“Esna 2” hau lan bikoitz baten bigarren partea da. Diskoa zatitzea da ala bi lan desberdin dira? Nola planteatu zenuten?
Gaur egun 13-14 abesti dituen diskoa osorik entzuteko ohitura aldatu egin da, gehiago jotzen da gustuko ditugun abesti gutxi batzuk hartuta zerrenda bat egin eta haiek entzutera eskura daukagun gailuan; horrek hausnarketa bat ekarri zigun guri ere, eta bestalde lan gehiegi zen 14 abesti landu eta disko bakarrean sartzea, denboraz larri ibiltzen baikara eta abesti bakoitzari arreta eta denbora eskaini nahi genion, ahalik eta ederren irten zedin. Horrela bururatu zitzaigun bi zatitan egitea diskoa, eta biak zerbait desberdina ekartzea osotasun berari.
Nondik ateratzen da “Esna” titulua?
Esna aldarri bat da. Pentsatu, esan eta egiten dugunaren arduradun garela kontziente izan behar gara, mundu aldrebestu honetan, non injustiziak bazter orotan gertatzen diren, adi egotea betebehar bat da, zapaltzailea salatzeko eta zapalduaren alde agertzeko esna izan; gure inguruan gertatzen den guztiaz kontziente izan beharraz mintzo da «Esna», ez da posible gu ondo egonda gaizki daudenen egoerak axolarik ez izatea, bestalde, gonbidapen bat da gure entzulearentzat, gozatzeko eta gozarazteko, amesteko etengabe, esna egindako ametsek dutelako xarmarik gehien.
“Esna”, “Jalgi” ala “Mugitu” bezalako hitzak agertzen dira abestien izenetan. Lo al gaude gizarte bezala?
Gure gizarteak etengabeko aldaketa bizi du, aurreko belaunaldiek baino teknologia gehiago daukagu, ezagutza eta jakinduria gehiago, distantziak laburtu egin dira, eta modernizazioaren aroa da gurea, baina horrek ez du esan nahi aurrerabidean goazenik, ez du esan nahi aldaketa egokia denik, esan dezakegulako inorabidea dela gurea. Indartsuena da nagusi hemen, boteretsuena, arma gehien daukana, komunikabideak alde dituena, oihaneko legea dirudi honek baina ongi kalkulatu eta pentsatuta dago dena, eta gu, herritarrak anestesiatu nahi gaituzte, lokarrarazi, eta horren aurrean Esna egon behar dugu, bazterrak mugitu, kalera jalgi.
"Herritarrak anestesiatu nahi gaituzte, lokarrarazi, eta horren aurrean Esna egon behar dugu, bazterrak mugitu, kalera jalgi "
“Esna gauden artean” da single berria. Zergatik aukeratu zenuten?
«Esna gauden artean ametsek zentzua izango dute» hala dio gure esaldi nagusiak, lotan amestea baino nahiago baitugu esna amets egitea, kontzientzia izatea egiten ari garen horretaz, eta single gisa hautatu dugun abestiak zerikusia du horrekin, ongi laburbiltzen du mezua, bestetik Dubstep doinua du, berrikuntzak ditu gure bi ekoizleek sartuak, eta nahasketa horrek ongi islatzen zuen gure espiritua.
“Hil zuten” abestian Iñigo Cabacas duzue gogoan.
Iñigo Cabacas bere bihotzeko futbol taldearen partidu bat ikustera joan zen eta ez zen berriro etxera itzuli, bere gurasoek ez zuten bizirik ikusteko aukera gehiagorik izan, eta drama izugarria da gurasoek semea hain gazte galtzea, baita lagunek eta hurbileko beste guztiek ere. Bete ezineko hutsune mingarria dago hor. Bestalde, gutako edonor izan zitekeen Iñigo Cabacas, eta ozenki erran nahi dugu hori, polizia herritarrak babesteko dago, ez haiek hiltzeko, Iñigo Cabacas ez baitzen hil, ez, hil egin zuten, ezen, bai baitirudi arduradunik ez dagoela heriotza horren atzean, espiritu santuaren artez hil zela mutiko gaztea, eta ez da horrela, arduradunak daude, eta justizia egitea beharrezkoa da, gertakari horri buruz hitz egin eta berriro halakorik ez gertatzeko zutabeak ezartzeko.
Ba al dago desberdintasunik diskoaren lehen zatiarekin alderatuz? Zelan definituko zenukete lan hau?
Desberdintasun nagusia da lehen diskoa barrura begirako bidai bat dela, eta dena guk egina dela, bigarrena aldiz Laurent Dupuy eta Jeremie Garat ekoizleek landua da gehiago, gurekin batera, baina lehen aldiz gu ez ginen beste batzuk hartu dute parte sorkuntzan. Hitzen aldetik ere aldarrikapen gehiago dagoela esango genuke, erritmoen nahasketa...
Eboluzioa antzematen duzue zuen lehen lanak entzuten dituzuenean? Ze aldaketa izan dira zuen soinuan? Influentzia desberdinak jaso dituzue urteetan zehar?
Esne Beltza bizitzeko modu bat da, eta bizitzen garen heinean aldatzen goaz denak, eboluzio baten bila nahitaez. Horrela, bidean elkartzen garen lagunekin musika doinu berriak egiten goaz, erritmo desberdinak ezagutzen, tresna berriak sartzen, baina oinarrian gu gara beti gustuko duguna egiten dugun taldea gara, gozatzeko, ondo pasatzeko, eta ahal delarik ondo pasarazteko.
"Gure formula da familia bat izatea, eta horrek iraunarazten gaitu denboran zehar"
Imajinatzen zenuten hasi zinetenean izan duzuen arrakasta? Taldekide berberak jarraitzen duzue?
Gure formula da familia bat izatea, eta horrek iraunarazten gaitu denboran zehar. Taldean aldaketak izan dira, batzuk joan eta berriak etorri dira, baina Esne Beltza izaten jarraitzen dugu. Ez ginen arrakastaren bila abiatu, eta ez dugu arrakastaren aparrik desira, ez da hori gure Leitmotiv-a, baizik eta gure arteko leialtasuna, komunikazioa, babesa, disfrutatzea, harreman berriak egitea, jendea dantzan jarri eta jendearekin gozatzea, bizitza ilunari argi pixka bat ezartzea.
Non grabatu zenuten? Nola joan zen? Beste musikarien kolaborazioak ere izan dituzue?
Ohikoan bezala Paxkal Etxeparek Bardozen (Lapurdi) daukan estudio grabatu dugu, gauza batzuk Sohütan (Zuberoa) Jeremie Garat hangoa baita, eta beste gauza batzuk han-hemenka, izan baita kanpotik jaso dugun grabaziorik, kolaborazioak zirela eta. Adibidez Fanfare Ciocarlak, Hong-Kongetik bidali zigun bere grabazioa, eta han agertzen ziren beraiek jotzen hiria atzean zutela, zeru-harraskariak begi bistan. Mss Maikok kolaboratu du, Oreka TX, Glaucomako Juantxo eta Bad Sound Systemeko Morok... beti bezala lagun asko izan ditugu ondoan.
Zein da portadako diseinuaren ideia? Nork egin zuen?
La Prisa Matako Luis Tosar izan da sortzailea. Guk orain arte behiaren ikurra geneukan, hura izan da lehen urteko gure bidaide, baina Luisek argi ikusten zuen gure musikak daukan kolorea, mestizajea, eta indarrak leohi koloretsu bat behar zuela ondoan, reggae musikaren lehoia bailitzan baina estilo gehiago baliatzen ditugunez lehoi koloretsu bat. Pozik gaude alderatzearekin.
Zuzenekoekin hasi zarete. Bira luzea izango da?
Uda zuzenekoz gainezka daukagu, eta negura bitarte kontzertuak eskaintzeko asmoa daukagu bai.
Zuzenekoak geroz eta garrantzitsuagoak dira musikarientzat?
Noski, diskoak aurpegi bat erakusten du, baina zuzenekoan kimika dago, komunikazio zuzena entzulearekin, eta inprobisazio gehiago, horko aurpegia beti da desberdina. Diskoa lineala da, badakizu zer aurkituko duzun bertan, eta zuk hautatzen duzu noiz hura entzun eta noiz ez, kontzertuetan aldiz gure proposamenak agintzen du, eta noski, zure konbentzitzeko gaitasunak, posible baita gure zerrenda publikoaren eskaerak aldatzea.
Zer aurkitu dezakegu zuen kontzertu baten?
Aldarrikapena, festa, ondo pasa eta bizitzeko nahia, arazoei aurre egiteko babesa eta arazoetatik aparte alaitasunez dantzatzeko giro ona. Eta batez ere zu aurkituko zara, gure artean, zu.
Hurrengo kontzertuen datak:
- Uztaila 21 - Orereta
- Uztaila 23 - Ermua
- Uztaila 31 -Baiona
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.