Ez dira bi urte pasa zure lehendabiziko lana ‘Benizze’ kaleratu zenuenetik. EHZ, Elkar eta Antxeta Irratiak antolatutako ‘Paradisu zinema’ beka eskuratu zenuen unean, nola zenituen lan berriaren abestiak?
Oso aurreratua nuen diskoa, banekien nondik jo. Disko batetik bestera motibazio iturri berri bat bilatzen saiatzen naiz, estilo moldaketa bat, estetika berri bat… aurrekoaren berdina egitea oso aspergarria iruditzen zait. Bilaketa hori da niretzat guzti honen zentzu artistikoa.
Ardura edo lasaitasuna da halako beka bat eskuratzean batek sentitzen duena.
Batetik, lasaitasuna. Inbertsio ekonomiko handia da disko duin bat egitea eta gero denbora luzea pasa behar da inbertsio hori errekuperatzeko. Gainera, ekipo bat zure diskoaren inguruan izateak lan-ordu asko kentzen dizkizu, eta musikara mugatzeko aukera ematen dizu. Rockstar bat bezala ibili naiz hilabete hauetan (kar-kar). Bestalde baina, zuregatik apustua egin dutenekin ardura ere sentitzen da, haiek ere gustora gera daitezen egindako lanarekin.
Estilo aldaketa dator, baina oso anitza den diskoa da. Zure bidea topatu duzula uste al duzu?
Bai. Uste dut puntu honetara iristeko orain arte egindako bidea ezinbestekoa izan dela, baina orain bai, nire izaerari ondo doakion puntu batera iritsi naiz.
Dancehalla, technoa, dembowa, reggaetoia, jerseya, manchesterreko elektronika… denetarik du diskoak. Nondik eta nora egin dituzu hautu musikal horiek?
Asko kostatzen zait benetako zirrara sortzen didan musika topatzea. Baina topatzen dudanean sentsazio magikoa da. Club giroan sortzen ari diren nahasketetan topatu dut motibazioa. Bat-batean Ingalaterran bizi den brasildar bat deskubritzen duzu, kultura britainiarra izaera cariocarekin nahasten duena, eta maitemintzen zara. Adibide zoro bat da, baina hori da niretzako musika.
‘Basati’ kontzeptua musikak duen iluntasunarekin islatu daiteke. Baina zein da berez atzean zegoen ideia?
Alaitasuna eta argitasuna mainstreamarekin lotzen ditut nik, eta oso aspergarria iruditzen zait. 2024an ‘zoriontasuna’-ren inguruan kantatzea erridikuloa iruditzen zait mundua nola dagoen ikusita. Musikak gizartearen alde ilunena atera behar du, guztiok dugun amorrua bideratu behar du. Salatzeko eta gauzak aldatzeko balio behar du, eta horretarako iluntasuna ezinbestekoa da.
“Musikak gizartearen alde ilunena atera behar du, guztiok dugun amorrua bideratu behar du”
Estetikoki motor munduarekin landu duzu guztia. Esan daiteke musika mota honek baduela motor mundu horrekin zerikusirik?
‘Adrenalina’, ‘lokatza’, ‘Valentino Rossi’, ‘Zikintasuna’, ‘Gore-tex’-a diskoaren muina bilakatu ziren. Lotura zuzena dago musika honen eta motocross munduaren artean bai.
Kolaborazio bat eta bakarra izan duzu disko honetan, askorentzat akaso ezezaguna den LaMia Mari. Nor da eta zergatik hautatu duzu?
Landu nahi nituen musika estiloetan aritzen den DJ hernaniarra da. Proiektuaren nondik norakoak ondo ulertuko zituela iruditu zitzaidan, eta uste dut elkar gehiago ezagutu garen heinean, are gehiago motibatu garela. Sona handiko kolaborazioa egin dezakezu atzerriko famatu batekin, baina ez du sekula ulertuko musikari euskaldun batek egin nahi duena.
Zuzenekoetan ere ondoan izango duzula irakurri dugu. Zein funtzio izango du bakoitzak eta zein izango da zuzenekoaren formazioa?
DJ lanetan arituko da LaMia Mari eta ni kantuan. ‘Flipau baina lotsati’ izaera agertzeko unea iritsi da.
Musika hau rave munduarekin lotu daiteke edota club munduarekin ere bai. Zein girotan ikusten duzu zure burua zuzenekoak eskaintzen?
Disko hau ez da museo formatuan asteazken batean aurkeztekoa. Amorrua eta indarra ateratzeko disko bat da. Beraz, club edo gaztetxe batean, bolumen altu samarrean eta ke askorekin irudikatzen dut.
Ordutegi aldetik, gauerditik aurrera edota goizalderago?
Gauerditik aurrera. Tranparik egiten ez dugunak lehertuta iristen gara goizaldeetara.
Victor Sanchez soinu ingeniariarekin izan zara Adunako elkar estudioan grabatzen. Zer da bertan grabatu dena eta zertan sartu du eskua Victorrek?
Ahotsak grabatu ditugu bertan, baina egindako lan gehiena nahasketa lana izan da, musikari potentzia ematea, alegia. Hortaz gain, izugarria da Victor Sanchezek edizioan egiten duena. Orain arte ez dut inoiz halakorik ikusi. Silabaz silaba ahotsaren ukitu txikiena ere editatzen du, eta hori niretzat kalitate jauzi nabarmena izan da disko honetan.
Diskoa CDan bai, baina biniloan ere kaleratu duzue. Gailur txiki bat izango da hori artistaren ibilbidean ezta?
Biniloa beti da binilo. Hasieran ez nuen fisikoan argitaratzeko asmorik, baina bekak horretarako aukera eman du. Eta orain eskuetan dudala, beste dimentsio bat hartzen du lanak, autosatisfakzioa bada ere.
Zuzenekoez gozatzen noiz hasiko gara eta nondik nora ikusiko zaitugu?
Ekainaren 14tik aurrera hasiko gara. Gasteizko Ttipia tabernan hasi, eta behin izotza hautsita, deitzen diguten toki guztietara.
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.