“Nire inkontzienteak nigatik hitz egin zuen, eta nik ospatu egiten dut”
EntrevistasIseo

“Nire inkontzienteak nigatik hitz egin zuen, eta nik ospatu egiten dut”

Urko Ansa — 13-12-2021

Iseo & Dodosound bikoaren partaide, bakarkako lanak ere argitaratuak ditu Iseok. Oraingoan, ordea, euskara hutsean kantatutako EP honekin ustekabean harrapatu gaitu. Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Hertzainak eta Berri Txarraken bertsio bana grabatu ditu, era guztiz biluzian eta bere etxean. Jarraian datorren elkarrizketan lan berriaren inguruko xehetasunak eskatu dizkiogu.

- Etxean eta etxetik sortu dira kantuok. Freskotasuna eta bat-batekotasuna irradiatzen dute, eta era berean introspekzio sosegatua. Mikel Laboaren “Txoria txori” kantuarekin hasten da diskoa. Lehenago ere grabatua zenuen zure beste proiektuan.
Hala da, abesti honek denbora luze darama nirekin, aldez aurretik Iseo & Dodosounden bira batean abestu izan dugu, eta oraingoan formato oragnikoago batean atera da, ahotsa eta gitarrarekin.

- Iseo & Dodosound bikotean egiten duzun hip hop estilotik hain urrun daude kantu biluziok... Zer dela eta aldaketa hori? Nola bururatu zitzaizun euskal kantuen bertsio E.P. bat egitea?
Egia esan ez zitzaidan “bururatu”, estudioan geunden mikrofono berri bat frogatzen eta abesten nengoela gitarra hartu eta kantu hauek atera zitzaizkidan. Ez nekien Dodo grabatzen zegoenik, baina entzun genituenean zuzenean erabaki nuen kaleratuko nituela. Formatoari dagokionez, ahotsa eta gitarra izan zen nire hasierako soinua, horrela hasi nintzen nire lehen abestiak konposatzen. Iseo & Dodosounden soinutik urrun daude, bai, baina nire bakarkako proiektutik ez horren beste.

- Grabazio biluziak dira, barne barnetik mundura jauzi egiten dutenak. Zure ibilbidearen jarraitzaileek sorpresa hartuko dutela uste duzu?
Alde batetik bai, noski, EP honek ustekabekoan harrapatu zaitzake. Baina hizkuntzari dagokionez esango nuke, ez soinuagatik. Egia da oso abesti biluziak eta gordinak direla, baina azken finean horrela jaiotzen dira abestiak, ezta? Ahotsa, letra, eta armoniarekin (gitarra edo teklatu batekin egina, adibidez).

- Grabazioan zehar, zure txakurren hankapausoak entzuten dira, baita negar txikiren bat ere. Guztiz homemade izan da kantu hauen grabazioa!
%100 homemade. Horrela atera ziren hartzeak eta horrela kaleratu dira. Ez nekien grabatzen geundela! Beraz bai, naturaltasun hori guztiz soma daiteke. Gaur egun gero eta gehiago faltan botatzen dut kutsu erreal hori, internet eta sare sozialetan badirudi egizkoa dena gero eta gutxiago ikusten dugula, eta arriskutsua izan daiteke gure osasun mentalarentzako. Beraz EP hain gordin eta huts bat ateratzea interesgarria ikusi nuen kontu honi kontrastea egiteko. Horrela da bizitza, artifizorik gabe eta bere akatsekin. Txoria Txori-n adibidez, akorde oker bat eman nuen eta segidan zuzendu nuen (argi entzun daiteke). Editatu ahal genezake, baina ez nuen hortan pentsatu, egia esan. Horrela abestu nuen eta horrela kaleratu da.

- Aukeratutako lau artistak euskal musikagintza modernoaren zutabe dira: Hasi Mikel Laboa eta Benito Lertxunditik, eta nola ez, Hertzainak eta Berri Txarrak arte. Berri Txarraken “Eskuak” argitaratu zenean 10 urte zenituen, eta beste hiru kantak zu jaio baino lehenagokoak dira. Kuriositatea daukat, jakin nahi nuke zu bezalako artista gazte batek nola ikusten dituen artistok: euskal musikagintza bere osotasunean maite duzu, Ez Dok Amairuk bultzatutako berpizkundearen ondorio bezala, ala artista konkretu batzuk maite dituzu?
Euskal kultura maite dut euskalduna naizelako. Gure sustraiek gugatik hitz egiten dute, gure izaeran daude, mundua ikusteko moduan. Eta hori ospatzekoa da. Guztiok aberatsak sentitu beharko ginateke gure jatorria eta kulturak erakusten digutenagatik. EP hau horixe da, nire inkontzienteak nigatik hitz egin zuen momentu hartan, eta nik ospatu egin dut.

- Benitoren “Baldorba” 25 urte dituen euskal kantu klasikoa da. Bide batez, zure kantatzeko era Orioko artistak maite duen modukoa da: emakumeek barnerantz kantu egiten dutenean sortzen duten goxotasunaz jantzia dago. Era berean, zure fraseatzeen ondorioz, gaurkotasun punttu bat ematen diozu. Oso bertsio ederra da; bide batez, aipatu ditudan ezaugarri guzti hauek E.P. honetako lau kantuentzat balio du.
Barnerantz kantu egin, zeinen deskribapen polita. Horrela atera zitzaizkidan bertsio hauek momentuaren eraginez, imaginatzen dut. Gau lasai bat zen, abuztuaren amaierakoa. Uda bukatzen ari denean eta gauetan freskotasuna somatzen asten denean, zerbaiten amaiera eta beste zerbaiten hasiera somatzen da inguruan. Urtaroz aldatzen dugunean melankolia kutsu bat sortzen zait barnean, eta bertsio hauetan ez nuen modu kontzientean egin, baina nire arimak holaxe hitz egin zuen gau hartan.

- “Aitormena” kantua gure musikagintzako historiara pasa zen argitaratu zenetik. Berriro ere, beste dimentsio batera eraman duzu: biluztasun intentsua, ahots bikoiztu leuna, gitarra akustikoa... kantuok zuzenekoetara eramateko asmorik baduzu? Ez litzake nolanahikoa izango...
Pentsatu nuen hasiera batean, baina egia esan Iseo & Dodosounden diska berria amaitzen ari gara eta ez diot denbora eta kontzentraziorik lapurtu nahi. Prozesu luzea da diska batena, beraz zuzenekoetara eramatekotan, aurrerago izango da.

- Berri Txarraken “Eskuak” argitaratu zen unetik ezagutu zenuela suposatu daiteke. Generazionalki gertuen duzuna da. Esan gabe doa, kantu horren jatorrizko bertsioaren antipodetan dagoela zurea. Melodiari zuku gehiago atera diozu eta magia hutsa lortu duzu.
Mila esker zure hitzengatik. Berri Txarrak nire goiz nerabezaroko talde oso garrantzitsu bat izan dira, eta duela bi urte haien azkeneko biran Kobetamendin eman zuten kontzertura abestera gonbidatu nindutenean… zerbait mugitu zen nire barruan. Eskuak eta Biziraun abestu genituen elkarrekin, eta bi urte beranduago nire homenaldi txiki hau agertu da bidean.

- Zure beste taldearen proiektukide den Dodosoundek ekoitzi du lana. Masterizazioa, aldiz, Alex Psaroudakis ingeniari estatu batuar prestigiotsuak egin du. Nola heldu zinen harenganaino?
Raul Refreerekin hainbat proiektutan egin dut lan iraganean. Berarengana jo nuen holako lan baten masterra nork egin zezakeen galdezka, eta Alexen izena agertu zen mahai gainean. Berarekin harremanetan jarri era holaxe sortu zen.

- Lau kantu hauek argitaratuta, hurrengo galdera argi dago: zuzenekoetara jauzi egingo duzu? Eta hala balitz, zein errepertorio aukeratuko zenuke?
Esan bezala, proiektu hau zuzenekoetara eramatekotan aurrerago gertatuko litzateke. Baina ideiaren bat daukat buruan, berriketa/kontzertu/solasaldi antzeko bat, non publikoaren partehartzea egon daitekeen… ikusiko dugu.

- Bide batez, zure ibilbideari buruz gehiago jakiteko aprobetxa dezagun. Iruñean jaio zinen 1991n. Noiz hasi zinen gitarra jotzen edo abesten?
Nire amaren gitarrarekin ikasi nuen, etxean, nire kabuz lehendabiziko akordeak jotzen. 15 urte inguru nituen, baina 6 urterekin hasi nintzen pianoa jotzen. Musika beti izan da gure etxean, gure familian. Eta abesten, betidanik abestu egin dut esango nuke.

- Iruñea eta Bartzelona artean bizitu zinen, baita bakarkako hainbat lan argitaratu ere. Iseo & Dodosound izenarekin argitaratu zenuten lehen lana 2014an, baina noiz izan zen Dodosoundekin lehen kontaktua? Reggae, dub, rub-a-dub eta abar landuaz zuen izena ezagun egiten hasi zen eta hainbat jaialditan parte hartu zenuten: Viña Rock, Rototom Sunsplash, Festival de la Luz (A Coruña), Télérama Dub Festival eta International Dub Gathering-en, besteak beste. Bapatean, 2021 honetan, bakarkako diskoa argitaratzea erabakitzen duzu...
Hala da, baina bakarkako lan honek ez du esan nahi Iseo & Dodosound amaitu denik, izan ere gure diska berria amaitzen ari gara eta esan dezagun EP hau bidetik gurutzatu zaidala pentsatu gabe. Iseo & Dodosound elkarrekin musika egiten hasi ginenetik nire bakarkako proiektua alboan mantendu dut, baina beti bizirik, kasu honetan bezala.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.