Guztira taldetik zortzi musikari pasatu dira, haien artean hasieratik jarraitzen duten Ion Mindegia eta Iñigo Belzunegi (biek gitarra joleak eta abeslariak). Disko bakoitza, batez ere azkeneko hirurak, esperientzia bat da eta entsegu lokaleko lan handia nabari da hainbat girotze eta gitarren lanetan.
Disko hau ere Berako Atala estudioan grabatu dute. Ibai Gogortza ez da urruti ibili, baina denbora kontuagatik ez du aurreko bi diskoetako inplikazio bera eduki. Dena den, Iñigo Irazoki (aurreko bi diskoetan soinu teknikaria izan dena) izan dute alboan gauzak behar bezala amaitzeko, eta emaitzarekin oso gustura gelditu dira. Gustu ona nabari da soinuan eta kontu handiz landutako gitarra delikatu zein biziki gogorretan. Erritmoa eta tentsioa mantentzen maisuak, crescendoak ere berebiziko garrantzia daukate hainbat kantuetan. Kaskezur bueltan da, eta Zarata/Mondo Sonorok plazer handiz elkarrizketatu ditu berriro.
Bost urte pasatu dira elkarrizketa egin genuenetik. Tartean, diskoaren aurkezpena eta gero, pandemia etorri zen. Horrek zuen planei nolabait eragin ziela suposatzen dut.
Pandemiaren lehen itxialdia hasi zenean bost bat hilabete ziren “Ihesi doaz animaliak” diskoa kaleratu genuela, eta orduan, bai, aurkezpen kontzertuak egiten geundela harrapatu gintuen, justu erdian. Talde txiki bat gara eta normalean ez ditugu sobera kontzertu egiten diskoa atera bezain laister; asuntoa garatzen uzten dugu, diskoa patxadaz aurkeztuz. Aldi berean, handik gutxira hasi ziren kontzertu edo agerraldi bereziak programatzen (publikoa eserita, musukoarekin) eta guk ez genuen musikaz bizi den inor oztopatu nahi, beraz alde batera egin eta taldea guztiz gelditu genuen.
Zertan aritu zarete taldekideak denbora honetan? Pandemiaren ondoren hasi zineten kantu berriak konposatzen? “Mendiak 1976” dokumentalerako “1976” kantua egin zenuten 2022an.
Egia da elkartu garela, 2022tik aurrera gehienbat. Entsegu lokalik gabe geratu ginen; pandemia garaia zen eta eskola baten sabaian entseatzen genuen. Normala den bezala, emergentzia garaian arduradunek ez zuten bertara beharrezkoak bakarrik ez ziren pertsonak sartzerik nahi. Hortik Zapatillera (entseguetarako Baztango musikari elkarteak berritu duen fabrika zahar bat) lokala lortu arte hiru urte pasa ziren. Bai, erdian dokumentaleko kantua egin genuen eta ongi pasatu genuen. Baina, gure kasuan bederen, disko bat egitea asteroko lana eta konpromezua da; pare bat entsaio astero diskoa bukatu arte. Hor luzatu da pixka bat dena.
Bakoitzak bere mobidak dauzka; Iñigok Imanolekin batera Goroldio taldea sortu zuen eta disko bat kaleratu zuten 2022an, Imanol ere kontzertuak egiten aritu da Joseba Irazokirekin, besteak beste. Mikel ere mila taldetan dabil; Mice eta Rudigerrekin normalean, baita noizbehinka Harat taldearekin ere. Ionek Monte del Oso dauka. Ez gara guztiz gelditu, baina denbora azkar pasatzen da!
“Deus” zuen seigarrengo diskoa da jada. Zuen estiloa nahiko finkatua dago jada aspaldiko urte hauetan. Dena den, lan honetan ez dago aurrekoko diskoko “Buztinezkoa” bezalako kantu hain gogorrik.
Bai, diskoa bukatu eta gero, pentsatu dugu geroz eta soinu garbiagoa daukaugula, baina ez gara horren bila joan. Era nahiko naturalean uzten ditugu kantuak hezitzen, eta gorputzak horrela eskatzen badigu, horrela geratzen dira. Dena den, nik uste dudarik gabe zuzenekotan gogorrago entzungo direla, ez baikara horren finak!
Hala ere, guretzako guzti honekin garrantzitsuena gure noratsuna aurkitzea da eta baldin badugu, behintzat, hura zaindu eta mantentzea.
Post rocka aipatu izan da zuen eraginen artean, eta noisea agian gehiago. Sonic Youth, Pixies, The Cure edota Wilco aipatu izan dituzue lehenago. Zein beste taldek izan dute eragina zuen ibilbidean?
Musika pila bat entzuten dugu, denetarik. Disko hau egitean, adibide bezala, kantu berri bat eramaten genuenean beti entzuten genuen inspiratzeko zerbait. Adibidez “Algoerritmo” kantua gitarra riff batekin hasi zen eta bateria eta baxu erritmoarentzako inpirazio bezala Bill Withers-en “Harlem” kantua jarri genuen, eredu bezala: nola hazten den, nola mantentzen duen tentsioa. Akordeak nahiko “bossa-nova” dira (barkatu erreferentziak norbaiti min egin badio, kar-kar) kantatzeko era pixkat Fugazi-Pixies da eta base erritmikoa soul estilokoa.
Horretaz aparte, disko honetarako entzun ditugunak: besteak beste Portishead, Neu!, King Gizzard, Bill Orcutt, Nisei, Songs:Ohia (ekoizpenerako eredu nagusienetakoa), The Ex, Chris Corsano (bateria soinu hori!), Nick Cave (“Abbatoir Blues”-eko koroak, orokorrean), Jim O´Rouken edozein ekoizpen... Gauza pila bat.
“Ibai Gogortzerkin dinamikak erabat zaintzen ikasi dugu“
Aurreko diskoetan ekoizle lanak egin eta gero, zein izan da, zehazki, Ibai Gogortzaren papera lan honetan? Kredituetan bera aipatzen duzue, baina badirudi Iñigo Irazoki (zuen aurreko lanetan teknikari lanetan aritutakoa) izan dela ekoizlea. Berako Atala estudioan grabatu duzue, aurreko bi diskoak bezala, hori bai.
Ibai Gogortzarekin lan egitea pentsatu genuen, baina hitzegiten hasi orduko denboraz justuegi genbiltzan. Pasatu genizkion kantuak, eta landu genituen bosten artean kasik bukatuta zeudela eta ez genien ikusi buelta gehiago emateko aukerarik zegoenik, beraz horrela utzi genituen. Bai eman zizkigun aholku pare bat eta diskoan sartu ditugu. Beti laguntzeko prest egon da Ibai, horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu.
Iñigok bestalde soinu ingeniari bezala hartu du parte, ez baitu kantuen konposaketan ideiarik sartu. Oso Albini da horretan eta, hortaz, maite dugu berarekin lan egitea. Bere kezka nagusia diskoek soinu natural eta dinamikoa edukitzea baita, eta Atala horretarako dago prestatua.
Hirugarren diskoa duzue jada taldekide berdinekin. Hasieratik Ion Mindegia eta Iñigo Belzunegik jarraitzen duzue, baina Mikel Santxez (bateria) 2017tik eta Imanol Zubieta (baxua) 2014tik daude taldean, eta soinuan asko nabaritzen da hori.
Bai, taldea finkatzea lortu dugula erran daiteke. Errazago egiten dugu lan horrela ere, jada elkar asko ezagutzen baitugu. Zorte handia daukagu Baztan-Bidasoa inguruan ez baikara sobera biztanle eta zaila da horren gustu bereziak dituen jendea aurkitzea eta are gehiago talde bat egitea non “bizirauteko” asteroko entseguak oso garrantzitsuak diren.
Aurreko diskoko “Keinuak” kantuaren ildoari eutsi diozuela esango nuke: ahotsen goxotasuna, erritmo errepikakorrak, itsarkorrak eta limurtzaileak, eta konstantzia magiko bat: guztiz giroan sartzen gaituzten piezak dira. Adibidez: “Lotsaren teoria”, “Merkealdian” eta “Algoerritmo”. Azken honek bukaeran daukan eztanda eta distortsio maila Sonic Youthen eragin bezala har genezake?
Sonic Youth beti daukagu gogoan. noski; gainera taldearen aro guztiak maite ditugu, ez nuke euren disko bat ere kanpoan utziko. Adibidez “Rathed ripper” diskoa ez nuke klasiko bat bezala hartzen denik esango, baina guretzako beti izan da erreferentzia gitarren soinu garbi hori nola izan daitekeen goxo eta basatia aldi berean. Pozten gara horrela ikusten baduzu!
Esango nuke “Hondamendia”-ren festa guztiz transgresorea dela: erritmo bortxatua, Mikel Santxezen bateriaren agintea, gitarrak tonuz kanpo... konbentzionalismotik oso urrun dago!
Kantu hau deserosotasunak gidatzen du. Akordeak, berez, gitarra akustiko batekin joz gero, rock klasiko eta funkyaren eremuan mugitzen dira. Guk egiten duguna da entseguetan egiten ditugun “jam sesio” horietan dena hautsi eta zapuztu; bakoitzak egin dezala nahi duena, akordeak (gutxi gora behera) errespetatuaz. Pozten gara konbentzionala ez dela iduritzen bazaizu ere! Hori bilatzen dugu eta.
“Ginen herenegun” ere gitarren antikomertzialtasunak gidatzen du hasiera batean, nahiz eta zuen crescendo horietako batekin sekulako indarra ematen diozuen. Ondoren, gitarrak doinu oso ederrak egiten hasten dira. Kantu guztiz sentiberan bihurtzen da! Ahotsaren edertasunak laguntzen du horretan, baina esango nuke gitarren barrokismoak sekulako boterea ematen diola. Antzeko giroan mugitzen da “Heldu gara mugara”. Bi kantu hauek dira diskoko azkenak. Ez dut uste kasualitatea denik.
“Heldu gara mugara”-ren izenburuak berak erraten dut zerbait, baina kasualitatea da azkena izatea. Ideien karpetan bagenituen 15 bat kantu nahiko bukatuta eta hortik 8 hartu genituen. Eta bai, berriz ere bi kantuetan akorde progresio nahiko normala beti hausten saiatzen gara eta adibide berdina da. Gero ere, Ibai Gogortzerkin ikasi duguna da dinamikak erabat zaintzen; bai bere aholkua izan delako eta bai Harat edo Borrokan zuzenean entzuten, beraz… Zaindu dinamika!
Goazen orain diskoaren hasierara. Kanturik luzeenarekin hasten duzue! “Lotsaren teoria”-k zazpi minututik gora dauzka, eta lehen aipatu dugun continuum kutsakorra agerian geratzen da. Geldiunerik gabeko erritmo gozoa, limurtzailea. Ahots goxoa dauka ere “Heldu eta badoa”-k. Zuen ohiko kontrasteak.
Lehenego kantuaren ideia beti izan zen lasai eta presarik gabe garatzea. Eta hor hasi ginen Neu! bezalako talde baten kantuak erreferentziatzat hartzen; “Hallogallo” klasikoari omenaldi ttikia da. Kantua akustikoarekin joz gero nahiko akorde folkie-ilunak dira, errango genuke pixka bat Mikel Laboaren modura. Jarri Mikel Laboaren “Gogo eta gorputzaren zilbor hestea” Neu!-ren “Hallogallo”ren gainean eta horrelako zerbait da, gure buruan behintzat!
“Heldu eta badoa” egitea oso oso dibertigarria izan zen, Iñigoren gitarra rockero horren azpian sortu baikenuen Fugaziano deitzen ahal dugun baxu melodia bat. Horrek gure iritziz kolore pila bat hartu zuen. Uste dugu ez duzula baxu marrazki hori espero gitarra riffa entzun eta gero.
“Egia begira” ere aipatu behar dugu. Badauka halako handitasun bat, nesken ahots horiek ematen diotena: Kattalin Ezkerra, Kattalin Arizmendi, Maddi Irazoki eta Izargi Zumarragarik sartu dituzte ahotsak, suposatzen dut baita “Hondamendia” kantuan ere. Kattalin Ezkerra Madame Birrots taldeko partaidea dugu, baina nortzuk dira besteak?
Grabazio egunean entseatu genuen, Atalaren kanpokaldean. Ordu erdi bueltak ematen egon ostean, grabatzera sartu ginen, eta sekulako indarra eta handitasuna eman zion sarrerari. Kristoren lana egin zuten eta mila aldiz eskertzen diegu!
Bai Kattalin eta baita Izargi ere Madame Birrotsen daude jotzen; bata abeslaria da eta bestea gitarra elektrikoa, atera berri dute ere disko zoragarri bat “Madame Birrots” izenekoa eta Atalan grabatu dena. Kattalin Arizmendi ere Baztandarra da eta Bidenabar taldean dabil; hirukote akustiko-elektriko super interesgarria ere! Eta Maddi Irazoki egunean bertan ezagutu genuen, Beratarra da eta laguntzeko prest agertu zen hasieratik, super positiboa da eta indar handia eman zion grabaketari!
Orohar, gitarren soinua azpimarratu nahiko nuke, eta ez hori bakarrik: Ion eta Iñigok elkar hartzeko duzuen modu hori. Bi gitarren arteko joku horiek lortzeko atzean lan handia dagoela antzeman daiteke. Askotan, gainera, leherketa progresiboa da, kantuen erremate lana baino askoz ere funtzio sakonagoa betetzen duena.
Gitarra joleok oso pelmak izan ohi gara, oso “prota”k. Nik uste gure buruhausteak direla kantuen konposaketan denbora gehiena eskatzen digutenak. Bi izanda, horrenbeste betetzen ditugu kantuak, pentsa! Horrela ikusten baduzu asko pozten gara; atzean lan pila bat dago. Honetan nahiko argi hartzen ditugu erreferente bezala Sonic Youth edota Borrokan taldea. Baita Polvo edo Built to Spill bezalako taldeak ere. Eta Vulk! Horrelako taldeak gogorarazten saiatzen gara, noski, doinuak gurera eramaten saiatzen garen arren.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.