzelanarekin nabil lanean eta horrekin emanaldi pila bat ditugu. Azken bi asteetan bederatzi emanaldi eman ditugu. Eromena izan da. Ahal den bezala egiten zaio aurre honi. Orain nahiko ondo nabil, ikusiko dugu geldituko naizenean.

Zelan kontzertuak?
Sentipen kontrajarriak dauzkat. Pandemia garaian, zorionez, guk emanaldiak eman izan ditugu. Nire zirkuto ohia den hori, Europakoa, guztiz geldirik egon da eta zorionez hemen kontzertuak egin ahal izan ditugu, mugekin bada ere. Egia da aforo mugatuak eta sold out-ak oso erraz gertatzen zirela eta horrek babes pixka bat eman zidan. Orain, aforo irekiarekin, etorri zaigu zaplastekoa. Orain berriz hasi dira aretoak ez betetzen eta badirudi pandemia garaikoa espejismo moduko bat izan dela. Pandemia aurretik zetorren tendentzia bat areagotu da.

Bertsio bat aukeratu duzu diskoari amaiera emateko, Itoiz-en As Noites Da Radio Lisboa. Abesti oso polit baten bertsio oso polita lortu duzu.
Eskerrak eman behar dizkiot, berriz ere, Harkaitz Canori. Berarekin "Fruitu Arraroak" izeneko ikuskizuna egiten dut eta proiektu honetarako sortu nituen hainbat kantu azken disko honetan sartu ditut. Ikuskizunarekin bat eginik fruitu arraroak edo gauza bitxiak ekartzen genituen. Harkaitzek Ulises-en Iliadaren zati bat irakurri nahi zuen eta Itoiz-en abestiaren bertsioa egitea proposatu zidan.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.