“Disko hau nahiko inprobisatua izan da, ez da egon aldez aurreko ideia bat”
EntrevistasInoren Ero Ni

“Disko hau nahiko inprobisatua izan da, ez da egon aldez aurreko ideia bat”

Tom Hagen — 15-09-2016
Fotografía — Archivo

Laukote andoaindarrak "IENNEI" izeneko lan berria atera du, eta soinu bereziak, galderak zein gogoeta interesgarriak aurkitu ditzakegu zazpi abestietan zehar.

Diskoaren zein taldearen izenak ikusita, palindromozaleak direla esan daiteke. “Bai, diskoaren azaleko irudiak ikusi ostean, ‘Nei’ atera zen izenburu posible bezala. Hiru aldiz irakurri eta konturatu ginen Inoren Ero Ni-ren siglak zeudela bertan, aldrebes jarriak. Letra-joko horrekin palindromo bat asmatu dugu”. Estudioan sartu baino bi aste lehenago ez zekiten disko hau grabatuko zutenik. “Bi aste horietan erabaki genuen zer abesti grabatu, eta diskoa grabatu ondoren hasi ginen diseinu eta kontzeptuarekin lanean”. “Pantera emea” abestian “zertarako babesa” esaten dute. “Paddy Rekalderen hitzak dira, sexuaz eta amodioaz. Zertarako sortzen ditugu hainbat eta hainbat muga gai hauen inguruan, hauek askoz ere errazago egiteko ahalmena dugunean?”. “Besteen joan etorriei so” da aurrerapen kantua, eurentzat poperoena. “Teknologia berriek gure bizitzeko eran eragindako aldaketa sakonak asko erraztu du edozein musika entzun edo edonongo artistaren lanak ikusi ahal izatea. Emandako aldaketarekin asko irabazi dugu, baina gure bizitzetan arteak beharrezkoa duen gertutasuna galdu du ere. Gaur egungo garaiaz hitzegiten du”. “Karramarro” abestian Borja gitarjolearen “Mu” eleberriko hitzak erabiltzen dira. “Hainbat gauzen artean, abesti honek azaltzen du show business-aren aurrean dugun gure jarrera. Gurea diodanean, gurean dauden hainbat benetako kultura eragileen jarrera esan nahi dut. Hainbatetan atzeraka ibili beharra dugu gure etxean, karramarroen antzera”. “1984ko Orwellen garaiak ote?” galdetzen dute, eta ez dute erantzunik. “Drakeren hitzak dira. BAP!! taldeko garaietatik zeuden galduak karpeta batean. Orain dela hogei urte daude idatziak eta Orwellen hitzak bezala, gaurkotasuna mantentzen dute”.

Gaztelaniazko tituluak dituzten “Juegos en el árbol ahorcado” eta “Final en la caja del muerto” instrumentalak dira eta “Karramarro” kantuan ordea gazteleraz aritzen dira. “Ez dugu inongo irizpiderik. Erabiltzen ditugun hizkuntzak dira. Estudioan erabaki genuen abesti inprobisatu bat grabatu behar genuela. Inprobisazio saioen bi zatiekin bi abesti instrumental, ero, egin ditugu. Bertan, Borjak (gurean hitzak idazteko erraztasun gehiago duenak), bat-batean bota zituen bi izenburu. Nagore Legarretak diskorako egin zuen argazkian daude oinarrituak. Argazki saioa grabaketarekin batera egin genuen Garate Studioko parajeetan”. Bertan grabatu dute oraingoan ere. “Beti bezala, etxean bezala sentitu gara. Beste behin, Martxel Arkarazok ekoiztu du eta bilatzen genuen freskotasuna eta soinu berezia lortu du”.Portadan aintzinako atxilotuen argazkiak jarri dituzte. “Oso ondo islatzen duelako nahi genuena. Ezohiko disko-azal bat, ez talde izenik, ez izenbururik. Bertan dauden irudiek, lehenengo begiradetan, irakurketa desberdinak ematen dituzte eta hori guztia da bilatu duguna”.

Lanaren aurkezpenari dagokionez, zuzenean ahal duten guztia jotzea da euren asmoa. “Irailaren 15ean, ‘Iennei’ aurkezten dugu Donostiko Le Bukowski tabernan. Ondoren, irailaren 23an Elgoibarren, urriaren 11an Zaragozan, urriaren 15ean Durangon eta urriaren 28an Beasaingo Jazpana festibalean. Azaroan eta abenduan zehar, Arrasate, Gasteiz, Frantzia eta Bilbon arituko gara”.

Hauek dira taldearen "IENNEI" diskaren aurkezpen kontzertuak:
Irailak 15 Donostia (Le Bukowski) 21:30
Irailak 23 Elgoibar (Sotoko Hotsak) 23:00
Urriak 11 Zaragoza (Arrebato) 20:00
Urriak 15 Durango (Txosnagunea) 22:00 + Estricalla + Tooth
Urriak 28 Beasain (Jazpana Fest)
Azaroak 10 Arrasate (Gaztetxea) 22:00
Azaroak 11 Gasteiz (Gaztetxea ) 21:00 + Los Nitxos

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.