Oraindik badute hobetzeko tarte handia, nahiz eta dagoeneko zertzelada oso interesgarriak ari diren uzten daramaten ibilbide labur honetan. Horren adibide da lehendabiziko diskoa, "Biluzten", Urtzi Izarekin Eten Espazio Sonoroan grabatu duten lana. Leire Olariaga da taldeko abeslaria (tarteka teklatua ere jotzen du), Josune Freire (Eire taldearekin fitxatu berri du) dago baterian, Arantza Igartuak jotzen du gitarra eta, taldeko zarauztarra arduratzen da baxuaz, Eneko Eizagirre.
Lehen diskoa kaleratu berri duzue, zer nolakoak dira sentsazioak?
Apur bat urduri gaude, baina ilusio eta gogo handia dugu horrenbeste denboraz lantzen egon garen lehen lan luze hau erakusteko. Denbora asko daramagu une honen zain, eta iritsi da diskoak bere bide propioa hasteko unea. Agian beldur pixka bat ere badugu, izan ere, orain arte gurea bakarrik izan den zerbait denek entzun eta irakurtzeko aukera izango dute. Zaurgarri eta aldi berean indartsu sentitzen gara, diskoarekin biluztu egin garelako, eta apur bat deserosoa bada ere oso harro
gaude egindako lanaz.
Kaleratu dituzuen singleekin, argi geratu da taldeak beste heldutasun bat duela. Nola bizi izan duzue barruan prozesu hau guztia?
Naturalki eman den aldaketa bat izan da. 16 urterekin hasi genuen taldea eta 19 urte ditugu orain. Hiru urte hauetan asko aldatu da gure ingurua, gure bizitza, gu, eta, noski, entzuten dugun musika. Taldea sortzeak kontzertu asko ikusteko aukera eman digu, talde berriak ezagutu ditugu eta musika asko kontsumitu dugu.
Urtzi Izaren estudiora joan zarete eta Bizkaiko hainbat talderen soinura gerturatu. Hango taldeak izan dituzue erreferentzia moduan?
Bai, guztiz, Urtzirekin grabatzeko hautuak bi arrazoi nagusi izan zituen. Batetik, gure helburuetako bat gure soinua aurkitzea zen, nor garen eta nondik tira nahi dugun jakitea, eta Urtziren lan egiteko moduak atentzioa eman zigun, oso aproposa iruditu zitzaigun-eta gure nahi hau betetzeko. Bestetik, talde bizkaitar asko entzuten ditugu (TOC, Lukiek, Belako...) eta guk izendatu genuen “soinu bizkaitarra” gustuko izateak ere diskoaren nondik norakoa markatu du.
Harreman berezia ere sortu da bertako artistekin, hortik Josu Ximunekin kolaboratzerena ere, ezta?
Elkarrekin oholtza partekatzetik sortu da harremana. Lukiekekin jo genuen aurreko urteko urriaren 1ean eta ordutik beste pare bat aldiz jo dugu. Hasieratik izan da oso erreferente handia Josu guretzat, Lukiek zein Belako oso gustuko izan ditugu eta. Berarekin oholtza partekatu genuenetik babes handia sentitu dugu bere aldetik, eta eskertzekoa da taldearen hastapenetan horrelako norbait ondoan izatea. Diskoan kolaborazio bat egitea planteatu bezain laster izan genuen argi Josu Ximunek izan behar zuela kolaboratzailea, eta oso gustura gaude emaitzarekin.
VillaSound Bilbaon irabazitako sariari esker, gainera, Belakorekin oholtza partekatu duzue Toledon. Nolakoa izan da esperientzia?
Amets bat izan dela esango bagenu sinistu egingo genuke. Ez genuen inoiz irudikatu hain goiz maila estatalean kontzertuak ematera iritsiko ginenik eta gainera Belako bezalako talde batekin, guretzat erreferente izan den talde bat. Toledon disko berria jo genuen eta kanta berriak probatzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaigun. Abentura polita izan zen eta gainera publikoaren aldetik jaso genuen feedbackaz harrituta jarraitzen dugu, eta oso pozik bereziki ikusi dugulako hizkuntza ez dela izan oztopo bat publikoarentzat kontzertuaz gozatzeko.
“Talde bizkaitar asko entzuten ditugu (TOC, Lukiek, Belako...) eta guk izendatu genuen “soinu bizkaitarra” gustuko izateak ere diskoaren nondik norakoa markatu du”
Aurretik beste lau kontzertu garrantzitsu ere badituzue horren baitan. Gogotsu?
Bai, gogo handiz hartuko ditugu datozen kontzertu guztiak, etxe ondoan izan edo urrun izan. Egia da beti egiten duela ilusio handia kanpora ateratzeak eta proiekzio hori izateak, baina ilusio horrek errespetu handia dakar.
Baina etxean etorri zen estreinaldi handia, Orioko Etxeluzen. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Bihotza beteta dugu, diskoa gure etxean gure artekoekin estreinatzea modurik onena iruditzen zaigu. Hasieratik nahi genion diskoari ongietorri bero bat eman, eta hori izan da kontzertua antolatzean etengabe errepikatu dugun ideia. Oso egun berezia izan zen.
Zer espero behar du entzuleak fase berriko Ithaka honen eskutik?
Ithaka sendoago bat datorrela esango genuke, beti ere, gure esentzia galdu gabe. Lan asko dago diska honen atzean, eta jendeak hau nabaritzea eta baloratzea da espero duguna.
Zeintzuk dira talde bezala disko honekin jarri dituzuen helburuak eta zein bete nahiko zenituzketen ametsak?
Lan honekin jarritako helburu bakarrak gure identitatea aurkitzea eta egiten ari garen horretaz benetan harro egotea izan dira. Egia da hasieratik garrantzi handia eman diogula gure lantaldeari eta proiektu honen parte izango den jendeari, zerbait txikia eta konfiantzazkoa izatea nahi genuen, eta esan dezakegu helburu hori lortu dugula, oso gustura eta harro gaude sortu dugun taldeaz. Bete nahiko genituzkeen ametsak, bakoitzak bereak ditu, baina talde bezala oso garrantzitsua iruditzen zaigu egiten dugunaz harro eta gustura egotea, eta bideaz disfrutatu eta ikastea.
Modu independentean lana egiteko hautua egin duzue. Nolakoa izaten ari da diskoaren publikazioaren komunikazio eta zabaltze lana?
Hautua nahiko naturala izan da, hau da, berez ez dugu ezer baztertzen, baina lan honekin horrela suertatu da eta oso gustura gaude hartutako erabakiarekin. Egia da lan asko dagoela, eta sarritan gauza askok gaina hartu digutela, baina lehen esan bezala, lantalde oso polita dugu, eta behar izan dugun guztietan izan dugu norbait esku bat botatzeko. Komunikazio eta zabaltze lana guk ditugun medioekin egin dugu, ahal izan dugun modura. Seguruenik lan hau delegatu eta benetan jakitun den batek egingo baligu lan hau proiekzio handiagoa izatera iritsiko ginateke, baina asko lasaitzen digu egindako pausu bakoitza guk egiteak, eta gertatzen ari den guztiaz jakitun izateaz. Amaieran, gainera, lan guztiaren fruituak ikustean sentitzen dugun harrotasuna askoz ere handiagoa dela ere iruditzen zaigu.
Edizio fisikorik izango du? Eta non eskuratu ahal izango da?
Bai edizio fisikoa aterako dugu eta deseatzen ginen esku artean edukitzeko. Lehen aldiz, diskoa digitalean atera aurretik, azaroaren 24ko kontzertuan jarri genuen salgai. Hortik aurrera, Durangoko Azokan egongo da erosteko aukera eta baita datozen kontzertu guztietan ere.
Aipatutako emanaldiez gainera, non ikusi ahal izango zaituztegu zuzenean?
Oraingoz hauek dira ditugun kontzertuak: Durangon Ahotsenean, abenduak 8. Donostiako DOKA Kafe Antzokian, Indaberen diskoaren aurkezpenean, abenduak 23. Urtarrilean, Arrasaten 4ean eta, Larrabetzun, 21ean.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.