"Euskara hizkuntza rockeroa da"
EntrevistasEskean Kristö

"Euskara hizkuntza rockeroa da"

Urko Ansa — 14-06-2016
Fotografía — Imanol García

...

Ez zaituztet inola ere Queens of The Stone Age-rekin konparatu nahi, baina “Radiobenta”ren koruek haien koruekin parekotasun apur bat ote daukate?
Bai, eta agian soinuak ere gogora ekar ditzake zenbait “stoner” talde. Guk ez dugu musika mota hori egiten baina oso gustuko ditugu Kyuss, gerora Qotsa, Soundgarden, Alice in Chains, Monster Magnet eta antzeko taldeak... Eta noski, abestietan beti azaleratzen da zerbait, inkontzienteki bada ere. Harreman estua dago gaur egungo stoner taldeen eta 70 hamarkada hard rock talde askoren artean: Black Sabbath, Led Zeppelin, Deep Purple... Eta jakina da gu erabat setenteroak garela.

“Ezkurrik onenak” freskoa da benetan, eta soinu aldetik flipatzen nau. Bestalde, Bart Farrell izeneko morroi batek kolaboratzen du ahotsean. Nor da tipoa? Eta nor da, edo nortzuk dira, “txarririk txarrenak”, eta zer nahi dute?
Bart Farrell kaliforniako tipo bat da, orain Bilbon bizi da. Pelloren laguna da, eta bere bitartez ezagutu dugu besteok. Noizbehinka rapeatzen ibiltzen da han eta hemen, eta rocka ere asko gustatzen zaio. Eta okurritu zitzaigun ederki egin zezakeela “Ezkurrik onenak” kantan. Rapeatu baino, predikatu egiten du, amerikar apaiz zoro baten gisara. Uste dut bete betean asmatu duela interpretazioarekin. Askatasun osoa eman genion alde horretatik.
Txarririk txarrenak gu izan gaitezke, segun eta nola harrapatzen gaituzun! Jaja.

Pelloren ahotsa da zuen nortasunaren errudunetako bat: morroiak bikain egiten du, eta oihu egitea atsegin duen arren, fraseatze oso berezia dauka eta ñabardura gehiago sartzeko ahalmena ere erakutsi du. Zuzenekoetan ere ikusgarria da benetan, talde osoa bezala. Hitzak ere bereak dira. Liderrik ba al dago taldean? Konposaketa lanak nola banatzen dira?
Pello taldeko abeslaria izateaz aparte, showman bat da. Oholtza gainean pose eta aurpegi anitzeko frontmana, orroaka batzuetan eta xamur besteetan, entzuleak zirikatzeko aitzaki gitxi behar dituena. Bera eta Peio Artetxe dira zuzenekoei gatz gehien ematen dienak. Taldeak lider bat badu, hori bera da, baina erabakiak hartzerako orduan demokratikoak gara.
Normalean taldekide batek abestiaren ideia nagusi bat lokalera ekartzen du eta guztion artean ideia hori abesti bihurtzen dugu. Hasierako ideia ekartzearen lana Alex Harillo edo Pello Artaberena izan ohi da, bai gitarra erritmo edo abesti melodiak proposatuz.

Euskaraz abesteak zer ikusi handia dauka lortzen duzuen efektuarekin, hots, ene ustez euskara eta rock makarrak guztiz bat egiten dute zentzu guztietan. Gainera, bizkaieraz egiten duzue (adibidez, Gatibu bezala) baina emaitza oso bestelakoa da. Euskara da munduko hizkuntzarik ederrena!
Ados, guztiz ados. Badirudi euskaraz abestea apustu bat izan behar dela eta ez da egia. Euskara hizkuntza rockeroa da, ikaragarri ondo sonatzen baitu, ingelesa bezala. Batzuetan Bizkaiera, beste batzuetan euskara batua, edo zuberera! eta beste askotan arratiera erabiltzen ditu Pellok gure abestietan. Hitz-joko, nahasmen, korapilo zein ostiko gramatikal guzti horien artean daude Eskean Kristören abestietako letrak.

“Niko Etxart betidanik miretsi dugun artista da. Eskean kristören influentzietako bat eta Euskal Rock&rollaren aitzindaria”

 

Aurreko lanean (“Azote kaldüz!”) Niko Etxarten kolaborazio gorena izan zenuten “Latigo!” kantan. Horren ondoren, Elkar diskoetxearen, “Kantuz 1965-2015. Memoria eta desira” bilduma erraldoirako Nikoren “Euskadi jator goxo eta puta hontan” mitikoaren bertsioa grabatu zenuten. Nola ezagutu zenuten bera, eta nola izan ziren berarekin konpartitu zenituzten momentuak? Zuen arteko kolaborazioak, bien estiloagatik, guztiz naturala dirudi. Lehenago ere bere jarraitzaileak al zineten?
Niko betidanik mirestu dugun artista da. Eskean kristören influentzietako bat eta Euskal Rock&rollaren aitzindaria. Berarekin lehen kontaktua lagun komun batekin egin genuen. Berak egiten duen bezala, gure kolaborazio proposamenari buruz hitz egiteko bere Altzaineko etxera afaltzera joateko gonbita luzatu zigun. Gau horretan Niko mirestetik maite izatera pasatu ziren gure sentimenduak. Proposamenaz aparte beste milaka gauzen inguruan solasean ibili ginen, bere estudioa erakutsi zigun eta gaueko ordu txikitan instrumentuak atera eta Rolling Stonesen bertsioak joten hasi ginen. Azkenik “Latigo!”, berak kolaboratu zuen abestia, jo genuen eta berari bat-batean barren-barrenetik irten zitzaion esaldi bat jarri genuen diskoaren izenburu: “Azote kaldüz!”. Benetan gau magikoa izan zen, ahaztezina.

Azala, aurreko lanean bezala, Jon Artetxerena da. Estilo oso pertsonala dauka, benetan erakargarria eta bereziak dira bere marrazkiak!
Jon Artetxe artista hutsa da, talentua nabari da bere marrazkietan eta orain arte bezala berarekin kontatzeko aukera izan dugu. Oso estilo pertsonala dauka bai, marrazkiak ikusi bezain laster badakizu berak egin dituela. Lan bikaina egin du eta berriz ere gure aurreikuspenak gainditu ditu. Diskoen itxurari ere garrantzia handia ematen diegu eta mimo handi jartzen dugu, zentzu horretan ezer ez da kasuala.

Azkenik, taldea nola elkartu zen jakin nahiko nuke. Bost tipo berdinek jarraitzen duzue, grabatzen hasi zinetenetik behintzat. Partaide batzuek lehenago ere esperientzia zenuten, ezta? Zein taldetan izan zen?
Eskean Kristo taldea bost lagunek sortu genuen eta bost lagunek dihardugu. Bost horietatik lau arratiarrak gara eta bosgarrena santurtziarra da. Lau arratiarron artean, bi villaroztarrak eta bi kuadrilla berekoak. Hasieran santurtziarra Igor Delgado zen, berak Aritz Ontalvilla “Sardina”ri lekukoa utzi arte.
Rock&rollarekiko pasioak elkartu gintuen, ikasi eta hobetzeko nahiak ekarri gaitu ona, eta abenturaz abentura ibiltzeak mantentzen gaitu bizirik, momentuan momentukoa disfrutatuz. Eskean Kristo aurretik beste talde batzuetan ibili gara, tamalez, arrakasta gabekoak, jaja. Guztia da ikaste prozesu bat, etapaz etapa egin beharrekoa.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.