"Disko honen erronka nagusia geure buruak konbentzitzea izan da"
EntrevistasMadeleine

"Disko honen erronka nagusia geure buruak konbentzitzea izan da"

Xabi Doncel — 07-11-2018
Fotografía — Ibon Harrier

Hiru urteko isilaldiaren ostean, Kutxa Kultur bekaldia aitzakia perfektua izan da “piztia esnatzeko” eta Madeleinek lehen bi diskoei jarraipen ezinhobea emateko.

Azken urteak zazpi kantutan bildu dituzue. Egia esan, pentsatzen genuen taldea “lo” zegoela, baina tira, zerbaitetan ibili zarete, ezta? 

Konturatzerako, azken kontzertua 2015ko uda hasieran egin genuen. Diska berrirako kantak prest genituen ordurako, baina taldekide baten osasuna zela medio, bertan behera utzi genuen grabaketa. Taldea ere ez zegoen momenturik onenean, nor bere gustuak garatzen ari baikinen, eta konposatzerakoan asko kostatzen zitzaigun guztion barrenak asetzea. Proiektua lozorroan geratu zen beraz, eta taldekideok proiektu berriei ekin genien: Gartxot John Berkhout eta Bi zaldirekin burubelarri hasi zen, Jago eta Benik Pantani sortu zuten eta ni Pastoriza Anaiak, Bananas eta Reuben RG-n aritu nintzen Gartxotekin batera. Lanak, bidaiak, harremanak eta bestelako kontuak tarteko, erdizka geratu eta garatutako kantei ez genien berriz heldu Kutxa Kultur bekarako aukeratu gintuzten arte, iazko ekainean. Aitzakia bikaina izan zen piztia esnatu, ideiak birrantolatu eta zuzenekoatara itzultzeko.

Post-rockaren etiketapean egon daitezke kantu guztiak (badakit zuek ez duzuela etiketa hori maite), baina disko oso-oso irekia iruditzen zait. Hau da, genero horri dagokien topikoetatik aldentzen zaretela uste dut.
Bai, agian askotan guk geuk jarri diogu etiketa post-rock etiketari berari. Hau da, zail dela esatea zer sartzen den post-rockaren barnean… Egia da aurreko diskoak gertuago zeudela post-rock hegemoniko horretatik (ahots gutxi edo bat ere ez, paisaia oso melodiko, emotibo eta luzeak, etab.), eta zama hori badaramagula, baina oraingoan kanta borobilagoak egiten saiatu gara eta, bistan dena, ahotsari garrantzia askozaz ere handiagoa ematen. Ez nuke esango zerbait berezia egiten ausartu garenik; disko honen erronka nagusia geure buruak konbentzitzea izan da: “bai, ahotsa lauroi betidanik gustatu izan zaigu eta sartu beharra daukagu”. Etiketen kontuarekin barre mordoa egin izan dugu, egiten dugu eta egingo dugu; ez diogu alperrik Postrock deitu ahotsik ez duen diskoko kantu bakarrari.

Aurrekoarekin lotuta, ahotsak badu protagonismo berezia. Horrek ere, nolabait, apurtu egiten du aurreko lanekin. Esango nuke taldearen oinarrietako batean bihurtu dela ahotsa. Nola ikusten duzue?

Aipatu bezala, oso ahots-zaleak gara laurok. Txiki-txikitatik entzun izan ditugun talde guztiek ahots oso melodikoak dituzte (izan euskal folklorekoak, izan gazteagotan entzungo genituen punk-rock amerikarrarenak), baita orain entzuten ditugun hainbat estilo ezberdinek ere, beraz pausu naturala izan da. Gainera, hiru diskoei begiratuz, ikus daiteke progresioa ahotsaren pisuan… ez da bat-bateko gauza izan. Eta horri bi faktore gehitu behar zaizkio: Gartxotek azken urteotan bere mila proiektuetan garatu duen ahotsarekiko miresmen eta itsukeria (sanoa) eta Itzalen kanturako nahi eta ezinezko desio erreprimitu bat 😉

Grabazioa Eñaut Gaztañagaren estudioetan egin duzue. Nola joan da? Kanpotik zuek bezain “open minded” dirudi. 

Eñaut artista izugarria da. Orain urte gutxi ezagutu genuen, Grisesen zuzeneko batean, eta beti miretsi izan dugu musikari gisa. Inoiz zuzenean ikusi duenak badaki soinua nola zaintzen duen eta ze profesionaltasunekin aritzen den taula gainean, eta estudioko lanean ere berdin aritzen zela esana ziguten ingurukoek zein bere lanek. Gure aurreko lanetan utziagoak edo, nolabait, konformistagoak izanak ginen soinuarekin, baina argi genuen hirugarren honek soinu puska merezi zuela. Osagai guztiei gehitu seguru asko garrantzitsuena: Madeleinen fana zen. Argi eta garbi genuen.

Konfiantza pixka bat bagenuen berarekin ordurako, eta izugarri erraza izan da berarekin lan egitea. Teknikaria bilatzerakoan bagenekien, eroso sentiarazteaz gain, konposaketan bustiko zen norbait nahi genuela, ideiak zein soinu ezberdinak probatzen lagunduko ziguna; eta horretan maisua da Eñaut. Marka bada ere, hiru urteren ondoren, detaile eta soinu batzuk erdizka genituen estudiora sartu ginenean, eta asko lagundu digu.

Zuen lehen diskoa 2009an kaleratu zen oker ez banago. Orduan espektatibak oso altu izan ziren zuen inguruan eta ez zenuten hutsik egin. Sekulako indarra azaldu zenuten zuzenean bai Euskal Herrian baita kanpoan ere. Orain gauzak beste modu batera hartzen ari zaretela ematen du. Aldatu al da lan egiteko modua Madeleinen?
Esango nuke, izatekotan, espektatibarik handiena azken lan honekin izan zitekeela. Baina ez diskoagatik, baizik eta taldearen izaeragatik. Zer dira, nola itzuli dira Madeleine. Zertan aritu dira. Bizipen eta musika-sentsazio oso ezberdinak izan ditugu lozorroan egon garen urte hauetan, eta orain arte Madeleine izan denaren inguruan dezente hausnartu ere bai. Atzera begiratuta, zorioneko sentitzen gara, ezin diogu alboan izan ditugunei eskerrak emateari utzi. Asko egin dugu, geure txikian. Baina erosotasunean erori eta erronka handirik gabe aritu garela ere ikusi dugu, hainbat arrazoirengatik: bat, antolakuntzan desastre bat garelako; bi, gauza askori merezi duten garrantzia eman nahi izan ez diogulako; hiru, geure buruan sinetsi ez dugulako. Kontziente gara anbizio falta bat bagenuela, amesten genituenak ezinezko ikusten genituela, urteetan zehar horren errua gure hautu musikalari eta testuinguru sozio-kulturalari bota diogulako.

Beraz argi genuen, Madeleine esnatzekotan, ondo gosalduta esnatuko zela. Gauzak txukun egitera. Orain arte sare-sozialik ia ez genuen erabiltzen, genituen argazkiak hala moduzkoak ziren, ez genuen arte-diseinatzaile batekin sekula lanik egin… pentsa, bideoklipik ere ez ia 10 urtean! Ez dugu esan nahi hauek guztiak ezinbesteko direnik, ezta gutxiago ere, baina uste dugu lagundu egingo digutela; eta saiatu gabe ezin dugu geratu.

Hemendik aurrera ze plan?
Ilusio berriz, jende eta leku bereziak ezagutzen jarraitzea. Kontzertuekin hasteko barnean kabitzen ez zaigun gogoa dugu, baita laurok furgoneta xahar batean elkarrekin bidaiatzeko nostalgia ez-hain-aspaldiko hori ere... Hori bai, guztia orain arte ez bezalako fundamentuarekin.

Hurrengo kontzertuen datak:

Azaroak 16 - Zumaia (Gaztetxea)
Azaroak 17 - Zestoa (Gaztetxea)
Abenduak 5 - Durangoko Azoka
Abenduak 15 - Oiartzun (Pagoa)
Urtarrilak 12 - Bilbo (Satélite, T)
Otsailak 3 - Gernika (Iparragirre)

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.