“Entzuleari bidaia bat eskaintzea bilatu izan dut beti”
EntrevistasJoseba B. Lenoir

“Entzuleari bidaia bat eskaintzea bilatu izan dut beti”

Juan G. Andrés — 08-06-2016
Fotografía — Jon Iraundegi

Oso denbora gutxitan, sekulako bilakaera erakutsi du Joseba Baleztenak (1984, Bera). Disko instrumentalak grabatzen ekin zion bere ibilbideari duela laupabost urte baina laster hasi zen kantatzen Felix Buff bateria-jotzailearekin egindako ‘Tenpesta’ (2013) EPan. Gerora, Euskal Herriko rock talde onenetarikoa osatu zuen –Miren Narbaiza, Ander Mujika, Xan Bidegain eta Buff- Neil Young & Crazy Horseren bertsioak zuzenean egiteko, eta oraingoan, ‘Eguzkiari begietara so’ (2016) anbizio handiko lana argitaratu dute Joseba B. Lenoir Gang izenpean.

Zer eman dio Gang-ek zure musikari?
J.B. Beti konposatu izan dut banda bat buruan nuela, baino duela urte eta erdira arte ez zegoen bandarik... Askoz gehiago gozatzen dut lagunekin zuzenean bakarka baino. Aitzinetik erran izan dut, eta beti erranen dut, ni ez naizela kantautorea. Gang-ek kristoren bultzada eman dit, baita zuzeneko errepikaezinak bizitzeko aukera ere. Baina bortz lagun hauek ematen didatena ez da hor bukatzen. Kide berdinekin hainbat formatu desberdinetan aritzen gara kantei itxura berriak emanez aldiro, eta horrek kristoren bizitza ematen dit. Gustatzen zait etengabe aldatzen aritzea.

Neil Young eta Crazy Horserekin konparazioa saihestezina da, zuen soinuagatik, jarreragatik… ‘Izaki arrotz hortara’ eta ‘Ez itzali’ abestietan nabarmena da eragina…
Konparazioa gehiegi iruditzen zait! (Kar-kar-kar) 40 urte elkarrekin jotzen daramatzan talde baten soinura sikiera pixko bat hurbiltzea gehiegi iruditzen zait. Hori bai. Crazy Horseren abesti batzuk jotzeko elkartu ginen lehen aldiz entsegu lokal batean eta lehenbiziko kontzertuetan haien bertsioak egin genituen. Denborarekin hori alde batera utzi genuen eta taldearen soinuak ere eboluzio dezente izan duela uste dut. Eboluzio hau areago nabarituko da diskoa aurkezteko birako kontzertuetan, elementu berriak gehitu baitizkiogu taldeari. Halere, egia da diskoan egon daitezkeela Crazy Horsen gitarra soinuak gogora ekarriko dituzten uneak, 'Izaki arrotz hortara' bezalako kantuetan. Aldiz, 'Ez itzali' kantuaren kasuan uste dut hurbilago gaudela New Christs bezalako talde australiarretatik.

Rocka da nagusi, baina bestelako doinuak ere badaude: folk, blues, power pop, psicodelia pittin bat, esperimentazioa…
Erabat ados aipatzen duzun estilo aniztasunarekin, baino nik ez diot batere erreparatzen gauza horiei. Lan honetarako kantak konposatzen joan nintzen 15 bat esku artean izan arte, eta momentu horretan konturatu nintzen bizpahiru bide desberdin hartu zitzakeela diskoak. Hala ere, grabaketa saioak aitzinera joan ahala argi ikusten joan nintzen zeintzuk ziren elkarrekin osotasun borobilago bat sortuko zuten abestiak eta horiek izan dira atera direnak. Gustatzen zaizkit eragin guztiz desberdinak beraien baitan era naturalean batzeko gai diren artista eta diskoak, eta sinestu nahi dut horrelako zerbait lortzeko gai izanen naizela noizbait.

Eklektikoa da oso, baita erritmoari dagokionez ere… Rock gordina badago, baita kantu lasaiagoak ere… Kontraste horiek bilatu al dituzue?
Aipatu bezala, kontziente izan naiz horretaz hasieratik eta horrela izan zedin nahi izan dut. Bakarka argitaratutako lehen lanetik gaur egun arte bilatu izan dut entzuleari bidaia bat eskaintzea diskoarekin. Bidaia bat sonoritate, erritmo eta emozio desberdinetan barrena.

Hasierako diskoak instrumentalak ziren. Egun, zure musika eta ahotsa ezin dira banandu. Asko kostatu zitzaizun kantatzeari ekitea?
Gauza naturala izan da. Lehen diskoa sortu nuenean denbora pila bat nuen etxean gitarra jotzeko eta sartutako ordu guzien ondorioa izan zen. Denborarekin bizitza erritmoak eta kezka musikalak aldatu zaizkit eta horren isla da argitaratzen joaten naizena. Honek guztiak ez du erran nahi disko instrumental berririk eginen ez dudanik.

Eta orain zeri ematen diozu garrantzi gehien? Musika ala hitzak egiteari?
Abestiak egiteari, abesti onak egin nahi nituzke. Azken urteetan musikatik at dauden elementuek gero eta garrantzi handiagoa hartzen dute musikarion jardunean, seguraski festibal handien nagusitzeak inposatuta, eta iruditzen zait konposizio lanean eman beharreko denbora eta energia bertze kontuetan botatzen dugula. Kontzertuetara joaterakoan, entzule gisa, kantuak botatzen ditut faltan, gero eta gehiago.

‘Erredura’, “Eman su eta kiskali”, “Erre belar txar denak”… Suaren figura hori kantu bat baino gehiagotan agertzen da. Zergatik?
Arrazoi duzu, eta horregatik ere eguzkia izenburuan agertzearena... ‘Eguzkiari begietara so’ da diskoaren titulua. Erredura I abestitik ateratako eguzkiari begietara begiratzeko gai izateaz ari den esaldi bat da. Bidean agertzen diren traba eta oinaze guztiak pasatu eta oraindik aitzinera egiteko indar horri gorazarrea izan daiteke irakurketa bat. Dena den, hitzen erranahiak argitzea ez zait gehiegi gustatzen, uste dut askoz interesgarriagoa dela entzuleari bere erara interpretatzen uztea. Bertzalde, konturatu naiz Tenpestarako idatzitakoa bi urte geroagoko perspektibarekin askoz argiago ulertu dudala nik neuk, beraz, disko honetako hitzen inguruan solasteko denbora bat pasa beharko da! (Kar-kar-kar)

Eta suaz ari bagara, zuen zuzenekoak suaz beterik daude… Zaila bada ere, saiatu al zarete zuzenekoen soinu hori diskoan islatzen?
Ez, batere. Gainera, hau bakarkako disko bat da. Gang-eko taldekideen parte hartzea diskoan islatzea nahi nuen, baita Lutxo Neirarena ere, nirekin zuzeneko akustikoetan aritu izan dena. Eta horregatik badira hiru abesti banda formatuan eta estudioan zuzenean grabatutakoak. Horretaz gain, Mirenek aunitz lagundu dit ahotsak lantzen eta Anderrek ere parte hartu du bertze hainbat etxeko grabaketa saiotan. Baino gainerakoetan gehiena nik grabatu dut etxean. Zuzeneko aurkezpenak Gang-ekin izanen dira gehienak, eta horrela abestiek berriz ere bertze itxura bat hartuko dute. Gustatzen zait abestiek diskoan itxura bat izatea eta zuzenekoetan bertze bat, biziagoa, bertzela ez diot zentzurik harrapatzen kontzertuak egiteari.

‘Hamabi lagun hilkor’ amaierako kantuan badago esperimentaziorako lekua (programazioak, sanpleak…), zure hasierako lanetan bezalaxe… Faltan botatzen duzu fazeta hori?
Azken kantua, Alan Lomaxek grabatutako presoen kantuak entzuten dira… Nire bakarkako lehen kontzertuetan ere horrelako doinuak erabili izan nituen inprobisazio batzuetan. Kanta hori azken unean idatzi eta grabatu nuen eta diskoa bukatzeko uste dut modu aproposa dela. Lomaxen grabazio horiek gehitzea keinu bat izan da hasierako egun haiei, baina ez dut deus ere faltan botatzen. Gogoak orain eskatzen didana rock kontzertuak ematea da eta horregatik ateri da disko hau den modukoa. Badut material instrumentala pilatuta ere, beraz, aurrerago izanen da disko instrumentalak egiteko aukera.

Eta bertze taldeekin (Sumisión City Blues, Willis Drummond…) jarraitzeko asmorik bai?
Noski! Sumisión City Bluesekin disko berria prestatzen ari gara, laster grabatuko dugu. Eta Willis drummond-ekin ere lan erritmoa berreskuratu dugu. Horretaz gain, Rafael Berriorekin ere jarraitzen dut elkarlanean, eta sortzen joaten diren noizean behineko kolaborazioak gustura egiten ditut.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.