Lamiak ez da bakarrik “drop D” eran jameatzen orduak ematen dituen taldea, abestiak ere egiten dakitela erakutsi dute oraingoan. Riff potoloetatik haratago, melodiak ere zaindu dituzte, eta pasarte instrumental eta zubiei lekua gorde diete, bat batekotasunak garapen lausoagoei lekua ematen. Tokia aurkitu du hirukoteak lan honekin. Izan ere eragin ageriak ditu talde sokazaleak, baina ez du bat ere baztertzen: QOTSAen stonerra, Blink eta bestelakoen pop-punka, Weezerren nerd rocka…
Gaztain estudiotan grabatutako distortsio artefaktuak hamar abesti boteretsu ditu barne, eta bost bideoklip sendoz lagundu dute argitalpena. “Itzalak, argiak” dena du Lamiaken baieztapena izateko: abesti borobilak, melodiak zein distortsioa, produkzio ona… Gaztain estudioen ezaugarri ohikoak ere ez dira falta: sintetizadoreren bat, fuzzez atondutako baxuak eta ahots bikoiztuak. Eta baita kolaborazio egokia: Ezpalaken abeslariaren ahotsak bikain ematen baitu Ander Aranbururenarekin. Abesti hardcoretoenean jarri du Juanjok ahotsa, “Gure izena” ereserki amorratuan. Hala ere, singletik haratago interes handiko pasarteak ditu Josu Torrealdairen diseinu adierazkorraz jantzitako lanak.
Nondik irten da diskoa? Zergatik eta zertarako konposatu zenuten?
Pandemiak aurreko diskoaren aurkezpenean harrapatu gintuen, lotuta genituen kontzertuak guztiz geldiaraziz, beraz aitzaki perfektu bihurtu zen abesti berriak idatzi eta konposatzeko (nahiz eta aurretik gauza berriak egiten hasiak ginen). Orokorrean, orain arte ez diogu zergati bat eman ateratako bi lanei, hauek idatzi aurretik, ezta izateko arrazoirik ere. Zentzu eta kontzeptu orokor hori ondoren ematen diogu, behin proiektuak forma finko bat hartu duenean. Gauza berriak idazteko gogoak genituen, eta horri ekin genion bi aldiz pentsatu gabe, besterik ez.
Diskoaren izenburutzat dikotomia erabili duzue. Zelan islatzen da lanaren barruan? Zerk inspiratu zaituzte?
Kasualitatea izan da diskak dituen abestiak eta honen izenburuaren arteko erlazio estua. Hain zuzen ere bizitzak izan dezakeen dikotomia batetik dator “Itzalak, Argiak” kontzeptua: gaizki eta ongi egotearen artekoa. Aldi berean, diskaren barruan ukitu desberdinak dituzten abestiak aurkitu daitezke, itzal eta argi horien errepresentazioak izango balira bezela. Izenburuak bere baitan duen dikotomia konkretu honi dagokionez, lan honek esan nahi duena itzaletan eta argipean bizitzen ikasi behar dela da. Sozialki behartuta sentitzen gera ondo gaudela esatera eta irribarre batekin kaletik ibiltzera, baina errealitatea guztiz kontrakoa da: gaizki egoten ikasi behar degu, horri buruz ausnartuz eta barneko min hori gurea bihurtuz. Berriz altsa eta aurrera jarraitzeko ezinbesteko pausua da hori.
Badago ardatzen bat letren gaiei dagokionez?
Berez ez. Letrak hiruron artean idazten ditugunez, bakoitzak nahi duena islatzen du bere idatzietan. Esan bezala, behin dana egina dagoela saiatzen gera zentzu orokor batean pentsatzen, diskak ukitu kontzeptual bat izan dezan.
Aurreko lanarekiko eboluzioa igartzen da, aurrekoan egin ez zenuten zerbait egin nahi zenuten oraingoan?
Lehenengo diska idatzi eta grabatu genuenean ez genekien ezer ekoizpen prozesuari buruz, ezta nolakoa zen estudio batean grabatzea. Bigarren ahotsak adibidez ez genituen sartu diska osoan, eta bigarren gitarrak ez zeuden oso landuak, eta ez zuten presentzia handirik. Gauza hauek kontuan izan genituen bigarren lan hontan, eta besteak beste, hori da “Itzalak, Argiak” duen ezaugarri nabarmenetako bat, lortu degun soinu orokorrean islatuz.
“Diskaren barruan ukitu desberdinak dituzten abestiak aurkitu daitezke, itzal eta argi horien errepresentazioak izango balira bezela”
Hala ere, estudioa errepikatu duzue.
Beti esan dugu Eñautekin etxean bezala sentitzen garela. Oso errexa egiten zaigu berarekin lan egitea. Bere partez, musikari eta ekoizle bikaina da, gurea bezalako musika jo eta grabatzera ohituta dagoena. Gehien nabarmentzen dugun xehetasuna zera da, zure espazioa uzten dizula abestiak zure kabuz lantzeko, baina aurrera jarraitzeko biderik aurkitzen ez duzula ikusten badu, guitarra hartu eta laguntzen hasiko zaizu abesti edo dena delakoan.
Zelakoa da garai hauetan disko bati hainbeste lan sartzea?
Talde autokudeatu bat garenez, horrelako proiektu batean murgiltzeak dakarren lan guztia guk egin behar dugu. Honek denbora gutxi uzten digu berez garrantzitsuena dena lantzeko: musika. Zuzenekoan ikusten dena izebergaren punta da, talde bat izateak dakarren %20a. Gainontzekoa atzean dagoen lan guztia da, eta hau, bakoitzak bere egunereko bizitza eta lanarekin bat egin behar du. Askotan faltan bota izan dugu norbait gu laguntzeko, edozein alderditan, bai sareekin edo kontzertuekin, adibidez. Dena den, geroz eta esfortzu handiagoa egin, geroz eta hobeto sentitzen zera zure helburuak lortzen dituzunean, gure kasua den bezala. Beraz, lan guzti horrek pena merezi zuen.
Badago talde, musika, film, liburu... berezirik lan honetarako inspiratu zaituena?
Eraginak ez dira izan berdinak prozesu guztian zehar, ezta taldekide bakoitzean. Ez degu ahaztu behar estudioan bitan sartu ginela grabatzeko, eta bi urte inguru eman dituguala amaitu eta osorik publikatzeko. Denbora guzti hortan talde berriak deskubritu ditzakezu, baita gauza berriak ikasi musikari buruz. Genero desberdinetako erreferentziak izan ditugu lan honen konposaketan, aurrekoan baino oinarri heterogeneoago bat abiapuntutzat hartuz. Prozesu hortan hiru taldekideok parte hartzeak dakarrena da hori. Bitxikikeria bezala, Hertzainak -ek eragina izan du abesti baten letran, adibidez.
Zer helburu izan ditzake zuena bezalako zuzenezko talde batek post-pandemia garai hauetan?
Askotan esan da pandemian zehar jendeak orokorrean kontzertu eta ekitaldi kulturaletara joateko gogo asko zituela, hauen momentuko debekua zela eta. Askatasun pixkat gehio lortzean bapatean sektoreak demanda handia izango zuela espero zan, eta badirudi hala izaten ari dela. Astebururo kontzertuak daude edonon eta kultura susperraldi bat bizitzen ari da. Fenomeno hau aprobetxatu behar dugu, orain gure burua eta gure musika behar bezala aurkezteko aukera dugulako.
Sentitzen duzue publikoa musika egarri dagoela edo interesa galdu duela? Zer egin dezake talde batek horren aurrean?
Gure inguruan, esan bezala, jendeak musika egarria du. Gure eszena berdinean ematen ari diren astebururoko kontzertuak horren adibide dira, baita musikaz gain ekimen kulturalek hartu duten erritmoa. Olatu antzeko hori nolanahi hartzen saiatu behar gara, publikoari merezi duen eta hainbeste denboran zehar ikusi nahi izan duen zuzenekoa eskeintzeko. Aukera paregabea izan daiteke euskal eszena berri bati hasiera emateko.
Zer zentzutan hazi zarete edo hazi nahi zarete lan honekin?
Lan honek maila profesionalago batean ipintzen gaitu talde bezela. Ez bakarrik diskagatik, baizik eta horren ondoren datorren egin beharreko guztiagatik. Zuzeneko on bat eskeintzeko kontzertuen atzean dauden alderdi tekniko guztiak kontrolpean izan behar dituzu, hau da, soinua, argiztapena, oholtza gaineko mugimenduak… orain arte landu ez ditugun alderdiak hain zuzen ere. Hori da orain ikasten ari garena, eta hurrengo proiektuari hasiera emateko funtsezko oinarria da.
Zelakoa izaten ari da harrera? Ze intentzio duzue epe laburrean?
Orain arte jasotako harrera oso ona izan da. Jendeak abestiak gustoko ditu eta zuzenekoekin oso pozik geratzen ari dela jakin degu. Talde bezala eguneroko bizitzan ikusi dugun aldaketa urte batetik bestera izugarria izan da. Orain konturatu gera, nahiz eta gure buruan 2017tik musika egiten egon garen, lan hontatik aurrera hasi dela jendea Lamiak ezagutzen eta gure musika entzuten. Diska hau geroz eta gehiago ezagutaraztea nahi dugu urte honetan zehar, Gipuzkoatik ateraz, bai Euskal Herriko eta bai estatuko beste hirietan zuzenekoak eskeiniz. Hortaz gain, ez dugu asko itxoingo abesti berriak idazteko, hori delako gehien gustatzen zaiguna.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.