Bosgarren lana duzue jada. Urte guzti hauetan hartutako esperientzia nabaritzen da. Soinu pertsonala daukazue, taldea berehala identifikatzeko modukoa. Nola sentitzen zarete lan berriarekin?
Zaloa: Oso pozik gaude “Lurpekhariä”-rekin. Orain ilusioz beterik gaude eta desiratzen jende aurrean aurkezteko.
Lete: Disko honetan soinu aldetik aurrekoekin alderatuta aldaketak daude. Karlos Osinagak badu nortasun berezia nahasterako orduan eta guri beste sonoritate batera eraman gaituela esan daiteke. Gauza berriak probatu ditugu, soinu berriekin jolastu… Dibertigarria izan da.
Karlos Osinaga “Txap”-en batutapean, Bonberenean grabatu duzue…
Zaloa: Instrumentazio osoa, zenbait konponketa eta atabaletan Felix Buffen kolaborazioa izan ezik, Bonberenean grabatu genuen abuztuan. Esperientzia oso ona izan da, berehala ulertu dugu elkar eta eroso sentiarazi gaitu momentu oro. Lortutako soinuarekin ere erabat ase gelditu gara. Ahotsak, konponketaren bat eta Felix-en kolaborazioa berriz Haritz Lete bateria joleak Donostiako REC Estudioan grabatu ditu. Izanekin berbera egin genuen eta oraingoan inolako dudarik ez genuen berriz ere errepikatzeko eta lortutakoarekin oso pozik gelditu gara. Eroso lan egiten dugu elkarrekin, elkar ondo ezagutzen baitugu 15 urtez elkarrekin jotzen daramagulako. Gauza ezberdinak probatzeko aukera izan dugu, eta horra hor emaitza.
Azala Izukarik, hau da, Liam K.Larrabek (Mikel Larratxek) egin du. Portada oso deigarria da. “Lurpekhariä” diskoaren izena zela bakarrik esan zenioten, ala kontzeptu bat azaldu zenioten?
Lete: Aurrenik izenburua idatzita pasa genion eta egun berean Lurpekhariären kontzeptua nola sortzen zen eta nondik nora zihoan argitu genion. Izukarik ondo baino hobeto islatu du guk geneukan ideia bai azalean baita biniloaren diseinu guztian ere. Oso pozik gaude egin duen lanarekin!
Abesti berrietan indar handia sumatzen dut. Zuen erritmo baseak topera jarraitzen du eta gitarrek presentzia handia dute. Gainera, erritmoen aldetik aberastasuna nabari da, eta Zaloaren ahotsak koloretsua izaten jarraitzen du: sakona eta grinatsua batzuetan, sentibera eta ederra besteetan.
Zaloa: Eskerrik asko, egia esan guk ere horrelaxe ikusten dugu Lurpekhariä. Oraingoan aurretik geure buruari galdetu genion zer-nolako diskoa egin nahi genuen eta egia esan horixe lortu nahi izan dugu. Indarra, erritmo bariatuak, distortsioa eta melodia indartsu, sakon eta landuak. Hau guztia biltzen saiatu gara diskoa aberatsagoa izan dadin.
Koruak bereziki landu dituzuela uste dut. “Beste behin” eta “Dhaka”-ren bukaera benetan borobil geratu zaizkizue.
Lete: Nahi izanez gero ahots gehiago sartzeko aukera bageneukan baina abestiaren arabera ikusten joan gara. Badira abesti zuzenak, daukatena baino gehiago behar ez zutenak eta beste batzuk aldiz, ahots gehiago sartuta kantua oraindik ere hobeagoa egiten zutela uste genuenak.
Zaloa: Egia esan disko honetan Izanekin alderatuta oso koru gutxi sartu ditugu. Grabatzen gindoazen heinean eta grabatu baino lehen egindako demoetan abestiek askorik ez zutela behar ikusten genuen. Beste behin eta Dhaka abestien bukaeretan gorputzak eskatzen ziguna egin dugu eta abestiak erabat borobildu direlakoan gaude intentsitate eta dimentsio zabalagoa emanez.
“Loturak” zuen estiloaren adierazlea da: Zaloaren sarrera eta melodia zoragarria, eta gero egurra. “Lokatza”, aldiz, oso rockeroa da, bizkorra eta gitarreroa % 100ean.
Zaloa: Noizean behin horrelako sorpresa ederrak hartzen ditugu guk ere, Loturaken bizkarrezurra hasieratik ia osorik atera zitzaigun eta ez dugu apenas ukitu nahi izan.
Lete: Abesti honetan Txitxesen gitarraren kapa ezberdinekin jolastu dugu eta ahotsaren detaile batzuekin handitzen saiatu gara. Sinpleena zirudien abestiak azkenean uste baino burukomin gehiago eman zizkigun nahasketan baina oso gustura gelditu gara azken emaitzarekin.
Zaloa: Lokatzarekin antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Hasieratik estruktura argi geneukan eta ahotsari buelta batzuk eman ondoren erabat liluraturik gaude, hasieran abestiak nola bukatuko zuen ez baikenekien; ibilbide zoragarria egin du, Lurpekhariären ezinbesteko bihurtuz.
“Larruak”-en gitarraren tratamendua berezia da. Orokorrean, nork egiten ditu soloak? Ikerrek ala Txitxesek?
Lete: Abesti honek tratamendu berezia du gitarretan, zatiaren arabera gitarra bakoitza modu batera edo bestera jarrita baitago. Soinuarekin ere izaera eman nahi izan diogu Txitxesek sartu duen sintetizadore itxurako gitarrarekin adibidez.
Zaloa: Lan handia hartu dugu gitarrekin disko honetan, bereziki Iker eta Txitxesek lan izugarria egin dute bi gitarren konponketak egiten eta soinuarekin. Zorte handia dugu, biek egiten dituzte soloak,jijijiji.
Akustikoen bira amaitu berri duzue. Nahita pentsatuta egon zen, bira hau amaitu eta diskoa ateratzean kontzertu elektrikotara pasatzea, pentsatzen dut.
Zaloa: Kontzertu akustikoak suertatu egin direlako egin ditugu eta asko disfrutatu dugu, oso eroso gaude erregistro horretan baina orain elektrikoen grina, desioa dugu.
Bideoklipari buruz, ikusgarria da. TAOM da egilea. Gustura gelditu zarete emaitzarekin? Non grabatu zen? Nortzuk dira aktoreak?
Zaloa: Zain Egon Gabe eta Banpiroen Eguna abestien bideoklipak ere jende berdinarekin egin genituen nahiz eta orduan oraindik TAOM ez izan. Aurreko esperientziak oso onak izan zirenez oraingoan ere ez genuen inolako zalantzarik izan. Zerbait dinamikoa nahi genuen, indartsua, eta plazera izan da beraiekin beste behin lan egitea. Arratsalde batean, Donostiako Larratxo auzoan dagoen skate parkean grabatu genuen, eta noski, horretarako ezinbestekoa izan zen bertan agertzen diren roller (“EL puticlub de la Lucha” Donostiako roller derby ekipoko neskak), patinatzaile (Jon eta Txiri), dantzari (Sergio, Karlos, Amaia eta Asier), akrobata (Cami), Jon (sua) eta saskibaloi jokalariek (Hektor eta Gaizka,) guztiek erakutsi ziguten gogoa eta artea. Benetan eskertuak gaude eta oso gustura gelditu gara emaitzarekin.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.