Disziplina desberdinen arteko disko bat da kaleratu behar duzuen hau. Nola sortu zen ideia eta nola hasi zineten lanean Sahatsa Jauregirekin?
Sahatsa gure aitaren (Ane eta Kattalinen) bikotearen semearen arreba da (txistea dirudien arren), eta aspalditik izan dugu pertsonalki elkarren berri. Bestalde, miresten dugun artista bat da eta aurretik jarraitzen genuen bere lana. Elkarrekin zerbait egiteko ideia sortu zen, elkartu izanaren emozio eta inozentziatik, guk uste, egingo genuen hori zer izango zen ez baikeneukan argi.
Nola deskribatuko zenukete Sahatsak sortutako unibertsoa?
Album honetarako egin ditugun abestiak nahiko poperoak dira eta Sahatsak sortutako eszenatokiek horrekin apurtzen dute eta, era berean, abestiak osatzen dituzte. Sahatsaren kristalek, altzairuzko egiturek, ispiluek, zilar eta urre koloreko objektuek… gure gorputzekin batera, nolabaiteko eszena artifizial eta arraro batzuk sortu dituzte. Probokatzaileak dira, batzuetan ironikoak ere, baina era berean gordinak eta serioak.
Nola ikusi dituzue zuen buruak beste disziplina batzuetako artistekin lanean? Zein izan da prozesua? Julene Gregorio eta Ander Sagastiberri ibili dira tartean.
J Martinarekin hasi ginenean inoiz ez genukeen imaginatuko termino hauetan lanean ibiliko ginenik, miresten dugun jendearekin eta konplejurik gabe aurretik imaginatzen ez genituen lekuak esploratzen. Bai Sahatsarekin, zein Julene eta Anderrekin lan egitea ohore bat izan da guretzat, batez ere, haien ekarpenei esker lanaren potentzialitatea aurrera eramatea lortu dugulako. Zentzu horretan iruditzen zaigu album hau, eta orokorrean J Martinaren asmoa, musikatik haratago doala. Imaginario bat sortu nahi dugu, zentzu zabalago batean.
Orain arte singleak argitaratu dituzue. Oraingoan, baina, disko oso bat grabatu duzuela, zer dela eta erabaki duzue abestiak banan-banan kaleratzea?
Oraingo honetan abestien artean, eta orokorrean, batasun kontzeptual bat existitzen den arren, bakoitzak iruditegi propioa izanda, garrantzi indibiduala eman nahi genien abestiei. Bakoitzari nortasun bat ematearen eta albumari osotasun bat ematearen arteko oreka bilatzen saiatu gara. Egia esan, ez dugu horren inguruan zalantza handirik izan, hasieratik ikusi genuen, nahiz eta argitaratze modu ez ohiko bat izan, horrela izan behar zuela.
Kaleratu zenuten lehen abestia “Gazte baten ametsak” izugarrizko hit-a dela uste dut, aurretik egindakorekin jarraikortasun bat mantentzen duena. Baina gerora etorri diren abestietan leku berriak esploratu dituzue eta eremu berrietan mugitu zarete. Zelan ikusten duzue zuek taldearen garapena?
Etengabeko bilaketa prozesu batean kokatzen dugu gure proiektua. Esan eta egin nahi duguna gauzatzeko forma bilatzen dugu leku ezberdinetatik edanez, erreferentziak aldatuz eta, zentzu horretan, pretentsiorik gabe. Ez dugu estilo edo genero baten ordezkari izateko inolako helbururik. Asmo bat izan nahi dugu, forma ezberdinak hartu ditzakeena eta horretarako gaitasuna duena.
Grabaketa prozesuan desberdintasunik egon da aurreko esperientziekin alderatuta?
Bai. Grabatu ditugun abesti guztiak, zein azkenengo album hau, Tobby Recordsen grabatu ditugu, taldekidea den Javik eta produkzio lanetan laguntzen digun Nikok batera duten estudioan. Albumaren aurretiko kantak grabatu genituenean, estudioa ez zegoen amaituta eta leku desberdinetan grabatu behar izan genituen: etxean; armairu barruan; lokaletan; etab. Askotan nahiko modu deserosoan.
Album hau grabatu genuenean, Tobby Records estudioa jada prest zegoen eta hor grabatu ahal izan genuen; mendian dagoen estudio bat da, eta hainbat egun hartu genituen, lasaitasunez eta presarik gabe grabatzeko.
Pertsonala eta politikoa bereiztezinak direla esatea cliche bat da, baina horrela da, eta zuen letretan oso agerikoa dela uste dut (Su edo Amore datozkit burura). Barneko min, borroka eta sentimendu askori buruz hitz egiten duzue, baina baita kanpoko munduaz ere. Hitzak idazterakoan hori presente duzue? Nola moldatzen zarete oreka horretan?
Ekidaren “Manifestua” ikuskizuneko poema batek zioen «ez dugu kantatzearren kantatzen, gure eskuz antolatzen dugu esan nahi duguna, gure inguru guztiaz jabetu nahi dugu gure buruez jabetzeko» eta zentzu horretan, gure abestiak artearen esferatik abiatuta errealitatearen aurrean kokatzeko era bat dira, bai artistikoki eta bai politikoki.
Egunerokotasunaren detailerik txikienari, edo intimoenei inkluso, abestu diezaiokegu; maitasunari, sentsazio eta ideiei, egoera konkretuei, kezkei, fikzioari… baina begirada zehatz batetik, munduarekiko dugun ikuskeratik abiatuta, eta letrak idazterakoan presente daukagun zerbait da, zeri kantatu nahi diogun, eta nondik abestu nahi diogun egoera horri.
Ez Daukat Ezer abestian, bai abesteko moduan zein hitzetan, euskal folk-aren eragina nabaritzen da, baita flamenkoaren zantzuak ere. Badago momentu bat Triana ekarri didana burura. Andaluziar musika ere oso presente dago zuen ibilbidean. Nola uztartu dituzue bi tradizioak?
Ohore bat da guretzat Triana gogorarazi izana, bada “Gazte Baten Ametsak” abestiaren estribilloari Camela-ren antza hartu dionik ere.
Gure abestietako doinuak sortzean, askotan inkontzienteki bada ere, emozionatzen gaituzten melodiak agertzen dira, noizbait entzundakoen antzekoak, izan flamenkoarenak, euskal folk-arenak edo ta beste jatorri batekoak. Khaled-en kanta batek dio «yo no canto, estoy llorando, no hago música, son llantos», eta zentzu horretan badaude doinu batzuk bereziki gaitasuna dutenak jendearengan zerbait berezia eragiteko, barruraino sartzen direnak, eta kantuak esaten duena benetan sentitzera eramaten zaituztenak. Hori da kantu batek izan dezakeen indarrik handiena.
Beraz, besterik gabe tradizio hauetatik edaten dugu, eta gugan geratzen den horretaz, emozionatzen gaituen horretaz baliatzen gara gure esan beharrekoak esateko.
Zuen abestiek badute malenkonia kutsu bat. Hutsune eta gabezie buruz hitz egiten duzue, edo horrela interpretatzen dut nik. Hiltasun garaietan bizi garela uste duzue? Ez al dago esperantzarako lekurik, beste mundu batzuk imaginatzeko gaitasunik? “Garai baten azkeneko ondarretan jaio gara” abesten duzue eta izugarrizko etsipen sentimendua piztu du nigan.
Pobreziaren areagotzea, eskubideen urraketa neurrigabea, indarkeria matxistaren normalizazioa…gure ingurua ardazten duten fenomenoak dira, eta errealitate honetan biziraun behar izatearen etsipena hor dago. Are gehiago, iraultzaileak izan zitezkeen iraganeko proiektu politikoen porrota ikusita, eta gaur egun argi dagoenean mahai gainean dauden politikagintza instituzioanal eta parlamentarioak bizi dugun egoeraren erantzule direla. Jendeak errazago imaginatzen du munduaren bukaera, kapitalismoaren bukaera baino.
Egoera honek gure bizitzetan sortzen duen miseria eta desesperazioari abestu nahi diogu, baina inondik inora derrotismoaren edo “no future” ikuspuntu batetik. Galderan aipatu bezala, gure poetikaren eta musikaren bitartez etorkizuneko beste garai eta errealitate batzuk imaginatu nahi ditugu, eta errealitate hori eraikitzeko gogoarekin konektatuko duten egoerak sortu, asko esatea bada ere.
Aurreko galderan esandakoari kontrajarriz, zuen abestietan berotasuna ere nabaritzen da, bizitzaren eta errealismo kapitalistaren gordintasunaren aurrean nolabaiteko babesa ematen duena. Ez dakit hau modu konszientean egiten duzuen.
Noski. Aurretik aipatu bezala sarritan egiten den miseriaren erromantizazioaren edo ta derrotismoaren jarreratik urrun, errealitatearen isla izateaz batera horrekiko antagonian ere kokatzen dira gure abestiak, eta existitzen denaz gain oraindik existitzen ez diren gauzetaz hitzegin nahi dugu.
Esan daiteke zuen lehen pausuak pandemia garaian eman zenituztela. Nik zuzenean ikusi zintuztedan lehenengo aldietan aulki batean jarrita egin behar izan nuen. Nola izan dira mugapenik gabeko lehen kontzertuak?
Gogoz eta beldurrez ere hartu genituen mugapenik gabe eman genituen azken kontzertuak, izan ere ordura arte ezin izan genuen benetan gure musikaz gozatzeko atmosferarik sortzeko aukerarik izan, ez publikolarentzat, ez guretzat, eta ez genekien oso ondo nolakoa izango zen hori. Gutxi izan badira ere, kristonak izan dira jendea zutik eta lasai egon ahal izan diren kontzertu hauek, eta guk ere inoiz baino gehiago gozatu dugu.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.