“Lege Zaharra, zaharkituta dago eta jainkoa batek daki nondik dabilen”
EntrevistasTxopet

“Lege Zaharra, zaharkituta dago eta jainkoa batek daki nondik dabilen”

Iker Gurrutxaga — 05-06-2023

Andoni Barinaga-Rementeriak (bateria), Iñigo Guemes Wemesek (baxua) eta Jon Fernandezek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Bilboko Txopet taldea. Hiruak ikastetxe berean ibilitakoak diren arren, beste hainbat taldetan ibili ostean hasi ziren elkarrekin musika egiten. Behetik gora azkar doan talde horietakoa da eta beren kontzertuetan argi ikusten da hori. Orain artekoaz, momentuaz eta datorrenari buruz aritu gara haiekin hizketan.

Behetik gorako bidea egiten ari zarete, Gaztea maketa lehiaketa irabaztea inflexio puntu bat izan al da?
Gorakada arin etorri da eta espero gabe, egia esan. Pretentsio askorik gabe hasi zen proiektua eta zenbait lehiaketara bidali genituen etxeko grabaketa batzuk. Villasound Bilbaon parte hartzeko aukera eman ziguten, jo genuen eta mentoring fasean ‘seriotu’ ginela esan daiteke. Gaztea Maketa lehiaketa benetako inflexio puntua izan zen, bertan ohartu ginen guk soilik ez, publikoak ere egiten genuen hori gustuko zuela.

Gaztetxea, aretoa edo aire libreko oholtza, zer duzue nahiago? Zein da zuen esparru naturalena?
Gaztetxea edo areto txiki bat. Publikoa gertu sentitu nahi dugu, konexio berezia sortzen da distantzia laburretan, kontzertua autentikoagoa izaten da toki horietan.

Argi dagoena da, kontzertuetan jende mordoxka batzea lortzen duzuela.
Hori ematen du, askotan (beti) asimilatzea kostatzen zaigu, baina oso eskertuta gaude, hori argi dago.

Hiru abesti kaleratu zenituzten iaz eta gerora beste bi etorri dira. 90etako indie eta rockaren joerak badituzue, baina autotunea ere erabiltzen duzue gupidarik gabe. Nola finkatu zenituzten zuen oinarriak sormen prozesuan hasterakoan?
Gauza desberdinak egiteko gogoa genuen, oinarri rockero hori bageneukan, baina urrunago eraman nahi genuen sormen prozesu hori eta gaur egun dagoen musika nahaste handiaren ondorioz autotunea heldu zen gurera ere. Ahots prozesatu horiek oso gustuko ditugu eta askorik pentsatu gabe probatzea erabaki genuen eta asko gustatu zitzaigun emaitza.

Oinarri horiek finkatzeko, eraginak ere haintzat hartu behar izaten dira. Zein taldek eragin dute zuen musikan?
Talde asko daude gure musikan, baina agian lehen itxuran ez dirudien arren, eragin handiena Bon Iver da. Autotunea eta ahotsak dituen efektuen erabilera orain hobeto ulertuko du jendeak agian.

Baina, horrez gainera, zer da taldekideok entzuten duzuena? Nondik mugitzen dira zuen zerrenda pertsonalak?
Taldean hiru izan arren soilik oso gustu desberdinak ditugu, Creedence Clearwater Revival eta antzeko taldeak entzuten ditugu, gero Mac DeMarco ere hortik ibiltzen da gure zerrendetan, Sleaford Mods edo Fontaines D.C ere presente daude… oso ugaria, egia esan. Soilik jartzen gara ados euskal taldeetan, Vulk, Merina Gris, TOC, Belako edo Nize askoren artean.

Esan dezakegu zuen musikan trataera bereziena ahotsak duela? Oihartzunaren maitaleak zaretela eta dena zikintzea gogoko duzuela ere agerikoa da.
Gure efektu gustukoena delay-a da, ez dugu asko gehiago gehitzeko, kar-kar-kar.

Baxua, gitarra eta bateria orekatuta nabari dira abestietan. Hirukoaren aldarrikapen moduan ulertu behar da hori? Hau da, denok zaretela ezinbestekoak proiektuan?
Hirurok dugu zerbait kontatzeko abestietan, ez da derrigorrezkoa instrumentu horiekin izatea, baina bai hiru izatea.

’Neska zaharrak’ bezalako kantu bat hartu eta moldatu duzue. Jainkoa eta lege zaharra ere aipatzen dira bertan, behin eta berriz, gainera. Kritika bezala ulertu behar da abesti hori?
Batzuek agian kanta herrikoi baten moldaketa gisa ikusiko dute eta harro abestu. Beste batzuek letra lehenbizikoz ondo aztertuko dute eta harrituta geratuko dira. Lege Zaharra, berak dion bezala, zaharkituta dago eta jainkoa, batek daki nondik dabilen. Aukera bi ditu entzuleak, moldaketa soil bezala hartzea edo gizarte ustel baten islada bezala ulertzea. Beraz, erantzun hau gure entzuleen esku uzten dugu, edo konturatu gabe erantzun dugu dagoeneko?

‘Dorrean gora’ musikalki freskoagoa da. Mungiako mugimenduko taldeen soinutik akaso gertuen dagoena. Esan daiteke badagoela soinu propioa eskualde horretan? Hango taldekin oholtzan ikusi zaituztegu, erreferente ere badira?
Guztiz, Belakok adibidez asko egin zuen, Euskal Herrian horrelako musika mota ere sortu zitekeela erakutsi ziguten eta, gainera, euskaraz. Ondoren etorri diren taldeak ere entzun ditugu eta baita mirestu ere.

ETEN Espazio Sonoroa eta El Tigre estudioa izan dira zuen grabaketa tokiak gaur gaurkoz. Soinu propioaren bilaketaren parte dira horiek?
El Tigren ez genuen denbora askorik izan, Villasoundeko sariaren parte zen-eta, hala ere Jon Aguirrezabalagak eskua sartu zuen eta pentsatzen ez genituen soinuak probatzera eraman gintuen. ETEN Espazioan, Urtzi Izarekin ordu dezente sartu ditugu, entseguak, efektuak eta bestelakoak bilatzen. Urtzirekin asko ikasi dugu, irakasle, ekoizle, psikologo eta denetarik izan da taldearekin eta prozesu kreatibo honetan oso garrantzitsua izan da. Gure ideia zoroak lurrera eraman ditu eta beste batzuk zoroago bilakatu, baina soinu propio hori bilatzen lagunduz. Oraindik lana duzu Urtzi!

Zeintzuk dira zuen asmoak 2023rako? Lan luzerik etorriko da?
Urrian gure lehen lan luzea kaleratuko dugu digitalki eta binilo formatuan, ilusio berezia egiten digu bigarren honek, nostalgiko hutsak gara. Julen Alberdik diseinatu du eta hain polita da, ezein oso gogorra egiten dabilela publiko ez egitea. Horrez gainera, kontzertuak ematea da plan nagusia, abesti berriak zuzenean jotzeko gogoa dugu. Bitartean, abesti berriak sortzeko aukera ere egoten bada, ederto.

«Lege Zaharra, zaharkituta dago eta jainkoa batek daki nondik dabilen»
Behetik gora azkar doan talde horietakoa da Txopet taldea eta beren kontzertuetan argi ikusten da hori. Orain artekoaz, momentuaz eta datorrenari buruz aritu gara haiekin hizketan. Andoni Barinaga-Rementeriak (bateria), Iñigo Guemes Wemesek (baxua) eta Jon Fernandezek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute Bilboko taldea. Hiruak ikastetxe berean ibilitakoak diren arren, beste hainbat taldetan ibili ostean hasi ziren elkarrekin musika egiten. Iaz maketa lehiaketan irabazle izan ziren eta horrek aurten Bilbao BBK Liven aritzeko aukera emango die, baina lehenagotik dator kontua eta taldeak forma hartzea: «Pretentsio askorik gabe hasi zen proiektua eta zenbait lehiaketara bidali genituen etxeko grabaketa batzuk. Villasound Bilbaon parte hartzeko aukera eman ziguten, jo genuen eta mentoring fasean ‘seriotu’ ginela esan daiteke». Erreferentzia asko dituztela kontatu digute eta hori nabaria da beren musikan. Creedence Clearwater Revival, Mac DeMarcoSleaford Mods edo Fontaines D.C aipatu dizkigute, baina baita Vulk, Merina Gris, TOC, Belako edo Nize ere beste askoren artean. Dena dela beren ezaugarri nagusienetakoa ahotsaren trataera dela esan dezakegu: «Gaur egun dagoen musika nahaste handiaren ondorioz autotunea heldu zen gurera ere. Ahots prozesatu horiek oso gustuko ditugu eta askorik pentsatu gabe probatzea erabaki genuen eta asko gustatu zitzaigun emaitza». Eta, horren harira, harrituta utzi gaituen gauza bat ere esan dute: «Lehen itxuran ez dirudien arren, eragin handiena Bon Iver da. Autotunea eta ahotsak dituen efektuen erabilera orain hobeto ulertuko du jendeak agian». Lan luzearen prestaketan dabiltza buru-belarri Urtzi Izarekin ETEN Espazio Sonoroan eta, gauzak ondo bidean, 2023a bukatu aurretik ezagutuko dugu.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.