Ez da erraza Maite Larbururen lehen bakarkako lana definitzea. Josh Cheathamekin Neighbor taldean egin beharrekoak oraingoz alde batera utzita, bakarka ekin dio. Amsterdam utzi eta Hernanin bizi da orain, bere lanbideari berdin zaion arren non bizi den: “Amsterdam zen nire base, orain Hernani da. Europa erdialdeko antzinako musika taldeen zirkuituan egin dut lan orain arte. Horretan dihardut eta horretan jarraitzea espero dut”, azpimarratu du.
Aurretik aipatu bezala, zaila da Larbururen disko hau definitzea eta “pop” kontzeptua aipatuta, ez dator guztiz bat horrekin: “Melodia nirekin beti egon dela esango nuke nik... eta iruditzen zait melodia ez dela poparen jabetza besterenezina. Agian, disko honetan eta aurrekoan, rockera ere hurbildu naizela esango nuke. Pittin bat”, eta horrekin oso ados. “Estilo bereizketa” zail egiten zaiola aitortzen du, halere, musikari gipuzkoarrak. Ezin adosago, ere, trobadorearen ideiarekin: “errenazimendu garaiko artisau haien antzerako zerbait izatea gustatuko litzaidake; hitzen esanahiari, ahalik eta melodia, erritmo eta armonia kolore egokiena janztea. Konkretua eta abstraktua uztartzea”.
“Hori” da lerrook idazten dituenaren abesti kuttuna; barru-barrura arte sartu zaidala aipatu eta 70eko hamarkadako bakarlarien tradizioa ezin hobeto gaurkotu duela. Berak ere, “Crosby, Stills, Nash eta Young koruak egiten” imajinatzen ditu gurasoei eskainitako kantuan: “agian zuzenekoetan jotzeko ere ez naiz gai izango... emozioa ez da beti lagun”.
Hitzei dagokionez, “surrealismo printzak” dira nagusi eta aipagarria da Harkaitz Canoren ekarpena, bi kanturen hitzak bereak baitira eta beste bi lau eskutara idatzi ditu Larburu berarekin batera: “Ni izan da, nire kantu bihurtzeko. Eta Cano idazlearen maisutasunaz, gainera! Harkaitzen hitzek ez dute musikarik behar, musika dira… enbarazu gehiegi egin ez izana espero dut”. Gauza bera pentsatu dugu, bada, guk elkarrizketa amaitzean. Halere, ezin amaitu zuzeneko tandema aipatu gabe, Aida Torres eta Beñat Iturrioz perkusio-joleekin batera, Carlos Toroncher arituko da klarinete baxuan.
Datozen kontzertuak:
Maiatzaren 30ean, Gasteizko Kafe Antzokia (Farelina): 19:30ean
Ekainaren 6an, Iruñeko Patio de los Gigantes: 20:30ean
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.