"Bidea Da Helmuga" lan berria entzun besterik ez dago horretaz ohartzeko. Diskoa taldearen orainari eta etorkizunari egindako aldarria da. Aitortu digute euren musika inoizko askeena dela eta hori da, beharbada, euren bidea oraindik amaitu ez izanaren sekretua: izateko eta sortzeko erabateko libertatea.
Hogeita bost urte bete dituzue talde bezala, erraz esaten da. Zein dira ibilbide luze honetan azpimarratuko zenituzketen momenturik esanguratsuenak?
Hogeita bost urtetan momentu asko bizi izan ditugu. Goxoak eta garratzak, bizitzaren isla hutsa. Japonian jo genituen kontzertuak datozkigu burura, bertan bizitako bira ahaztezina izan zen —Japonia bera bezala—, baita Atomikaren bira bukaera Londresen ere. Oholtza ezberdinetan, momentu esanguratsu asko bizi izan ditugu, elkarrekin gozatzen, maiz sortzen den magia berezi horrekin.
Zuen disko berriaren izenburua Bidea Da Helmuga da. Nola islatzen du kontzeptu honek, urte guzti hauetako zuen eboluzio musikal eta pertsonala?
Sorkuntzara daramaten prozesuak eta sorkuntza bera maite ditugu, eta horietaz gozatu dugulakoan gaude. Gorabeheratsuak izaten dira noski, baina hori ere bidearen/sorkuntzaren parte da. Urte hauetan bizi izan dugun guztiak izugarrizko eragina izan du gure eboluzio musikal eta pertsonalean. Egoera pertsonalak musikalki ere eragina duen moduan.
Diskoak bost abesti berri eta miresten dituzuen artisten bost bertsio dakartza. Zergatik hibrido formatu hau zuen urteurrena ospatzeko?
Bost zenbakiaren multiploarekin hasi zen dena: hogeita bost urte, bost partaide, bost abesti berri, bost bertsio… Disko berezia egiteko gogoa genuen eta urte hauetan bidelagun izan ditugun, eta miresten ditugun, musikari-lagunen presentzia nahi genuen lanean. Moduren batean gure ibilbidearen parte izan diren guzti horiek batu nahi genituen, gure musika lagunartean partekatu eta gure abestiak besteek bere egitearen prozesuaz gozatu nahi genuen.
Diskoan, besteak beste, Zea Mays, Miren Narbaiza, Ander Mujika eta Joseba Baleztena artistak izan dituzue lagun. Nola sortu ziren kolaborazio hauek? Hasieratik argi izan zenuten eurak izan behar zutela?
Hogeita bost urte hauetan gugandik gertu sentitu ditugun lagunak nahi genituen, eta egia den arren denak ezin izan ditugula sartu, agertzen direnak oso gertukoak dira: Eraso!, Mursego, Miren Narbaiza, Ander Mujika, Joseba Baleztena, Zea Mays eta Nakar. Azken hau talde gaztea da eta, noski, ez ditugu gertu izan gure ibilbide osoan zehar, baina bai partaidea den Jokin Azpiazu. Azken diskoetan baita Eñaut Gaztañaga ere. Beraz bai, nahiko argi genuen nortzuk izan diren gure bidelagunak. Gainera kolaborazioak baino zerbait gehiago izatea nahi genuen. Gure abestiak hankaz gora jarri eta beraien gustura sortzea eta jotzea. Ez genien inongo mugarik jarri bertsioak sortzerako orduan.
Atzera begira jartzea ezinbestekoa da honelako urteurrenetan. Nola deskribatuko zenukete zuen soinuaren eboluzioa zuen hastapenetatik zortzigarren disko honetaraino?
Pentsatu nahiko genuke gure eboluzio pertsonalarekin batera garatu dela gure soinua ere. Beti ere rockaren ildotik, baina gu geu helduago egin garen heinean gure soinua ere helduagoa bihurtu dela. Denbora izan dugu soinu eta elementu ezberdinak ikertzeko eta eurekin jolasteko, gogokoena duguna topatuz; baina aldi berean gure betiko funtsa edo oinarria galdu gabe. Gaur egun erritmo dantzagarriagoak ditugu, azken diskoetan ikusi daitekeen bezala, eta eroso sentitzen gara.
“Disko berezia egiteko gogoa genuen eta urte hauetan bidelagun izan ditugun, eta miresten ditugun, musikari-lagunen presentzia nahi genuen lanean”
Zein dira, horrenbeste urtez eszenan bizirik mantentzeko, gainditu behar izan dituzuen erronkak?
Alde batetik taldearen barruan taldekide bakoitzak dituen erronka pertsonalak eta bakoitzaren denborak kontutan izatea: bizitzako aldaketak, familiak, bizileku aldaketak, eboluzio pertsonalak, beldurrak… Horrelakoak elkarrekin bizitzeak gehiago batu gaituela esan genezake. Bestetik, talde bezala “profesionalki” bizitakoak: kontzertu ez hain goxoak, ziurtasun ezak, norbere barruaren biluzteak, agerian sentitzea… Bizitako guztiak gaur egun garenera eraman gaitu eta gure zati dira.
Zuen lehen singlea Bidean Goaz izan da. Abestiaren bideokliparen hasieran iraganeko irudi batzuk jartzen dira eta zuen hitzak: “…askatasunari deia, lotuta egon arren hor jarraituko dugula”. Esango zenukete orain askeagoak zaretela orduan baino?
Askatasun desberdinak direlakoan gaude. Gazteagotan sistemaren aurka joan nahi genuen, ados ez geunden gauza horien aurka. Gaur egun ere bai, noski, gure oinarria baita hori nolabait; baina adinak, urteek edota bizitako esperientziek ematen dizuten irakaskuntzari esker, sentitzen eta bizitzen dugun askatasuna dugu orain.
“Abestirik samur eta ederrena sortu nahian elkarrekin” diozue Bidean goaz kantuan. Oraindik ez duzue sortu abestirik samur eta ederrena? Hogeita bost urteren ondoren, zerk motibatzen zaituzte sortzen eta elkarrekin jotzen jarraitzeko?
Abesti samur, —eta ez hain samur—, eder asko sortu ditugu, baina oraindik badugu zer esan eta zer sortu. Eta abesti horien sorkuntzak, modu pertsonal batean, gure barruak askatzen eta sendatzen laguntzen digula uste dugu eta hori ez da motibazio txikia.
Bidea Da Helmuga diskoa oraindik entzun ez dutenek, zer topatuko dute bertan?
Kokein eta bere bidea. Hogeita bost urte hauetan egindakoa topatuko dute, baina baita gehiago sortzen jarraitzeko gogoa ere; oraindik ez dugu gure ibilbidea bukatutzat ematen. Horixe isladatu nahi genuen disko honekin. Bost abesti berriek gaur egun gauden lekua erakusten dute, bizitzen ari garena; eta lagunek egindako bost bertsioek, orain arte bizitakoa.
Argi dago zuen hastapenetatik bideak hausten ibili behar izan duzuela. Rockaren mundu maskulinoan hasi zineten, Zaloren ahots indartsuarekin. Ordutik, kanpotik dirudiena bezain beste aldatu al da emakumearen presentzia musika munduan ala oraindik asko dago egiteko?
Aldatu da noski, eta eskerrak. Gaur egun emakumeen presentziak oholtza gainean eta atzean ikusgarritasun gehiago du, baina oraindik asko dago egiteko. Epaituak izaten jarraitzen dugu, ez bakarrik musikalki egiten dugunarengatik; baita beste zortzi mila arrazoirengatik ere. Emakumeoi eskatzen zaigun exijentzia maila beti altuagoa da eta hala ere, oraindik, makina bat tontakeri entzun behar izaten ditugu.
Zein da eszenan ikusi nahiko zenituzketen aldaketak, berdintasuna eta emakumeen ordezkaritza, benetan bermatzeko?
Gizartean ikusi nahiko genituzkeen berberak. Generoarengatik inolako desberdintasunik ez egitea eta musikalki egiten denaz kanpo epaiketarik ez jasotzea. Benetan emakumearen presentzia erreala izatea eta ez kopuru batzuk betetzeko sortutakoa.
Amaitzeko, talde hasiberriei zein aholku luzatuko zeniekete?
Aske sentitu daitezela sormenean, benetakoak izan, eta bizitzan bezala, momentu ahaztezinak gozatu ditzatela, nahiz eta batzuetan samurrak ez izan.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.