Nor da Ghau?
Orain arte lehenetsi ez nuen Gartxot hau. 34 urteko nerabe bat. Musika eta hitzak maite dituen bizitza-zale amorratua. Urteak joan ahala, gauzak sentitu eta hauei forma bat emateak duen garrantziaz jabetu dena.
Hainbat proiektu eta estilotan entzun ahal izan zaitugu. Zergatik oraingoan bakarka eta
estilo honetan?
Unibertsitate garaitik hasita, bizitzak berak eraman nau talde dinamika ezberdinetara eta elkarbanatze gizatiar horien aniztasunean aritzera. Talde eta proiektu bakoitzak bere aldaera du, eta nire bizitzaren zati dira neurri ezberdinetan. Oraingoan “nire” abestiak sortzea izan da lehentasuna, talde dinamiketan sortzen den “adostasun” horren beharra ekiditea. Izugarrizko balioa du elkarlan horrek niretzat, beste norbaitekin zerbait partekatu eta elkarrekin denona den zerbait egitea. Baina urte luzez aritu naiz horretan, eta barruan sentitu dut oraingoan ez niola inori argibide edo azalpen estilistikorik eman nahi, justifikazioa edo estiloen bide-orri horri muzin eginez, libreki, gustuko dudan hori onartu nahi izan dut.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Partekatua, luzea eta ederra. Proiektu honen lehen pausoak Jon Horna eta biok eman genituen, Kutxa Kultur musika bekak eskaini zigun lokalean ordu asko sartuta. Ekain Perez lagunari ere aitortu behar zaio lehen abesti horietan esku-hartze handi bat. Hala ibili ginen urte betez. Pandemia ere etorri zen, eta etxean igarotako ordu guztiek proiektu hau askoz ere pertsonalago bihurtzea eragin zuten. Asko konposatu nuen 2020 zein 2021ean. Garai hartan ezagutu nituen Jaiotz eta Xabi (OSA+MUJIKA). Eta aldagai guzti horiek eragin zuten GHAU proiektua nire lehentasun bihurtu nahi izatea. Proiektuak nire baitan zuen garrantzia aitortu nion Jon Horna lagunari eta hark gizatasun osoz ulertu eta prozesuan lagundu ninduen. Bidean hamalau abesti inguru sortu ditut, batzuk beste jendearen ekarpenekin, eta besteak nire gelan, bakardade osoan. Horiei mundu bisual bat ere sortu diegu OSA+MUJIKA eta hirurok. Beti kostatu izan zait “nire proiektu pertsonala” dela onartzea, izugarri zor baitiot jende askori eta euren ekarpenei.
Bakarrik sentitu al zara?
Inoiz ez. Bakardadean sentitzen naiz, akaso, gauzen inguruko hausnarketan, existentzialismo alu honekin kilikan, edota etorkizuna proiektatzen hastean. Baina, prozesuan oso inguratuta ibili naiz, jendeak asko lagundu dit, bai gizatasunetik bai euren talentu artistikotik, eta hori nik behintzat nabari dut azken emaitzan. Bakarrik sentitu zaitezke munduarekiko, sormenak gizartean beharko lukeen lekuarekiko hausnarketan, prekarietatean eta beste zenbait alorretan. Baina zorionez, nire sentimenduei inoiz eman ez nien espazioa sortzerako orduan, Gartxot hau fintzen ibili naizen denboran, jende askok eskaini dit euren zati onena. Eta hori da nire altxor handiena; gaur egun arrakasta neurtzen duten aldagai eta algoritmoek neurtu ezin dutena.
Nola definituko zenuke diskoa?
Nire izatearen isla bezala. Estilistikoki barruak eskatutakoari erantzun diot, inkontzienteki eragiten nauten horiek nire filtrotik pasa ostean seguruenik. Beti izan dut barne guda txiki bat, abestiak eta mezua bera ez ote diren estiloa baino haratago doazen aldagaiak. Edo estiloa bera. Nik energia transmititu nahi dut, eta hori modu askotan jantzi daiteke. Musika munduan, gizartean bezala, gaizki ohitu gara betidanik. Rockaren bortizkeriaren gorazarreak sentiberatasuna pekatu bihurtu du gure inkontzientean, jende askoren iritziz amorrua rocka da eta musika suabea konformismoa, barruko animalia horri uko egitea. Nik ez dut hala sentitzen. Estiloa gure barrura zintzotasunez begira jartzea da, eta ateratzen dena norberak onartu behar du, ez munduak. Uste dut lortu dudala, eta soinu aldetik askotarikoa den, baina zentzua duten, kantu sorta bat egin dudala.
Duda existentzial asko planteatu ohi dituzu zure letretan. Baten bat argitu al duzu proiektu
honekin?
Argitu adina sortu dizkit baina, bai, gauza berri asko sentitu ditut. Nik zalantzak planteatzen ditudanean erantzunik ez dudalako da, eta abesti baten forma ematen diodanean, hausnarketa hori koordenada bihurtzen da. Balio dizu atzera begiratu eta zer sentitzen zenuen, edo oraindik zer sentitzen duzun, edo nola aldatu zaren jabetzeko. Eta hori beti da aberasgarria. Lehenagotik ere hala uste nuen, baina argitu dit epaile handiena norbera dela bide honetan, eta hala izan behar dela.
Zaurgarri agertu zarela esango nuke. Biluzik sentitu al zara momenturen batean?
Bai eta ez. Proiektuaren alkatetza horren pertsonala izateak ardura guztiak zure baitan jartzen ditu, eta oso nekeza da hori. Baina sentimenduen aldetik, ez dut uste beste proiektuetan planteatutako zalantza pertsonal berezirik aurkeztu dudanik. Akaso beste forma bat dute, eta gainera inoiz baino zainduagoa izan da zati bisuala. Baina beste proiektuetako jarrera berdinarekin sortu dut, barnean sentitzen dudan horri forma emateko gai naizenaren ziurtasunarekin. Zorionez, eta hau ere altxorra da gaur egun, fede asko daukat nire gaitasunean, eta inor zapaldu gabe, emateko prest sentitzen naiz beti, momentuak eta testuinguruak dakarren zaurgarritasun maila onartuz.
“Barruan sentitu dut oraingoan ez niola inori argibide edo azalpen estilistikorik eman nahi”
Zer da zuretzat sorkuntza?
Behar emozional zein fisiko bat. Unibertsitate garaitik hona nire izatea ondu duen fenomenoa, bidelagun eta esperientzia izugarriak ekarri dizkidana. Nire bizitzan lehen lerroan sentitzen dudan indar bat, galbide bat askotan, munduko zortzimilako handienaren tontorra besteetan. Nik badakit abesti batek, edota nik hil bitartean egindako edozerk, ez duela aldaketa izugarririk eragingo. Baina saiatzeak, eta inguruan saiatzen den jendea ikusteak, hunkitzeaz gain, gauzen benetako balioa non dagoen ikusten laguntzen dit. Tesi baterako emango lukeen gaia da, baina sozialki ere ezinbesteko tresna gisa ikusten dut sorkuntza, eraikitzailea delako. Tamalez, beti, “kultura” hitzak perbertitu du sormenaren funtsa. Kultura erakusleiho gisan nola erabiltzen den ikusteaz nekatu naiz, baita lehiakortasun eta itxurakeriarekin gizatasuna nola zuritzen den ere. Baina argi daukat zertan nabilen, zer nolako jendea nahi dudan ondoan, bidea nola egin.
EParen momenturen batean haur baten ahotsa entzun daiteke “pozik bizi naiz” esaten.
Pozik bizi al zara?
Baietz esango nuke, nahiz emozionalki asko sufritzen dudan, besteok bezala. Haur hori nire iloba da, Inar, eta ziurrenik bera ni baino alaiago bizi da, 7 urte izanda, existentziaren alderdi onenak besterik ez ditu eta ezagutzen. Alabaina, pribilegiatu handi bat naiz. Gizona, zuria, familiatik eredu gizatiar bat eta maitasun itzela jaso izan duena beti; babestua sentitu naiz, baita inguruko lagun eta ezagunekin ere. Beraz, indarrez eta pozik nabil, egindakoak nigan arrastoa eta irakaskuntza utziko dituelakoan, merezimenduaren kontzeptua ahaztuta, egite hutsa garaipen handia dela sinetsita.
Euskaraz idatzi duzu orain arte. Zer eskaintzen dizu euskarak beste hizkuntzek eskaintzen
ez dizutena?
Euskaraz sentitzen dut nik, eta baita euskara sentitu ere. Ingelesa eta gaztelania menderatzen ditut, baina ez ditut nire sentitzen. Beraz, hizkuntzaren afera ez dut hautu gisan ikusten, sentimendu bat da. Edozein sortzaileren hautua errespetatzen dut, eta hunkitzen nauten abestiak badira hainbat hizkuntzatan. Baina ni nire hizkuntzan arituko naiz bizitza osoan; egun batean, Euskal Herrian euskaraz zergatik ari garen erantzutea beharrezkoa ez den arte.
Diskoa osorik aurkeztu aurretik, abestiak banan-banan ezagutarazten joan zara
bideoklipekin batera. Egun irudia musika bezain garrantzitsua al da?
Nik uste biek dutela izugarrizko indarra. Irudi bat izugarria izan daiteke, baita abesti bat ere, indibidualki, bestearen beharrik gabe. Sormenaren izenean biak batzen direnean izugarrizko gainbalioa hartzen dute biek, baina pentsatzen dut indibidualki ere geureganatzen ditugula. Onartu behar da, gaur egun, oso bisuala den mundu batean bizi garela, eta ez dugula musika kontenplatzen ondoan beste “zera” hori gabe. Eta askotan tragedia gisan ikusten dut hori, erakusteko gogo gehiegi, eta esateko gutxi.
Nire kasuan, Jaiotz eta Xabi ezagutu izanak, euren sormenaren indarrak, erakutsi dit nik musikan jartzen dudan pasioa beste batzuek hainbat diziplinatan jartzen dutela. Eta izugarrizko bidaia ederra izan da euren munduak ezagutzea eta nire abestiei gehitu dieten guzti hori behatzea. Oso eskertua nago.
“Aktore" lanetan zer moduz sentitu zara?
Oso ondo! Txikitatik izan naiz nahiko lotsagabea jendaurrean eta lotsatiagoa distantzia txikitan. Oholtza gainean asko ibili naiz eta eroso sentitzen naiz, egiten dudana sinetsita eta parekoen epaiaren beldurrik gabe. Gainera, duela hiru urte, Bilboko ATX teatroarekin lanean hasi nintzen, obra bat antzezten, eta Naia zein Iñakik asko lagundu didate nire gaitasuna lantzen.
Zer moduzko harrera izan du proiektuak orain arte?
Oso ona nire ustez. Ez daukat beste askok bezainbeste irismena, beraz ez dakit zenbaki eta halakoetan non nabilen. Baina ingurukoen harrera, ezagutzen nauten horien berotasuna, izugarri sentitu dut, eta ez dut besterik behar.
Zuzenekoetan aurkeztuko al duzu diskoa? Nola planteatuko duzu?
Asmo hori daukat, bai, maiatza inguruan aurkeztu eta handik aurrera aukerak bilatzen hasteko gogoa. Prozesu luzea izan da sorkuntza eta proiektuari forma ematea. Zuzenekoaren inguruan asko hausnartu dut eta orain arte egin ez dudan zerbait prestatzen ari naiz, gogo hori baitaukat, diziplina ezberdinak nahastu eta orain arteko “banda” formatua alboratzea. Nahiago xehetasun gehiago ez eman, misterioa pixkatxo bat mantentzeko.
Zein helburu betetzea gustatuko litzaizuke Ghau bezala?
Nire buruaz harro sentitzea da beti helburua, eta hori jada lortu dut proiektu honekin. Etorriko den beste guztia esku zabalik onartuko dut. Maila praktikoan, gustatuko litzaidake plaza ezberdinetan aritzea, orain arte bezala. Eta, ahal bada, baldintza duinetan, orain arte ez bezala.
Jarraipenik izango al du proiektu honek?
Hala sentitzen dut. Niretik eta niretzako sortzeko proiektua da hau, eta sentitzen dudan bitartean, saiatuko naiz sentitutako horri forma bat ematen.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.