“Musikariak musikaren zerbitzura izan behar gara, kantuak behar duena ematera”
EntrevistasHibai

“Musikariak musikaren zerbitzura izan behar gara, kantuak behar duena ematera”

Iker Gurrutxaga — 11-12-2021
Fotografía — Gabriel Mendizabal

Ibilbide luzeko musikaria da Hibai Etxebarria (Gernika, 1980) eta bide horretan denetariko estiloak jorratu ditu. Ez du sekulan ere xehetasunik galtzen eta gainera bidelagun asko izaten ditu bere diskoetan. Oraingo honetan ere ez da atzera geratu eta jende anda izan du “Trip Tics VIII-IX” diskoan laguntzen. Egun Durangon bizi da, eta bertako azokarako bosgarren urtez jarraian lan berria aurkeztuko du.

Iazko “Goxokiak” diskotik oso urrun dago “Triptics VIII-IX”, musika lasaiagoa delako akaso, baina komunitatearen ideiak eta elkarlanarenak presente segitzen du hemen ere. Horrela sentitzen duzu zuk?
Disko hau pandemia aurretik idazten hasi nintzen kantuez osatzen da. Sorkuntza prozesuaren erdian harrapatu ninduen 2020ko martxoko lehen konfinamenduak. Mundua guztiz aldatu zen une hartan. Kantu berriak agertu ziren eta zerbait ezberdina publikatzea aukeratu nuen urte horretan.
Uda honetan zehar grabazio horietara bueltatu naiz. Musikariak elkartu, kantu berri batzuk gehitu, grabatu eta publikatzea erabaki dut CD formatuan. Abestiak lasaiagoak dira. Serioagoak. “Goxokiak”-ekin aldaratuz grisagoa dela esan dezakegu. Ideia hori diskoaren diseinuan ere islatzen saiatu naiz.

Begiak itxiko bagenitu, inbidiarik ez Robbie Williams edo Gary Barlow bezalako artistei. Beti goreneko kalitatearen bila joaten al da Hibai? Edota uzten du bihotzarekin jotako hartualdiren bat bere kantuetan, nahiz eta akatsen bat nabaritu?
Galderak harritzen nau. Noski goreneko kalitatearen bila noala. Baina ba al da norbait ez doana? Edo gutxienez, duen hoberena ematera ez doana? Esfortzu handia egiten dut grabazio prozesua ahal bezain naturala izateko zentzu guztietan. Bihotzarekin eginik egoteko hasieratik amaierara eta horretarako garrantzitsua da bihotza ez duten elementuak saihestea. Esaterako: makinak.

Disko honetan ez dago ez MIDI-rik, ez programaziorik, ez “copy-paste”-rik ezta “Auto-tune”-rik ere. Guztia natural, talde handietan eta toma luze eta bakarretan grabatu da. Bandatik hasi eta orkestraraino. Ez dakit hori gaur egungo zenbat diskotan gertatzen den. Akatsez beteta dago, akats horiek nik bakarrik entzuten ditudan arren. Bueno… nik eta Meccako Mikel Eceizak jajajaja

Bost urtetan bost disko Durangoko Azokarako. Durangon bizita, gainera, erronka berezia ezbairik gabe.
Orain durangarra naizela esan daiteke. Gernikan jaio baina bikotearekin Durangon bizitzea erabaki dugu. Asko maite dudan herria da Durango. 5 urtetan 5 estudioko disko kaleratu ditut material originalarekin eta inolako dirulaguntzarik gabe. Auto-ekoiztuak 100%. 5 urte hauetan gainera, Ahotsenean zuzenean aurkeztu dut diskoa. Lan hau musikarekiko, kulturarekiko, Ahotsenearekiko eta Durangoko Azokarekiko dudan konpromezuaren oroigarri bat da.

Urte hauetan guztietan eboluzio nabarmena izan duzu. Nabaritu duzu zuk zeuk ere?
Disko bat prestatzen dudanean nire burua erronka berrien aurrean jartzeko aprobetxatzen dut eta lan berri honetan, aurrekoetan bezala, asko arriskatu dut. Ahotsean batez ere. Horrek asko ikastera eramaten nau, eboluzionatzera. Hobetzera esango nuke. Azken urte hauetan asko idatzi, grabatu eta jo izan dut. Ikasketa handia izan da eta, edozein esparrutan bezala, praktikak hobetzen zaitu.

Disko honetan euskaraz zein ingelesez entzun zaitugu abesten, VIII. atala hizkuntza horretan idatzia dagoelako. Horregatik du halako ukitu britainiarra? Groove potentea ere badu.
Nire musika triptikoetan katalogatzen dut. Hau da, hari batez lotzen diren hiru kantuko sortak. Disko honetan VIII. eta IX. atalak biltzen dira. Aurreko diskoetan publikatu nituen besteak.
VIII. ataleko abestiak bizitzako momentu oso mingots batetan idatzi nituen. Bihotz apurtu baten hasperenak dira. Estetika oso “British” batetan izan dira grabatuak orkestrak lagunduta.

Irekiera ematen dion kantua, ‘Murmurs of broken heart‘ zinez ezaguna egin zait eta oraindik deszifratu ezinik nabil zein kantu den buruan dudana. Erabat zurea da edo abestiren batetik edan du?
Printzipioz nirea da. Edonola ere, gitarraren melodian beste kantuetara eraman zaitzaketen esalditxoak agertu daitezke, intentzioa hori ez izan arren. Beste abestietan badira omenaldi batzuk, hauek kontzienteak. Askotan sartzen ditut halako gauzak, sorpresa txikiak bilatu nahi dituenarentzat. Baina hau ez da kasua.

“Disko honetan ez dago ez MIDI-rik, ez programaziorik, ez “copy-paste”-rik ezta “Auto-tune”-rik ere. Guztia natural, talde handietan eta toma luze eta bakarretan grabatu da”

IX. atalean berriz ere euskarara itzuli zara. Gainera, ‘Triste bizi naiz eta‘ kantuaren doinu berri bat ekarri duzu euskal kantutegira, bi bertsiotan, bossanova erritmoan bat eta barbershop estiloan bestea. Horri hiru ahots pusken presentzia ere batu behar zaio.
IX. atalean euskal musikara bueltatzen naiz. Baneramatzan urte batzuk Bilintxen bertso horiekin zerbait egiteko asmoz. Baina ez nituen aurkitzen hiru kantari idatzita nuen partitura zuzenean defendatzeko. Konplexutasun handia du bai erritmoan zein armonian. Bossa-nova ez da estilo erraza.
Disko honetan nire musikak izan duen eboluzio nagusiena ahotsetan nabaritzen da. Beti nahi izan dut proiektuak kalitatezko hiru korista izatea. Azken urteetako ibilbideak abesbatzen mundura hurbildu nau eta kantari zoragarriak ezagutzeko aukera eman dit. Bide horretan aurkitu nituen Ayna Ziskar, Maider Legarreta eta Carla Sevilla. Gospel eta Jazz kantari apartak.

Bigarren bertsioa benetan gordin grabatu duzue, bonus track moduan.
Bai, zuzenean ere horrela abestea gustatzen zait. Mikrorik gabe egiten dugu gainera. Entseguetan grabatu nuen, beste bertsioa prestatzen geundenean. Printzipioz ez zen diskorako grabatu, baina toma hau gustatu zitzaidan eta bonus moduan jartzea erabaki dut. Abestiak duen ahotsen moldaketa hobeto entzuteko aukera ematen du.

Hizkuntza bakoitzeko Hibai oso desberdina ez al zaizu iruditzen? Eraldatzen zarela iruditzen zaizu?
Musikariak musikaren zerbitzura izan behar gara, kantuak behar duena ematera. Badago musikan tendentzia bat, nolabaiteko pertsonalitatearen kultu bat, musika pertsonaia baten inguruan sortzera eraman gaituena: musika “musikari”-aren zerbitzura jartzen duena. Estetika edo estilo bat bilatzen da kantuetan, marka pertsonal sonoroa. Horrek, musikaren merkatuan saltzeko lagunduko dizulakoan.
Nire proiektua ideia horretatik aldentzen da, artearekin eta kulturarekin zerikusi askorik ez baitu nire ustez. Proiektuak nire izena duen arren, ni ere abestien zerbitzura nago. Kantu bat idatzi eta estetika batetan imajinatzen dudanean, nire jotzeko edo kantatzeko modua ere aldatzen da. Ez bakarrik hizkuntzaren arabera, baina faktore garrantzitsua da dudarik gabe. Izan ere, ingelesaren eta euskararen prosodiak oso ezberdinak dira.

“Disko bat prestatzen dudanean nire burua erronka berrien aurrean jartzeko aprobetxatzen dut eta lan berri honetan, aurrekoetan bezala, asko arriskatu dut”

Kolaborazio ederrak ere izan dituzu ahotsetan: Paul Ormaetxebarria, Mikel Markez eta Jon Gurrutxaga.
Asko maite eta miresten ditudan lagunak. Ekarpen zoragarriak, bakoitzak bere estiloan. Aurreko diskoetan emakumeen kolaborazioak izan ditut ahotsetan. Erronka polita izan da duetoak gizonezko batekin egitea. Baina kantari finak dira hirurak eta ezin gusturago nago emaitzarekin.

Orotara, 40 musikari baina gehiago batu dituzu oraingo diskorako. Aurrekoan baino gutxixeago, baina hala ere izugarri dira.
Plazer bat da abesti hauek musikari talde handiekin grabatzeko aukera izatea. Esfortzu handia egiten dugu horretarako, dena musikariek interpretatzeko eta ez makinek erreproduzitzeko.
Triptiko bakoitzean musikari talde ezberdinekin lan egin dut. Ingelesezko kantuak orkestra eta bandarekin grabatu ditut eta euskarazko abestiak zuzenean daramadan taldearekin. Bigarren triptiko hau euskal soinuetatik gertuago dago Xabi Aburruzagaren trikitixa lagun.

Lan hau zuzenean aurkezteko asmorik izango duzula pentsatzen dut, baina ‘Goxokiak’ lana aurkezteko grina ere izango duzu. 2022an bi emanaldi desberdinetan ikusiko zaitugu?
Baliteke. Ahotsei garrantzia gehiago eman nahi diet zuzenekoetan. Kantuak formatu berri batetan probatzen nabil. Ea taula gainera eramateko aukera dagoen.

Eskuratzeko modua, Durangon ezta? Oraindik ez baita euskal Spotifyrik sortu… Fisikoan baino ezingo dela eskuratu, alegia.
Argitaratzen dudan lan bakoitza Durangoko Azokan eta fisikoki soilik jartzen dut eskuragarri lehenengo. Azokarekiko errespetuz jokatu eta nolabaiteko ilusio puntu bat mantentzeko egiten dut. Ze sorpresa dago ba diskoa Spotifyen entzun eta gero erostera joatean?
Gogoratzen dut gaztetan, irratian kanturen bat entzun eta gero Azokara joaten nintzenean disko osoa ezagutzeko irrikaz. Bertan erosi, etxera ailegatu eta lehen aldiz diskoa osorik entzuteko aukera izaten genuen. Emozio hori nire jarraitzaileengan mantentzen saiatzen naiz. Umeak ginenean Gabonetan Olentzeroren opariaren zai egoten gineneko emozio berdina. Ea aurten zer dakarren…

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.