“Disko berezi bat grabatu dugula uste dut,  mimo eta maitasun handiarekin egindakoa”
EntrevistasIker Lauroba

“Disko berezi bat grabatu dugula uste dut, mimo eta maitasun handiarekin egindakoa”

Tom Hagen — 16-11-2015
Fotografía — Anabel García

Lauroba taldeko abeslariak “Zeru tolesgarria” izeneko bere lehen bakarkako lana dakarkigu. Harkaitz Cano idazleak jarri ditu letrak eta hogei musikari baino gehiagok hartu dute parte oso landua izan den eta abesti borobilez betetako disko honetan.

Iker Lauroba abeslariak bakarkako ibilibideari ekin dio, baina hala ere ez du Lauroba alde batera uzten. “Laurobarekin diskoa grabatzen ari gara orain eta laster kaleratuko dugu. Bakarkako diskoa parentesi moduko bat izan da, lasaiagoak diren abesti sorta bat nuenez, disko batean biltzea pentsatu nuen”. Baina bakarlari bezala hasteko ez zuen errezenera jo. “Pottoko estudioko Fredi Pelaezekin hitzegin nuen diskoa kaleratzeko intentzioaz, presa gabe grabatzeko proiektoa zela banekien, denbora eta mimo handiarekin egiteko zerbait. Abesti bakoitza independienteki lantzen saiatu ginen, eskatu eta iradokitzen ziguna bilatuz”. Hainbat musikarik ere hartu dute parte. “Nik ematen diot izena guztion arteko bilgune honi, baino inoiz baino babestuagoa sentitu naiz. Hogei musikari baino gehiagok hartu dute parte, Frediren inguruko musikariak gehienak. Juanma Urriza (bateria), Tana Santana (baxua, kontrabaxua), Beñat Barandiaran (gitarra) eta Fredi Pelaez (piano, hammond, eskusoinua) izan dira bizkarhezurra, baino kolaborazio ugari izan ditugu haizeetan, arizko instrumentoetan eta ahotsetan. Maila honetako musikariekin erraza izan da grabazioa, bakoitzak oso argi zuelako egin behar zuena. Beñatek konponketa zoragarriak prestatu zituen gitarra soilez osatutako abestientzat, arizko eta haizezko konponketak Fredik idatzita zituen aurrez”.

Harkaitz Cano idazlearen letrek beste balio erantsi bat eman diete abestiei. “Nik abestiak bidaltzen nizkion eta berak letra bueltan, nik bidalitako melodian silabaz silaba ezin hobeki egokituz. Hilabete bateren bueltan prest genuen disko osoa. Izugarria da nola kontatzen duen kontatzen duena, silaba kopuru jakin bat idatzi behar izateak suposatzen duen korse estua jantzita izanda. Gainera ez hori bakarrik, askotan nik bidalitako silaba luzeen bokalak ere errespetatzen zituen, eta batzuetan nire melodietan erabilitako esanahirik gabeko hitzen antzeko hitzak ere bai”. Maitasun abestiak dira nagusi, “baino oso modu originalean bideratuta, ‘Abisatuta nengoen’, ‘Maite miau, ez miau maite’ edo ‘Amurik ez’ esaterako”. Lanaren “Zeru tolesgarria” tituluak “patrikan eraman beharreko zeru tolesgarri urdin bati buruz hitzegiten du, larrialdi uneetan ireki eta begiratzeko”. Abestiak mimo handiarekin landuta daudela aipatzen digu, “mundu txiki bat izango balitz bezala bakoitza”. Bi esatekotan “Abisatuta nengoen” eta "Maite miau, ez miau maite" aipatzen ditu. Lehenengoan duen handitasuna izugarria iruditzen zaio, “arizko sekzio, tronpa, flauta eta gainerako instrumentuekin hartzen duen orkestra sentsazioa” eta bigarrenean “Beñat Barandiaranek egindako gitarren konponketa zoragarria da. Peio Ramirezek txeloarekin ematen dion goibeltasun sentsazioa oso ondo doakio Harkaitzen letraren arimari. Artelana iruditzen zait horrelako letra hunkigarria egitea superheroiak erabiliaz”. Argi dauka estilo honetako diskoak ez direla arrakastarako biderik zuzenena Euskal Herrian. “Hemen oraindik kontzertua parrandarekin lotzen da askotan, eta tabernetaz haratago ez dago esparru gehiegirik nirea bezalako proposamenentzat”. Zuzenekoetan formatu txikia erabiliko du beste lau musikarirekin, “era intimoago batean”. eta diskoa ez da dendetan aurkituko, berak bidaltzen du [email protected] helbidera idatziz gero.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.