“Gaur arte egin dugun diskorik autentikoena da”
EntrevistasArima

“Gaur arte egin dugun diskorik autentikoena da”

Iñigo Basaguren-Duarte — 29-03-2023
Fotografía — Eneko P. Arnaiz

4 abestiz osatutako EP borobil bat kaleratu berri du Arima taldeak. Aurrekoan baino intimoagoa, akaso, piroteknia gutxiagorekin eta zuzenean muinera doana. Biluziago ageri dira hitzak ere, mina eta beldurrak lotsa gabe erakusten. Honetaz eta gehiagotaz hitz egin dugu Paule Bilbao abeslariarekin.

EP berri bat dakarzue besapean. Zer desberdintasun daude aurreko bi lanekin alderatuta?
Oro har, gaur arte egin dugun diskorik autentikoena dela deritzot. Abesti bakoitzaren beharrei erreparatu diet eta hauekin transmititu nahi nuena modu zuzenago batean islatzen saiatu naiz oraingoan. Argiago daukagu nondik gatozen eta nora joan nahi dugun.

Bizkaitarra izanda denbora daramazu Donostian bizitzen. Nola eragin du hiri horrek abesti hauengan?
Donostiak identite berri bat eskaini dit, bai modu metaforikoan baita modu pertsonalean ere. Eta hori abestietan ikusten da. Hortaz, hiri bati, haren jendeari, ikaskuntzei, momentuei, sentsazioei... agur esateko gutun bat da disko hau. Donostian burutu den bidai baten amaiera da Beldurrez beste egitean.

Kontatu nahi zenutena kontatzeko eta transmititzeko piroteknia gutxiago behar zenutela konturatzeak nora eraman zaituzte? Zelan biluztu dituzue abestiak muineraino joan eta grabatu nahi zenutena grabatu arte?
Biluzik azaltzea, nire zaurgarritasunak beldur barik erakustea eta hauek trasmitizea. Hau zen diskoaren helburua eta horrela helarazten saiatu gara. Gehienetan, gutxiago gehiago da. Minimalismo eta sinpletasun horretatik abiatzen saiatu gara, hau lortzea bere baitan konplexua bihurtzen baita.

Hala ere bigarren kitarra bat gehitu duzue. Horrek gorputz gehiago gehitu dio soinuari. Zelakoa izan da prozesua? Zein ekarpen egin dio taldeari?
Diskoa grabatzeko eta konposatzerako momentuan gitarra testura eta soinu ezberdinak bilatzen saiatu naiz; distortsio eta soinu olatu horiek sustrai bilakatu dira dimentsio berri batera bidaiatzeko eta soinu berriak esploratzeko. Hala ere, oraingoan zuzenekoetan lau gara Josu Palacios taldean sartu denetik. Josu kriston gitarrista ona izateaz gain, oso tipo jatorra da eta Arimaren jarraitzaile sutsua. Beraz, hasieratik match egin dugu.

Arima Paulek zituen behar eta zalantza emozionalak beste modu batean azalaratzeko sortu zen. Sorkuntza ariketa oro auto-terapia moduko bat da? Barrenak hustutzetik haratago doa?
Bai, eta batzuetan guzti honek pena merezi duen edo ez galdetzen diot neure buruari; normalean, ez baikaude sentitzera ohituta. Izan ere, nire beldur eta ezinegon sakonenak jende ezezagunari jakinarazten diet eta hauen aurrean biluzteko ausardia handia behar dela deritzot. Testuinguru batzutan goxotasun edo berotasun hori sentitzea zaila bihurtzen da eta. Hortaz, maila pertsonalean landu beharreko kontu bat delakoan nago; finean, proiektua modu honetara bideratzea neuk egin dudan hautu bat da eta honek duen harrera ezberdinetara prestatu behar naiz.

Hala ere, sufritzeko modua partikularra ez denez, eta komunitatean parte hartzen dugunez, gure bizipenak partekatzeak bere baitan jada oso elementu sendagarria da.

“Biluzik azaltzea, nire zaurgarritasunak beldur barik erakustea eta hauek trasmitizea, hau zen diskoaren helburua”

Zenbat aldiz egiten dugu gure buruaz beste, emozionalki eta modu figuratiboan, bizitzan zehar? Zer suposatzen digu horrek?
Barne-gatazkak gainditzeko behar bezain beste egiten dugu geure buruaz beste.
Emozio eskuragaitzak esploratzera laguntzen dit prozesu honek. Emozio helezin hauek norberarekin eta beste batzuekin izateko modu berriak bideratzeko tresna aparta baitira. Beste modu batera esanda, emozioek arazoak propsatzen dizkigute arrazoiak konpon ditzan.

Azken EP honek maitasunaren inguruan dihardu. Zein irakaspen edo ondoroio atera dituzu sorkuntza prozesu honen ondoren?
Egonaldi luze batek uzten dituen ziurgabetasunak, emozio berri eta ezezagunak, maitasun esperientziak eta ikaskuntzak biltzen dituen lana da. Metamorphosi baten bukaera. Geure beharrei erreparatzea eta hauek astetzen saiatzea bidai hau beste pertsona batekin partektuz eta modu berean elkarrekin proiektu berri bat sortuz.

Maitasuna eta maitasun ereduak ezbaian daude aspaldi. Hainbeste idatzi da eta oraindik ez gara gai mina, beldurra eta bestelakoak ekuaziotik kentzeko. Agian horrela izan behar du?
Bai, guztiz ados nago. Pertsona arteko harreman orok lana eta esfortzua dauka atzean bai maila intrapertsonalean eta baita interpertsonalean ere. Banakoaren gatazka intrapsikikoak sendatzea beharrezkoa da bestearekin modu osasuntsuago batean harremantzeko. Askotan, norbanakoaren prozesu honek, jendea agurtzea dakar. Dolu bat. Beharra eta desiraren arteko borroka horretan aurkitzen gara: erraien eta gogamenaren arteko borrokan.

Kontrakoa dirudien arren, diskoa oso modu positiboan bukatzen da. Aurrera jarraitzea, ibiltzea eta bide berriak aurkitzearen alde egiten duzu.
Bai, horrela da. Lehenik agur esatea, ondoren geure existentzia etorkizunera proiektatzeko. Aurrera jarraitzeko indar hori aldarrikatu nahi genuen.

Aurrekoan Anarik emakumeen genealogía musikalak egiterako orduan soilik emakumeetatik tira egiten dela salatu zuen. Suposatzen dut zuri eta zure musikari buruz hitz egitean horrela ere izan ohi dela. PJ Harvey-tik haratago bizia dagoenez, zein erreferente aipatuko zenituzke azken lan honetan eragina izan dutenak?
Mmmm ze galdera zaila… ba egia esan azkenaldian entzun dudan musikak izan du eragin handia, baina ez dago genero batera mugatuta; besteak beste: Low, Marriages, Emma Ruth Rundle, Chelsea Wolfe, Ex:Re, Midwife, Mcenroe, Nudozurdo, Baden Baden… esango nuke.

Lo siento, debes estar para publicar un comentario.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.