Lehenik eta behin, zorionak zuen lehendabiziko LP-agatik. Talde batek LP-rako pausua ematen duenean, hauxe ‘serio’ doan seinale omen da. Holan hartu duzue?
Xabier: Ez, heldu zen momentu bat lauzpabost kantu berri genituela, grabatzeko diru pixkat eta esan genuen: “Benga, ba egin dezagun”. Gainera, aurreko EP digitaleko hiru kantuak (“Inoiz”, “Berua, zerua” eta “Galapagoak”) dagoeneko grabatuta zeuden eta koherentea iruditzen zitzaigun horiek ere “Hirugarren fasean” honetan sartzea. Izan ere, jarrerari zein soinuari dagokionez, oraindik oso gure sentitzen ditugu abesti horiek eta pena zen formatu fisikoan ez ateratzea.
Larry Bird ‘supergroup’-tzat har genezake, bakoitzak beste taldeetan aritu/aritzen zarete eta. LP-rako aurrerapausua emanik, nola moldatuko zarete proiektu guztiak (bizitza bera barne!) garatzeko?
X: Ez dut uste aldaketa askorik egongo denik. Orain arteko irizpide berdinekin arituko gara zuzenean: “Ahal badugu, eta nahi badugu, joango gara”. Heldu gara adin batera gauzak lasai hartu behar direla. Bestela ezinezkoa da. Horrela hitz egin genuen taldea sortu genuenean eta horrela jarraituko dugu. Ez dugu kuporik beteko. Hortaz aparte, ez dakit kanpora begira supertalde baten moduan ikusten gaituzten: ez dut uste. Guk behintzat oso argi daukagu loser itzelak garela.
Deskriba ezazue “Hirugarren Fasean” diskoaren funtsa edo/eta mezua.
Asier Goikoetxea ‘Goiko’ (gitarra/ahotsa): Disko honek ez dauka funtsa berezirik. Ez gabiltza mundua askatzeko asmoarekin. Gure barneko deabruak berriz ere ateratzeko aitzaki bat dira kantu hauek. Bide batez, esaldi politten batekin topo egiten badugu, askoz ere hobeto.
Abestien artean ba al da erlazio aipagarririk? Bestelan esanda eta topikoari heltzearren (barka!): disko ‘kontzeptual’ baten aurrean al gaude?
G: Disko honek ez dauka bereizitako kontzeptu bat. Ez gara Pink Floyd, gustuko ditugun arren. Beharbada kantu hauetan zientzia-fikzioa, Fargo telesaila edo eguneroko bizitza bera izan ditugu inspirazio-iturri.
Musikalki, zer norabide/influentzia jaso duzue?
X: Egia da ezin garela ezkutatu. Jende guztiak ezagutzen du nondik gatozen eta ezin ditugu gure betiko influentziak guztiz alboratu. Baina egia da disko berri honetarako aurrerapausu bat egin dugula, groove gehiago duten kantuak sortu ditugu, modu kontzientean. Ahotsak ere modu berezian landu ditugu. Goiko egon da horren gainean eta sekulako lana egin du.
Zelan bizi duzue sortze-prozesua eta grabazioa?
X: Gure bizitzak asko baldintzatzen du sortze-prozesua. Astean behin biltzen gara dena ondo badoa, gauean, azken orduan. Orduan, ahal duguna egiten dugu. Slow life modua da gurea, halabeharrez. Hala izan behar da eta ez dugu arazorik. Grabazioa bera ere nahiko express izan zen: asteburu batean grabatu genituen baseak, Tio Pete estudioetan. Ahotsak Goikok landu zituen Iñigo Escauriaza teknikariarekin, lasaiago. Eta nahasketak eta masterizazioa, ba gure estilora: lasai-lasai.
Nola planteatzen zarete disko honen ibilbidea? Birarik egingo al duzue? Datarik dagoeneko?
X: Hilaren 6an Algortako Pipersen izango gara. Getxo Sound jaialdiaren aurkezpen kontzertu batzuk egingo dituzte eta horietako bat izango da. Aurrera begira, ba ez dakigu. Saiatuko gara orain arte baino gehiago jotzen, baina agobiatu gabe. Ezin dugu konpromisorik hartu hilabetean behin jotzeko, adibidez. Errespetatzen gaituzten eta guretzat erakargarria den edonon jotzeko asmoa dugu.
Sare sozialetan nahiko aktiboak zarete. Gaur egun musika talde batek plataforma hauetan egon behar du nahitaez? Zer nolako hartu-emana duzue publikoarekin?
X: Beno, ni komunikazioan aritzen naiz eta asko interesatzen zait. Baina egia esan ez dakit publiko nahikorik daukagun hortik konklusiorik ateratzeko. Euskaraz abesten duen talde bat gara, taldekideek ia 40 urte ditugu eta ez dugu “mundua jateko” interes handirik. Ez dugu ezer “saltzen” eta askotan sare sozialak horretarako daude. Ez da gure kasua. Horretan ere, slow life!
Euskal indie-popa. Diagnostikorik? Nola ikusten duzue eszena honen ‘sasoia’?
X: Ez dakit eszenarik dagoen, egia esan. Iruditzen zait gero eta jende gutxiago mugitzen dela kontzertuetan, baina aldi berean asko pozten naiz talde gazte batzuek lortu dutelako nolabaiteko oihartzuna. Ni positiboa naiz eszenari dagokionean, ez gure taldeak eszena horretan izan dezakeen enkajearekin. Horrek ere berdin dit, egia esan.
Getxo Sound jaialdiaren harira aurkeztuko duzue diskoa. Izen bereko eszena musikala aldarrikatzearen aldekoak zarete edo soinu berriak sortzea hobesten duzue?
X: Gutako batzuk Getxokoak gara, baina ez genuen Getxo Sound delakoa bizi. Ez ginen horra begira bizi. Garai hartan zeuden taldeak eta balizko eszena baino, zeuden azpiegiturak interesatzen zaizkit niri. Kontzertuak antolatzeko lekuak zeuden, laguntzak nonahi… Ez gara testuinguru horretan bizi orain. Stereosonikekoak, adibidez, ari dira gauzak egiten herrian, baina ez dakit oso erraz duten...
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.