“Nigan kanpotik hartzen den pertzepzioak ez du inolako zerikusirik ni neu naizen horrekin”
EntrevistasBele

“Nigan kanpotik hartzen den pertzepzioak ez du inolako zerikusirik ni neu naizen horrekin”

Jaione Dagdrømmer — 05-03-2024
Fotografía — Iratxe Etxeandia

Liher taldeak, denboraldi batez bederen, agur esan digu; ez ordea, Lide Hernandok (Donostia, 1990). Bele izeneko proiektu berri eta freskagarria dakar eskuartean. Mimoz eraiki ditu abestiak eta jarreraz jantzi, nortasunez gainezka dagoen emaitza eskuratuz. Oholtza gainean ikusten dugun artista indartsuaren atzean dagoen benetako pertsona zaurgarria ezagutzeko gonbitea dela "Herrari" aipatu digu.

Zer du beletik Lide Hernandok?
Momentu honetan, ia dena. Gehien entzuten dudan musika mota egiten saiatzen ari naiz, oraintxe nirekin gehien konektatzen duten generoak, kantaerak eta emozioak landu eta kantu bihurtzen. Horretarako sortu dut proiektu hau: azken aldian, entzule gisa, rocketik aldentzen ari nintzelako eta, beste musika hori entzuteaz gain, berau sortu eta interpretatzeko gogoa nuelako. Betidanik nire musika estilo gogokoena izan den hori euskaraz eta euskal gizartearentzako egiteko beharrari erantzuten dio Belek. Ez dut esan nahi estilo honetako artista edota proposamenik ez dagoenik, inolaz ere. Badaude soula, r&b-a eta abar egiten duten izen oso interesgarriak euskal panoraman, —Afrika, Arima Soul, Sara Azurza…—. Nik ere eszenatxo horren parte izan nahi nuen, eta hortik sortu da Bele.

Rock jarrera eta blues-soul doinuak, ukitu modernoekin, ederki nahasten dira diskoan. Emaitza buruan zenuenetik asko urrundu al da?
Ez nuen uste inork disko honetako soinuak rockarekin lotuko zituenik; agian nire iraganak pertzepzio horrekin zerikusia du, edo agian rock zantzu batzuk izan ditzake, batik bat jarreran, nork daki! Dena den, egia da nik hasiera batean buruan nuen horretatik aldendu egin dela diskoa. Hasiera batean Alicia Keys bezalako erreferenteak nituen gogoan, 2000. hamarkada hasierako doinuak sortu nahi nituen. Azkenean, ordea, diskoak gehiago du Dua Lipatik edota Nathy Pelusotik. Baina hau ere nire hautemate bat da, agian jendeak beste erreferente batzuekin lotuko nau. Eta oso polita da hori gertatzea, zuk espero gabeko izenak agertzea.

Nolakoa izan zen sorkuntza prozesua?
Sorkuntza prozesua oso mailakatua izan da, denboran luzatu dena. Hiruzpalau abesti nituela sartu ginen estudiora 2022 amaieran, eta ordutik, denborak baimentzen zigun bakoitzean, jarraitu dugu Iñigo Etxarrik (IN Estudioa) eta nik diskoan lanean. Abesti berrien ideiak ere, aurrekoak amaitu ostean eta, batzuetan, momenturik ezohikoenetan sortu dira. Eta horrela, tantaz tanta, diskoaren soinu-paleta gorpuztuz joan gara.

Herrari deitzen da diskoa, baina letretan ideiak oso argi dituzula dirudi. Borrokarako grina transmititzen dute. Hustualdi bat izan al da zuretzat lan hau kaleratzea?
Berriro ere, uste dut nigan kanpotik hartzen den pertzepzioak ez duela inolako zerikusirik ni neu naizen horrekin. Nolabait, segurtasun eta indar sentsazioak transmititzen ditut, baina barnean ezin dut gizabanako bezala galduago egon. Horregatik deitu diot Herrari lan honi. Diskoaren izena hobekien irudikatzen duten abestiak lehena (Ez dakit) eta azkena (Besarka nazazu) dira. Lehenak duda asko planteatzen ditu: ez dakit nor naizen ez banaiz beste batzuekin konparatzen, uste dut ez dudala ondasun pertsonal potenterik nire ahotsa ez bada… Azkenak, ordea, duda horiek ziurtasun bihurtu eta nire nortasuna deskribatzeko saiakera egiten du. Oso deskribapen zintzoa izateaz gain, ez du pertsona indartsu baten irudia sortzen, baizik eta oso pertsona zaurgarri batena. Galderari erantzunez, ordea: bai, sekulako hustualdia izan da disko honetako letrak sortzea.

Hainbat kolaborazio ere entzun daitezke diskoan. Zer eskaini diote kolaborazio horiek diskoari?
Oso pozik nago kolaborazioekin. Asko gustatzen zait nik sortutako melodia eta bilatutako tonua transmititzen duen abestia beste artista batek hartu eta, bere unibertsotik abestean, beste ikutu bat ematen dionean. Yerayren (Gascón, Habi taldekoa) ahotsaren testura bereziak sakontasun handiagoa eman dio Kanikaki; Rakelen (Arenaza, Raitx) gaztelaniazko fraseatze poetiko bikainak, berriz, beste dimentsio batera eraman du Uff abestia. Azkenik, Dánae (Riaño) eta Sararen (Alonso) ahotsek Winter is coming-en paleta asko aberastu dute, Destiny’s Child taldearen barruan banengo bezala sentiaraziz.

Liher taldean rocka, gospela ere abesten duzu, lehen eleberria kaleratu berri duzu eta oker ez banabil antzerkian ere bazabiltza. Zerbait gehiago probatzea gustatuko litzaizuke?
Beti izan naiz saltsa askotan egotekoa. Bizitza bakarra dugu, eta gustuko ditugun gauzak egiteko aprobetxatu behar da. Kontua da niri gauza asko gustatzen zaizkidala. Zerbait esatearren, antzerkian apur bat harago joateko gogoa dut, —orain soilik musikari gisa aritzen bainaiz—, eta interpretatzen ikastekoa.

“Betidanik nire musika estilo gogokoena izan den hori euskaraz eta euskal gizartearentzako egiteko beharrari erantzuten dio Belek”

Dena den, musika nagusitzen da zure bizitzan. Zer eman dizu musikak? Zerbait kendu al dizu?
Asko eman dit musikak, nire gaur egungo izaeraren zati handi bat da. Erabateko zoriontasun momentu asko eman dizkit, ahaztezinak, eta era berean irrazionalak, deskribaezinak. Gero, noski, buruhauste asko ere eman dizkit; ezin baita honetaz bizi ez baduzu publikoaren eta hedabideen guztizko bermerik, —eta horrela izanda ere, ez da erraza-. Zerbait kentzekotan, musikaren inguruan egin beharreko gauza askok denbora asko kendu didate!

Musika erdigunean badago ere, berau promozionatzeko irudia eta bideoklipak oso landuak daudela nabari da. Lan estra bat da zuretzat edo gustura egiten duzun zerbait?
Egia esan, oso gustuko dut hori ere. Irudia lantzea, bideoklipak grabatzea, komunikazio estrategiak egitea (azken finean, komunikazioa ikasi nuen)… promozio elkarrizketa hauek egitea ere gustoko dut! Honi buruz askotan hausnartu dut, saiatu behar dugula gure sormenaren erdigunean musika jartzen, baina batzuetan, horrenbeste gauzekin arrera desbideratu egiten zaigula. Kontua da beharrezkoak direla gure sorkuntza gizarteratzeko eta zorionez, oraingoz ez dira karga handiegiak eta gauza gehiago ikasteko baliagarriak zaizkit.

Honetatik bizitzea dela zure nahia diozu abesti batean. Bide onetik al zoaz? Posible al da, duin bederen?
Zoritxarrez, lan asko egiteak ez dizu bermatzen musikaz bizi ahalko duzunik. Beste faktore asko daude jokoan, gehienak subjektiboak eta meritokraziatik aldenduak. Egia da, hala ere, faktore subjektiboengatik ospea lortzen duten musikari horiek ere langile izan beste erremediorik ez dutela aparrean jarraitzeko. Behin lortuta, ospe hori mantendu nahi bada, zure sorkuntzarekiko fidel izateaz gain, horren atzetik lan handia dago. Beraz, ez dakit bide egokia jorratzen ari naizen ala ez: nik ez dut atsedenik hartuko musikaz bizitzea lortzen dudan arte. Lortzen ez badut, ordea, baditut B plan batzuk, eta horretaz ere harro nago.

Zein dira dituzun beldurrak honelako apustu ausart bat egin ostean?
Beldurrak, betikoak: jendeak atsegin ez izatea, horrelako estilo aldaketa batek eurengan mesfidantza eragitea, kanpoko arrazoi batzuengatik egin dudala pentsatzea… beldur asko ditut, orokorrean. Baina nire bihozkadekiko oso fidela naiz, halaber, eta ezin dut gustuko ez dudana egin, ezta gustuko dudana egiteari utzi ere. Beraz, honek goiz ala berandu atera behar zuen, ez zegoen beste aukerarik!

Zer aurkituko du etapa berri honetan zure kontzertura hurbiltzen denak?
Liherrekin taula gainean urteen poderioz irabazi dudan jarrera, baina beste musika batez jantzia: pop gehiagorekin, dantzagarriagoa, sexyagoa ere bai agian… ez dakit. Askotan gauza asko pentsatzen ditut eta gero jendeak beste iritzi bat du. Gustatuko litzaidake, behintzat, jendea kontzertuetara gozatzeko gogoz etortzea, deshinibitzeko gogoz, eta ez analizatzeko gogoz. Emanaldiak iraun bitartean, horren aurretik eta ostean datorrenaz ahaztu, eta momentuaz gozatzea.

Disko honekin zein helburu edo amets betetzea gustatuko litzaizuke?
Jotzea eta aretoa eta plazak jendez beteta ikustea, eta baita Euskal Herrian estilo honekiko dagoen desinteresarekin apurtzea ere.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.