Lehen entzunaldian, esango nuke konklusioa dela “americana gutxiago, melodía gehiago”… ez dakit hala ikusten duzuen zuek ere.
Oso zail egiten zait gure musika iruzkintzea, hasiera-hasieratik ezagutzen ditut kantuok eta bukaerara arte egin duten bidearen lekuko izan naiz… Baina ulertzen dut esaten duzuna. Uste dut batez ere kantuen arregloetan jo dugula americana edo folketik aldentzen diren bideetatik, eta gehiago hurbildu garela soulera edo psicodelia ukituetara. Dena den, abestien oinarrian gitarra akustikoa eta doinu bat egoten jarraitzen dute, muina bera da.
Argi dagoena da orain arteko soinuarekin apurtzailea dela lan hau.
Horren bila jo dugu zalantzarik gabe. Soinua La Mina estudioko Raúl Pérez-en esku jarri genuen eta berak gidatu du grabazioa alde horretatik. Segur aski geure kabuz egitera ausartuko ez ginatekeen edo nola lortu jakingo ez genuen gauza asko berari esker daude diskoan. instrumentuen soinuei dagokienez batez ere.
2018 hasieran hasi zinen lan honetan pentsatzen. Halere, ez du ematen presa handiz egindako lana. Kantuek armonía, lasaitasuna transmititzen dute. Su txikian eginak dirudite.
Urte honen hasieran hasi nintzen pentsatzen diskoan, baina kantu zirriborroak pilatuta neuzkan jada. Gehiago izan zen erabakitzea disko berri baten zurrunbiloan sartu ala ez, eta behin erabakia hartuta buru-belarri sartu nintzen. Etxean maketatzen joan nintzen kantak eta hor konturatu nintzen batzuek ez zutela balio, horiek baztertu eta lokalean jotzen hasita besteren bat ere kanpoan utzi genuen. Momentu dramatikoak dira horiek, baina bizi beharrekoak, hortxe ikusi bainuen diskoa norantz zihoan eta zer erako kantuak nahi nituen. Lana irekitzen duen Haiek gu estudiora sartu baino astebete lehenago bukatu genuen, eta azken paragrafoak aipatzen dut guk kantuak baino, haiek gu aurkitzen gaituztela, nahi dutenean. Askotan dudan sentsazioa da.
Sevillako La Mina estudiora motibazio berrien bila joan zinetela diozu prentsa-oharrean eta nolabait, talde izaera indartzera. Diskoan entzuten denari erreparatuz, hori lortu duzuela esango nuke.
Aldaketak eta berritasunak behar genituela sentitzen nuen. Aurreko bi diskoak Elkar estudioan grabatu genituen Víctor Sánchez-ekin eta oso pozik gaude lan horiekin, baina arriskua nahi genuen, beste esku batzuetan utziz gure musika. Betiko ametsa izan da gainera taldekide guztiok urruneko estudio batera grabatzera eta elkarrekin egun batzuk pasatzera joatea, eta hori ere lortu dugu. Aspalditik egin nahi genituen gauza asko burutzeko aukera eman digu Dena oskolek.
Ezin ukatu euskal eszenan nolabaiteko arrakasta lortu duzuela aurreko lanekin. Arrakasta hori, zein puntura arte da “zama” bat?
Ez dakit arrakasta den, baina lortu dugu jende batekin konektatzea, eta kantuak egiten baditugu horretarako da batez ere. Zama baino, ardura piska bat sentitu dugu, aurreko diskoa argitaratu genuenean baino belarri gehixeago egongo baitira orain zer sortu dugun entzuteko prest. Dena den, ez dugu diskoa jendeari gustatuko ote zaion galderaren pean sortu, guk jarritako helmugara iritsi arte lan egitea izan da, eta hori lortu dugu.
Bakarkako kontzertu batzuk egiteko asmoa daukazula irakurri dugu. Hau izango da formatuetako bat edo salbuespeneko kontu bat da? Formatu ezberdinetan aurkezteko asmoa duzu edo taldearekin joango zara beti?
Lehen aipatu bezala, kantuen oinarrian gitarra akustikoa eta ahotsa dago, eta era horretan aurkezpen batzuk egiteko gogoa nuen. Jendearekin gertutasun handia lortzen da era horretan. Dena den, horrelakoak salbuespenak izango dira, dagoeneko kontzertuak itxi ditugu talde osoarekin urtarriletik aurrera eta era horretan ariko gara jotzen. Berritasun bat ere izango da taulagainean, diskoa grabatu duen Danilo Foronda-k (gitarra) ezin izango baitu zuzenekoetan gurekin egon, eta Joseba B. Lenoir itzuliko da taldera.
Diskoetxearen kontua: oso interesgarria iruditzen zait. Jende guztiak autoekoizpenera jo duen garai honetan, jusot kontrakora: kolektiboan lan egin, elkarri babesa ematera eta, nolabait, indibidualismotik kolektibora jo duzue.
Argi genuen disko honekin egin nahi genuen beste aldaketetako bat edizioarena zela. Guk geuk ekoitzi nahi genuen. Baina hor zalantzak sortu zitzaizkigun, bakarkako lana ere oso gogorra baita, eta lagunez inguratzeak ematen duen babesa oso garrantzitsua iruditzen zaigulako. Halaxe joan zen Erraia zigiluaren ideia garatzen. Momentuz Montauk eta Joseba B. Lenoir-ekin osatu dugu, eta ilusioaz gainezka gaude. Ea bide berri hau nora doan.
Hauek datozen kontzertuak:
Urtarrilak 12: Gasteiz, Jimmy Jazz.
Urtarrilak 17: Bilbo, Antzoki.
Urtarrilak 19: Oñati, gaztelekua.
Urtarrilak 20: Gernika, Iparragirre
Urtarrilak 26: Iruña, Indara.
Otsailak 8: Durango, Plateruena
Otsailak 15: Ondarroa, Beikozini
Otsailak 22: Azpeitia, San Agustin
Martxoak 16: Donostia, Dabadaba
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.