Disko borobila lortu duzue, dirdiratsua eta zuzenean barrabiletara doana. Ukabilkada zitala matrailezurrean! 6 pieza borobil eta gartsu, benetan.
Bai, helburu horrekin egindako diskoa da: zuzena, gordina, bortitza. 6 abesti, baina gogotik egindako 6 abesti. Abesti bakoitzak bere xarma dauka, bere nortasuna, eta horregatik, abesti bakoitzak transmititzen duena apartekoa da. Disko honetan ez dago betegarririk. Gozatu egin dugu abesti bakoitza konposatzen eta grabatzen, eta entzuleak ere gozatu dezala diskoa abestiz abesti. Gure urrezko 6 ezkurrak dira.
Zuen Hard Rock bultzada orokorraren barruan, eboluzio bat antzematen dut, hala nola, koruak lantzeko garaian (“Radiobenta”, “Ardigaldua”, “Aita saldu nauzu”), eta soinua batzuetan konprimitua ere iruditu zait (“Radiobenta”). Koruek bizitza propioa dutela dirudi; konplexuagoak dira, melodia gehiago bilatzen dute. Ezberdinak dira.
Gurea bezalako talde bati dagokionez garapen bat ikustea logikoa da, izan ere, bigarren diskoa dugu hau. “Azote Kaldüz!” lehenengo diskoan antzeman genuen koruak hobetu beharreko alderdi bat zirela. Igor Delgado ekoizlearen laguntza garrantzitsua izan da koruak lantzerako orduan, besteak beste. Berehala igartzen du ze ahots sartu behar den non.
Soinuaren aldetik, diskoaren lehen abestia matrail hezurrera zuzen-zuzenean doan ukabilkada bat da, argi genuen diskoak horrelako hasiera bat behar zuela eta horrek distortsio, fuzz eta konpresioa eskatzen du barra-barra, eta eman diogu!!
“Ardigaldua”ren errepika itsaskorra da oso. 70etako edozein Hard Rock talde anglosaxoi irudikatzen dut, eta gero kanta hau. Benetan maila emango luke!
“Ardigaldua” oso abesti rockeroa da, eta errepika ez ezik, erritmoa ere oso itsaskorra du. Groove handia dauka, eta zuzenean gehiago. Nik esango nuke Rolling Stonesen kutsua daukala eta baita agian Kiss, Aerosmith eta antzekoena. Tarte batzuetan esango nuke Black Crowes edota Humble Pie bezalako taldeak ere gogora ekartzen dituela. Nik uste bakoitzak bere erreferentziak dauzkala eta bere konparaketak egiten dituela, niri zerbait ekarriko dit gogora eta beste bati agian beste zerbait. Hori polita da. Gure abestiek beste talde handi batzuk gogora ekartzen badituzte, harro egoteko modua da. Ez dugu hori inoiz ezkutatu. Musikariak baino musikazaleak gara gehiago.
“Zuzenean grabatu dugunez, zuzenekoetara begiratuz bilatu ditugu gitarren soinuak, gero, oholtza gainean berdintsu ateratzeko modukoak”
Argi dago nahita egin duzuela. Aurreko lana Martxel Arkarazorekin grabatu zenuten, soinu benetan bortitza lortuaz. Oraingoan, aldiz, badirudi Igor Delgadok (zuen maketa ere ekoitzi zuenak) beste efektu batzuk bilatu dituela.
Garaten bizi genuen etapa hura ahaztezina da guretzat. Benetan izugarri ondo pasa genuen eta gauza asko ikasita irten ginen estudio hartatik. Horretaz aparte Martxelen lana (eta pazientzia) ikaragarria izan zen, estudio batetara sartzen ginen lehen aldia baitzen. Disko horrek behar zuen soinua topatu zuen eta oso gustura gaude “Azote Kaldüz!” diskoarekin.
“Ezkurrik onenak” diskoa ekoizteko Igor Delgadori bota genion proposamena, bera Londresen bizi da baina asko pentsatu gabe baiezkoa eman zigun. Igor Delgado Eskean Kristören hastapenetako gitarra jolea izan zen, gure lehen maketaren ekoizlea eta taldearen lagun mina da. Londresera musika ekoizle ikasketak egitera joan zen eta ikasitakoa praktikan jartzeko aukera ona izan da berarentzat ere. Behar genuen soinua azaltzeko ez genuen beharrik izan, berak guk baino hobeto zekielako abestiek eskatzen zutena.
Diskoaren abesti ia guztiek single garbiak dirudite: errepika itsaskorrak, kaña barra-barra eta, hori gutxi balitz, hitz bihurriak eta gogorrak, musika zital honekin guztiz bat egiten dutenak.
Hasiera hasieratik garbi izan dugun gauza bat abesti bat bera ere ez dela minutuak gehitzeko egongo, eta abesti guztiekin harro geundela sentiaraziko zigun diskoa izango zela. Eta hori gertatu da. Ganbaran genituen abesti zaharrei hautsa kendu, beste berri batzuk sortu eta sentsazio onenak transmititzen dituzten sei abestiekin egin dugu aurrera. Sei abesti hauek, estudiora sartu arte, ahal bezain beste landu eta hobetu ditugu, emaitza entzutea besterik ez dago.
Atabalek sakonagoak dirudite, grabeagoak agian, eta gitarren tratamendua finagoa da, aurreko lanen distortsioa hainbeste bilatu gabe. Ados al zaudete honekin?
Atabalekin oso gustura nago, 1952. urteko Slingerland Radioking batekin grabatzeko aukera izan nuen eta benetan plazer hutsa izan zen bateria hori astintzea. Igorrek ere 4 mikrokin grabatu zidan, “bateria klasiko bat bere garaiko metodo batekin grabatu beharra dagoelako” esaten zuen Igorrek eta emaitza ikusita guztiz ados nago.
Gitarren aldetik denetarik dago: gitarra zorrotzak, lodiak, saturatuak, distortsio handikoak, lasaiak, leun-leunak… momentu bakoitzak eskatzen duena ematen saiatu gara. Zuzenean grabatu dugunez, zuzenekoetara begiratuz bilatu ditugu gitarren soinuak, gero, oholtza gainean berdintsu ateratzeko modukoak.
“Otso basati” rock indartsuan Kokein taldeko Zaloa Urainen ahotsa izan duzue lagun. Polita geratu da benetan, berarentzako egindako kanta dirudi.
Abesti hau sortzen bukatu genuenean taldekide guztiok ondorio berera heldu ginen.
“Otso basati”k gauza bi eskatzen zizkigun: hitzen aldetik emakume baten ahotsa, eta musikaren aldetik ahots rockero bat. Orduan, konturatu ginen, abestiak Zaloaren ahots gartsu hori behar zuela. Emaitza aurreikusi genuen bezala borobila izan da. Poz-pozik gaude.
“Gure bazterrak blues” beste aurrera pausu bat da zuen ibilbidean. Garai batean bezala, Hard talde on batek bluesak egiteko ahalmena izan behar zuenekoa! Oso kanta sentitua da, 6 minututik gora dauzka eta zuzenekoetarako perfektua dirudi.
Disko honekin batera gure lehen bluesa kaleratzeko ordua heldu zela konturatu ginen. Gogo handiz mimatu dugu blues hau, ñabardura asko ditu, gitarra intro goxo eta detaile leunekin. Baxuak eta bateriak gidatzen du abestia eta bertan hitz mardul eta lakarrak botatzen dituen Pelloren ahots garratza da protagonista. Guzti honen batuketa da “Gure Bazterrak Blues”.
Zuzenekoetan abesti hau jotzeko ordua heltzen denean “katxondeoa” desagertzen da, serio jartzen gara, abestia sentitu nahi dugu eta gauza bakoitza behar den tokian behar duen intentsitatearekin egiten saiatzen gara, abestiak merezi duelako.
Diskoa agurtzen duen “Aita saldu nauzu” apartekoa da, aparte tratatu beharrekoa. Niretzat, zuen ibilbideko onenetakoa da. Fase ezberdinak dauzka, sarrera, garapena eta ondoren sorpresa: Arratiako Luis Iruarrizaga abesbatzaren eskutik koru iradokitzaileak, eta horretaz gain, Jorge Truebaren pianoa.
Abesti hau diskoko abesti epikoena da, western kutsua du eta estribilloak Enio Morriconeren obren influentziak epikotasuna ematen dio errepikei. Hasiera iluna du, estrofa kañeroak, errepiketan eztanda egiten du solo epiko batekin jarraituz eta piano doinu goxo batek ematen ditu diskoaren azken arnasak. Horrez gain, esan beharra dago Luis Iruarrizaga abesbatzaren koruek abestiaren errepika eta gitarraren soloa zeruraino eramaten dutela abestia borobilduz.
Nor da Jorge Trueba?
Jorge Trueba Luis Iruarrizaga abesbatzako zuzendaria da, horretaz aparte, kontrabaxu eta piano jolea. Berak gidatu eta prestatu du abesbatzak aita saldu nauzu abestian egin duen kolaborazioa, eta abestiko azken segundoetako piano doinuak ere, bereak dira.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.