“Gaur egun esan dezaket gure soinu propioa daukagula”
EntrevistasIñaki Palacios

“Gaur egun esan dezaket gure soinu propioa daukagula”

Urko Ansa — 12-02-2025

Laugarren diskoa argitaratu zuen Iñaki Palaciosek iazko udazkenean. “Lurra, ardoa, dantza” (2017), “Harria” (2019), "Baltik" (2021) bezala, hau ere Baga-Bigak argitaratu du eta berriz ere eskemak apurtzeko gogo horretan, txistuari beste dimentsio bat eman dio gasteiztarrak.

Disko guzietan berrikuntzak sartzen ditu, eta oraingoan soinuari garrantzi berezia eman dio, nahiz eta txistuaren paperak berebiziko garrantzia izaten jarraitzen duen. Diskoa entretenigarria eta boteretsua da oso, eta publiko berri bat bereganatzeko moduko kalitatea dauka. Segidan, Iñakik kontatuko dizkigu azken lan honen nondik-norakoak.

Lehenik eta behin zorionak disko berriagatik: benetan bizia, koloretsua eta animatua da. Oso entretenigarria egiten da berau entzutea. Gainera, oso erritmo bizia izateaz gain, tonalitate eta forma ugariko eskemak landu dituzu bertan.
Eskerrik asko! Proiektu honekin hasi ginetik, esperimentazio lan asko dago atzean. Esaten den bezala “prueba y error” egiten ibili ginen nahi genuen soinua lortu arte. Gaur egun esan dezaket gure soinu propioa daukagula eta jendeak erraz igartzen duela gure musika dela.

Atentzioa ematen duen beste gauza bat da, zu txistularia bazara ere, beste instrumentuek daukaten protagonismoa. Azken disko honetan batez ere soinua aipatuko nuke, besteren artean, noski.
Egia da lehenengo diskoetan txistua lehen plano batean zegoela oro har abesti guztietan, eta azken honetan leku gehiago eman diodala beste musika tresnei eta ahotsei.

Oker ez banago, laugarren diskoa duzu jada hau, eta dirudienez disko guzietan aldaketa dezente sartzen dituzu. Eskemak errepikatzetik urrundu nahi duzu?
Disko bakoitza proiektu berri bat bezala hartzen dut, errepikatu ezin den proiektua. “Harria” diskoan adibidez, Iñaki Perurenaren laguntzarekin, kale ikuskizun bilakatu zen, eta aurreko diskoan (“Baltik”) irlandar musika eta euskal musika batu genituen. Oraingoan aldiz, dantza garaikidea (DAB dantza konpainia), tradizionala (amezti dantza taldea) eta abeslariak daramatzagu. Polita iruditzen zait disko bakoitzean gauza bereziak egitea. Niretzat disko bat ateratzea ez da bakarrik abestiak egitea; zerbait egon behar da atzetik.

Zeltiar eraginak nabari ditut han-hemenka, adibidez “Dardara” eta “Bidart”-en bizitasunean eta airean.
Zeltiar eragin handia izan dut nire ibilbidean: musika egiterako orduan beti hara begiratzen dut. Irlanda eta eskoziako musikariak niretzat erreferenteak dira. Eta nire belaunaldi bereko musikariak lan asko egiten ari dira ner trad bezalako musika eginez.

Txistuaren papera interesgarria da, batez ere dosifikatzen jakin duzulako. Erakustaldia egitera joan ordez kantuetan sartu duzu, inentsitate ezberdineko ekarpenekin baina beti kantuaren zerbitzura. Ados zaude honekin?
Bai, batez ere azken disko honi dagokionez. Zuzenekoetan ere horrela egiten dugu, kantuei bere lekua emanez baina entzulea txistuaz “saturatu” gabe.

Kolaborazio batzuk ere sartu dituzu diskoan. Kalakan taldekoek “Argizaiola”-ri bere ukitua ematen diote bukaera aldera. Aldiz, garrantzitsuagoa da Mikel Urdangarinek “Udazkena”-n daukan protagonismoa (pianoa lagun duela era hunkigarrian kantatzen du) edota Lide Hernandok “Bi izar” balada ederrean daukana (hau ere pianoarekin). Gainera, hiru kantuak instrumental hutsak ere izan zitezkeenaren sentsazioa daukat.
“Argizaola” abestiak behar zuen iluntasun puntu hori: argi neukan Kalakan taldeko lagunek eman behar ziotela, eta proposamena luzatu ondoren beraiek ere horrela ikusi zuten. Niretzat diskoan horrelako kolaborazioa edukitzea izugarrizko ohorea da.

“Udazkena” abestian aldiz, goxotasuna behar nuen. Udazken egun euritsu horiek... sutondoan egotearen antzerako zerbait irudikatu nahi nuen ahotsaren bidez. Eta Mikel laguna izanda argi eta garbi berak izan behar zuen aukeratua. Oraindik asimilatzen ari naiz txikitan entzuten nuen abeslari hain garrantsitsu horrek nire abesti batean kolaboratzeko baiezkoa ematea.

Eta Lideren ahotsa “Bi izar” abestian, zer esan... Euskal eszenan dagoen ahots polit eta potenteenetarikoa da, eta abestirako horixe behar genuen. Abestiak atzean zeukan istorioa azaldu eta hurrengo egunean estudioan zegoen grabatzen. Betirako eskertuta egongo gara.

Eta bai, instrumentalak izan zitezkeen. Azkenean, konposatzeko orduan, gitarra hartzen dut normalean eta gero txistua sartzen dut, aurreko diskoko abesti batzuetan bezala. Bestela, askoz errazago izango litzateke dena, baina beti arriskatzeko joera izan dut.

Hiru kolaborazio horiek kenduta, beste seirak instrumentalak dira... Biziak, animatuak, entretenigarriak... sua eta garra darie denei. “Dardara” adibidez energia txute bat da, dantzarako egina dirudi!
Indarra, bai! Hori da “Dardara” abestiak daukana, baita esperimentazio puntu hori ere. Elektronika lehenengo plano batean sartu nuen, eta lehen esan dizudan bezala, “Prueba-error”.

“Gazteei erakartzea da nire erronka nagusiena, normalean gure publikoa 30 urtetik gorakoa izaten baita”

Gero, “Izaro”-n ere txistuari garrantzia ematen diozu eta bizia da oso. Zortziko bat da? Eusko Legebitzarrean dagoen Nestor Basterretxearen eskulturari eskaini zenion kantu hau, ezta? Eusko Legebiltzarraren kantu ofiziala da “Izaro”.
“Izaro” oso abesti berezia da niretzat, eta espero dut luzaroan hala izatea. Ezpatadantza erritmoa da, niretzat euskal herrian nortasun gehien daukan erritmoa da. ¾ + 6/8ko konpasak batzen ditu, bata bestearen atzean jarrita. Indarra eta nortasuna azaleratzen duen erritmoa da niretzat. Nestor Basterretxeari eskeinitako obra da, gaur egun Eusko Legebiltzarreko abestia bilakatu dena, guztiona, eta uztailean Donostiako Kurtsaalean formatu sinfonikoan estreinatuko dena.

“Atariko fandangoa” oso perkutiboa da. Zu zeu zara danborrari eragiten? Dantza alaitsu modura eta era berean entzuteko bakarrik ere balio dezake. Hau bezalako piezetan, dena den, soinuaren papera oso garrantzitsua da.
Perkusioaren atzean dagoen musikaria, Iñaki Alarcia da, musikari ezin hobea eta lagun estua. Kajoi flamenkoa eta pandero karratua grabatu zituen. Indar asko daukan erritmoa da fandangoa ere, baina argi dago zuzenekoetan asko irabazten duela Lezoko “Amezti” dantza taldeko kideekin.

Askotarikoa da diskoa, esan dugun bezala, baina “Lizartzako arin-arina” da ederrenetako bat. Biolinaren presentzia handia dauka, baina baita gitarra espainiarraren erakustaldi bat ere. Entzulea ez da aspertuko!
Abesti honekin lortu nahi nuena herri ezberdinetako kultura fusionatzea zen. Txistua, gitarra espainarra, kajoi flamenkoa, trikitixa… denek bat egiten dute musikaren mesedetan.

Azken kantua, “Ama”, diskoko lasaiena dela esan genezake? Pianoarekin egindako sarrera, txistu elegantea, biolina... atmosfera pausatua da nagusi. Diskoari amaiera erreflexibo bat eman nahi zenion? Bestalde, iaz hil zen zure amari eskainia dagoela irakurri dut.
Bai, nire amaren bizitzako azken astean eginiko abestia da. Gehien negar eragin didan abestia izan da, baita azkarrago egin dudan abestia ere: bi egunetan egindakoa. Baina suposatzen dut aste horretako bizipenak nonbaitetik atera behar nituela, eta nire kasuan gitarratik irten ziren. Diskoa ekainean amaituta zegoen, masterra eginda zegoen eta fabrikara bidali genuen irailean kaleratzeko, baina dena gelditu genuen, abuztuko azken astean grabatu eta diskoan sartu genuen “Ama” kantu hau. Dolua ixteko diskoak ere horrela amaitu behar zuen. Orain, atzera begiratuta, taldekide guztiok diskoak “Argizaiola” izena eduki behar zuela argi daukagu.

2005ean, 16 urte zenituela, irabazi zenuen gazteen Euskadiko Txistularien txapelketa. Zure ibilbidea hor hasi zela esan dezakegu? Handik bi urtera Euskal Musikari Gazteen lehiaketan bigarren postua lortu zenuen. Horrek indar handia eman zizulakoan nago…
Ba bai… 15-16 urterekin, ia gazte guztiok bezala, ez nekien zer egin nere bizitzarekin: zer ikasi, betikoa… Irabazi ondoren garai horretan nituen irakasleek musika ikasketak egitera bultzatu ninduten, eta Gasteiz eta Bartzelonan ikasketak burutu ondoren, hurrengo urtean irakasle bezala hasi nintzen. Beti eskertzen diet animatzeagatik, musika ikastera bultzatzeagatik eta gaur egun musikatik bizi ahal izatea ahalbidetzeagatik.

Basauriko Udal Musika eskolako irakaslea zara: txistua eta hizkuntza musikala irakasten dituzu, oker ez banago. Gainera, Eusko Legebiltzarreko ekitaldietako txistularia ere bazara. Erantzunkizun handia izango da ekitaldi horietan parte hartzea... baita ohore handia ere.
15 urte Basaurin jada, bai... han lagun asko egin dut, irakasle, ikasle, nire taldeko gitarrista (Javi Garay) ere han ezagutu nuen. Beti bi gauza esaten ditut: bata, haiek niri askoz gehiago irakasten didatela, eta inoiz ez dudala sentitu “lanera” noala, niretzat klaseak ematea plazer hutsa baita. Transmisioa egotea beharrezkoa da, eta hori txistuan gero eta zailagoa da.

Txistularioi askotan deitzen digute ekitaldi ofizialetan aurreskua jotzeko. Urte askotatik hona legebiltzarrean, eusko jarularitzan eta orokorrean ekitaldi ofizial askotan jotzen dut. Ezkontzetan ere asko jo izan dut, baina gaur egun lasaiago hartzen ditut halako ekitaldiak: ezagunak edo lagunak direnentzako bakarrik jotzen dut, garrantzi gehiago ematen baitiet zuzeneko kontzertuei. Baina oso gazte hasi nintzen ezkontzetan jotzen, eta bertigo pixkat ematen duen arren seguru 2.000-2.500 ekitalditan egon naizela aurreskua jotzen.

Txistuaz gain gitarra ere ikasi zenuen Bartzelonan. Diskoko gitarrak zuk grabatu dituzu ala beste musikariren baten esku utzi duzu?
Ez, diskoan eta zuzenekoetan Javi Garay-k jotzen ditu. Nik etxean konposatu eta aurre-grabaketa bat egiten dut beti estudiora joan aurretik, eta hortxe Javik ideia hartu eta aberasten du.

Diskoaren aurkezpen kontzertu batzuk egin dituzu jada... Zein da Iñaki Palaciosen publikoa? Berez, zure erreferentziak eta diskoak ikusita, oso entzule heterogeneoa irudikatu dezaket…
Gazteei erakartzea da nire erronka nagusiena, normalean gure publikoa 30 urtetik gorakoa izaten baita. Txistulari asko dago Euskal Herrian, eta asko pozten nau kontzertuetan ikustea egia esan, zerbait ondo egiten ari garen islada baita. Beti kontzertuak amaitu ostean jende asko hurbiltzen da esateko ez zekitela txistuak horrelako soinua atera zezakeenik. Baina txistua zainduz eta musikari onez inguratzen badugu oso erakargaria izan daiteke entzulearentzat eta horrela ikusten dugu zuzenekoetan.

Orain arte egindako kontzertuek (San Telmo Museoa, Aitzin Folk, Tabakalera, Oñati…) harrera ezin hobea izan dute eta ia guztietan Sold Out kartela jarri dugu. Aurten datorrena etorriko da, baina urte polita daukagu aurretik, besteak beste Bilboko BasqueFest jaialdian egondo baikara, Fernando Buesa Arenan, Gasteizko Jaietan, Kurtsaalean ata abarretan.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.