“Ez zen helburu kontzientea hitz aldarrikatzaileak idaztea”
EntrevistasLumi

“Ez zen helburu kontzientea hitz aldarrikatzaileak idaztea”

Jaione Dagdrømmer — 08-07-2022
Fotografía — Louis Triol

Ur gaziak dena sendatzen omen du: izerdiak, malkoek zein itsasoak. Elementu hauei musika ere gehitu diete, Nahia eta Manuk, Lumiren “Bezperen dirdira” disko berrian. Itsasoa inspirazio iturri hartuz mundura eta barnera so egin dute, errealitatea eta ametsen mundua uztartuz, melodia organiko eta sintetikoak erabiliz.

Eider Rodriguez idazlearen esaldi ezagun bat da “itsasoa da bide bakarra”. Zuentzat ere protagonista erabatekoa da itsasoa disko honetan, ezta? Zergatik?
Batetik, biak itsasbazterrean handitu ginen, eta beti izan dugu hurbil. Nahia osabarekin itsasontziz anitz ibilia da, haurtzaroan eta gaztaroan, Bretainia aldean uhartez uharte, ala euskal kostaldean, baita Galiziaraino ere, belaontziz.

Horrez gain, diskoko kantuak bilakatu diren olerkiak Nahiak idazketa egonaldi batean idatzi zituen, eta gai hori proposatu zuen olerkien hari. Guretzat, itsasoak irekidura ekartzen du, baina barnera so egiten ere anitz laguntzen du. Gure musikan bezala, itsasoan badira bai desordena, bai osotasun antolatua. Hortaz, inspirazio iturri agorrezina da.

Itsasoak aurpegi asko izan ohi ditu, zein da lan honetan nabarmendu nahi izan duzuen alderdi nagusia?
Ez da itsasoaren bisaia bat besteak baino garrantzitsuagoa. Aurpegietako bat baino, aniztasun hori da argitan eman nahi izan dugu. Itsasoa aldi berean gure oroitzapen goxoen eremua da, plastikoaren helmuga tristea, kezken eta haserreen lasaigarria, gehiegizko turismoaren erakarlea… Aniztasun horrek ematen dio, hain zuzen, indar hain berezia.

Itsasoak abentura eta bidaiak ere inspiratzen ditu. Zer nolako bidaia dela esango zenukete disko hau entzutea?
Guk gure izaerekin sortu dugu diskoa, bion nortasunak batuz, organikoarekin eta sintetikoarekin esperimentatuz. Guretzat sorkuntza prozesu hori bidaia ederra izan da. Orain diskoa kalean da, eta entzule bakoitzak bere bizipenen, izaeraren eta gogoen araberako bidaia eginen du entzutean. Espero duguna da ahal bezainbat jenderi bidaiatxo bat eginaraztea.

Zein berritasun dakartza?
Guretzat, disko honek berritasuna, aitzinekoekin konparatuta, esperimentazioan urrunago joatea izan da. Gitarra baztertu dugu, Nahiak ahotsa askoz gehiago tratatu du; Manuk ere, ordenagailua utzi, eta sintetizagailu modularrari utzi dio lekua. Horrek guztiak soinu bereziagoak, pertsonalagoak, sortzeko parada eman digu.

Itsasoa egungo gai sozial askoren testigua ere bada diskoan: errefuxiatuak, turismo gehiegikeria… zuen diskorik aldarrikatzaileena dela esango zenukete?
Baliteke, bai. Itsasoa gaitzat hartu izanak, itsasoak sortzen dituen egoerei buruz gogoetatzera eraman du Nahia. Berez, ez zen helburu kontzientea hitz aldarrikatzaileak idaztea, baina mundu honetan bizi gara, ezin da ezikusiarena egin.

Kontrastez beteriko musika da zuena. Euskal abesti herrikoiak atmosfera elektronikoekin uztartuz. Hasiera batean kontrajarriak diren elementu horiek nola uztartzen dituzue?
Efektuek anitz laguntzen dute ahotsa arraro bilakatzen eta soinu sintetikoekin nahasten. Gisa berean, soinu sintetikoei kutsu organikoa ematen saiatzen gara. Baina guretzat, berez, euskarazko kantuak eta musika elektronikoa ez dira kontrajarriak. Ditugun tresnekin ari gara, besterik gabe; hots, euskararekin, ahotsarekin eta makinekin. Eta egia erran, anitz jostatzen gara!

Pasarte ederrak ditu lanak, beste ilunagoekin tartekatuz. Geruza anitzez osaturiko diskoa da. Detaile txikiz eratzen da. Egun guztiak apreziatzeko arreta nahikoa baduela entzuleak uste al duzue?
Arreta maila guztiak ongi etorriak dira! Interesgarria iruditzen zaigu, hain justu, bigarren, hirugarren, laugarren aldian kantu bera entzun eta ordu arte entzun ez dituen detaileak entzun ahal izatea entzuleak. Guk ere entzule gisa gustukoa dugu hori.

Nola edo non entzutea gustatuko litzaizueke entzuleak disko hau?
Lehen-lehenik, zuzenean, gure parean, diskoko kantuak zuzenean jotzeko pentsatuak izan baitira, eta diskoa bera ere zuzeneko baldintzetan grabatu baitugu, kasik post-ediziorik gabe. Bestela, testuinguru oro izan daiteke egokia; gau ilunean lagun artean, bakar-bakarrik kaskoa jantzirik, autoan paisaiari begira… soinua ona bada, noski!

Niri pertsonalki, pasarte batzuetan kutsu erlijiosoa duela ere iruditu zait, hori bilatu al duzue?
Ez dugu batere horrelakorik bilatu, ez! Baina Nahiak igande goiz anitz pasatu ditu elizan haurtzaroan, baita gaztaroan ere, igande goizetan jaikitzea ere hain zaila egiten den garai horretan, eta elizako kantuek sermoiaren pisua arintzen zioten maiz. Horregatik izan daiteke, beharbada…

Musikalki zein izan dira zuen erreferenteak?
Radiohead eta Björk, Arca, Juana Molina, Maria Arnal i Marcel Bages; baina egia erran, musikariez gain, edo beharbada musikariak baino gehiago, natura anitz entzun dugu diskoa prestatzean: baratzeko zozoa, haizea, itsasoa… Horietan oinarrituz, sample anitz sortu, tratatu eta baliatu ditugu diskoan.

Zein da zuentzat diskoko abestirik bereziena?
Disko horretan ez dugu kantu kutunik. Diskoa osotasun gisa ikusten dugu, eta kantu bakoitzak hurrengoa ekartzen du, non zaila izan baitzaigu aurrerapen kantuak hautatzea ere.

Zuen mundua eraikitzerakoan ahotsa atmosfera bereziak sortzeko beste tresna bat gehiago da. Eta tresna hori euskara hutsez ari da. Zer eskaintzen dizue euskarak beste hizkuntzek eskaintzen ez dizuetena?
Guretasuna. Hizkuntza bakoitza mundua pentsatzeko eta sentitzeko molde bat da, eta gurea euskara da.

Urte luzeetan rocka izan da nagusi gure eszenan. Egun hainbat estilotako proiektuak azaldu dira. Euskaldunak prest al gaude elektronika proiektu baterako?
Bai, noski! Eta Lumi ez da horretan lehena! Ez dugu hormarik ikusten estiloen artean. Edozein estiloko musikak hunki gaitzake gu, eta uste dugu gauza berriak entzutea zinez aberasgarria dela, euskaldunok ur berria behar dugu, bertzeek bezala! Euskaldunen artean, beste herrietan bezala, izanen dira prest direnak eta prest ez direnak. Lorpen ederra litzateke prest ez diren horiei ere interes doi bat piztea.

Irudia ere zaintzen duzuenetakoa zarete. Berau gabe egun musika ulertzea ezinezkoa dela uste al duzue?
Ikusmenak gero eta gehiago sartzen du eskua entzumenean. Musika, bideorik gabe, gero eta gutxiago entzuten da, eta hori ere kontuan hartu behar da. Ez zaigu beti erraza; gure irudia ez dugu bereziki zaintzen, baina estetika, arte forma gisa, musikarekin koherentzian ezartzen saiatzen gara, diskoen diseinuan eta bideoklipetan, adibidez. Jolasteko beste parada bat da, azkenean!

Zuzenekoetara nola eramango duzue diskoko soinua? Nolakoa da Lumiren kontzertu bat?
Erran bezala, diskoko kantuak zuzenekorako pentsatuak dira, eta zuzeneko baldintzetan grabatu ditugu. Beraz, kasik kontrakoa da egin duguna: zuzenekoa diskora ekarri. Zuzenekoak badu zerbait diskoak ez duena: aldakortasuna. Soinuak zuzenean tratatzen ditugunez, egunaren eta umorearen arabera desberdin ateratzen da beti.

Disko honekin zein helburu betetzea gustatuko litzaizueke?
Guretzat, diskoen helburua beti da entzule gehiagorengana iristea, eta kontzertuetan entzuleekin partekatu duguna iraunaraztea. Beraz, disko honen xedea ere ahal bezain toki anitz eta ederretan jotzea eta jende berria ezagutzea da: entzuleak, musikariak, antolatzaileak, orotariko artistak…

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.