“Diskoa bi kontzeptutan oinarritu dugu: haustura eta hutsa”
EntrevistasLiher

“Diskoa bi kontzeptutan oinarritu dugu: haustura eta hutsa”

Iñaki Lasa — 10-11-2021
Fotografía — Irantzu Pastor

“Hemen herensugeak daude”-ren zikloa pandemian galduta, lan berria esku artean duela ailegatu da Liher urte amaierara. Aurrekoa baino “argitsuagoa” eta “baikorragoa” da “Eta hutsa zen helmuga”, taldearen laugarrena. Bi ideia ditu ardatz, pandemiak eragindako orbaina, batetik; baina horrek utzitako irakaspenaren eta kolektibotasunaren irakaspena, bestetik. Haustura eta hutsa. Eta musika, beti musika. Lide Hernando abeslariarekin eta gitarristarekin hitz egin dugu.

Elkarrizketa atzera begira hasita, “Hemen herensugeak daude” 2020ko otsailean argitaratu zenuten. Eta ondo dakigu zer gertatu zen ondoren: pandemia. Bazen, nolabait, ordura arte ondu zenuten anbizio handieneko lana, eta ezin izan zenuten oholtza gainean nahi bezala defendatu. Ia bi urte geroago, nola bizi duzu hori guztia?
Diskoa otsailaren 28an argitaratu genuen, eta Euskal Herrian ez genuen kontzerturik emateko aukerarik izan. Lehendabiziko kontzertuak Alemanian eta Suitzan eman genituen, pandemia iritsi zen, eta etxera itzuli ginen. Hau da, Euskal Herrian ez dugu kontzertu bat bera ere eman jendearekin zutik. Bira osoa erritmo baxuan egin dugu. Gogoan dut kontzertu bakarrean lortu dugula 300-400 zale biltzea, eta hori izugarria izan zela. Ez gara iritsi, ezta gutxiago ere, diskoa grabatzen ari ginela zehaztu genituen helburuetara. Kolpea izan da. Ez dut uste horrelako kolpe handirik jasoko dugunik berriro.

Ezin timing okerragoa aukeratu.
Gure kasuan, hirugarren lana zen, eta ados nago anbizioarenarekin, bagenuen kristoren lana egiten ari ginenaren sentsazioa; eta ea zaleek balioetsiko zuten lan hori. Pandemia iritsi zen, eta une horretan jendea ez zegoen disko bateko lana aintzat hartzeko moduan.

Kontzertuak emateko aukera ireki zenean, lehenengotarikoak izan zineten oholtzara igotzeko orduan. Zaleak bezain gogotsu zineten, eta publikoa eserita egotea ez zen traba. Baina hain izan da luzea egoera, musikazaleen artean behintzat nolabaiteko apatia sortu dela azkenerako eserita egon behar horrekin. Zuei ere gertatu zaizue hori? Hasierako grina itzaltzen joan da hilabeteak igaro ahala?
Guri ere gertatu zaigu, ez pentsa. Pandemia garaiko kontzertu bakoitza oparia izan da, eta oso eskertuta gaude. Beste hainbat jo ezinik egon dira. Baina, egia da ere 30-35 bat emanaldi eskaini ditugula, eta bukaerarako gogorra izan dela. Gure musika ez da eserita entzuteko, eta nabaritzen genuen hori. Jendea inplikatzen zen, guk ere, txipa aldatuta, alde baikorrari begiratzen genion... Baina, ez genuen inoiz kontzertu bat amaitu pentsatzen “Ostras! Gaurkoa bai izan dela birako kontzertutzarra”.

Itzul gaitezen argitaratu berri duzuen diskora: “Eta hutsa zen helmuga”. Pandemiak izan du eraginik? Ez zertan txarra, ikuspegi baikorra ere azaldu duzu egin berri dugun errepasoan.
Hala da, bai. Lan honetan, lehengoz, musikalki ia guztia gitarristak konposatu du, Iñigo Etxarrik. Normalean, bion artean egiten dugu konposizioaren gehiengoa. Kasu honetan, berrogeialdian oso inspiratua egon zen, ea abestiak bata bestearen atzetik egin zituen. Nahiko emankorra da, berez, eta aurreko kasuetan esan izan diot itxoiteko, nik ere nahi nuela zerbait konposatu. Oraingoan, bere demoak entzun genituenean, konturatu ginen horrek jada bazuela entitate bat, antzekoa zela, melodia eta armonia asko zituztela kantuek euren artean... Eta zera pentsatu genuen: “Hau ez dugu eskapatzen utziko, ez diot esango orain itxoiteko, beste abesti batzuk egingo ditugula, hemendik joko dugu”. Letra eta melodiak jarri nizkien, ondoren. Gaiaren aldetik, ezin izan diogu saihestu pandemiak eragindako emozioei buruz hitz egitea.

Elefantea gela barruan badago, hitz egin dezagun elefanteaz...
Hori da. Hasieran pentsatzen nuen pandemia amaitzean disko pila bat argitaratuko zirela, txanpiñoiak bezala, eta guztiek gauza beraren inguruan hitz egingo zutela. Zeinen aspergarria! Eta gero, hitzak konposatzen hasi nintzenean, dena zen horren inguruan. Bizi duguna hain izan da gogorra emozionalki, gonbidatzen zaituela horri buruz idaztera eta sentimenduak kanporatzera. Saihestezina da.

Normala da unean bizi duzun horri buruz sortzea, noski.
Asko miresten ditut berrogeialdian jendea animatzeko eta bizitza polita dela esateko abestiak sortu zituzten artistak. Niri hori pila bat kostatzen zait. Puteatuta nago eta nire putadak zuei kontatu nahi dizkizuet. Ulertzen dut artistok batzuetan sendalari papera hartu behar dugula, baina utz gaitzazue gure atsekabeaz ere hitz egiten. Behar dugu.

Oraindik diskoa entzun ez duenarentzat, zer topatuko du entzuleak lan honetan? Betiko Liher ala eboluzioa?
Entzunaldi bakarrean, azalean, Liherren beste disko bat, ez du gehiegi mozten generaman bidetik. Baina, bai melodia, bai gai aldetik, “Hemen herensugeak daude” baino argitsuagoa da. Nahiz eta pandemiak eragindako emozioen inguruan hitz egin. Sentimendu negatiboenetatik hasten da lana, eta pixkanaka baretasunarena bidatzen du, gauzak onartzerantz eta kolektibotasunerantz.

“Eta hutsa zen helmuga”. Oteiza eta Txillida? Zein da helmugako huts hori?
Pandemiako ekarpenetako bat izan da Oteiza irakurtzea eta “berraurkitzea”. Mistizismo batean murgildu nintzen, eta hutsari buruz esaten duena berraurkitu nuen. Hasieran badago huts bat, ez dago ezer ere ez; gero, pertsonok sortzen gara, eta kolektiboa. Eta artea. Ondoren, ziklo baten amaiera iristen da, helmuga, eta berriro ere hutsa. Baina huts hori irakaspen guztien ondoriozko hutsa da, geruza guztiak kendu eta egia topatzen duzunekoa; irakaspeneko huts bat.

"Bizi duguna hain izan da gogorra emozionalki, gonbidatzen zaituela horri buruz idaztera eta sentimenduak kanporatzera. Saihestezina da"

Hutsa da lan honen kontzeptuetako bat, baina badago bigarrengo bat ere: haustura. Diskoa bera “Kintsugi” kantuarekin hasten duzue. Japoniar jatorriko filosofia da kintsugi, zauriaren inperfekzioaren edertasunari balio ematen diona.
Diskoa bi kontzeptutan oinarritu dugu. Hausturaren ideiarekin hasten da, eta hori irudikatzeko, kintsugi-a erabili dugu. Orbainek ederrago egiten gaituzte. Lanaren lehenengo zatiak norbanako eta talde gisa bizi ditugun hausturei buruz hitz egiten du, gure ahulguneen inguruan. Abestiak aurrera doazen heinean, hutsaren kontzeptuarekin konektatzen dugu; irakaspen moduan, sendabide gisa. Kontzientzia hartze bat dago, gizarte guztiak bizitu duela egoera, ez zarela zu beste batzuk baino okerrago egon, denok elkarbanatu dugula egoera. Eta, hemendik aurrera, denok egingo dugu aurrera eta huts hori betetzen hasiko gara.

Lagunen artean egindako diskoa ere bada, hainbat kolaboraziorekin: Noa Egiguren, Lidia Insausti, Alain Martinez eta Miren Narbaiza.
Aurreko diskoa kolaboraziorik gabe egin genuen bakarra da. Oraingoan, abestiak sortzen ari ginen heinean, eta bigarren zatia kolektiboaren inguruko pentsamenduen inguruan zihoanez, beste artistekin konpartitzea polita litzatekeela pentsatu genuen. Miresten ditugun musikariak, eta gainera, lagunak direnak. Oso polita izan da haien baietza jasotzea eta lan honetan parte hartu izana.

Ez lagunak soilik, Egiguren eta Insausti taldekide dituzu Spirit gospel taldean. Liherren nabari da zure ahotsari esker nolabaiteko puntu beltza. Ez da lehen planoan dagoen zerbait, baina ezta ezkutuan geratzen den ezer.
Nire abesteko eran daukadan zerbait da, beti entzun izan dudalako soul, blues eta R&B musika. Halere, uste dut influentzia beltz gutxien duen diskoa dela azkenekoa. Batetik, nik konposatutako abesti gutxiago daudelako, Etxarrik, gitarristak, sortu dituelako. Berak, gehiago jo du rock zuriago batera, harmoniatsuagoa, argitsuagoa. Gitarren arteko harmonia jokoek eta bateriaren erritmoak pisu handiagoa dute. Ahotsa besteetan baino enkajonatuago dago, baina zentzu onean esanda. Hau da, melodiak egin beharreko lekuan egiten ditut, ez dago jokorako leku askorik.

Garate estudioetan grabatu duzue. Lehen aldiz egin duzue lana Kaki Arkarazorekin. Zerbaiten bila jo duzue Andoainera?
Lehenbiziko bi diskoak IN estudioan grabatu genituen. Hirugarren diskoa grabatzeko Kataluniara jo genuen, Santi Garciarekin. Buruan bagenuen inoiz Garaten grabatzea. Oraingoan, nahiko ariga izan da; Euskal Herrian grabatu nahi genuen pandemia garaian, hemengo baliabideak erabili. Garatek beti deitu izan digu arreta, eta Kaki ezagutu genuenean oso gertukoa iruditu zitzaigun; elkar ulertu ginen. Hiru aste eman genituen han, eta ondo joan da guztia, oso gustura.

Elkarrizketa hasieran aipatu dugu “Hemen herensugeak daude”-ren kontzertuak publikoa eserita zegoela eskaini zenituztela. Desiratzen izango zarete abesti berriak zaleak zutik daudela jotzeko, ezta?
Bai, bai! Zalantzarik gabe!

Zaleek aurki izango dute Liher zuzenean ikusteko hainbat aukera. Hona hemen dagoeneko lotu dituzten emanaldiak:

Azaroak 5 - Valentzia PETER ROCK Bar&Club
Azaroak 6 - Castelló Trovam - Proweekend. La Fira Valenciana de la Música
Azaroak 12  - Burgos BSAF
Azaroak 13 - Salamanca Sala Potemkim
Azaroak 14 - Valladolid Sala Porta Caeli
Azaroak 26 - Amurrio Burubio Kultur Elkartea
Azaroak 27 - Madrid El Sol
Azaroak 28 - Ondarroa Beikozini
Abenduak 8 - Ahotsenea Durangoko Azoka
Urtarrilak 29 Enero- Donostia TBA

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.